Fernando VII.aren Erregealdia: Absolutismoa, Liberalismoa eta Ondorengotza

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,64 KB

Independentzia Gerran frantsesen porrotaren ondoren, Valencayko Ituna sinatu zuten Espainiak eta Frantziak. Valencayko Ituna sinatu ondoren, Napoleonek Espainiako erregetza eman zion Karlos IV.aren semeari, Fernando VII.ari. Haren agintaldian hainbat fase bereizi ziren:

Fernando VII.aren Erregealdiaren Faseak

  • 1814-1820 bitartean: Absolutismoa berrezarri zuen.
  • 1820-1823: Liberalek boterea lortu eta erregeak konstituzio-erregimen berria onartu behar izan zuen.
  • 1823-1833 bitartean: Erregimen Zaharreko estamentu-banaketa ezarri zuen.

Absolutismoaren Berrezarpena (1814-1820)

Europan errestaurazio absolutista hasi zenez eta Pertsiar Manifestuak izan zuen eraginaren ondorioz, 1814ko maiatzean Fernando VII.ak estatu-kolpea eman zuen. Cadizko erreforma guztiak indargabetu zituen eta 1812ra arte egon zen erregimen absolutista ezarri zuen. Era berean, Euskal Foruak erabat indarrean jarri ziren; Foru erakundeek antzinatik zuten aginpidea eskuratu zuten.

Arazo Ekonomikoak eta Ogasunaren Krisia

Fernando VII.aren erregealdian, Independentzia Gerraren ondorioz, Erregimen Zaharrean sortutako nekazaritza-, merkataritza- eta industria-arazoak areagotu egin ziren. Gainera, Ogasunak arazoak zituen; zorra gero eta handiagoa zen, Ogasunak ez zuelako diru-sarrera nahikoa. Hori konpontzeko, kleroari eta nobleziari zerga ordaintzeko proposamena egin zitzaien, baina hauek ez zuten onartu nahi beren zerga-salbuespena kenduko zien inongo erreformarik.

Liberalen Altxamendua eta Riegoren Pronunciamendua

Frantsestuen eta liberalen aurka ezarritako zapalkuntza latzak haren etsaiak indartzea ekarri zuen. Talde horiek gero eta indartsuago egin ziren; XIX. mendearen hasieran hainbat estatu-kolpe ahalegin egin ziren. Azkenean, Rafael del Riego komandanteak eta Antonio Quiroga koronelak 1820an egindako altxamenduak egin zuen aurrera.

Hirurteko Liberala (1820-1823)

Riegoren eta Quirogaren matxinada militarraren ondorioz, Espainian iraultza liberala nagusitu zen berriro, 1820-1823 urte bitartean. Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen eta Cadizko Gorteen legedia berrezartzea onartu behar izan zuen. Era berean, Euskal Foruak deuseztatu ziren.

Liberalen Joerak: Asaldatuak eta Moderatuak

Gorteak biltzean, liberalen artean, zenbait joera nabarmendu ziren: asaldatuak eta moderatuak. Asaldatuek iraultza erradikala nahi zuten, herritarren parte-hartzea sustatu gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez eta erregeari botere betearazlea bakarrik eman. Moderatuak, ordea, erregeak erreformetan esku-hartze handiagoa izatea nahi zuten, baita sufragioa mugatu ere.

Gobernu Moderatua eta Oposizio Asaldatua

Moderatuak ziren gobernuan indar gehien zutenak, baina asaldatuek aginte paralelo bat antolatu zuten armadaren, elkarte abertzaleen eta elkarte sekretuen artean. Gobernu moderatua, herrialdearen arazoak konpontzeko, Cadizko legeak aplikatzen hasi zen.

Hamarraldi Gaitzesgarria (1823-1833)

Europako Aliantza Santuaren laguntzak absolutismoaren itzulera ekarri zuen Espainiara. Horrek eman zion hasiera Fernando VII.aren erregealdiko hirugarren eta azken etapari, Hamarraldi Gaitzesgarria deritzonari. Etapa horrek 1823-1833ra iraun zuen; monarkia absolutua berrezarri zen. Hirurteko Liberalean indarrean egondako Konstituzio Dekretu guztiak bertan behera geratu ziren eta berriro ezarri zuten estamentuetan banatutako gizartea: pribilegioak, jauntasunak eta abar.

Ondorengotza Krisia eta Karlistaden Hasiera

Gizartearen krisi eta kontraesan horiei beste arazo bat gehitu zitzaien Fernando VII.aren erregealdiaren azken urteetan: Espainiako koroaren ondorengotza. Fernandok ondorengorik ez zuenez, Karlos Maria Isidro infantea zen Espainiako erregetzaren legezko ondorengoa. Baina Fernando VII.a Maria Kristina Borboikoarekin ezkondu zenean, egoera aldatu egin zen. Maria Kristina haurdun gelditu zen; hortaz, Fernando VII.ak, Felipe V.ak ezarritako Lege Salikoa indargabetu zuen. Lege horren arabera, emakumeek ez zuten erregina izateko aukera. Baina legea indargabetu zenean, Karlos Maria Isidro infantea koroa gabe geratu zen eta horrek elkarren aurrez aurreko bi talde sorrarazi zituen. Alde batetik, karlistak, Karlos Maria Isidro infantearen aldekoak. Bestetik, isabeldarrak, Maria Kristina eta Fernando VII.aren alabaren aldekoak (Isabel, adinez txikikoa). Fernando VII.a hiltzean, karlistak matxinatu egin ziren, baina isabeldarrek irabazi zuten.

Entradas relacionadas: