Federico Echevarria (1893): Protekzionismoaren Defentsa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,82 KB
Sailkapena
Komentatzen hastera goazen testua Federico Echevarriak (Alderdi Liberalekoa zen enpresari euskalduna) 1893ko abenduan Bilbon protekzionismoaren defentsan egindako hitzaldiaren pasarte bat da. Testu historikoa da, narratiboa eta zirkunstantziala, eta edukiari dagokionez, politiko-ekonomikoa. Egilea indibiduala da, lehen esan bezala, Federico Echevarria euskal enpresaria (XX. mendearen hasieran Liga Vasca de Productores Vascos-eko presidente izan zena).
Gainera, testu publikoa da; hartzaile izan zitezkeen, bai mitinera gerturatutakoak, bai langileak eta enpresariak, bai gaian interesa zeukan oro. Hitzaldiaren helburua, bertan entzuten ari ziren guztiei, protekzionismoak kentzeak ekarriko lituzkeen ondorio kaltegarriez konbentzitzea zen. Testua 1893ko abenduaren 9an kokatzen dugu Bilbon, Errestaurazio garaian, konkretuki Maria Kristinaren erregeordetza garaian (1885-1902).
Azterketa
Komentatzen ari garen “Librekanbismoa eta protekzionismoa”ri buruzko testuan, Federico Echevarriak Bilbon 1893an emandako hitzaldiaren bitartez, printzipio ekonomiko protekzionistaren defentsa aurkezten du.
Ideia Nagusiak eta Argudioak
Testuaren ideia nagusia 7-9 lerroetan aurkitzen dugu: egileak muga-zergen erregimena kentzeak bizkaitar lantegiei eragingo liekeen ondorio ekonomiko tamalgarriaz hitz egiten digu.
Ideia nagusi hau argudiatzeko bigarren mailako beste ideia batzuk aurkezten zaizkigu:
- Protekzionismoaren defentsa honen arrazoia Merkataritza tratatuetan aurkitzen dugu, konkretuki, atzerriarekin erlazioak hobetzeko helburuarekin, Espainiak Alemaniarekin egindako hitzarmenean (1-3 lerroetan).
- Echevarriak dioenez, hitzarmen hau aurrera eramanez gero, bizkaitar industriarentzat hain onuragarria zen muga-zergen araubidea deseginik geldituko litzateke (3. lerroan).
- Protekzionismoa kentzea Euskal Herriko ekonomiarentzat oso kaltegarria litzakeela defendatzen du (5. lerroan: “zoritxar handia ekarriko dio”).
- Neurri honek bizkaitar lantegiei min handia egingo lieke, gehienak muga-zergen araubidearen babesean sortu baitira (8. lerroan), bai eta lehendik sortu zirenei eta erreformatuak izan direnei ere (9. lerroan).
Kaltetutako Sektoreak
11-19 lerroetan, neurri honen bitartez kaltetuak izango liratekeen bizkaitar industriako arlo desberdinak aipatzen ditu, hala nola:
- Galdaragintza arloa eta makinak egiteko instalazioak (Labe Garaiak).
- Altzairuaren arloa (Deustuko lantegiak, Aurrerá, Zorrotza eta Miraballes-eko lantegiak).
- Proiektu berri asko bertan behera geratuko lirateke.
Merkataritza hitzarmen honen ondorio kaltegarriak Bizkaiari ez ezik, Espainiako beste eskualdeentzat ere kaltegarriak lirateke. Guzti hau saihesteko, egileak Gobernuari eskatzen dio ituna bertan behera uztea eta momentu horretan zegoen muga-zerga araubidea ez desegitea.
Testuinguru Historikoa
Industrializazio prozesua Britainia Handian sortu zen XVIII. mende amaieran. XIX. mende hasieran Europa erdialdera hedatu zen, Espainiara aldiz, mendearen erdialdera arte ez zen iritsi. Espainiar industria bi sektoretan oinarritu zen: Kataluniako oihal industria eta bizkaitar industria siderurgikoa.
