Faxismoaren Garaipena: Mussolini Boterean (1919-1922)

Enviado por Aitortxu y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,54 KB

Faxismoaren Sortzailea eta Hastapenak

Benito Mussolini: Hasierako Ibilbidea

Faxismoaren sortzailea Benito Mussolini izan zen. Hasieran, Alderdi Sozialistako joera erradikaleko buru izan zen, baina gero muturreko nazionalismoaren alde egin zuen. Il Popolo d'Italia egunkariko zuzendaria izan zen, eta haren bidez, kanpo-politika oldarkorraren alde egin zuen, bai eta Italia barruan komunismoaren aurkako politika gogorra egitearen alde ere.

1919: Fasci Italiani di Combattimento

1919an, Benito Mussolinik Fasci Italiani di Combattimento sortu zuen Milanen. Talde paramilitar ultranazionalista zen, eta bertako kideak alkandora beltzagatik eta txano militarragatik bereiz zitezkeen. Talde horretako kideak denetarikoak izan ziren:

  • Anarkista eta sindikalista iraultzaile ohiak.
  • Mussoliniren aldeko sozialistak, Italiak gerran parte hartzearen aldekoak zirenak.
  • Ultraeskuindarrak eta nazionalistak.
  • Soldadu ohiak.

Faxistak eskakizun nazionalisten defendatzaile sutsuak izan ziren, eta programa sozialista iraultzailea zuten.

Gizarte Babesa eta Taktika Aldaketa

Faxismoaren Gizarte-Babesa

Mugimendu faxista oraindik ere gutxiengoa zen 1919. eta 1920. urteetan. Baina italiarrek gero eta konfiantza gutxiago zuten erregimen parlamentarioan, eta horregatik, mugimendu faxistak gizarte-babesa areagotzea lortu zuen. Hauek izan ziren babesle nagusiak:

  • Erdi-mailako klaseko sektore batzuk.
  • Italiako patronal handiko enpresariak eta lur-jabe handiak.
  • Jabetzak zituzten nekazariak.
  • Armadako nahiz poliziako sektore batzuk.

Horien guztien ustez, mugimendu faxista ordena jartzeko tresnatzat eta gizarte-gatazkak eta sozialismo iraultzailea amaiarazteko bitartekotzat hartzen zen.

Alderdi Nazional Faxista (PNF) eta Indarkeria

Mussolini ohartu zen beharrezkoa zela gizarte-babes hori sendotzea, eta taktika aldatu zuen. Alde batetik, joera iraultzailea baztertu eta faxismoa parlamentuan borrokatzeko prestatu zuen; horretarako, 1921ean, Fasci erakundea Alderdi Nazional Faxista (PNF) bilakatu zuen. Bestetik, faxismoak langileen eta nekazarien erakundeen aurkako errepresio gogorra egin zuen.

Eskuadrak antolatu zituen, ezkerreko alderdien egoitzei, sindikatuei eta kooperatibei erasotzeko. Indarkeria geldiezin hori eta Mussolinik joera eskuindarra hartu izana boterea lortzeko tresna izan ziren.

Botererako Bidea: 1922ko Krisia

Greba Orokorraren Porrota (1922ko Abuztua)

1922ko abuztuan, sozialistek greba orokorra sustatu zuten, indarkeria faxistaren aurka. Baina porrot egin zuen, eta Mussoliniren boterea sendotu egin zen, faxistek egun bakarra behar izan baitzuten mehatxu sozialista amaiarazteko. Ordutik aurrera, botererako bidea zabalik geratu zen.

Erromako Ibilaldiaren Erabakia

1922ko urrian, buruzagi faxistek Napolin izandako bilera batean, eskuadristek Erromako Ibilaldia egitea erabaki zuten, gobernuan gutxienez sei ministro faxista egotea eskatzeko.

Viktor Emanuel III.a Erregearen Erantzukizuna

Faxistek ez zuten boterea lortuko estatuko indarrek ezikusiarena egin izan ez balute. Baina horren zuzeneko erantzukizuna batez ere Viktor Emanuel III.a erregeak izan zuen. Izan ere, ez zuen onetsi bere lehen ministroak aurkeztutako setio-egoeraren ezarpena; ezarriz gero, faxisten altxamendua geldotuko zuen. Urriaren 29an, erregeak telegrama bat bidali zion Mussoliniri, gobernua eratzeko eskatuz.

Entradas relacionadas: