Filosofia Klasikoa: Platon eta Aristotelesen Etika eta Politika
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,9 KB
Sofisten Erlatibismoa eta Eszeptizismoa
Sofistek hiru ondorio nagusi atera zituzten. Lehenik, Protagorasek eszeptizismo epistemologikoa defendatu zuen. Honen arabera, ezinezkoa da egia absolutua ezagutzea, munduaren pertzepzioa eta interpretazioa gizabanakoen eta kulturen artean aldakorrak direlako. Protagorasen ustez, lehenik ez dago ezer, eta ezer balego ezingo genuke ezagutu, eta ezagutuko bagenu ere, ezingo genioke inori komunikatu.
Bigarrenik, Gorgiasek erlatibismo morala landu zuen. Honen arabera, arau etiko eta moralak erlatiboak dira eta konbentzio sozialen araberakoak. Sofistek uste zuten ez zegoela printzipio etiko objektiborik egoera guztietan pertsona guztiei aplikatzeko. Beraz, banakako iritziak baino ez daude, eta hauek okerragoak edo zuzenagoak izan daitezke, baina ez egiazkoak edo faltsuak.
Platonen Etika eta Bertutearen Teoria
Platonen etikan, bertutea funtsezkoa da, eta hiru modutan ulertzen da: jakinduria, bertuterik gorena, arima arrazionalari dagokiona; arazketa, arima araztea funtsezkoa baita ideien mundura sartzeko; eta harmonia, justiziaren bidez adierazten dena.
Platonen Gizartearen Ikuspegia
Arimaren atal bakoitzak dagokion bertutea betetzen badu, izatea zuzena, bertutetsua eta harmoniatsua bihurtzen da. Platonen gizartea hierarkizatua da, non klase sozial bakoitza bere arima-motaren arabera definitzen den. Hala, pertsona bakoitzak heziketa mota bat jasoko du.
- Arima arrazionala: Bertutea jakinduria eta zuhurtzia dira. Agintariak (filosofoak) izango dira, justiziaren eta ongiaren ideiak ezagutzen dituztelako.
- Arima suminkorra: Bertutea sendotasuna eta ausardia dira. Zaindariak izango dira, eta polisa defendatuko dute.
- Arima grinatsua: Bertutea neurritasuna eta moderazioa dira. Ekoizleak, nekazariak eta artisauak izango dira. Eguneroko mantenua ekoiztea, ugaltzea eta beste bi klase sozialak mantentzea izango dute helburu.
Aristotelesen Etika eta Politika
Aristotelesen arabera, politika eta etika guztiz lotuta daude, biek giza jokabide ona, justua eta zoriontsua aztertzen dituzten zientzia praktikoak baitira. Horrela, etikaren helburua politikan gauzatzen da.
Gizakia Animalia Politiko gisa
Gizakia animalia politikoa da. Elkarbizitza ezinbestekoa zaio bere ahulezia eta babesik eza konpontzeko, eta hori polisean soilik garatu daiteke. Hortaz, ahalik eta bizitzarik onena lortzeko, beharrezkoa zaio politika. Hau da, hitz egiten duen animalia denez, ona eta txarra denari buruz, edo zuzena eta zuzena ez denari buruz hausnartu dezake. Gaitasun horrek eramaten dio familia eta estatua sortzera.
Estatuaren eta Familiaren Funtzioak
Aristotelesen ustez, estatuak behar guztiak asetzeko gai izan behar du. Horrez gain, hiritarren bizimodu ona (zoriontasuna) izan behar du helburu. Hezkuntza da gizabanakoaren eta estatuaren arteko oreka lortzeko bidea, helburua ahalik eta hiritar onenak sortzea baita. Bestalde, familian gizona da nagusia, eta menpekoak emaztea, haurrak eta esklabuak dira.
Gobernu Onaren Printzipioak
Aristotelesek ez zuen gobernu ideal bat osatu nahi, baizik eta polis batzuk ongi gobernatuta egotearen eta beste batzuk ez egotearen kausak aztertu zituen.
Ez dago modu justuan gobernatzeko modu bakarra, baizik eta hainbat, bi printzipio jarraitzen badira. Lehenengoa, isonomia printzipioa betetzea da, hau da, legeen aurreko berdintasuna aldarrikatzea. Bigarrena, helburua guztion ongia lortzea izatea; gobernu txarrak dira desberdintasuna sustatzen dutenak eta interes partikularrak asetzea bilatzen dutenak. Gobernatzen duen pertsonen kopurua ez da garrantzitsua, baldin eta aurreko bi printzipioak betetzen badira.