Falazia Logikoak eta Etika Teoriak: Analisi Sakona

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 14,92 KB

Falazia Logikoak

Argudioetan ohikoak diren akatsak dira falazia logikoak, arrazoibide zuzena oztopatzen dutenak. Jarraian, ohikoenetako batzuk aztertuko ditugu:

1. Disjuntzioaren Baieztapenaren Falazia

“Edo hau edo bestea” diozunean, baina egia bada bestea faltsua dela ondorioztatzea da akatsa. Biak egiazkoak izan daitezke. Adibidez: “Obamarekin bi aukera: edo gizon erlijiosoa dela sinesten duzu, edo gezurtia dela.”

2. Ondorioaren Baieztapenaren Falazia

“P bada, Q da” esaten da, baina Q bada, P izan behar duela ondorioztatzea da falazia. Q beste modu askotara gerta daiteke. Adibidez: “Euria egiten badu, espaloiak bustitzen dira. Espaloiak bustita daude. Beraz, euria egiten du.”

3. Aurrekariaren Ukazioaren Falazia

“P bada, Q da. Baina P ez denean, Q ere ez dela uste da”. Aurrekaria ukatzen bada, ez da beharrezkoa ondorioa ere ukatzea. Adibidez: “Elurra egiten badu, hotza egiten du. Ez du elurrik egiten. Beraz, ez du hotzik egiten.”

4. Ad Hominem

Argudioa egin duen pertsona erasotzen da, ez argudioa bera. Helburua, ikuspegia defendatzen duen pertsonaren izaera zikintzea da. Adibidez: “Estatuak ez ditu hiritar guztien oinarrizko beharrak asetzen.” “Ez dut zure iritzia kontuan hartuko, beti ari zara kexaka.”

5. Txorimaloaren Falazia

Aurkariaren argudioa desitxuratzen duzu, erasotzea errazagoa izan dadin. Argudioak ahulagoak eginez, aurkariaren adibiderik okerrena bilatzen da, eta guztien adierazletzat jotzen.

6. Dilema Faltsua

Bi aukera bakarrik aurkezten dira, beste aukera posibleak baztertuz. Arazo konplexuak termino sinpleagoetara murrizten dira. Adibidez: “Edozein naziok, munduko edozein lekutan, erabaki behar du orain. Edo gurekin zaude edo terroristekin.”

7. Falazia Genetikoa

Ideia baten jatorrian oinarrituta bakarrik epaitzea, edukiari erreparatu gabe. Adibidez: “Ulertezina da Jonek Fisikako Nobel saria irabazi izana; elkarrekin eskolara joaten ginen eta klaseko tontoena zen.”

8. Tu Quoque Falazia

Aurkariak ere berdina egin duela esanez kritika saihestea. “Baita zu ere” edo “zu gehiago” esamoldeak erabiltzen dira. Eztabaida politikoan oso erabilia da. Adibidez: “Ez bota zaborra lurrera.” “Zuk atzo bota zenuen.”

9. Ad Verecundiam Falazia

Autoritate bati erreparatuta zerbait egia dela esatea, nahiz eta ez den arloan aditua izan arren. Autoritate bat izateak ez du inplikatzen pertsona hori eztabaidatzen den gaian aditua denik. Adibidez: “Depresiotik ateratzeko botika hau ona da, famatu batek telebistan gomendatu zuen.”

10. Ad Populum

Gai bat argudioen bidez defendatu beharrean, gehiengoek sinesten dutelako zerbait egia dela uste denean. Adibidez: “Milaka pertsonek erabiltzen dute produktu hau, beraz produktu hau onena da.”

11. Anfibologia Falazia

Falazia sintaktikoa da, hizkuntzaren anbiguotasuna erabiltzea esaldien esanahia desitxuratzeko. Adibidez: “Txakurrak salgai. Denetarik jaten du. Haurrak gustuko ditu… Haurrak jango ditu?”

12. Tradizioan Oinarritutako Falazia

Zerbait betidanik egin delako, horrela egin behar dela pentsatzea.

13. Jokalariaren Falazia

Aurreko gertakariek hurrengo emaitzak baldintzatzen dituztela uste izatea ausazko ekintzetan.

14. Kausa Faltsuaren Falazia

Batek bestea eragin duela suposatzea, benetako kausa-harremanik gabe. Hau gertatzen da premisen eta ondorioen arteko erlazioa errealitatean existitzen ez den kausa-konexio baten menpe dagoenean. Adibidez: Amama ez bisitatu, amama hil, amama tristuraz hil ni ez joateagatik.

15. Malda Irristakorraren Falazia

Ekintza baten ondorioz kate katastrofiko bat etorriko dela suposatzean, frogatu gabe.

16. Erlazioaren Bidezko Erruaren Falazia

Ideia bat gutxiestea, mespretxatutako norbait ideia horrekin bat datorrelako. Adibidez: Mikel Hitler...

17. Orokorze Azkarraren Falazia

Adibide gutxitan oinarrituta ondorio orokorrak ateratzea, nahikoak ez diren frogetatik. Adibidez: “Hiru mutil-lagun izan ditut eta hirurak engainatu ninduten; gizon guztiak desleialak dira.”

18. Izatea/Behar Izatea Falazia

Falazia hau sortzen da gauzak modu batean izateagatik, gauzak horrela izan behar direla ondorioztatzean. Adibidez: Marihuana...

19. Falazia Moralista

Zerbait horrela izan behar du, beraz horrela da. Adibidez: Azterketan kopiatzea...

20. Ad Misericordiam Falazia

Emozioak erabiltzea argudioaren ordez.

Etika eta Justizia Teoriak

Ekintzen Utilitarismoa

Andoniri gezurra esatea (hau da, bere neska-lagun ohiaz ezer ez dakizula esatea) justifikatuta dago? Utilitarismoak hiru tesi nagusi defendatzen ditu: (1) Ekintzak moralki zuzenak edo okerrak dira soilik haien ondorioen arabera; (2) Ondorioen ebaluazioa egiteko, ekintzek sortzen duten zoriontasun eta zorigaitz kantitatea soilik hartu behar da kontuan; eta (3) Ekintzaren eragina jasaten duten banako guztien zoriontasunak/zorigaitzak balio berdina du. Beste aldetik, utilitarismoa onuren eta kalteen kalkuluan oinarritutako etika da: zoriontasun kantitate total maximoa sortzen duen ekintza/politika da moralki zuzena. Ekintzen utilitarismoaren aburuz, ekintza bakoitzaren zuzentasun morala ekintzaren ondorioen arabera baloratu behar da; hau da, ekintza partikular bakoitzaren ondorioak kasuz kasu aztertu behar ditugu. Ekintzen utilitarismoaren arabera, erabaki etikoa ondorioetan oinarritu behar da: onurak eta kalteak aztertuta. Kasu honetan, egia esateak Andoniren sufrimendua eta depresioa handitu eta droga-kontsumoa larriagotu lezake. Onurak, berriz, zalantzazkoak dira: baliteke Andonik bere bikotekide ohiarekin berriz elkartzeko aukera gehiago izatea egia lehenbailehen jakinez gero. Hala ere, hori ez da ziurra. Ziurtasun bakarra da egia esateak zorigaitza handituko lukeela. Hori dela eta, kasu honetan justifikatuta egongo litzateke gezurra esatea, onura eta kaltearen arteko balantzan kaltea handiagoa baita.

Arauen Utilitarismoa

Arauen utilitarismoaren ikuspegitik, Andoniri egia esatea? Ekintzen utilitarismoa ez bezala, arauen utilitarismoak ez du ekintza bakoitzaren zuzentasun morala ekintzaren ondorioen arabera kasuz kasu baloratzen. Arauen utilitarismoaren arabera, baloratu behar ditugun ekintzek kasuz kasu ondorio onak dituzten ala ez kalkulatu beharrean, kasu gehienetan ondorio onak dituztelako jada moraltzat jotzen ditugun arauak jarraitu beharko genituzke; hau da, orokorrean, kasu gehienetan ondorio onak dituzten arauak jarraitzeko betebehar morala daukagu. Arauen utilitarismoaren ikuspegitik, egia esatea justifikatuta egongo litzateke, nahiz eta kasu honetan ondorio negatiboak ekar ditzakeen arren. Horren arrazoia da arau orokor batek —adibidez, “egia esan behar da”— gizartean, oro har, zoriontasun gehiago eta sufrimendu gutxiago sortzen dituela. Beraz, arau horiek kasu guztietan jarraitzea moralki egokia da, baita salbuespenetan kalteak ekar ditzaketela jakinda ere, arauen ondorio orokorrak positiboak direlako.

Etika Deontologikoa

Utilitarismoaren kontra, etika deontologikoak ez du uste ekintzen balio morala ekintzen ondorioetatik eratortzen denik, ekintza egiteko asmoetatik datorrela uste baitu. Hortaz, ekintzak moralki onak izango dira borondate onarekin eta betebeharraren zentzuan oinarrituz burutzen badira. Etika deontologikoaren arabera, gustatu ala ez, gure betebeharrak nahi eta nahi ez betetzeko erantzukizuna daukagu, baita gure betebeharrak betetzea ondorio txarrak daukaten kasuetan ere. Arau moralek ez dute salbuespenik onartzen. Nola erabaki dezakegu ekintza bat moralki onargarria den ala ez? Nola zehaztu dezakegu ekintza bat burutzeko asmoa morala ala immorala den? Kant bezalako deontologo batek, adibidez, inperatibo kategorikoen bidez auzi hauek konpon ditzakegula uste zuen. Inperatibo kategorikoak ekintzak eta asmoak ebaluatzeko formulak dira. Inperatibo kategorikoaren lehenengo formulazioaren arabera, gure ekintzen maximak (asmoak) lege orokor bihurtzea nahi izango bagenu bezala bakarrik jokatu beharko genuke. Kasu honetan, Kanten etikan, egia esatea betebehar unibertsala da. Kasu honetan Andoniren sufrimendua saihesteko gezurra esatea justifika litekeen arren, Kantek dio ezin dela araua norberaren interesen arabera hautsi. Guztiek horrela jokatuko balute, gezurraren eta egiaren arteko bereizketa galduko litzateke. Horregatik, nahiz eta ondorioak txarrak izan, egia esatea moralki beharrezkoa da beti.

Bertuteen Etika

Utilitaristak eta deontologoak ez bezala, bertuteen teorikoak ez dira ekintzen zuzentasunaz nagusiki kezkatzen, izaeraren ebaluazio moralean zentratzen dira. Bertuteen etikak bi galdera nagusi planteatzen ditu: (1) Nola bizi beharko genuke? Erantzuna: bertuteak lantzen; eta (2) Zeintzuk dira pertsona on baten izaeraren ezaugarriak? Erantzuna: zintzotasuna, ausardia, eskuzabaltasuna, etab. Bertute bat izaeraren ezaugarri ona, miresgarria eta/edo laudagarria da, bizio bat izaeraren ezaugarri txarra, mespretxagarria eta/edo gaitzesgarria den bitartean. Bertuteen teorikoen arabera, gizakiok eudaimonia (loratzea, hau da, gure oinarrizko gaitasunen garapena) bilatzen dugu. Gainera, bertuteen teoriek partikularismo morala defendatzen dute: kasu partikularrak konpontzeko printzipio moral orokor abstraktuak erabili daitezkeenik ukatzen dute, arazoak kasuz kasu eta testuinguruaren ñabarduretan arreta jarriz aztertu behar direla aldarrikatuz.

Andrea: Beharretan oinarritutako justizia

Beharretan oinarritutako justizia sozialaren ikuspegiaren printzipio nagusiak, bitarteko materialak pertsonen beharren arabera banatu beharko liratekeela defendatzen du. Hortaz, behar gehiago dituzten pertsonek behar gutxiago dituztenek baino bitarteko material gehiago jaso beharko lituzkete. Horrelako justizia sozialaren ikuspegi bat funtsatzen duen oinarrizko tesiak pertsonok gure oinarrizko beharrak ase edukitzeko eskubidea daukagula dio; izan ere, horrela ez balitz, giza bizitza ona edukitzea ezinezkoa bihurtuko bailitzateke. Gauzak horrela, Andrea eta zentroaren kudeatzaileek, zentroan sartuko diren eta ez diren pertsonak erabakitzerakoan, erabiltzaile potentzialek haien oinarrizko beharrak zein neurritan ase dauzkaten aztertu beharko lukete, hala nola: gaixotasun mentalaren larritasuna, egoera nutrizionala, osasun/segurtasun fisikoa, hezkuntza maila, etab., lehentasuna emanez oinarrizko behar gehiago ase gabe dituzten erabiltzaileei.

Eskubideetan oinarritutako justizia

Eskubideetan oinarritutako justizia sozialaren funtsezko printzipioaren arabera, banakook gure lanari, talentuari eta/edo inbertsioei esker irabazitako ondasunak edukitzeko eskubidea daukagu, gure buruaren jabeak baikara. Beraz, bitarteko materialen banaketak bidezkoak dira zilegi bereganatutako jabetza eskubideak errespetatzen badituzte. Justizia sozialaren horrelako ikuspegi bat oinarritzen duen ideia nagusia bitartekoen banaketa desberdinak justifikatuta daudela da, bereziki talentuak eta lan egiteko borondatea desberdin banatuta daudelako gizakion artean. Aldi berean, zerbitzuan sartzeko prozedura inpartzial eta bidezkoa zehazten bada, prozedura horren ondorioak bidezkoak izango dira, desberdintasun handiak sortzen badituzte ere. Beraz, sarrera eskaerak ebaluatzerakoan, Andrea eta kudeatzaileek kontuan eduki beharko lukete zeintzuk izango liratekeen zentroan sartzeko diru gehien ordaintzeko prest egongo liratekeen pertsonak, baina ziurtatu beharko lukete aldi berean erabiltzaile horiek dirua zilegi irabazi dutela, adibidez, lan eginez eta/edo ondasunen transferentzia zilegien bidez.