Industrializazioa Espainian eta Bizkaian
Errestaurazio garaian (1874-1923), indarrean zegoen sistema canovistak neurri protekzionistak hartu zituen, muga-zergak ezarriz atzerriko produktuei (1891). Neurri honek Euskal Herriko industrializazioa indartu zuen, batez ere Burdingintzak (siderurgia) lortu zuen indar handia. Bizkaian arrazoi desberdinengatik:
- Burdin ugari zegoen, kalitate onekoa.
- Erauzteko erraza zen.
- Itsasoaren gertutasuna.
Testuinguru honetan kokatu behar dugu komentatzen ari garen testua, hain zuzen ere, Federico Echevarriak protekzionismo honen defentsa egiten du bizkaitar industrializazioa babesteko helburuarekin.
Bizkaiko Industrializazioaren Faseak
Bizkaiko industrializazioaren abiapuntua burdin mineralaren erauzketa eta esportazioa izan zen. Jarduera horrekin lortutako kapitala burdingintza industriaren oinarria eta industria garapenaren bultzatzailea izan zen. Bizkaitar industrializazioak fase desberdinak ezagutu zituen:
- Hasiera batean meatzeen ustiakuntza eta burdinaren esportazioa bultzatu zen. Garai honetan Bessemer bihurgailuaren (altzairua lortzeko sistema berria) erabilpena nabarmendu behar da, honek asko lagundu baitzuen Bizkaiko burdinaren ekoizpena oso azkar haztea 70eko hamarkadan.
- 80ko hamarkadan gertatu zen Bizkaiko benetako industrializazio prozesua. Bizkaiko burgesia industrializazioari ekiteko prest zegoen, pilatutako kapital handiak siderurgian inbertituz batez ere.
Enpresa handiak sortu ziren, horien artean, 1882an Altos Hornos de Bilbao, egileak 11. lerroan erreferentzia egiten diona, muga-zergak kenduz gero kaltetua izango litzakeen lantegietako bat bezala. Teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik ekartzen zen eta merkatuak penintsula barnean egon ziren nagusiki.
1891ko Muga-Zergen Legea eta Ondorioak
Bizkaiko siderurgia Espainiako merkatuari begira egituratu zen eta, ondorioz, protekzionismoa behar zuen atzerriko lehiari aurre egiteko, kanpoko produktuak merkeagoak baitziren nazionalak baino. Bizkaiko burgesia industrialak, industriari kataluniarrekin batera, eta Gaztelako zekaleen produktoreekin, indarrak batu zituen legeri protekzionista bat lortzeko, eta lortu zuten 1891ean.
Modu horretan merkatu nazionala segurtatu zuten eta beste industria sektore batzuen garapena ere bultzatu zuen, esaterako: ontzigintza, industria kimikoa eta metalurgikoa. Testuan aipatzen den atzerritarrekin egindako merkataritza itunen proiektuak egon arren, 1891ean lortutako araubidea mantendu zen eta indartu egin zen neurri protekzionista berriekin, adibidez: 1896an lortu zuten trenbide konpainiek zuten pribilegio bat kentzea, alegia, trenbiderako materialen inportazio librea kentzea (neurri progresista), eta horrek metalurgia enpresa txiki eta ertainen garapena ekarri zuen.
Ondorioak
Komentatu berri dugun testuinguru honekin hobeto ulertzen dugu Federico Echevarriak egiten duen protekzionismoaren defentsa, ez baitago atzerritarrekin egindako merkataritza itun batengatik muga-zergen araubidea galtzeko prest. Beraz, garbi geratzen da testu honek duen interes historikoa, neurri protekzionistak mantentzearen ondorio zuzena baita Bizkaian industrializazioak arrakasta izatearen arrazoietako bat.
Hala ere, ondorioztatu dezakegu:
- Espainiar nahiz euskal industria oraindik larri zebilela atzerriko produktuei lehia ezin eginik.
- Bizkaitar langileak 1891ko muga-zergen legearen mende zeudela.
- Errestaurazio garai guztian gure testuak aurkezten digun bezalako eskakizun asko egingo zituela burgesia industrialak.