Euskararen Aldakortasuna eta Estandarizazioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,99 KB

Hizkuntzaren Aldakortasuna

Hiztunek modu desberdinean erabiltzen dute hizkuntza, hainbat aldagairen arabera:

  • Dialektoa

    Ezaugarri linguistiko bereziak dituen hizkuntza aldaera bat da, lurralde eremu jakin batean erabiltzen dena. Euskalkiak euskararen dialektoak dira.

  • Soziolektoa

    Gizarte talde jakin baten hizkuntza aldaera da (adinaren arabera bereizi daiteke, kulturaren arabera, klase sozialaren arabera…). Adibidez (haur hizkera): “Arre-arrek punpa egin du, bai, punpa egin du!”.

  • Aldaera estandarra edo batua

    Erreferentziazko hizkuntza eredua da hizkuntza komunitate bateko hiztunentzat, besteak beste, aldaera geografiko desberdinetako hiztunen arteko komunikazioa errazteko.

  • Idiolektoa

    Norbanakoaren aldaera da, hiztun bakoitzaren hizkera. Adibidez, Antton Olariaga marrazkilariaren Zakilixut pertsonaiak maiz erabiltzen ditu bi hitz hauek: tumatxa (too much-etik sortua) eta goazemank (goazeman/goazemak hitzen nahasketa). Horrek pertsonaiari identitatea ematen dio.

  • Hizkera mailak

    Testuinguruaren arabera, hizkuntza forma batzuen edo besteen alde egiten da, eta continuum batean bada ere, hiru hizkera maila orokor bereiz daitezke: lagunartekoa, zaindua eta jasoa.

Hizkuntza aldaera guztiak dinamikoak dira, aldaera komunitarioak (dialektoa, soziolektoa, estandarra) nahiz banakoak izan (idiolektoa), eta etengabe egokitzen eta eraldatzen dira, esperientziek, ibilbideek eta premiek eraginda.

Euskalkiak

Euskararen dialektoei euskalki deritze. Gaur egun, hainbat euskalki ditugu, baina, testu zaharretara joz gero, ohartuko gara euskara zaharrean euskara batuagoa zela. Euskalkiak gerora gertatu diren hizkuntza adarkatzeak izan dira; zehazki, euskal komunitatearen historian zehar gertaturiko zatiketa administratiboek eta urruntze politikoek, sozialek eta kulturalek eragindako adarkatzeak.

Euskalkien lehenengo sailkapen garrantzitsua Luis Luziano Bonaparte ikertzaile frantsesak egin zuen XIX. mendean, eta zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, hego nafarrera garaia, ipar nafarrera garaia, mendebal nafarrera beherea, ekialde nafarrera beherea, lapurtera eta zuberera.

XXI. mendean, Koldo Zuazo ikertzaileak sailkapen hura berrikusi eta gaurkotu egin zuen, eta bost euskalki bereizi zituen: mendebalekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra. Horietatik bazterreko euskalkiak dira berezienak, hau da, zuberotarra eta mendebalekoa. Izan ere, erdiguneko euskalkietan galdu diren ezaugarriak gorde egin dira bazterretan (adibidez, Bizkaian eta Zuberoan entzun daitezkeen arkaismoak).


Hizkuntzaren eta Hizkeren Prestigioa

Hizkuntza guztiek dute komunikatzeko gaitasuna. Halere, hizkuntza, dialekto (euskalki) eta hizkera batzuek prestigio handiagoa izan dute, dute eta izango dute. Prestigio hori oso loturik joaten da hizkuntza edo hizkera horren erabilera edo hedapen kulturalarekin. Idatzian zenbat eta landuagoa izan, orduan eta prestigio handiagoa izaten du. Euskararen kasuan, esaterako, XVIII. mendera arte bi euskalkik izan dute tradizio idatzi eta kultural handiena: lapurtar klasikoak eta gipuzkerak. Prestigio eta tradizio idatzi horrek euskara batuan ere eragina izan zuen erabakiak hartzean.

