Federico Etxebarriaren Hitzaldia 1893: Bizkaiko Industrializazioaren Defentsa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,87 KB
Federico Etxebarriaren Hitzaldia (1893-12-09)
Sarrera
Aurrean dugun testua Federico Etxebarriaren hitzaldi baten laburpena da. Testu sozioekonomikoa da, baita publikoa ere, herritar guztiei zuzenduta dagoelako. Egilea Federico Etxebarri Rotaetxe da: enpresari eta politikari bizkaitarra izan zen (1840-1923). Bilbon jaio zen, eta bere bizitza Bizkaiko garapen ekonomikoari lotuta dago. Jarduera produktibo eta kapitalista azpimarragarria garatu zuen, hainbat enpresaren sortzaile bezala: “La Vizcaya”, “La Iberia”, “Bizkaiko Labe Garaiak”. Horretaz gain, paper garrantzitsua jokatu zuen enpresa-elkarketan: Bilboko Merkatal Ganbara eta Bizkaiko Produktoreen Elkartea sortu zituen, besteak beste. Ibilbide politikoan, Alderdi Unibertsalaren kide bezala, hainbat kargu bete zituen udaletxean eta Madrilgo Senatuan. Bilboko “El Sitio” elkartea presiditu zuen, Bilboko liberalismo moderatuaren bilgunea. Testu historikoa da, lehen mailako informazio iturria delako. Bilbon idatzi zen 1893ko abenduaren 9an, Berrezarkuntzaren garaian, Maria Kristina erreginordea zela, eta Bizkaiaren garapen siderurgikoa gertatzen ari zela. Bilbo zen gune ekonomiko nagusia industrializazioaren proiektuan.
Azterketa
Testu hau ulergarriago egiteko hitz hauek definitu behar ditugu:
- Espainiaren eta Alemaniaren arteko Ituna: 1891ko dekretua, non arantzel handiak ezartzen zitzaizkien produktu siderurgikoei. 1893an, arantzel handiak murrizteko Merkataritza Hitzarmena sinatu zen.
- Proiektua: Bizkaiko industria siderurgikoa babesteko prozesua da.
- Aduana Zergak: 1891ko dekretua, non arantzel handiak ezartzen zitzaizkien produktu siderurgikoei (kanpotik zetozen produktuei).
Testuak bi zati ditu: Lehenengo zatia, lehenengo 16 lerroek osatzen dutena, sarrera da. Bertan, 1893ko Alemania eta Espainiaren arteko ituna (Merkataritza Hitzarmena) salatzen du Federico Etxebarriak. Lehenengo zati horrek 3 azpiatal ditu:
1. Azpiatala: Arazoaren identifikazioa
Espainiaren eta Alemaniaren arteko itunaren bidez, proiektua atzera botatzen da eta aduana-zergak indargabetuta geratuko dira.
2. Azpiatala: Itunaren ondorio negatiboak
Itunak ondorio negatiboak ekarriko lituzke, adibidez: industria-ekimena hondatuko luke, zauri hilgarria egingo lieke lantegiei, etab. Industriak: Labe Garaiak, Deustuko lantegia…
3. Azpiatala: Aduana Zergen komenigarritasuna
Aduana zergen komenigarritasuna aipatzen da.
Testuaren bigarren zatiak (17-21 lerroak) gobernuari eskaerak egiten dizkio. Ondorioak saihesteko, Bizkaia ez ezik, Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko balituzke, eta eragina izango bailuke nazio osoan, gobernuari eskatzen zaio ez dadila araubidetik urrundu, ez dezala suntsitu gaur egungo babes-sistema eta bazterrera utz dezala Alemania-Espainia ituna.
Iruzkina
Testua garai historiko batekin erlazionatuta dago, zehazki, Bizkaiko industrializazioarekin. XIX-XX. mendeetan, Bizkaia meatzaritzaren zentroa zen. Izan ere, Britainia Handian Bessemer prozedura erabiltzen hasi zen. Tresna horri esker, kalitate hobeko altzairua lor zitekeen (hematitea erabiliz). Bizkaiak abantaila asko zituen bere alde: kokapena, ustiaketa mota, lan-esku ugari… Abantaila horiei esker, atzerriko kapitala Bizkaiko meategietan inbertitzen hasi zen, eta prozesu hori bizkortu egin zen azken gerra karlista amaitu ondoren. Bizkaian sortutako kapitalak industria iraultza ahalbidetu zuen. Bizkaitarrak meategien jabe egin ziren lehenak. Bertako burgesia indartu egin zen (Ybarra, Chavarri, Martinez Rivas…). Askotan fusioak gertatu ziren euskal enpresen eta atzerriko enpresen artean. Horrela, elkarte mistoak sortu ziren: ingelesak, frantziarrak, alemanak eta bizkaitarrak: “Orconera Iron” eta “Societe Franco-Belge de mines de Somorrostro”. Etekin ugari lortu zituzten: meatzaritzatik ateratako dirua siderurgiaren garapenerako eta Bizkaiko garapen industrialerako erabili zen: ontzi-konpainiak, metalgintza-enpresak, siderurgikoak, porlan enpresak… etab. Burdina esportatzen 1900. urtera arte irabazitakoaren %45 atzerritarrentzat eta %55 burgesia bizkaitarrarentzat izan zen. %55 hori bertako siderurgia finantzatzeko erabili zen. Bi elkarte izan ziren protagonista nagusiak 1880an: “Altos Hornos de Bilbao” eta “Metalurgia y Construcciones de Vizcaya”. 1891n, arantzel horiek murrizteko merkataritza hitzarmena sinatu zen, Alemaniatik zetozen produktuei arantzelak kentzea ekarriko zuena. Horren aurka protestatzeko, 1893an, lehen mobilizazio handia egin zen, “Liga Vizcaina de Productores” sortu zen, Bizkaiko siderurgiak bilduz burdinaren eta altzairuaren barne-merkataritza monopolizatzeko. Etekinak gora egin zuten, prezioen igoerari esker.
Konklusioa
Testuaren garrantzia handia da, ondorioak mota askotakoak izan zirelako. Alde batetik, Bizkaiko burgesia presio talde bezala sendotu zelako; horren adibide, “Liga Vizcaina de Productores” agertu izana. Beste aldetik, Bizkaiko enpresa siderurgikoak elkartu egin ziren burdinaren eta altzairuaren barne merkatua monopolizatzeko eta, ondorioz, etekinak gora egin zuten. 1902an, “Altos Hornos de Bilbao” eta “La Vizcaya” elkarteek bat egin zuten, eta bat-egite horri “Sociedad Anónima Iberia” gehitu zitzaion, Bizkaiko Labe Garaiak sortzeko. 1906an, euskal kapitalismoa sendotu egin zen. “Amós Salvador” ministroak muga-zerga behin betiko zabaldu zuen. Merkatu nazionala sendotu zen atzerriko lehiarik gabe. 1914-1919 bitartean, ekonomia suspertu egin zen Lehen Mundu Gerraren eraginez. Espainia neutrala zenez, esportazioen igoera handia izan zen. Hazkunde ekonomikoak sortutako giroak egitura finantzario baten osaketa ahalbidetu zuen. Meatzeetako eta siderurgiako oligarkiatik iritsitako kapitalekin hiru banku sortu ziren. Bilboko burgesiak sektore elektrikoa bultzatu zuen, Euskal Herrian eta Espainian.