Euskara Ikasteko Gakoak D Ereduan: Guraso eta Irakasleentzako Gida
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,96 KB
Lehenik eta behin, irakasleak gurasoak lasaitu beharko lituzke. Ikasleek hizkuntza berri bat ikasten dutenean zailtasunak izatea oso ohikoa da, baina denbora igaro ahala, haurrek hizkuntzekin trebetasuna lortuko dutela jakinarazi behar diegu. Haurra D ereduan eskolaratuta dagoenez, ikasgai gehienak euskaraz izango ditu, gaztelania irakasgaia izan ezik. Hortaz, euskara egunero landuz gero, asko hobetuko du. Izan ere, adituen arabera, D ereduan ikasitakoek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) bukatu ondoren, bai euskaraz bai gaztelaniaz maila bera lortzen dute.
Testuinguru Soziolinguistikoa eta Hizkuntzen Erabilera
Bestalde, testuinguru soziolinguistikoari dagokionez, familia eremu erdaldun batean bizi da; beraz, ikasleak gaztelania eskolan ikasi ez ezik, kalean ere ikasiko du. Hortaz, kalean beste haurrekin egoten denean edo eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen duenean, gaztelania modu informalean ikasteko eta erabiltzeko aukera izango du. Euskaran murgilduz, eskolan modu formalean zein informalean erabiltzen ikasiko du, eta eskolaz kanpoko ekintzetan ere euskara praktikatzeko aukera izango du.
Azkenik, bere lehen hizkuntza, ukrainera, ez du eskolan landuko, bere lehen hizkuntza ez den hizkuntza batean eskolaratzen delako eta ez dagoelako ukraineraz hitz egiten dakien irakaslerik. Hortaz, nire ikuspuntutik, ukraineraren jabetza bermatzeko, gurasoek beren seme-alabarekin bakarrik ukraineraz hitz egin beharko lukete.
Bigarren Hizkuntza Ikasteko Estrategiak
Horrez gain, bigarren hizkuntza bat ikasteko estrategietan zentratuz, hainbat alderdi kontuan hartu daitezke:
1. Kalitatezko Input-aren Garrantzia
Alde batetik, input-a kalitatezkoa izan behar da; hau da, ikasleek xede-hizkuntzaren esposizio aberats eta esanguratsua behar dute, esate baterako, abestiak, ipuinak edo irakaslearen hitzaldia entzutea. Gainera, ikasleek irakaslearen azalpenak jarraitu ahal izateko, irakasleek azalduko dutena haurrei egokitu behar zaie, baina lehendabizi haurraren maila detektatu beharko dute.
2. Praktika eta Motibazioa Sustatzea
Beste alde batetik, ikasgaian ikasitakoa praktikan jarri beharko dute, jarduera dinamikoak eta haien mailara egokituak direnak erabiliz. Dakigunez, hizkuntza batean jariotasunez komunikatzeko, etengabe landu behar dira komunikazio-praktikan ulertu diren hizkuntza-elementuak eta mekanismoak. Horren harira, ikasleak motibatuta mantentzeko testuinguru esanguratsuak sortzea funtsezkoa da; alegia, ikasleek parte hartzeko egokiak diren egoerak sortu eta garatu behar dira. Jolasak edo role-playing bezalako jarduerak hiztegi eta gramatika berriak bizitza errealeko egoerekin lotzeko lagungarriak dira.
3. Aldamiaje Estrategiaren Erabilera
Hala eta guztiz ere, aldamiaje estrategia hizkuntza garatzen laguntzeko erabili daiteke. Irakasleak hizkuntza finkatze prozesuan ikaslea gidatu behar du, hizkuntza erabilera berriak, aberatsak eta askotarikoak eskura ditzan. Adibidez, hiztegi-txartelak, piktogramak edo galdera irekiak erabili daitezke, ikasleek edukia errazago barneratzeko. Ikasleek hizkuntza finkatzen doazen heinean, irakasleak laguntza pixkanaka gutxitzen joan beharko luke, haiek beren kabuz jarduera ezberdinak egin ahal izateko.
4. Akatsen Zuzenketa eta Pigmalion Efektua
Bukatzeko, irakasleen eginkizun zailena, baina garrantzi handienekoa, akatsak zuzentzea izango litzateke. Zalantzarik gabe, akatsak egitea ikaskuntza-prozesuaren parte da. Beraz, irakasleek ikasgela leku seguru bihurtu behar dute, non ikasleak eroso senti daitezen hizkuntza erabiltzean. Pigmalion efektua bat dator ideia horrekin: irakasleek ikasleen gaitasunetan sinesten dutenean eta feedback positiboa ematen dutenean, ikasleek hizkuntza berri bat ikasterakoan motibatuta sentitzeko joera handiagoa dute. Akatsak zuzentzerakoan, ikasleak esaten duena gaizki badago, irakasleak errepikatzeko eska diezaioke, edo irakasleak ikasleak esandakoa birformulatu dezake.