Euskararen Estandarizazio Prozesua

Estandarizazioaren edo euskara bateratzeko premia euskarak inprentara jauzi egitearekin batera sortu zen. 1968. urtean abiatu zen estandarizazio prozesua, eta urte hartan adostu ziren egungo euskara batuaren oinarriak. Haren eragile nagusi izan ziren, besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Gabriel Aresti eta Koldo Mitxelena. Estandarra eratzeko, dialekto guztien ekarpenak kontuan hartuko zituen estandar bateratu baten alde egin zen, nahiz eta erdiko euskalki hauek hartu ziren oinarri, batez ere: erdialdekoa eta nafar-lapurtarra. Bi arrazoi nagusirengatik egin zen horien alde: batetik, Hego eta Ipar Euskal Herriko gainerako euskalkietatik gutxien urruntzen zirelako, eta, bestetik, erdialdeko euskalkiak izanda, hiztun guztientzat ulergarrienak zirelako (bi muturretako hiztunak erdialdeko euskalkietara errazago hurbilduko zirelakoan).

Bi irizpide nagusiren arabera hautatu zituzten batuaren formak eta egiturak:

  • Irizpide historikoa eta literarioa: ordu arteko testu idatzi eta inprimatuetan lehenetsitako hizkuntza ereduak aukeratu zituzten.

  • Irizpide geografiko-demografikoa: hiztun gehien zituzten eta euskal komunitatea trinkoen zegoen eremuetako formak lehenetsi ziren (gipuzkera).

Euskara Batuaren Sorrera: Helburuak

Hainbat helbururi erantzun zion euskara batuaren sorrerak:

  • Hiztunek erreferentziazko hizkuntza eredu bat sortzea, euskalkien arteko aldeak ez areagotzeko. Alegia, ezinbestekoa izan da euskara batua euskal komunitatea trinkotzeko, besteak beste, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko komunikazio eta alfabetatze arrakala txikiagotzeko.

  • Euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza erraztea, hiztun berriak bereganatu ahal izateko eta komunitatea sendotzeko. Alfabetatze eta euskalduntze prozesuetan, premiazkoa da eredu bakarra izatea.

  • Esparru formaletan euskaraz aritu ahal izateko hizkuntza tresna bat adostea, jakintza esparruetan komunikazio tresna eraginkor bat izateko.

Batuaren Erronkak

Euskara batuaren eraikitze prozesua 1980ko hamarkadatik aurrera errotu eta hedatu da, hainbat eremutan: liburugintzan, irakaskuntzan, administrazioan... XXI. mendearen hastapenetan euskara batua trinkoturik eta zabaldurik dagoenez, hura aberastea dugu erronketako bat, denon artean kolore askotariko euskara batua eraikitzeko.

Euskara batuan aritzean, lagungarri izan daiteke tokiko hiztegia, morfologia eta fonetika ere erabiltzea, euskara batuak onartuak direnean, betiere. Adibidez, euskara nafarrean erran erabil daiteke, Euskaltzaindiaren Hiztegiak onartzen du eta.


Pedro Agerre Axular

Idazleak XVII. mendeko euskarazko doktrina katolikoan eragin handia izan zuen liburu erlijioso bat idatzi zuen: Gero (1643). Hirurogei kapitulutan, zazpi bekatu nagusiak aztertzen ditu, eta batez ere, bekatu horietako bat jorratzen du, atalean zehar landuko duguna, gainerako bekatu guztiak saihesteko funtsezkotzat jotzen baitu bekatu horri aurre egin ahal izatea.

Testua 112.or--4

Kontrarreformak 7 pekatu kapitalak lantzen ditu besteak beste, testu honetan pekatu horietako bat lantzen da, Alferkeria, gai hau Axularrek jorratzen du "Gero" liburuan, eta honekin eta gainontzeko pekatuekin elizak herrian beldurra sustatzea zuen helburu. Egitekoak ez atzeratzeko ideia lantzen da, geroko ez uztea, horrez gain, doktrina katolikora eta bizi modu kotolikora lotzeko beharra ez atzeratzeko, beraz lanean jarri, prestu haritu. Kontrarreformaren bidetik katolizismora lotzeko deia era bazen.

-Erreforma protestantea: Eliza katolikoa aldatzeko XVI. mendean sortutako mugimendua izan zen.


