Ezagutzaren Teoria: Jarrerak eta Eredu Filosofikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,66 KB
Ezagutzeko Aukera: Jarrera Filosofikoak
- Dogmatismoa
- Ezagutzen dutela ziur dauden pertsonen sineskortasuna adierazten du. Izan ere, gure ezagutzeko ahalmenak horretarako gai direlakoan daude pertsona horiek.
- Eszeptizismoa
- Honen ustez, ezinezkoa da ezagutza fidagarriak eskuratzea, zeren inoiz ez baitago nahikoa frogarik zerbait egiazkotzat hartzeko.
- Subjektibismoa eta erlatibismoa
- Unibertsalki baliozkoak diren egiak lortzeko aukerarik ez dagoela uste dute. Subjektibismoarentzat, egiazkoa zer den jakitea subjektu bakoitzaren esku dago. Erlatibismoaren ustez, aldiz, zerbait egiazkotzat edo gezurrezkotzat jotzea kultura, garai edo giza talde bakoitzaren esku dago.
- Pragmatismoa
- Egiazkotzat jotzen duena eta baliagarria dena parekatzen ditu.
- Kritizismoa
- Dogmatismoaren eta eszeptizismoaren arteko jarrera da. Egiazko ezagutzak lor daitezke, baina betiere bi aukeretako bat eginez gero: gure ezagutzeko ahalmenak noraino irits daitezkeen argitzen saiatu edo gure ezagutzak errealitatearekin kritikoki egiaztatzen saiatu. Lehenengo kritizismo mota hori kritizismo kantiarra (XVIII. mendea) da, eta arrazoimenaren kritika egitea iradokitzen du, noraino ezagut dezakeen jakiteko. Bigarrena arrazionalismo kritikoaren (XX. mendea) kritizismoa da, eta hauxe dio: ezagutza guztiak hutseginkorrak direnez, frogatu egin behar dira. Azken horren ordezkari nagusiak Karl Popper eta Hans Albert ditugu.
- Perspektibismoa
- José Ortega y Gassetek proposatu zuen eta hauxe dio: errealitatea ezagut daiteke, baina betiere ikuspegi ezberdinak batuz gero. Bere ustez, ikuspegiak batzea da egia. Izan ere, gutako bakoitza eta belaunaldi historiko bakoitza errealitatearen ikuspegi berri batez ohartzen da.
Ezagutza Azaltzeko Ereduak: Errealismoa vs. Idealismoa
Errealismoa
Errealismoak dioenez, errealitateak (ezagutzaren objektuak, alegia) existentzia propioa du, subjektuarekin zerikusirik ez duena. Ezagutzaren alderdi objektiboa da, beraz, bereziki aipagarria, eta, edonola ere, subjektua baino garrantzitsuagoa. Ikusmolde horren arabera, gizakiok egin dezakegun bakarra errealitatea hautematea edo ezagutzea da, baina horrek ez du errealitatea aldatzen. Errealismoaren ikuspegiaren arabera, gauzak bere horretan ezagut ditzakegu: diren bezalakoak, alegia. Errealismoaren aita Aristoteles da, eta ñabardurak ñabardura, gaur egun ere indarrean dirau.
Idealismoa
Idealismoaren ustez, ordea, ez dago errealitaterik errealitatea ezagutzen duen subjektutik kanpo. Ezagutza-eredu honek dioenez, kontzientziaren existentzia da zalantzarik gabeko bakarra; ni pentsatzen edo ezagutzen ari naizela da gauza ziur bakarra. Zalantzan jar dezakegu ezagutzen eta pentsatzen ditugun objektuak kontzientziaz harago ba ote dauden, baina ez dugu inoiz zalantzan jartzen objektuen kontzientzia eta ezagutza dugunik. Antzeko zerbait gertatzen da amets egiten dugunean ere: amestu egin dugula da ziurta dezakegun bakarra, ez ordea amestutakoa badenik edo benetan gertatu denik. Beraz, ezagutzeko prozesuan subjektuak du garrantzia. Errealitatearen ikuskera idealista batzuen arabera, ezinezkoa da errealitatea gure ezagutzaren edo pentsamenduaren bidez zuzenean lortzea. Ezagutzeko eta pentsatzeko ezinbestekoak ditugu tarteko elementu batzuk. Descartesen esanetan, elementu horiek ideiak dira. Hauxe esan nahi zuen horren bidez: ezagutzen eta pentsatzen ditugunak ez direla gauzak, haien irudi mentalak baizik, ideiak alegia.