Familiaren Bizi Zikloa: Etapak eta Ezaugarriak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,78 KB
Familiaren bizi-zikloaren eredu gisa, eredu nuklearrari dagokiona hartuko dugu kontuan. Hiru etapa ditu, eta horietako bakoitza zenbait azpietapatan dago banatuta:
I. Etapa: Eraketa (Seme-alaben aurreko etapa)
- Bikotekidea hautatzea eta ezkongai-harremana: Familia-sistema berri bat eratzeko abiapuntua gertatzen da familia desberdinetatik datozen bi pertsonak maitasun-harreman sendo bat hasten dutenean, eta sendotzeko eta etorkizunean hazteko aukera errealak eta kontzienteak dituztenean.
- Ezkontza edo bizikidetza: Bi sistema indibidualek bat egiten dute, eta bakoitzak bere jatorrizko familian izan dituen esperientziak eta aurrekariak jartzen ditu. Ez du axola beren artean zer lotura mota jartzea erabakitzen duten, dela ospakizun zibila, dela erlijiosoa, dela bat-egite librea edo beste edozein errito. Une horretan, bikoteak bere harremana finkatzen du, eta familia-sistema berri bat egituratzen du; horren zailtasuna da bi pertsonek balio, arau eta sinesmen desberdinak dituztela. Fase horretan, gurasoek bigarren mailan geratu behar dute, bikote berriari askatasuna eta pribatutasuna emateko. Une zaila da, mendeko zuten seme-alaba mendeko gisa galtzen baitute, eta paper berri bat hartzen baitute: aita-amaginarrebena.
II. Etapa: Hedapena (Seme-alaben etapa)
- Gurasotasunera aldatzea: Lehenengo seme-alaba jaiotzen denetik hura hezkuntza-sistema formalean sartzen den arte irauten du denboraldi horrek. Familia-etapa horrek erabateko aldaketak eragiten ditu. Batetik, amak bere askatasuna eta independentzia galtzen ditu, lotura- eta mendekotasun-etapa bizi bat hasten baitu, haurtxoa zaintzeko eta elikatzeko. Horretarako, uko egin behar die bere bizitzako alderdi batzuei, eta erantzukizun berri bat hartu behar du. Aita berria, berriz, amaren eta seme-alabaren arteko harreman hain estutik kanpo senti daiteke. Une horretan, bikoteak berriro adostu beharko ditu arau eta helburu komunak, eta seme-alabak hezteko modua pentsatu behar du. Une horretan gerta daitezke, era berean, bakoitzak bere jatorrizko familiatik ekartzen dituen esperientzia desberdinengatiko desberdintasunak.
- Eskola-adineko seme-alabak dituzten familiak: Etapa horretan, bigarren mailako gizarteratze-prozesu guztia gertatzen da. Aldaketak eragiten ditu familia-harremanetan, arauak ez baitatoz dagoeneko familia-sistematik bakarrik. Nolabaiteko autonomia bilatu behar da, familia barruko harremanak beste berdinkide talde batzuenekin orekatzeko, eta kanpoko sistemekiko desberdintasunak onartzen ikasi behar da.
- Seme-alaba nerabeak dituzten familiak: Denboraldi horretan izaten dira borroka gehien gurasoen eta seme-alaben artean. Etapa horretan, gurasoek ez dituzte dagoeneko seme-alabak menderatu behar (hori, ordea, beharrezkoa da bizitzako lehen hamar urteetan), eta harreman simetrikoak sortu behar dira; hala, aitaren autoritateak saihestu egin behar du belaunaldien artean hainbeste aldiz gertatzen den koska, eta seme-alaba nerabeari autonomia lortzeko aukera eman behar dio. Sarritan, bikoteak bien arteko harremanari buruzko hausnarketa egiten du, bai eta bere kideetako bakoitzari buruzkoa ere; bikoteak bere gune psikoafektiboa berreskuratzen du, eta adin helduaren aldaketak onartzen ditu.
III. Etapa: Txikiagotzea
- Bizitzaren erdia edo habia hutsa: Etapa horretan, senar-emazte askok hausten dute beren harremana. Une horretan, seme-alabek etxea uzten dute, eta gurasoak, berriro ere, aurrez aurre daude bikote gisa. Batetik, gozamen-iturri izan daiteke hori, denbora eta askatasuna ematen baitu kanpoko munduarekin berriz topatzeko, denbora-pasa zaharrei edo berriei ekiteko, edo denbora lanean edo bikote-harremanean emateko; bestetik, ordea, lehengo guraso-zereginak galtzen direla sentitzen da (habia hutsaren sindromea deitzen zaio horri). Etapa horretan, sarritan gertatzen da guraso propioak benetan galtzea ere. Fase horretan, arazoak sor litezke bikoteak seme-alabak iristean konpondu gabe utzi zituen aspaldiko gatazkek eraginda; hori ikus daiteke, adibidez, seme-alabengatik elkarrekin jarraitu zuten gurasoen kasuan. Etapa horretan, bikote heldu askok dilema bati egin behar diote aurre: elkarrekin bizitza berri bat egiteko negoziatu, edo banandu.
- Bizitzako azken urteak: Azken ziklo horretan, guraso zaharrek aitona-amonen papera hartzen dute sarritan. Hau da dilema: independentziari eutsi, edo seme-alaben gero eta mendeago egon; izan ere, urritasun fisikoak etortzen dira garai horretan, eta, askotan, baliabide materialenak ere bai. Gaztetasuna eta indarra galtzearen sentimendu mingarria agertzen da, eta pixkanaka autonomia galtzeko beldurra agertzen da, bai eta gaixotzeko eta heriotzagatik pertsona maiteak galtzeko beldurra ere.