Erreforma eta Kontrarreforma

XVII. mendean, Europa astindu zuen erreforma protestanteak, eta liskar erlijioso eta politikoak ugaritu egin ziren. Trentoko Kontzilioan (1545-1563), korronte protestanteari aurre egiteko hainbat erabaki hartu ziren. Mende hartan, ugariak izan ziren protestanteen eta katolikoen arteko gerrak, eta testuinguru horretan ulertu behar dira garai hartako hizkuntza politikak zein liburugintza politikak.

XVI. mendearen bukaeran hasi ziren argitaratzen Hego Euskal Herrian lehen kristau ikasbideak. Lapurdin, ordea, XVII. mendean garatu zen literatura erlijiosoa, hainbat elizgizonen eskutik: Esteve Materre, Joanes Etxeberri Ziburukoa, Axular, Joan Tartas, Joanes Haranburu, Piarres Argainaratz eta Bernart Gazteluzar. Kontrarreformak debekatu egin zuen Biblia zuzenean tokiko hizkuntzetan irakurtzea, protestantismoak ez bezala, eta horregatik, doktrina hedatzeko, kristau ikasbideak sustatu zituen, Bibliaren interpretazio katolikoa ahalik eta herritar gehienen artean hedatzeko, herritarrek Biblia irakurri beharrik gabe. XVII. mende hartan, beraz, euskal liburugintza doktrina irakasleen eta sermolarien zerbitzura jarri zen, Arnaut Oihenart salbuespentzat hartuta, hain zuzen ere.

Pedro Agerre Axular. Gero (1643)

Urdazubin jaio zen, eta Salamancako Unibertsitatean egin zuen Teologiako batxilergoa. Azkar egin zuen gora Axularrek Eliza katolikoaren karguetan. Baigorriko zaldun leinuko Bertrand Etxautz izan zuen adiskide, Baionako gotzaina, Toursko artzapezpikua eta Frantziako errege Henrike IV.aren (Henrike III.a Nafarroakoa) eta Luis XIII.aren (Luis II.a Nafarroakoa) kontseilari izan zena. Ziur asko, adiskidetasun horri eta beste batzuei esker egin zuen gora Axularrek, eta hala eskuratu zuen Sarako erretoretza ere. Saran erretore zela ezagutu zuen Pierre Lancre inkisidorea. 1609. urtean bidali zuten Lapurdi alde hartara Lancre, eta sorginen mehatxua aitzakiatzat hartuta, izuz beterik eta sozialki hautsirik utzi zituen Urruña, Ainhoa, Sara, Senpere eta eskualdeko herri nagusi gehienak. Pentsatzekoa da Axular erretorea ere ez zela jazarpen egitura hartatik urrun ibiliko. Izan ere, Eliza katolikoak euskaraz argitaratu ziren lehen liburu kontrarreformisten zaindari eta zentsore jarri zuen Axular, eta beraz, bazen nor hierarkia eklesiastikoan. Axularren inguruan eta Sarako giro kontrarreformista hartan, elizgizon ugari bildu ziren, hainbat kristau ikasbide egin zituztenak, eta horiexek garatu zuten lapurtera klasikoaren moldea.

Trentoko Kontzilioaz geroztik hedaturiko gizarte arauen eta korronte ideologikoaren ikur dugu Axularren Gero liburua. Zazpi bekatu nagusiak jorratu zituen liburuan, baina batez ere bekatu baten inguruan ardaztu zuen liburua, alferkeriaren inguruan. Izan ere, egitekoak ez atzeratzeko deiak, zeharka, mezu hau hedatzen zuen: doktrina katolikora eta bizimodu katolikora lotzeko hautua ez atzeratzeko. Alegia, bizimodu okerraren aldia ez luzatzeko eta zentzabidean sartzeko unea ez atzeratzeko.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako giro kulturala klasikotasunaren eta kristautasunaren arteko gurutzatzeez beterik zegoen, eta giro horren oihartzunak daude Geron ere, askotan ondare klasikora jotzen baitu adibideak edo autoritateak aipatzean.

Entradas relacionadas: