Filosofia Analitikoa: Jatorria, Ezaugarriak eta Pentsalariak
Enviado por Aitortxu y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,18 KB
XX. Mendeko Testuinguru Filosofikoa: Filosofia Analitikoa
Ingalaterrako filosofia analitikoa XIX. mendearen amaierako neoliberalismoari erantzuteko sortzen da, eta tradizio enpiristaren elementuak bereganatzen ditu, baita Zentzu Komunaren Eskola Eskoziarrarenak ere. Korronte filosofiko honen barnean zenbait adar bereiz daitezkeen arren, bat datoz denak mintzaira komunaren analisian, errealitatea ulertzeko ezinbesteko erreferentziatzat hartuta.
G. Moore eta Zentzu Komunaren Defentsa
G. Moorek (1873-1958) 1903an argitaratzen duen “Zentzu komunaren defentsa” artikulua filosofia analitikoaren hastapentzat hartzen da. Artikulua idealismoaren aurkakoa da, eta aieru abstraktu eta metafisiko hutsak egitea leporatzen dio; zentzu komuna funtsik gabeko zerbait da, ondorioz. Garrantzitsuena gizakiaren benetako arazoen analisia egitea da. Hori bai, gizakiaren arazoen analisia mintzairaren bitartez baino ezin daiteke egin, hizkuntza giza bizitzaren esanguren adierazpide modu bakarra delako, hain zuzen ere.
Russell eta Atomismo Logikoa
Hortaz, filosofia analitikoa mendearen hasieran sortzen da, Russellen Atomismo logikoaren eraginez. Filosofia analitikoak filosofia tradizionala hankaz gora jarri nahi du.
Korronte honetako filosofo guztientzat, hizkuntzaren analisia da garrantzitsuena, Ingalaterran eta Estatu Batuetan bereziki. Hori dela eta, funtsezko aldaketa gertatzen da filosofiaren ikuskeran, eta hizkuntzaren alderdi logikoak aztertuko dira sakon hemendik aurrera. Sorburua Logikan datza, eta Wittgensteinek atzera bueltarik gabeko urratsa egingo du.
Erreakzioa eta Metodoa
Idealismo neohegeliarraren aurkako erreakzioa dela esan daiteke, baita Ingalaterrako tradizio enpirista berreskuratzeko ahalegina ere. Erreala ez da pentsamenduak sortzen duena, gertakariak baizik, aurrean ditugunak, pentsalariaren gogotik independenteak.
Beraz, filosofia honen metodoa ez da sintetikoa, analitikoa baizik. Unibertsoa ez da osotasuna, zatiketa baizik, eta elementuen bidez eratzen da, atomoen bitartez.
Filosofiaren jokabide errealista eta enpirista, eta metodo-analisia hizkuntzan aplikatzen dira, eta hainbat galdera eragiten du horrek: Bat dator errealitatearekin hizkuntzaren bidez adierazten den guztia? Zientifikoa da hori?
Metafisikak ez du arau hori betetzen, eta beraz, haren enuntziatuak faltsuak, sasiproposizioak eta zentzugabeak dira.
Filosofia Analitikoaren Ezaugarri Nagusiak
Hona hemen laburbilduta mugimendu filosofiko honen ezaugarriak:
- Idealismo neohegeliarraren aurkako jarrera eta filosofia enpiristaren berreskurapena.
- Jarrera antimetafisikoa.
- Metodoa: analitikoa (osotasun baten zatien deskonposizioa).
- Filosofiaren ikuskera analisi formal modura. Filosofiaren ideien, kontzeptuen eta metodoen argitzapena. Filosofiaren objektua hizkuntzaren analisia da: “Ez dago arazo filosofikorik, hizkuntza-arazoak baizik” (Wittgenstein).