Faxismoa: Jatorria eta Ezaugarri Nagusiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,12 KB
1920ko eta 1930eko hamarkadetan, ideologia eta antolaketa politikorako sistema berri bat sortu zen Europan: faxismoa.
Ideologia Faxista: Ezaugarri Nagusiak
- Bizitzako arlo guztiak kontrolatzen zituen estatu totalitarioa babesten zuen. Estatuak gizabanakoarekiko zuen nagusitasuna aldarrikatzen zuen.
- Alderdi bakarreko sistema politiko diktatorialaren alde zegoen. Alderdia buruzagiaren printzipioan oinarritzen zen: botereak ahalmen mugagabea zuen buruzagi baten esku egon behar zuen.
- Beste ezaugarri bat erabateko antikomunismoa zen, eta hasieran, baita antikapitalismoa ere. Faxismoak hirugarren bide bat proposatzen zuen sozialismo marxistaren eta kapitalismoaren ordezkotzat. Sistema korporatibista bat sortu nahi zuen, klase-gatazkak amaiarazteko, eta erdiko klaseak –kontzentrazio kapitalistaren prozesuaren mehatxupean zeudenak– zein langileak –langabeziaren eta miseriaren beldur zirenak– erakartzeko.
- Nazionalismo oldarkorra, espantsionista eta militarista oinarri zuen, norberaren nazioak munduan garrantzi handiagoa izatea baitzuen xede; hori dela-eta, faxismoek gerrarako joera izan zuten.
- Faxista guztiak arrazistak ziren. Nazismoan, arrazakeria eta antisemitismoa bilakatu ziren mugimenduaren funtsezko doktrina, nazioaren batasunari eusteko; arraza arioa nagusia zela eta behe mailako arrazak mendean hartzeko eskubidea zuela babesten zen.
- Aurkari politikoen kontrako indarkeria babesten zuen. Indarkeria balio positibotzat eta terapeutikotzat zuten.
- Alderdi faxistek masen mobilizazioa zuten helburu, alderdi eta sindikatu bakarrean eta haren milizietan edo erakunde paramilitarretan sartzeko. Alderdiko miliziek garrantzi handia eman zieten ikurrei, mitinei eta desfileei.
- Printzipio maskulinoak goraipatzen zituzten, eta emakumeen jarduera seme-alaben zaintzara eta etxeko lanetara mugatzen zuten.