Andrea: Merezimenduetan oinarritutako justizia

Merezimenduetan funtsatutako justizia sozialaren printzipio nagusiaren arabera, bitarteko materialak banakoen merituen arabera banatu beharko lirateke; hau da, gehiago merezi dutenek gutxiago merezi dutenak baino gehiago jaso beharko lukete. Justizia, azken finean, bakoitzari merezi duena ematean oinarritzen da. Modu honetako justizia sozialaren ikuspegiak funtsatzen dituen ideia nagusiak dio pertsonak gure gaitasun edo talentu naturalen/bereganatutakoen arabera tratatuak izan beharko genukeela, non pertsonaren talentu eta/edo gaitasun horiek bereganatzeko erantzukizuna ere kontuan hartu beharko litzatekeen (horiek lortzeko/hobetzeko lan egin duelako, adibidez). Zentzu honetan, Andrea eta zentroaren kudeatzaileek, zentroan sartzeko sarrera eskaerak ebaluatzerakoan, erabiltzaile potentzialek Gizarte Segurantzari eta/edo Madrilgo Erkidegoaren diru-kutxari egindako ekarpenak kontuan hartu zitzaketen, adibidez, edo, bestela, erabiltzaile potentzialen gogo-gaixotasunak haiek libreki egindako ekintza arduragabeen ondorio diren ala ez baloratu (adibidez, droga-kontsumo handi batengatik), etab., lehentasuna emanez ekarpen handiagoak egin dituzten erabiltzaileei ala haien behar-egoeraren erantzukizuna ez daukaten erabiltzaileei.

Iñaki: Benefizentzia paternalista

Paternalismoa erabiltzailearen ongizatea babesteko egiten den interbentzioa da, nahiz eta haren borondatearen kontra joan. Kasu honetan, Iñakik bakarrik bizitzeko nahia azaldu arren, alabak eta gizarte-langileak zahar-etxera joatera bultzatu dute, haren segurtasuna eta ongizatea lehenetsiz. Horrela, Iñakiren autonomia mugatu dute, eta erabakia presiopean hartu du. Beraz, interbentzioa paternalistatzat jo daiteke, ongizatea askatasunaren gainetik jarri delako.

Anti-paternalismoa

Paternalismoaren kontra, anti-paternalismoak gizarte-langilearen eginkizun nagusia erabiltzaileen autonomia sustatzea eta errespetatzea dela aldarrikatzen du, erabiltzaileen autonomia eskubidea ia absolutu gisa ulertzen baitu (interbentzio profesionalaren eraginkortasunarentzat kaltegarria bada ere, hau da, erabiltzailearen ongizatearentzat erabakia hoberena ez bada ere). Anti-paternalismoak, orduan, autonomia printzipioari benefizentzia printzipioari baino balio handiagoa eskaintzen dio. Gizarte-langile anti-paternalista batek interbentzioa kritikatuko luke, Iñakiren borondatea ez delako errespetatu. Nahiz eta hasieratik bakarrik bizitzen jarraitu nahi zuela adierazi, alabak eta gizarte-langileak presionatu dute, eta horrek erabaki ez libre bat hartzera behartu du. Horregatik, nahiz eta ongizatea arriskuan egon, anti-paternalismoaren ikuspegitik interbentzioa gaitzetsia izan daiteke.

Benefizentzia ez-paternalista

Benefizentzia ez-paternalistaren arabera, gizarte-langilearen lehenengo betebeharra erabiltzaileen eta gizartearen ongizatea modu eraginkorrean sustatzea bada ere, betebehar hau erabiltzaileen autonomiarekiko begirunearekin bateratu behar da. Benefizentzia ez-paternalista, beraz, benefizentzia printzipioa autonomia printzipioarekin bateratzen saiatzen da. Kasu honetan, interbentzioa benefizentzia ez-paternalistaren adibidetzat jo daiteke, azken erabakia erabiltzaileak libreki eta borondatez hartu duelako. Nahiz eta presioa jaso, inork ez du behartu, eta bere autonomia errespetatu da. Gainera, berehalako arrisku larrien aurrean, presioa justifikagarria izan daiteke. Horrela, ongizatea eta autonomia uztartzen dituen esku-hartze bat izan da.

Entradas relacionadas: