Filosofia Modernoa: Kanten Ezagutza eta Kontraktualismoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,01 KB

Kanten Ezagutzaren Teoria eta Idealismo Transzendentala

Kanten ezagutzaren teoria, idealismo transzendentala, aurreko filosofia-tradizioen dogmatismoari erantzuteko sortu zen, bereziki metafisika arrazionalistaren gehiegizko espekulazioei (dogmatismoa, solipsismoa, etab.). Kanten ustez, zientziak (fisika, matematika) aurrera egin bazuen ere, metafisikak ez zuen aurrera egin, filosofiaren esparruan adostasunik ez zegoelako.

Hume irakurri ostean, Kant "amets dogmatikotik esnatu" zen eta giza ezagutzaren ahalmenak, haren apriorizko printzipioak eta mugak sistematikoki aztertzea erabaki zuen. Horren emaitza izan zen Arrazoimen Hutsaren Kritika, filosofia zientziaren bide ziurrean jartzea helburu zuen obra.

Kanten Iraultza Kopernikarra

Kanten teoriak arrazionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu. Bi korronte hauek desberdinak izan arren, biek ideia bat partekatzen zuten: subjektu ezagutzailea pasiboa dela eta ezagutzaren jatorria objektuan dagoela. Enpirismoaren arabera, ezagutza pertzepzioetatik edo inpresioetatik abiatzen da; arrazionalismoaren arabera, berriz, ideietatik.

Kantek ikuspegi hori irauli egin zuen bere iraultza kopernikarrarekin: subjektua ez da ezagutzaren aurrean pasiboa, baizik eta aktiboki parte hartzen du ezagutza-prozesuan. Subjektuak berezko egiturak ditu, horien bidez errealitatea antolatzen eta interpretatzen du.

Ezagutzaren Egiturak Kanten Arabera

Bi mailatan eragiten dute egitura horiek:

  • Sentsibilitatearen apriorizko formak: espazioa eta denbora, zeinen bidez fenomenoak antolatzen ditugun.
  • Adimenaren kategoriak: substantzia, kausalitatea eta beste egitura kontzeptual batzuk, intuizio sentigarriak pentsatzeko erabiltzen direnak.

Kanten arabera, ezagutza esperientziarekin hasten da (enpirismoaren ekarpena), baina ezagutza ahalbidetzen duen egitura subjektuarengan dago (arrazionalismoaren ekarpena). Hortaz, ezagutza esperientziaren eta subjektuak ezartzen dituen apriorizko formen arteko interakzioan sortzen da. Hala ere, ez dugu errealitatea bere horretan ezagutzen (noumenoa), baizik eta gure ezagutza-egituren bitartez baldintzatutako fenomenoak soilik hautematen ditugu.

Kanten teoria Fenomenologiaren abiapuntua izan zen. XIX. eta XX. mendeetan, Edmund Husserlek fenomenologia garatu zuen, eta horrek eragina izan zuen hainbat pentsamendu-korronteetan, hala nola existentzialismoan, feminismoan eta generoaren inguruko teoria filosofikoetan.

Kontraktualismoa eta Gizarte-Hitzarmenaren Teoria

XVII. mendean, Elizaren boterearen gainbeherarekin batera, monarkia absolutuaren legitimazioa zalantzan jarri zen. Testuinguru horretan sortu zen kontraktualismoa edo gizarte-hitzarmenaren teoria, boterearen jatorria eta justifikazioa aztertzen dituena.

Kontraktualismoaren arabera, naturazko egoeran gizakiak askatasun osoa du, baina egoera hori ezegonkorra da. Horregatik, itun baten bidez, hiritarrek beren eskubide naturalak murriztea onartzen dute, legeen babesa lortzeko trukean.

Thomas Hobbes: Subirano Absolutua

Hobbesek (1588-1679) teoria kontraktualistaren oinarriak ezarri zituen. Leviathan lanean, giza izaera berez gaiztoa dela eta “gizakia otsoa da gizakiarentzat” esaldian laburbiltzen den egoera batean bizi dela zioen. Guztion arteko gerra saihesteko, itun baten bidez botere guztia subirano baten esku utzi behar zela defendatu zuen. Haren ustez, zilegitasuna erregeak zuen, eta botere-banaketa ukatu egiten zuen, monarkia absolutua baitzen gizarte-egiturarik egokiena.

John Locke: Liberalismoaren Oinarriak

Lockek (1632-1704) kontrakoa defendatzen zuen, ideologia liberala garatuz. Naturazko egoeran gizakiak aske eta berdinak zirela uste zuen, baina ordena eta segurtasuna bermatzeko, gizarte-kontratu baten bidez, norberak bere buruari legeak jartzeari uko egin eta Estatua sortu behar zela defendatu zuen. Horrela, jabetza pribatua, bizia eta askatasuna babesten dira. Lockeren arabera, botere-banaketa ezinbestekoa da gehiegikeriak saihesteko, eta horregatik, botere legegilea, exekutiboa eta federatiboa bereizi behar dira.

Montesquieu: Botere Banaketaren Garrantzia

Montesquieuk (1689-1755) ideia hau garatu eta Frantziako absolutismoaren aurka egin zuen, botere legegilea, betearazlea eta judiziala banatu behar zirela aldarrikatuz, herritarren askatasuna bermatzeko.

Jean-Jacques Rousseau: Borondate Orokorra

Rousseauk (1712-1778), berriz, Kontratu soziala lanean, gizakia berez ona dela eta gizarteak usteltzen duela zioen. Haren ustez, subiranotasuna herriarena da, eta borondate orokorrak soilik eman diezaioke zilegitasuna legeei. Horrela, demokrazia ordezkatzailea baino, herriaren parte-hartze politikoa bultzatu behar da, subiranotasuna zuzenki herritarren esku utziz. Rousseauk, beraz, ideologia errepublikarra defendatu zuen.

Entradas relacionadas: