Existentzialismoa, Beauvoir eta Arendt: Giza Kondizioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,93 KB
Filosofia Existentzialistaren Oinarriak
Filosofia existentzialistak gizabanakoaren existentzia jartzen du pentsamenduaren erdigunean, tradizio filosofiko objektibistaren aurka. Gizakia bere bizipen, askatasun eta mugatasunaren bitartez ulertu behar da, eta, askoren ustez, Ilustrazioaren porrotaren ondorioz sortutako ikuspegi bat da.
Aitzindari nagusiak
Korronte honen oinarriak hiru autore aitzindariren bidez ulertzen dira:
- Kierkegaard: Gizakia askea eta finitua da; horrek larritasuna sortzen du, Jainkoaren aurrean bakardadea sentituz.
- Nietzsche: Balio tradizionalak kritikatu eta gizaki sortzaile eta askea aldarrikatzen du.
- Husserl: Subjektuaren kontzientzia da ezagutzaren oinarria, fenomenologiaren bidez.
Martin Heidegger eta Existentzia
Martin Heidegger, nahiz eta existentzialistatzat jo ez, korrontearen oinarrizko pentsalaria izan zen. Bere ekarpenak:
- Gizakia askatasunez existitzen den bakarra da.
- Gizakiaren existentzia ez dago aurrez finkatua (esentziarik gabea), eta bere burua eraikitzera "kondenatua" dago.
- Existentzia mugatua, subjektiboa eta bakarra da.
- Askatasun horrek larritasuna (angustia) sortzen du.
Existentzialismoaren joerak
Existentziari zentzua bilatzeko bi joera nagusi izan dira:
- Existentzialismo erlijiosoa (Unamuno, Jaspers, Marcel…): Larritasunari Jainkoaren bidez erantzuten diona.
- Existentzialismo ateoa (Sartre, Beauvoir, Camus…): Gizakia bere askatasunaren arduradun bakartzat jotzen duena.
Arrazoia, ordea, ez da nahikoa larritasunari aurre egiteko, subjektuaren bizipenak abstraitzen dituelako.
Eragina artean eta kulturan
Filosofia honek eragin handia izan du beste arte-adierazpenetan ere:
- Literatura: F. Kafkaren Metamorfosia edota A. Camusen Izurria.
- Margolaritza: E. Munchen Garrasia.
- Antzerkia: J.P. Sartreren Euliak.
- Zinema: Ingmar Bergmanen Basa Marrubiak.
Simone de Beauvoir: Zer da Emakume Izatea?
Simone de Beauvoirrek 1949an idatzi zuen Bigarren sexua liburua, emakumeen askapenaren oinarri bihurtu zena. Liburuaren helburua emakumeek beren burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea da. Beauvoirren ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, eta emakumeek gizonek ezarritako rolak betetzeko muga horiek ezinbestekoak izan dira. Horrela, emakumeek eskubide politikoak izan arren, beti menpeko izaten jarraitzen dute.
"Emakume" kategoriaren eraikuntza
Beauvoirrek azaltzen du nola diziplina ezberdinek (biologia, medikuntza, historia…) "emakume" kategoriaren irudia eraiki duten. Gizonak izan dira egia, arrazoimen eta ezagutzaren ordezkari, emakumeak, aldiz, "bestea" bilakatuz. Kultura da emakume izatea finkatzen duen faktore nagusia, ez naturaltasuna. Horrela, emakumeak kultura eta gizonaren diseinatutako ereduaren arabera hezten dira, eta ekimen propioa falta zaie.
"Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da"
Beauvoirren esaldi ospetsua: "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da". Honek esan nahi du emakumeek ez dutela desberdintasun biologikorik, baizik eta kulturalki eraikitako eta politikan sustatutako sexu-rolen arabera bizi direla. Haurtzarotik neskatoak hezten dira, "ama eta emazte" izateko prest, eta sexualitatea eta amatasuna bi arlo garrantzitsu dira gizonaren menpeko egoera justifikatzeko.
Amatasuna eta askatasuna
Beauvoirrek amatasuna kritikatzen du, emakumeak esparru pribatuan kokatzeko erabiltzen den sozializazio-estrategia gisa, eta abortuaren eta kontrazepzioaren alde egiten du, emakumeek beren amatasuna askatasunez kontrolatu ahal izateko.
Berdintasunaren aldeko borroka
Azkenik, Beauvoirren helburua sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzea da, eta harreman hierarkikoak desegitea. Emakumeek lana eta independentzia ekonomikoa izan behar dute, eta borroka kolektiboa behar da emakumeek euren etorkizuna askatasunez erabaki ahal izateko.
Hannah Arendt: Giza Kondizioa eta Vita Activa
Hannah Arendtek Giza kondizioa lanean bizitza aktiboa osatzen duten hiru jarduera aztertzen ditu: lana, fabrikatzea eta ekintza. Helburua da giza jardueraren esanahia azaltzea, bizitza kontenplatiboaren aurrean.
Vita Activaren hiru jarduerak
- Lana: Biziraupenerako behar biologikoak asetzea da. Zikloa da, eta lanaren eta kontsumoaren arteko harremanean oinarritzen da.
- Fabrikatzea: Mundu artifizialaren eraikuntza da, sormenaren bidez, eta gizakia naturatik bereizten duen jarduera da.
- Ekintza: Gainerako gizakiekin harremanetan jartzea, politikan parte hartzea eta mundu komuna osatzea. Baldintza nagusiak: berdintasuna, hitz-askatasuna eta munduaren zaintza.
Heideggerren heriotzarekiko ikuspegiaren aurrean, Arendtek jaiotza du ardatz: gizaki bakoitza berritasunaren iturri da eta historian zerbait berria has dezake.
Esparru pribatua, publikoa eta soziala
Ekintza horiek hiru esparrutan kokatzen dira:
- Esparru pribatua: Greziar oikosaren parekoa, etxeko beharrizanak asetzeko gunea da, non ez dagoen askatasunik.
- Esparru publikoa: Polisaren parekoa, berdintasunez eta askatasunez jarduteko espazioa da, non hitzak eta ekintzak eragin politikoa duten.
- Esparru soziala: Modernitatean sortutako esparru hibridoa da, non pribatuko beharrizanek espazio publikoan nagusitasuna hartzen duten.
Esparru sozialaren hedapena eta ondorioak
Arendten arabera, arlo sozialaren hedapenak espazio publikoaren gainbehera ekarri du. Ondorioz, botereak gizabanakoaren askatasuna, hitza eta ekintza gutxiesten ditu, eta politika jada ez da berdinen arteko elkarrizketa.
Horregatik, Arendtek espazio publiko eta pribatuaren arteko oreka aldarrikatzen du: totalitarismoak dena politiko bihurtzen duenean, esfera pribatua eta gizabanakoaren aniztasuna ezabatzen ditu, eta, horrekin batera, pertsonen duintasuna eta errotzea desagerrarazten dira. Esparru publikoa, beraz, gizabanakoaren jaiotza politikorako eta askatasunerako funtsezkoa da.