Filosofia Klasikoa: Mitotik Logosera, Platon eta Aristoteles

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,1 KB

Filosofia Klasikoa: Sokrates, Platon eta Aristoteles

1. Filosofiaren Sorrera: Mitotik Logosera

Filosofiaren sorrera gizakiak galderak egiteko eta erantzunak bilatzeko duen joeratik dator. Gizakia beti saiatu da bere ingurua eta errealitatea ulertzen, eta horretarako azalpenak bilatu ditu. Hasieran, azalpen horiek mitoetan oinarrituta zeuden.

Mitoen Ezaugarriak

Hasiera batean emandako lehen erantzunak mitoetan oinarrituta zeuden, eta ezaugarri hauek zituzten:

  • Funtsik gabeak: Ezin baitziren arrazoiz justifikatu.
  • Antropomorfikoak: Jainko eta jainkosak gizaki itxurako izakiak baitziren.
  • Indeterministak: Gertatzen zena jainkoen nahi eta beharretara egokitzen zelako.
  • Bideratzaileak: Gizakiei nola jokatu behar zuten erakusten zieten, arau moral edo erlijiosoen bidez.

Mitotik Logoserako Jauzia

K.a. VI. mendean Grezian jauzi handia eman zen Mitotik Logoserantz, hau da, azalpen mitologikoetatik arrazionaletara igaro zen. Aldaketa hau testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko zehatz batean gertatu zen:

  • Demokraziaren garapenak pentsamendu kritikoa sustatu zuen.
  • Esklabutza sistemari esker, hiritarrak lan fisikotik libre zeuden eta denbora gehiago zuten politika eta ikerketarako.
  • Itsas merkataritzaren ondorioz, greziarrek beste herrialde batzuk ezagutu zituzten, eta horrek tolerantzia eta pentsamendu irekia ekarri zituen.
  • Idatzirik gabeko erlijioen existentziak mito desberdin asko sortu zituen, egia bakar bat ez zegoela ulertaraziz.

Testuinguru horretan jaio zen Filosofia, mundua arrazoiaren bidez azaltzeko saiakera gisa.

Filosofiaren Ezaugarriak

  • Arrazionala da: Pentsamendu kritikoan eta arrazoian oinarritzen da.
  • Unibertsala da: Guztiontzat balio dezakeen azalpena bilatzen du.
  • Errotiko galderak egiten ditu: Errealitatea eta izatea nolakoak diren galdetuz.
  • Kritikoa da: Guztia zalantzan jartzen du eta ez du ezer aurrez onartzen.

2. Sofistak eta Sokrates: Gizakiaren Azterketa

K.a. V. mendean, Periklesen mendean, Atenasen loraldi ekonomiko eta kulturala egon zen. Demokraziak galdera berriak ekarri zituen, eta natura aztertzetik gizakia aztertzera igaro zen filosofia (Antropologia).

Sofistak

Atenasen bizi ziren kanpotarrak ziren. Bertako jendeari erretorika klaseak ematen zizkieten. Hauek ziren haien ideiak:

  1. Eszeptizismo Epistemologikoa: Ez dago errealitatearekiko ikuspuntua gainditzerik, eta ez dago irizpide argirik argudioak emateko.
  2. Erlatibismo Morala: Ez dago ongiaren ideia partekatzeko modurik; norberak bere ideiak dauzka.
  3. Legeen Konbentzionaltasuna: Legeak adostutako arauak dira gizarteak funtzionatu dezan, baina ez dute balio unibertsalik.

Sokrates

Sokratesen filosofia sofisten aurka doa, haien erlatibismoa gizartearentzat hondamendia dela uste baitu. Ongiaren ezagutzaren aurkikuntza posible dela defendatzen du:

  1. Definizio Unibertsalak: Posible da definizio unibertsalak lortzea.
  2. Unibertsalismo Morala: Ongiaren ideia partekatua.
  3. Intelektualismo Morala: Ongi jokatzea ezagutzarekin lortzen da. Txarto jokatzea ezjakintasunaren ondorioz da.
  4. Ezagutzarako Metodoa: Maieutika: Elkarren baieztapenak zalantzan jartzea, ideia finko bat sortzeko.

Grezia Klasikoko Gizarte Testuingurua

Hiritartasuna Grezian: Eskubideak gizarte estamentalak markatzen zituen. Etorkinak, emakumeak eta esklabuak ez ziren hiritarrak. Hiritarrek bizitza publikoaren erdigune izan behar zuten eta politikan parte hartu. Konstituzioa hiru printzipiotan oinarritzen zen: berdintasuna legearen aurrean, askatasuna eta ongia helburu komuntzat.

Femininitatea Greziako Gizartean: Emakumeak ez ziren hiritarrak, ezin zuten politikan esku hartu, eta gizonen tutoretzapean zeuden.

Aspasia Miletokoa: K.a. V. mendeko emakumea. Oratorian trebea zen eta erretorika klaseak ematen zituen (Sofista zen). Perikles eta Sokratesen irakaslea izan zen.

3. Platon: Errealitatea eta Ezagutza Duala

Platonen helburua sofisten eszeptizismoari aurre egitea zen, ezagutza posible dela frogatuz.

Dualismo Ontologikoa (Errealitate Duala)

Platonen arabera, errealitatea duala da:

  • Ideien Mundua: Arrazoimenarekin ulertzen dugun errealitate sakona eta egiazkoa. Eternoa, perfektua eta aldaezina da. Goien mailan Ongiaren Idea kokatzen da.
  • Mundu Sentigarria: Zentzumenekin hautematen dugun eremua. Aldakorra, inperfektua eta errealitatearen azaleko kopia hutsa da.

Dualismo Epistemologikoa (Ezagutza Duala)

Benetako ezagutza lortzeko zentzumenak oztopo dira. Ezagutzara iristeko bidea Haitzuloaren Mitoaren bidez azaltzen da:

  1. Aierua: Itzalak ikustea (mundu sentigarriaren kopia ahula).
  2. Sinesmena: Objektuak zuzenean ikustea (mundu sentigarriko gauzak hautematea).
  3. Adimena: Ideien mundua hautematen hastea.
  4. Zientzia (Episteme): Ongia ezagutzea.

Ezagutza ulertzeko funtsezkoa da Anamnesia (edo bergogorapena) teoria: Arima ideien mundukoa da, eta gorputzera jaistean aurretik ezaguturikoa berriro gogoratu behar du.

4. Aristoteles: Hilemorfismoa eta Sistema Teleologikoa

Aristotelesek Platonen haustura ontologikoa ukatzen du. Benetako errealitatea zentzumenek erakusten dutena da.

Metafisika: Hilemorfismoa

Hilemorfismoa proposatzen du: materia eta forma bereiz ezin diren errealitate bakarra dira. Gauza guztiek materia dute, baina forma jakin bat hartu behar dute.

  • Lehen Substantzia: Gauza zehatza, zentzumenekin hautematen duguna.
  • Bigarren Substantzia: Gauza horien esentzia eta kontzeptu unibertsala.

Aldaketa azaltzeko Potentzialitatea (beste zerbait izateko gaitasuna) eta Egitatea (potentzial hori egiaztatzea) kontzeptuak erabiltzen ditu.

Lau Kausen Doktrina eta Teleologia

Lau kausen doktrina erabiltzen du:

  • Kausa Materiala: Zertaz eginda dagoen.
  • Kausa Eraginkorra: Nork egin duen.
  • Kausa Formala: Egitura edo forma.
  • Kausa Teleologikoa: Helburua edo zergatia.

Errealitatea Sistema Teleologikoa da: dena helburu batekin gertatzen da, eta hori Lehen Motor Geldiak azaltzen du.

Ezagutza Aristotelesen Arabera

Ezagutzaren abiapuntua zentzumenak eta esperientzia dira (Enpiria). Indukzioa beharrezkoa da, hau da, gauza partikularretatik kontzeptu orokorrak ateratzea.

Hiru ezagutza mota bereizten ditu: Ekoizlea, Praktikoa (Etika eta Politika) eta Teorikoa (Filosofia).

5. Antropologia Klasikoa: Arima eta Gorputza

Platonen Dualismo Antropologikoa

Gizakia arima (perfektua, ideien mundukoa) eta gorputzak (iragankorra, mundu sentikorra) osatzen dute.

Arimak hiru zati ditu:

  • Arrazionala (Burua): Zuhurtziaren bertutea.
  • Oldarkorra (Bihotza): Sendotasunaren bertutea.
  • Irrikitsua (Sabela): Neurritasunaren bertutea.

Gurdiaren Metafora erabiltzen da: Aurigak (arrazionala) bi zaldiak (oldarkorra eta irritsua) gidatu behar ditu, oreka lortzeko.

Aristotelesen Antropologia

Arima eta gorputza ezin dira banandu, batasun organikoa osatzen baitute (hilemorfismoa). Arima gorputzaren bizi printzipioa da.

Arimak hiru funtzio nagusi ditu:

  • Funtzio Arrazoizkoa: Pentsamendua eta adimena.
  • Funtzio Sentikorra: Pertzepzioa eta mugimendua.
  • Funtzio Begetatiboa: Hazkundea, elikadura eta ugalketa.

Aristotelesek zalantzan jartzen du arimaren hilezkortasuna.

6. Etika: Ongiaren Bidea

Platonen Etika: Intelektualismo Morala

Bertutea = Ezagutza. Ongi jokatzeko Ongia ezagutzea ezinbestekoa da, eta hori dialektikaren bidez lor daiteke. Bertutea ezagutza eta arimaren barruko oreka da.

Aristotelesen Etika: Erdibidea

Bi bertute mota bereizten ditu: Intelektualak (zuhurtzia) eta Moralak (ohituraren bidez garatuak). Bertute morala arrazoimenaren eta nahimenaren arteko Erdibidea da, eta horrek Zoriontasunera (Eudaimonia) eramaten du.

7. Politika: Hiri Ideala eta Errealista

Platonen Politika: Izpirituzko Aristokrazia

Platon demokraziaren aurka dago. Izpirituzko Aristokrazia proposatzen du, non jakintsuek agintzen duten. Gizartea hiru sailetan banatzen da (Gobernariak, Zaindariak, Eskulangileak), bakoitza bere bertute nagusiaren arabera. Familia eta jabetza pribatua abolitu nahi ditu.

Aristotelesen Politika: Errepublika

Gizakia Animalia Politikoa da. Familia eta jabetza pribatua mantentzearen alde dago. Gobernu motak zuzenak (Monarkia, Aristokrazia, Errepublika) eta okerrak (Tirania, Oligarkia, Demagogia) bereizten ditu. Errepublika da aukerarik egokiena, klase ertainak egonkortasuna ekartzen duelako.

Platon eta Aristotelesen Eredu Politikoen Konparaketa

Platon idealista da, hiri perfektuaren bila. Aristoteles praktikoagoa da, gizartea natura sozialaren jarraipen gisa ulertuz. Aristotelesen eredua egokiagoa da gaur eguneko gizarteentzat, praktikoagoa eta askatasunekiko errespetutsuagoa delako, baina Platonen hezkuntza ikuspegia ere baliagarria da.

Entradas relacionadas: