Ezagutzaren Teoria Filosofian Zehar
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,25 KB
1. Ezagutza Antzinako Filosofian
K.a. V. mendean, filosofiaren kezka eremu fisikotik (naturaren printzipioa) eremu epistemologikora (egia zer den eta non lortu) mugitu zen. Sokratesek eztabaida eta debate filosofikoa ez zituen hartzen gizarte arrakastarako tresnatzat, egia bilatzeko prozeduratzat baizik. Prozedura hori elkarrizketa zen, ironiak markatua (sinesmen komunak desmuntatzeko) eta maieutikaren bidez zuzendua (egia bere barnetik ateratzen laguntzea). Hortaz, Sokratesentzat posible zen ezagutzaren objektuei buruzko definizio absolutu eta unibertsalak aurkitzea ikerketa arrazionalaren bidez, bereziki kontzeptu moralei dagokienez. Hortaz abiatuta, uste zuen ezagutzak determinatzen duela ekintza morala: ongia benetan zer den ez dakienak jokatzen du gaizki.
K.a. IV. mendean, Platonek honela bereizi zituen:
- Zentzumenezko ezagutza: Doxa edo iritzia. Zentzumenetik eratorria eta mundu fisikoko gauza material eta aldakorretan oinarritzen dena. Ezin da egiazko ezagutza izan; engainu hutsa da, ilusioa.
- Ezagutza arrazionala: Episteme edo zientzia. Ideien mundua gogoratzeko prozesutik eratorria; ideia horiek entitate immaterialak dira, betierekoak eta aldaezinak, benetako errealitatea (unibertsala eta beharrezkoa) eta gauza materialen jatorria. Gogoratze horren posibilitatea arimak ideien mundu horretan duen aurrexistentziaren ondoriozkoa da. Platonek defendatzen du arrazoiarekin soilik ezagut daitekeela egiazko errealitatea, eta iritzi faltsutzat hartzen du zentzumenetatik datorren ezagutza.
Haren ondorengo Aristotelesek ere zentzumenezko ezagutza eta ezagutza arrazionala bereizten ditu, eta ezagutza arrazionalaren nagusitasuna adierazten duen arren, zentzumenei oinarrizko balio bat ematen die ezagutzaren iturri baliodun (baina osatu gabe) gisa.
2. Ezagutza Filosofia Modernoan
Erreformarekin eta iraultza zientifikoarekin batera, arrazoia fedeari nagusitzen joan zitzaion pixkanaka, eta Errenazimentuan hasi zen aurreko ezagutzak (itxuraz modu absolutu eta betierekoan ezarriak) zalantzan jartzeko prozesu orokor bat.
- Arrazionalismoa: Zientzia matematikoak dira ezagutza idealaren eredua; izan ere, ageriko oinarrizko printzipioetatik abiatzen dira eta horietatik ondorioztatzen dira egia guztiak, unibertsalak eta beharrezkoak direnak. Zentzumenak ez dira iturri fidagarriak ezagutzarako, eta arrazoiak, bere kabuz, sortzetiko ideiak aurki ditzake.
- Enpirismoa: Ezagutzak ezin ditu zeharkatu zentzumenezko esperientziaren mugak, betiere subjektuak jasotzen dituen kanpoko eta barneko pertzepzioen multzotzat ulertzen bada zentzumenezko esperientzia hori. Horrenbestez, esperientzia da ezagutzaren jatorria eta muga. Hori dela eta, ukatu egiten dute sortzetiko ideien existentzia.
- Kritizismoa: Ezagutza oro sortzen da zentzumenezko esperientziatik, baina, aldi berean, ezagutzaren subjektuak antolatzen du esperientzia hori egitura mental jakin batzuen bidez. Inpresio sentsolialen eta a priori formen arteko lotura horri fenomeno esaten zaio. Baina errealitatea berez (noumeno esaten zaio) ezagutezina da.
Jakintza Zientifikoa
Zientziaren berezkotzat jotzen ziren ezaugarri batzuk joan ziren aurkitzen:
- Kontsistentea, koherentea, sistematikoa. Oinarrizko printzipio eta lege logikoak onartzen ditu, ez du kontraesanik onartzen legeen eta teorien multzoan.
- Ekonomikoa. Ahalik eta aurresuposizio eta entitate hipotetiko gutxien erabiliz eraikitzen da.
- Egokia. Behatutako fenomenoek deskribatzen eta azaltzen ditu.
- Erreproduzigarria. Beste edozein behatzailek egiazta ditzakeen iragarpenak egiten ditu.
- Integratzailea. Aurreko teoriak barnebiltzat jotzen ditu eta ahalbidetzen du etorkizuneko teoriak integratzea.
- Metodikoa, egiazgarria eta/edo faltsua. Ikerketa garatzeko irizpide batzuk ditu ezarrita, eta egiaztapen edo faltsatze prozesuen bidez egiazta daiteke.
- Sendoa eta behin-behinekoa. Ez da erraz aldatzen teoriaren inguruko noizbehinkako anomalien ondorioz, baina beti dago irekia azalpen zehatzago eta integratzaileagoetara.
3. Ezagutza Filosofia Garaikidean
Epistemologiaren edo ezagutzaren teoriaren azterketa bi printzipio inplizitutan oinarrituta zegoen:
- Ezagutza giza jarduera intelektualaren “kategoria”, “forma” edo “kondizio” bat da, eta modu independentean iker daiteke erabiltzen dituen prozedurei dagokienez. Hortaz, suposatzen da ezagutza, bere horretan, azter daitekeela ezagutzeko dugun moduaz bestelako zerbait balitz bezala.
- Jarduera intelektual horren berehalako helburua irudikapen mental bat da, eta, beraz, gure kontzientziaren edo ezagutzen duen subjektuaren barruan soilik existitzen dena. Horrenbestez, ikertu beharko litzateke ea eduki mental horrek zintzo irudikatzen duen kanpoan gertatzen dena.
Kantek zalantzan jarri zuen bigarren suposizioa. Filosofiaren ondoren, beraz, ezagutzaren irismenari buruzko gogoeta laburbil daiteke, funtsean, hiru jarrera filosofiko desberdinetan, zeintzuek, bestalde, amankomunean baitute zientzia gisa ulertutako ezagutzan zentratzea:
- Idealismo absolutua: Ez du filosofia beste edozein zientzia gisa ulertzen: filosofia da errealitatea printzipioetatik abiatuta azal dezakeen zientzia. Horrez gain, giza ezagutzak mugarik ez duela dio. Ez dago arrazoiak ulertu ezin duen errealitaterik.
- Neopositibismo logikoa (Vienako zirkuluko kideak): Beha ezin daitekeen oro (eta, horregatik, zehatzetik haratago joan nahi duen oro) ezin da ezagutza legitimotzat hartu. Hori dela eta, balio duen ezagutza bakarra natura-zientzia da. Gainera, haien ustez, irizpide zientifikoa egiaztapena da.
- Arrazionalismo kritikoa (Karl Popper): egia absolutuak ideal utopikoak baino ez dira. Zientzia gidatzen duen printzipioa faltsagarritasuna da: ezarritako hipotesia edo teoria ezeztatzen duen kasu partikular bat aurkitzen saiatzea da egin daitekeen gauza bakarra. Aurkitzen bada, hipotesia edo teoria faltsua dela frogatzen da, baina aurkitzen ez bada, ezin da inoiz baieztatu egiazkoa dela. Hortaz, lege eta teoria zientifikoak beti hartuko dira behin-behinekotzat, beste batzuekin ordezkatzen ez diren bitartean; eta zientzia bera ezin da jakintza absolututzat hartu, ezagutza probabletzat baizik.
4. Errealitatea Ezagutzeko Aukerari Buruzko Teoria
Ezagutzaren jatorri eta mugen inguruan ahobatezko adostasunik ez dagoenez, gauzen egia ezagutzeko aukerari buruz ere jarrera ugari daude.
- Errealismoa. Objektuek existentzia independentea dutela haiei behatzen dien subjektuari dagokionez.
- Erlatibismoa. Ukatzen du egia absolutu bat, edozein denbora eta tokian balioko duena. Egia beti da erlatiboa, ezagutzen duen subjektuaren araberakoa. Ezin da objektuetatik eratorritako egiarik ezarri, eta ez dago ideia bat besteen gainetik hobestera garamatzan irizpide objektiborik.
- Eszeptizismoa. Ezagutza guztiarekiko zalantza onartzen du, eta arrazoiak eta zentzumenek errealitatearen ezagutza ziurra lortzeko duten ahulezia aldarrikatzen du.
Egia-Irizpideak
Ezagutzaren helburua: egia. Autoritatea, tradizioa, erabilgarritasuna, ebidentzia, pentsamenduaren eta errealitatearen arteko korrespondentzia, koherentzia logikoaren irizpidea da.
- Autoritatea: benetako baieztapena planteatzen du, espezialistaren batek esaten badu. Adibidea: Charles Darwin.
- Tradizioa: egiazkoa denborarekin egiazkotzat onartu dena. 1.400 urtez lurra eguzki-sistemaren erdian dagoela uste izan zen; aurrerago baieztapen hori faltsua dela frogatu zen.
- Erabilgarritasuna: egia da guretzat onuragarria denean (funtzio bat betetzen duenean).
- Ebidentzia: Eztabaidaezintzat aurkezten gaituena, nabaria dena egia da, ez dago eztabaidarik.
- Pentsamenduaren eta errealitatearen arteko korrespondentzia: Uste duguna ebidentzia enpirikoekin bat dator.
- Koherentzia logikoaren irizpidea: kontraesanik ez dagoela egiaztatzea.