Federico Echevarriaren Hitzaldia (1893): Bizkaiko Industriaren Defentsa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,19 KB
TESTU IRUZKINA: FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA (1893-12-09)
TESTUAREN SAILKAPEN/KOKAPENA (0,5p.)
Lehen mailakoa. Forma: narratiboa (mitin-protesta). Gaia: ekonomikoa. Egilea: indibiduala, Federico Echevarria, euskal enpresari liberala. Espainiako altzairuaren ekoizpenean izugarrizko iraultza eragin zuen, altzairuaren ekoizpenean ikerketa eta berrikuntza teknikoak bultzatuz. Izaera: publikoa. Hartzailea: Espainiako herria, bereziki Bizkaiko industriariak. Helburua: mitineko entzuleei ohartaraztea protekzionismoa ezabatzeak Bizkaiko industrian ekar ditzakeen ondorio txarrak.
Kokapena: Berrezarkuntza garaian kokatzen da, M. Kristinaren erregeordetzan, bere semea (Alfontso XIII.a) adin nagusitasunera heldu bitartean (1885-1902). Aldi honetan Euskal Herriko industrializazioak garapen handia izan zuen.
ANALISIA/IDEIA NAGUSIAK (1,5p.)
Egitura: bi paragrafo, bakoitza ideia nagusi batekin.
Lehenengo paragrafoan Alemaniak eta Espainiak hitzartutako itun komertziala aipatzen du. Hau dela medio, denbora luzean zehar borrokatutako aduana-zergen araubidea bertan behera geldituko dela dio eta horrek ekarriko lituzkeen ondorio negatiboak azpimarratzen ditu (“zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei”). Eragin hori enpresa guztiek jasango luketela ere adierazten du, bai protekzionismoaren babesean sortutakoak (gehienak), bai lehendik martxan zeudenak eta erreforma eta zabaltze lanak egin zituztenak, baita etorkizun batean sortuko zirenak ere. Hala, hizlariak alemaniar-espainiar itunak enpresa horien porrota ekarriko lukeela adierazten du eta, zehatzago izateko, enpresen adibideak ematen ditu: Labe Garaiak, Deustuko, Zorrotzako eta Miraballeseko lantegiak…
Bigarren paragrafoan hizlariak argi uzten du alemaniar-espainiar itun komertzial horrek ez lukeela bakarrik Bizkaiko industria erasoko, baizik eta estatuaren beste gune industrialak ere. Hori dela eta, F. Echevarriak 1891eko Arantzelen Legea defendatzen du eta gobernuari errespetatzeko eskatzen dio, alemaniar-espainiar itun komertziala baztertuz. Izan ere, itun horren bidez Alemaniatik etorritako hainbat produktuei eta burdinbidea eraikitzeko materialei muga-zergak jaisten zitzaizkien eta horrek, argi eta garbi, 1891eko lege protekzionistaren kontra egiten zuen.
TESTUINGURU HISTORIKOA (2,5p.)
Aurrekariak (Maria Kristinaren erregeordetza, 1885-1902):
Berrezarkuntza garaia, Maria Kristina erregeorde zelarik, alderdi fusionista eta kontserbadorea txandakatzen ziren Espainiako gobernuan. Hauek eskuratu zuten botere politiko eta ekonomiko guztia, beste alderdi politikoak eta gizarte-talde asko sistematik at geratuz. Hori bai, Berrezarkuntzaren sistemak oreka eta egonkortasun politikoa eman zizkion Espainiari.
Testuaren une historikoa (euskal industrializazioa):
XIX. mende hasieran, Espainiako ekonomiak garapen handia ezagutu zuen, batik bat, Katalunian eta euskal probintzietan. Garapen hori Kataluniako ehungintzari eta Bizkaiko siderurgiari esker izan zen. Hala ere, industrializazio-prozesua luzea eta zaila izan zen. Berrezarkuntzan hartu zuen indarra, baina Espainia ez zen herrialde industrializatuan bilakatuko 1960. urtera arte. Euskal lurraldeetako industriak izugarrizko garapena bizi izan zuen Berrezarkuntzan, Bizkaiko siderurgia Espainiako gunerik garrantzitsuena bilakatuz 1890eko hamarkadan.
