Existentzialismoa eta Beauvoir: Giza Askatasunaren Bideak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,2 KB

1. Sarrera: Egiaren Aniztasuna eta Gizarte Plurala

  • Gaia: XX. mendean, egia absolutua zalantzan jartzen da, eta ikuspegi-aniztasuna balioesten da.
  • Testuingurua: Aldaketa sozial eta filosofiko handiak gertatu ziren: Bi Mundu Gerrak, mugimendu sozialak, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenak, ideologia handien gainbehera… Horrek guztiak egia bakarrarekiko konfiantza galtzea ekarri zuen.
  • Tesia: Egia absolutua baztertzeak aukera eman du mundua ulertzeko modu desberdinak onartzeko, eta gizarte pluralago bat eraikitzeko, nahiz eta erronkak ere sortzen diren.

1.1. Argudioak

1.1.1. Nietzsche eta Perspektibismoa

  • Nietzschek zioen ez dagoela egia absoluturik, baizik eta interpretazio anitzak.
  • Gaur egun, ideia hau komunikabideetan ikus daiteke: jendeak iturri desberdinak erabiltzen ditu (egunkariak, sare sozialak, blogak...) iritzi propio bat osatzeko, ikuspegi bakoitza bere interesekin kontuan hartuz.
  • Adibide garaikidea: Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan, ez da onartzen bertsio ofizial bakarra; jendeak hainbat ikuspegi bilatzen ditu gatazkaren konplexutasuna hobeto ulertzeko.

1.1.2. Feminismoa eta Isilarazitako Ahotsak

  • Simone de Beauvoirrek erakutsi zuen historian zehar emakumeak ez zirela ezagutza sortzaile gisa kontuan hartu.
  • Gaur egun, emakumeen, arrazializatutako pertsonen eta komunitate indigenen esperientziak balioetsi egiten dira.
  • Adibide garaikidea: Generoari buruzko eztabaidetan, Judith Butler bezalako pentsalariek genero-arau tradizionalak zalantzan jartzen dituzte. Horrek genero-aniztasunaren aitortza sozial eta legala ekarri du herrialde askotan.

1.2. Kontrako Argudioa: Erlatibismoaren Kritika

  • Ikuspegi guztiak baliozkoak direla onartzeak ideologia kaltegarriak ere justifikatu ditzake.
  • Adibide garaikidea: Fake news-ak edo konspirazio-teoriak (klima-aldaketa ukatzea edo txertoen aurkako jarrerak) zabaltzeak erakusten du ez dela edozein iritzi onartu behar, oinarri egiazkorik ez badu.
  • Beraz, aniztasuna onartzea garrantzitsua da, baina egia baloratzeko irizpideak ere beharrezkoak dira.

1.3. Ondorioa

XX. mendean, egia absolutuak baztertu dira, eta ikuspegi-aniztasuna balioesten da. Aldaketa hau positiboa da, gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko.

2. Filosofia Existentzialisten Ideia Nagusiak

Existentzialismoa XX. mendeko korronte filosofiko garrantzitsua izan zen, nahiz eta bere oinarriak Søren Kierkegaarden lanetan aurkitu. Kierkegaardek filosofia tradizionalaren ikuspegi metafisikoak alde batera utzi zituen, eta esentzialismoaren aurrean, gizakiaren existentzia indibiduala eta konkretua aldarrikatu zuen.

Korronte honek bere eragin nagusia 1940tik 1960ra bitartean izan zuen, garai hartako gertakizun historiko gogorrek (hala nola Bi Mundu Gerrek) gizakiaren duintasuna zalantzan jarri baitzuten. Hori dela eta, existentzialistek urgentziaz hausnartu zuten giza existentziaren inguruan: bizitza, askatasuna, erantzukizuna eta heriotza bihurtu ziren pentsamenduaren ardatz nagusiak.

Existentzialismoak filosofia tradizionalak baztertutako gizaki konkretu eta indibiduala aztertu zuen. Horretarako, Husserlen fenomenologia baliatu zuten errealitatea modu zuzenagoan ulertzeko. Existentzialismoa, neurri handi batean, gerraren ondorengo munduaren berreraikuntza moral eta existentzialerako proiektu bat izan zen. Horren arabera, moralak ez du arauak inposatu behar, baizik eta pertsonari bizitza duin bat izateko bitartekoak eskaini.

Hala ere, horrek ez du esan nahi edozertarako askatasuna dagoenik: ekintza guztiak justifikatu egin behar dira, eta ez da edozein justifikazio onargarria.

Martin Heideggerren ekarpena nabarmena izan zen existentzialismoaren barruan. Bere ustez, "Izatea" izate den heinean ulertu behar da, eta galdera hori egin dezakeen bakarra gizakia da. Horregatik, ontologiaren abiapuntua antropologia bihurtzen da. Gizakiak bere izatea jatorriz ezagutu behar du, eta ez dago aurrez definitutako esentziarik. Gizakia ez da esentzia bat; lehenik existitzen da eta gero bere burua definitzen du, askatasunaren bidez.

