Familiaren hezkuntza-zeregina eta heziketa-estiloak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,16 KB
Familiaren hezkuntza-ingurunea
Familia instituzio bat da, eta instituzio horretako kide da haurra. Han hasten da haren hezkuntza prozesua, familiako kideekin partekatzen dituen esperientzien bidez. Familiaren baitako hezkuntza jarduera oso handia izaten da lehen haurtzaroan, baina bizitza osoan zehar ere garrantzitsua izaten jarraitzen du.
Familiak hezteko duen zeregina
Familiak hezteko duen zereginean, alderdi hauek nabarmendu daitezke:
- Talde primarioa da, haurra kide den lehen taldea delako, eta harengan eragin erabakigarriena duelako. Hala, familia da haurrak bizi diren ingurune naturala, beste pertsona batzuekin batera bizi direna eta beren nortasuna eraikitzen dutena; ingurune horretatik abiatuta jartzen dira gizartearekin harremanetan.
- Balioak eta arauak transmititzen ditu. Familiak eragina du haurrak balioak eta arauak asimilatzeko moduan, elkarbizitzan eta familiako beste kideetan (ama, aita, anai-arrebak, aitona-amonak…) ikusi eta haiek erakusten dizkioten jarreren bidez ikasten baititu, hau da, taldearekin partekatzen dituen esperientzia guztien bidez.
- Gizarteratze-eragilea da. Gizakiak bere ingurukoak gizabanakotzat hartzen dituen eta komunitatean integratzen den lehenengo gunea da. Familian ongi gizarteratzen bada, aukera gehiago izango ditu beste ingurune batzuetan ongi gizarteratzeko; haren trebetasun sozialak lehenengo maila honetan garatzen ez badira, aldiz, gizarteratzean zenbait arazo ager daitezke.
- Prestakuntza-eragilea da. Haurrak familian izaten ditu bere lehenengo lorpenak, eta han sendotzen ditu ohitura nagusiak: ibiltzea, hitz egitea, janztea, obeditzea, jatea, esfinterrak kontrolatzea, itxura eta higienea zaintzea, ongia eta gaizkia bereiztea… Hau da, autonomia lortzen hasten da, eta horrek aukera ematen dio izaki independente bihurtzeko.
- Segurtasunezko eta konfiantzazko gordelekua da. Familiaren zereginetako bat da haren kideei segurtasunezko gune bat ematea haien ahalmenak gara ditzaten, haurra errazago komunikatzen da eta ondorioz errazago da arrisku egoerak prebenitzea.
- Jokabide-eredua da. Jokabide-eredua da guraso eta anai zaharragoak imitatzen ditu, kontzeptu, arau eta balioak barneratuz.
- Harreman-eredua da. Harreman-eredua da afektuak edo maitasunak familiaren hezkuntza jarduera sustatzen du. Afektua eta exigentzia ez dira bateraezinak, eta gurasoak arrazoi bidez gidatu behar dituzte haurrak, baina ez modu permisiboan.
Heziketa-estiloak
Gurasoen autoritate- edo kontrol-estiloen aniztasuna hainbat egilek sailkatu dute; proposamenik elaboratuenetako bat E. MacCoby eta J. Martín-ena da.
Zenbait heziketa-estilo barne har ditzaketen bi dimentsio handi ezartzea da eredu horren planteamenduaren abiapuntua. Hauek dira dimentsio horiek:
Heziketa-estiloen dimentsioak
- Permisibitatea-murriztailetasuna. Dimentsioaren mutur batean daude beren seme-alaben jokabidearen hainbat alderditan kontrol itxi eta murriztailea duten familiak. Beste muturrean, berriz, askatasun osoa ematen duten gurasoak daude.
- Berotasuna-etsaitasuna. Guraso gehienek beren seme-alabak maite dituzten arren, maitasun hori adierazteko era eta maiztasuna ez dira berak. Hala, dimentsioaren mutur batean daude seme-alabekin tratu bereziki afektiboa duten familiak, eta, beste muturrean, berriz, maitasuna gutxiespen- eta etsaitasun-sentimenduekin uztartzen duten familiak.
Bi dimentsioak bateratuz, lau koadrante dituen diagrama bat egin dezakegu. Koadrante bakoitza familiak koka daitezkeen heziketa-estilo bati dagokio: demokratikoa edo adierazpenezkoa, autoritarioa, barkabera eta arduragabea.
Estilo autoritarioa
Estilo horrek gurasoak kokatzen ditu erdigunean. Estilo autoritarioak norabide bakarreko komunikazio-sistema itxi bat ezartzen du; gurasoek aginduak ematen dituzte inolako azalpenik gabe, eta seme-alaben autonomia murrizten dute, zeinak urrundu egiten baitira. Oso ohikoa da etengabe zigorrak, mehatxuak eta debekuak jartzea, batere arrazoitu gabe. Familia-estilo horrek asko exijitzen die seme-alabei bizitzako alderdi guztietan; gurasoek ez dituzte kontuan hartzen haien beharrak, eta ez dituzte aldatzen beren diziplina-teknikak testuinguruaren, adinaren eta beste aldagaien arabera.
Ondorioak heziketan
- Autoestimuaren, autonomia pertsonalaren, sormenaren eta jendetasunaren maila baxuak sortzen ditu.
- Baliteke seme-alabek frustrazio- edo erruduntasun-sentimenduak adieraztea, gurasoen nahiak bete ezin dituztelako.
- Inhibitu egiten badira, haurrek konformismo- eta mendetasun-joera agertzen dute. Pasiboak eta lotsatiak izan ohi dira, eta besteen oniritzia jasotzeko irrikan egoten dira. Hala ere, baliteke handitan gurasoen estiloa imitatzea eta pertsona autoritario bihurtzea.
- Baliteke gurasoengandik emozionalki urruntzeagatiko antsietatea sentitzea.
Estilo demokratikoa edo adierazpenezkoa
Estilo horrek seme-alabak kokatzen ditu erdigunean. Aita-ama demokratikoek arauak ezartzearen arrazoiak azaltzen dizkiete seme-alabei, haien indibidualtasuna eta eskubideak aitortu eta errespetatzen dituzte, ahozko harremanen bidez negoziatzen dute, eta haiekin batera hartzen dituzte erabakiak, jokabide positiboak sustatzen eta egokiak ez direnak urruntzen saiatzeko. Heziketa-estilo horretan, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan, elkarrekiko errespetua, lankidetza eta elkarrenganako betebeharrak dira nagusi; gainera, gatazkak gutxitan gertatzen dira, eta arinak izaten dira.
Ondorioak heziketan
- Erantzukizunerako sena garatzen dute, eta beren ekintzen ondorioak beren gain hartzen dituzte.
- Gaitasun soziala eta elkarri eragiteko erraztasuna ematen dizkie.
- Lankidetzako jarrera izaten dute, erabakiak hartzekoa eta arauak errespetatzekoa, eta talde-lanerako trebetasunak.
- Autokontzeptu errealista eta positiboa garatzen dute, eta horrek autoestimu- eta autokonfiantza-maila on bat dakar.
- Lorpenerako motibazio handia hartzen dute, eta, ondorioz, emaitza hobeak izaten dituzte eskolan.