Bizkaiko industrializazio prozesua…
1841ean hasi zen, aduanak kostaldera eramatearekin batera. Ekimen horrekin, Bizkaiko burgesiak bertako siderurgiara bideratu zituen bere inbertsioak eta lehenengo labe garaiak sortu ziren (Boluetako Santa Ana). Hala ere, nahiz eta baliabide bikainak izan (burdina ugari, kalitate handikoa, erauzteko erraza eta itsasotik hurbil), Bizkaiko industriak protekzionismoaren beharra eta kapital urritasuna zituen arazo moduan. Hala, siderurgia ez zen indartuko 1868ko Meatze Legea ezarri arte. Lege horren bitartez, kanpoko kapitalari baimena eman zitzaion meategiak ustiatzeko. Hala, Bizkaiko familia burges aberatsak atzerriko enpresa horiekin elkartu eta konpainiak eratu zituzten: The Bilbo Rivers. Negozio horietan irabazi handiak lortu zituzten eta Bizkaiko industrietan berrinbertitu zituzten. Hirugarren Karlistaldiaren (1872-1876) ostean, eta behin Kontzertu Ekonomikoa onartua, oparotasun garaia bizi izan zuen Bizkaiak.
Burdinaren ustiapena eta esportazioa areagotu ziren eta Bizkaiak industria-garapen izugarria bizi izan zuen, industria dibertsifikatuz, merkataritza nabigazioa hedatuz, siderurgia modernoa eraikiz eta lantegi handiak sortuz (Bizkaiko Labe Garaiak). Hala eta guztiz ere, Espainiako industrializazioa atzeratuta zegoen Europakoarekin alderatuta eta ezin zuen lehiatu produktu horiekin. Irtenbide moduan, ekoizpena barne-merkatura bideratu zuten. Horretarako protekzionismoa industrializazioaren garapenerako giltzarria izan zen. Politika ekonomiko horrek helburutzat bertako produktua kanpoko produktuaren lehiakortasunetik babestea zuen, muga-zergak erabiliz eta inportazio eta esportaziorako neurri zehatzak hartuz. Hortaz, garai hartan zegoen beste politika ekonomikoaren kontrako jarrera hartu zuen, hau da, truke askearen edo librekanbioaren kontrakoa, merkataritza-truke libreak eta tarifarik gabeko aduanak ezartzen zituena. Ildo horretatik, gobernuak 1891ean Arantzelen Legea onartu zuen (protekzionista). Ondorioz, Bizkaiko siderurgiak eta Kataluniako ehungintzak ikaragarrizko hazkundea bizi izan zuten. Arazoa ostean sortu zen, lege horrek ahalmena ematen ziolako
gobernuari merkataritza-itunen bidez produktu zehatz batzuen arantzelak jaisteko eta burdinbidea eraikitzeko beharrezko materialen inportazioetan prezio bereziak ezartzeko. Horrek, 1893an Alemaniarekin negoziazioak egitea ekarri zuen. Itun honen aurrean protesta ugari sortu ziren Bizkaian, aztergai dugun testuko mitina besteak beste. Bilera Bilboko Arriaga Antzokian egin zen eta “mitin-protesta” bezala ezagutzen da. Bertan Bizkaiko burgesiak hartu zuen
nagusitasuna. Partaideen artean estatu osoko enpresari eta erakunde ekonomikoen ordezkariak (batzuk katalanak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, asturiarrak, madrildarrak…) bildu ziren. Testuak Federico Echevarriak mitinean esan zuena islatzen du, hau da, 1893ko alemaniar-espainiar itunak kaltea baino ez ziola ekarriko euskal probintzietako industriari (labe garaiei, galdaragintzari eta makinak egiteko instalazio berriei…), baita Espainiakoari ere. Horregatik, Echevarriak truke askea Espainiako enpresarientzat eta langileentzat traba eta eragozpen handia izango zela argudiatu zuen. Hala, estatu osoko merkatuaren onerako,
Espainiako gobernuari eskatu zion Arantzelen Legea mantentzea eta Alemaniarekin sinatutako merkataritza-ituna indargabetzea.
ONDORIOAK/TESTUAREN GARRANTZIA (0,5p.)
Mitin-protesta honi esker alemaniar-espainiar itunaren porrota gertatu zen.
Testua baliagarria da XIX. mendeko Espainiako eta euskal eremuetako ekonomiak izan zuen bilakaera ulertzeko, baita neurri protekzionistetatik zuten menpekotasuna ikusteko. Kontuan izan behar da, garai hartako ezaugarri nagusia ekonomia-alorrean neurri librekanbisten edo protekzionisten arteko dilema eta bitasuna zela. Oso nabarmena da, bereziki, Bizkaiko burgesia industrialak protekzionismoaren alde zuen jarrera, baita beharra ere.