3. Zer da Emakume Izatea? Kategoriaren Problematizazioa

1949an, Simone de Beauvoirrek idatzitako Le Deuxième Sexe (Bigarren Sexua) liburua feminismoaren oinarrietako bat bihurtu zen. Bere helburua emakumeek beraien burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea da, izan ere, historian zehar emakumeek izan behar dutena gizonek erabaki dute, eta horrek mendekotasun-egoeran mantendu ditu.

Filosofia existentzialistaren arabera, ez dago esentziarik existentziaren aurretik, ezta subjektuen patua determinatzen duen destino aldaezinik ere. Hala ere, emakumeari aurrez ezarritako esentzia bat ematen zaio gizarteak: emakumeek haien rola aurrez definituta jasotzen dute. Beauvoirren ustez, ez dago datu objektiboetan oinarritutako definiziorik; datuak guk interpretatzen ditugu, eta horrek baldintzatzen du emakume eta gizonaren eraikuntza soziala.

Hori dela eta, Beauvoirrek esaten du: "Emakume ez da jaiotzen, egin egiten da". Hau ulertzeko, Hegelen nagusiaren eta esklaboaren arteko dialektikan oinarritzen da. Gizona hartzen da subjektu unibertsal, arrazional eta esentzial gisa; emakumea, berriz, "bestea", objektu osagarri eta bigarren mailako bat bezala. Ondorioz, emakumearen askatasuna eta autodeterminazioa mugatzen dira.

Neskatoak haurtzarotik hezten dira gizon baten menpe egoteko, eta emakumearen bizitzaren zentzua emazte edo ama izatean oinarritzen da. Ezkontzak emakumea senarraren zerbitzura jartzen du, etxeko zereginetara mugatuta. Gainera, emakumeak ez du espazio publikorako sarbiderik, eta gizonek dute kultura eta hezkuntza transmititzeko ardura.

Simone de Beauvoirren helburua sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzea da. Horretarako, emakumea "bestea" izateari uztea eta harreman hierarkikoak desegitea beharrezkoa da. Askatasun hori ez da indibiduala bakarrik, baizik eta askapen kolektiboaren bidez lortu behar da. Horrez gain, emakumearen askapen ekonomikoa funtsezkoa dela azpimarratzen du, emakumeek bizitzako arlo guztietan autonomia izan dezaten.

4. Simone de Beauvoirren "Bestearen" Filosofia

Simone de Beauvoirren arabera, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna gizarte guztietan finkatua dago. Gizonaren ikuspegia gizaki guztien ikuspegi unibertsaltzat hartzen da, objektibotzat jotzen da eta ez du justifikaziorik behar. Horren ondorioz, emakumea "bestea" bihurtzen da, gizonak bere burua neurgailu positibo eta zentral gisa hartzen duelako. Horrela, emakumea mendekotasun-egoeran kokatzen da.

Beauvoirrek Hegelen kontzientziaren dialektika erabiltzen du egoera hau azaltzeko. Hegelen arabera, subjektu bat izateko beste kontzientzia batzuk baztertu edo gainditu behar dira. Bi kontzientziaren arteko harreman osasuntsuak elkarren aitortza eskatzen du. Hala ere, emakume eta gizonaren arteko harremanetan, dialektika hau hautsi egiten da: emakumeak ez du iraulketa egiten eta ez du bere burua subjektu gisa ikusten, ondorioz, esklabo gisa gelditzen da.

Beauvoirrek gizon-emakume harremanetan izaera dialektikoaren haustura azaltzeko hiru une nabarmendu zituen:

  1. Arriskua / Askatasuna: gizonek beren askatasuna eta indibidualtasuna frogatzen dute arriskuaren bidez, ekintza aktibo eta ausartekin.
  2. Onarpena / Bestelakotasuna: gizonek gizartearen aintzatespena lortzen dute; emakumeak, ordea, bestelakotzat hartuak izaten jarraitzen dute.
  3. Azpiratzea / Babesa: gizonek emakumeak menderatzen dituzte, baina era berean "babesa" eskaintzen diete, mendekotasun harremana indartuz.

Gainera, Beauvoirren arabera, ugalketak emakumearen garapen existentziala oztopatzen du. Garai hartan emakumeek ez zuten amatasunaren kontrolik, eta ez zuten beren gorputzaren eta bizitzaren inguruko erabakirik hartzen.

Azken finean, Beauvoirrek dio emakumearen emantzipazioa ez dela oraindik bete-betean gauzatu. Hori lortzeko, emakumeak bere burua subjektu aktibo gisa ikusi behar du, eta horretarako gizonarekiko harremanak berreraiki behar dira. Emakumea aske izango da askatasunaren inguruan berak erabakitzen duenean, eta gizonek dituzten baldintza berdinak dauzkanean. Hau guztia posible izateko, berdintasunezko hezkuntza kolektibo bat ezinbestekoa da.

5. Simone de Beauvoir: Moral "Anbiguo" Baten Alde

Simone de Beauvoirren ustez, askatasuna da gizakiaren ekintzak justifikatzeko gai den helburu bakarra. Bere galdera nagusia da: "Zergatik aske bizi?" Gizakia ez da objektu hutsa; bere existentzia eraikitzeko, bere buruari helburuak jarri behar dizkio. Hala ere, behin helburu horiek lortuta, beste batzuk sortuko ditu. Hortik dator askatasunaren anbiguotasuna: helburuak ez dira betiko, baizik eta etengabe gainditzekoak.

Munduak zentzua hartzen du gizakiak proiektu bat ezartzen dionean. Ekintzak ez dira soilik mugimendu hutsak; balioa dute, subjektuak ematen dien esanahiagatik. Horregatik, subjektuaren existentzia bere ahaleginetik justifikatzen da, ez kanpoko agindutik. Gizaki bakoitzak bere lekua eta zentzua erabakitzen ditu munduan. Hautatzeari uko eginez gero, gizakia bere burua suntsitzen du; horregatik da askatasuna funtsezko oinarri etikoa.

Beauvoirrek azpimarratzen du gizaki guztiok elkarri lotuta gaudela. Hori dela eta, norberaren askatasunak ez luke besteen askatasunaren aurka egin behar. Gai etikoak askatasunaren ikuspegitik planteatu behar dira, ez zorionaren ikuspegitik.

Bere pentsamenduan ez dago balio unibertsalik, hau da, ez dago betiko araurik. Moralaren oinarri bakarra helburuen eta bitartekoen arteko koherentzia da. Ekintzak helburuetara bideratuta egon behar dira, eta helburu horiek bitartekoen bidez justifikatzen dira. Horrela, Beauvoirren moralaren metodoa da: "Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu", baina horrek kontzientzia eskatzen du, esanahiaren eta ekintzaren arteko lotura argia izateko.

Azkenik, Beauvoirrek dio konpromisoa eta erantzukizuna ezin direla saihestu. Norberaren askatasuna defendatzeko, besteen askatasuna bermatu behar da. Hau da, askatasunaren erabilera arduratsua da benetako moraltasunaren oinarria.

6. Zahartzaroa Simone de Beauvoirren Filosofian

Simone de Beauvoirrek zahartzaroaren inguruko ikerketa sakona argitaratu zuen 1970ean. Bere ustez, gizarte kapitalistak zahartzaroa ezkutatu egiten du: ez zaie lekurik ematen zaharrei, produkzio sistematik kanpo daudelako eta ez direlako "erabilgarritzat" hartzen. Askotan geriatrikoetan bakartuta amaitzen dute, eta zaintza lanak oso zailak dira hiri industrializatuetan.

Beauvoirren arabera, gizarte baten benetako printzipio etiko eta politikoak zaharrei ematen zaien tratuaren arabera neurtu daitezke. Beste kultura batzuetan zaharrak errespetatuak izan dira: eskimalentzat jakinduria handiko pertsonak ziren, eta Japonian, berriz, zaharrak mendian uzten zituzten heriotza pasiboki onartuz. Gure mendebaldeko gizartean, zaharrak baztertuak dira eta "bestea" bihurtzen dira; ez da erraza norberak bere burua "zahar" modura identifikatzea. Hori salatzeko, Beauvoirrek elkartasuna, duintasuna eta zahartzaroaren humanizazioa aldarrikatu zituen.

Filosofiaren historiak ere parte hartu du zahartzaroaren estereotipo faltsuak sortzen: "jakintsu bizar zuriduna", gobernurako prest dagoena. Platonen ustez, agintariek 50 urtetik gorakoak izan behar zuten. Beauvoirrek ikuspegi horri kontrajarri zitzaion: zahartzaroarekin ez dira pasioak amaitzen, eta sexualitatea ez litzateke murriztu behar adinagatik.

Jubilazioak autoestimua kolpatu dezake eta gutxiagotasun sentimendua sortu. Beauvoirrek galdetzen du: "Nor gara jubilatzen garenean?" Jubilazioak hutsune tragiko bat agerian uzten du, eta horrek erakusten du aurreko bizitzaren zentzugabekeria estalita egon zitekeela. Horregatik, bizitzarekiko gogoa eta zentzua bizitza osoan zehar lantzea beharrezkoa da.

Azkenik, Beauvoirrek azpimarratzen du zahartzaroa kontu politiko bat dela: ez da nahikoa pentsioak edo zahar-etxe duinak izatea; bizitzaren zentzu berria eraikitzea ere ezinbestekoa da.

Entradas relacionadas: