Euskarazko Lehen Idazleak: Etxepare, Leizarraga, Lazarraga
Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,57 KB
XVI. Mendeko Euskal Literatura: Sarrera
XVI. mendean, Errenazimentuaren mugimendu kulturala gizartearen hainbat arlotan nagusitzen ari zen: Arte Ederretan, Filosofian eta Literaturan. Mugimendu honek gizakia munduaren erdigune eta neurritzat hartzen zuen. Gainera, inprentaren sorrerak Europan zehar Errenazimentuaren ideiak azkarrago zabaltzen lagundu zuen. Hori dela eta, beste hizkuntza batzuk agertzen ari ziren (gaztelania, frantsesa, ingelesa) eta latina hizkuntza nagusia izateari utzi zion.
Ordura arte, kanta zaharrak, erromantzeak eta testu laburrak zeuden, eta ahoz zabaltzen ziren. Eskuizkribuak ere bazeuden, baina testu urriak, garestiak eta elizgizonen eskuetan zeuden. Protestanteak izan ziren lehenak testuak herri xeheak ulertzeko moduan argitaratzen saiatu zirenak. Trentoko Kontzilioaren ondoren, katolikoek ere gauza bera egingo zuten. Idazle herritarrak sortuko ziren. Giro honetan, euskarazko lehen liburu inprimatuak jaio ziren, nahiz eta lehenagotik zenbait kanta eta testu idatzita egon.
Bernart Etxepare (c. 1480-1560)
Sarasketan jaio zen 1480 inguruan eta 1560 inguruan hil zen. Euskarazko lehen liburuaren sortzailea izan zen. Apaiza zen eta Nafarroako Erresuman izan ziren gatazkak bizi izan zituen. Gaztelako erregearen aldekoa zenez, kartzelaratu egin zuten. Idazle herrikoia dugu, metrikan berritzailea, ez baitzeukan eredu zaharrik jarraitzeko. Metonimiak eta figura erretorikoak erabiltzen zituen, eta euskara zabaltzea zuen helburu. Ekialdeko behe-nafarreraz idazten zuen eta aditz trinkoak erabiltzen zituen.
Linguae Vasconum Primitiae (1545)
1545ean Linguae Vasconum Primitiae poema-liburua kaleratu zuen Bordelen (izenburuak “Baskoinen hizkuntzaren lehen fruituak” esan nahi du). Liburuak 31 lerroko prosazko sarrera bat du, euskararen aldeko apologia eginez. Lau gai nagusi ditu:
- Erlijioa: Kristautasunari buruzko poemak.
- Gai profanoak: Emakumearekiko maitasun-gaiak.
- Kontrapasak: Dantzarako olerki berezi eta alaiak.
- Kartzelaldia: Atal autobiografiko bat, non kartzelan egon zen denboraldia azaltzen duen eta bere errugabetasuna aldarrikatzen duen.
Bestalde, azken bi bertso-sailak euskararen omenez moldatuta daude.
Joanes Leizarraga (1525-1601)
Garai hartan, Gaztela eta Aragoiko erresumek Espainiaren boterea zuten, baina Nafarroako Erresumak Frantziarekin gatazkak zituen. Leizarraga Beskoitzen jaio zen 1525ean, eta 1601ean hil zen. Apaiz hau XVI. mendeko prosalari handiena izan zen. Joana III.a Albretekoak, Nafarroako erreginak, Leizarragari —hasieran katolikoa bazen ere, doktrina kalbinistei jarraituz protestante bihurtu baitzen— Itun Berria euskarara itzultzeko eskatu zion. Horretarako, erreginak euskaraz zekiten lau laguntzaile eman zizkion.
Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571)
Horrela sortu zen Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, 1571n plazaratu zena. Bi zati ditu:
- Gomendiozko gutuna: Erreginari zuzendutako sarrera bat da, non bere burua Testamentu Berria itzultzeko gai ikusten ez duela adierazten duen.
- “Heuscalduney”: Irakurleei zuzendutako agurra da, eta bertan lapurterazko eta zubererazko hitz-zerrenda batzuk eskaintzen ditu.
Lapurtera klasikoaz idatzi zuen, nolabaiteko euskara batu bat sortuz. Beste bi obra ere idatzi eta 1571n argitaratu zituen: Kalendrera, egutegi erlijiosoa, eta ABC edo Christinoen instructionea, haur eta gazteentzat egindako ikasliburua.
Joan Perez Lazarraga (c. 1547 - c. 1605)
1547an jaio zen Arabako Larrea herrian, noble txikiko familia batean, eta Larreako dorrearen jauna izan zen. Madrilera joan zen, eta han hainbat literatura-lan moldatu zituen, gerora euskal letren mundua astinduko zutenak.
Lan Nagusiak
- Bere familiari buruzko kronika genealogiko bat, gaztelaniaz idatzia.
- Arabako historiari buruzko bilduma bat.
- Lazarragaren eskuizkribua: 1567an idatzia eta 2004an aurkitua, prosaz eta bertsoz idatzitako artzain-nobela da. Borja Aginagaldek aurkitu zuen Madrilen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen aztertzeko. Lau gazteren arteko amodiozko gorabeherak kontatzen ditu, baina zati batzuk falta zaizkio. Guztira 46 poema ditu: 37 euskaraz eta 9 gaztelaniaz. Mendebaldeko euskaraz (bizkaieraz) idatzitako poesia herrikoia da. Obra honi esker, XVI. mendeko euskal gizarteari buruzko informazio baliotsua lortu dugu.
Esaera Zaharren Bilduma (1596)
Refranes y sentencias comunes en bascuence izenburuarekin, 1596an Iruñean argitaratutako 539 esaera zahar, atsotitz edo errefrauen bilduma da. Egilea ezezaguna da, baina badirudi esaerak Bizkaian eta Gipuzkoan bildutakoak direla. Hona hemen adibide batzuk:
- Balizko oleak, burdinik ez; balizko errotak, irinik ez: benetan zerbait ez badago, ez da ezer lortzen.
- Betiko itoginak harria zulatu: ekinaren ekinez, gauzak lortzen dira.
- Gorua garrian eta gogoa kirolean: nahiz eta lanean aritu, burua beste leku batean izan.
- Otsoak artzari min leio: txikia izan arren, handiari aurre egin diezaioke (ez dago etsai txikirik).
- Bizar illari lotsa gitxi: hildakoei ez zaie beti errespetua gordetzen.
- Zaharrago, ikasgurago: zenbat eta helduago, orduan eta adituago bihurtzen gara.
- Nekearen ostean, poza: bizitza egoeren gorabeheraz beteta dago.