Euskara Arkaikoa (1400-1600): Testuinguru Historikoa eta Bilakaera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 18,14 KB

Euskara Arkaikoa (1400-1600)

Kokapen historikoa

Europa mendebaldeko giroa hizkuntzari dagokionez

Europan, Aro Modernoaren hasieran, hizkuntzen egoera eta haiei buruzko ikuspegia baldintzatu zuten gertakari esanguratsuak suertatu ziren politikan, ekonomian, erlijioan eta kulturan, besteak beste, azken batean hizkuntzen arteko orekan eragina izan zutenak.

Politikan

Behe Erdi Aroan, feudalismoa gainbehera joan zen: burgesia sortu zen eta erregeek boterea eta lurrak zentralizatzen hasi ziren, estatu modernoen hastapena markatuz. Euskal Herria bi monarkia indartsuren artean kokatu zen: Espainiako Erresuman eta Frantzian. Espainian, Isabel I.a Gaztelakoa eta Fernando II.a Aragoikoaren ezkontzarekin (1469) bi erresuma nagusiak batu ziren, eta 1492an Granadako konkista eta Amerikaren aurkikuntza gertatu ziren. Ondoren, 1512an Fernando erregeak Nafarroa Garaia bereganatu zuen. Austriar erregeek (Karlos V.a, Felipe II.a…) Espainiako inperioa handitu zuten. Frantzian, Henrike IV.a Nafarroako erregea Frantziakoa bihurtu zen eta Borboien dinastia sendotu zuten ondorengoek (Luis XIII.a, Luis XIV.a).

Ekonomian

Kolonialismo modernoak aberastasun berriak aurkitu zituen Afrikan, Amerikan eta Asian, eta euskaldunak ere parte hartu zuten jarduera horietan, lanbide eta maila ezberdinetan. Misiolariak bidali zituzten bertako biztanleak katolizismora bihurtzeko, eta hizkuntza ugari aztertu eta gramatikak nahiz hiztegiak sortu zituzten (adibidez, nahuatla, ketxua, guaraniera, tagaloa, japoniera). Misiolarien hizkuntzalaritza deritzo lan horri, eta gaur egun aitortzen da Europako hizkuntzalaritzaren garapenean izan zuen eragina, beste kontinenteetako hizkuntzak ezagutzeak europarren hizkuntzaren ikuspegia zabaldu baitzuen.

Erlijioan

1517an Martin Lutero buru izan zen Erreforma erlijiosoa Wittenbergen hasi zen eta arrakasta handia izan zuen, hainbat adarretan banatuz (Nafarroan, adibidez, kalbinismoa hedatu zen). Helburua Eliza katolikoa berritzea zen, ustelkeria desagerraraztea eta hasierako kristautasunera itzultzea. Luterok Sola Scriptura printzipioa ezarri zuen: Bibliak bakarrik du balioa eta kristau guztiek zuzenean irakurri eta interpretatu behar dute, horregatik Bibliaren itzulpenak bultzatu zituen. Horrek tokian tokiko hizkuntzen erabilera indartu zuen, protestantismoaren arrakastaren gakoetako bat bihurtuz. Eliza katolikoak horri eutsi zion eta Kontrarreforma abiatu zuen, nagusiki Trentoko Kontzilioan (1545-1563). Katolikoek Bibliaren interpretazio monopolioa mantendu zuten, baina protestantei aurre egiteko, tokian tokiko hizkuntzan predikatzea onartu zuten.

Kulturan

Inprentaren asmakuntza deitu ohi zaiona gertatu zen Europan, alegia, jadanik Ekialdean erabiltzen zen teknika bat —txinarrek mendeetan garatua—, inprimatzeko tipo mugikorrak, ekarri eta garatu zuen Johannes Gutenberg-ek (42 lerroko Biblia ospetsua 1452koa da). Egundoko iraultza izango da, idatzitakoa zabalerrazago (eskuzko kopiaren aldean arinago eta merkeago) egin zuen neurrian, kultura gizarteko maila gehiagotara iristen lagundu baitzuen.

Hizkuntzen arteko orekan

Erdi Aroan, latina zen mendebaldeko Europako kultur hizkuntza nagusia, nazioartean, elizan eta administrazioan erabiltzen zena, nahiz eta hila egon eta inoren ama-hizkuntza ez izan. Bere balioa arautua eta aldaezina izatean zetzan, egokia zelako maila goreneko zereginetarako. XIV. mendean, Dantek De vulgari eloquentia idatzi zuen, hizkuntza arrunten erabilera goi-mailako zereginetan ere egokia zela aldarrikatzeko. Errenazimentutik aurrera, Europan hizkuntza nazionalen prestigioa handitzen hasi zen eta ahozko erabileratik idatzizkora eta esparru formalagoetara zabaltzen joan ziren pixkanaka. Horrekin batera, hizkuntzaren aldeko apologiak ugaritu ziren, hizkuntza bakoitzaren balioa eta egitura aldarrikatuz, baina horiek guztiek gramatizazio prozesu garrantzitsu baten parte ziren.

Gramatizazioa

Gramatizazioa Errenazimentuan hasi zen prozesua da, Europako hizkuntzak (eta gero beste kontinenteetakoak) deskribatu, ikasi eta normalizatzeko tresnak (gramatikak, hiztegiak) sortu zituena latinezko eredua jarraituz. Prozesu horri esker, hizkuntzak idatziz finkatu eta prestigioa lortu zuten, eta administrazioan, irakaskuntzan, kulturan eta zientzian erabiltzen hasi ziren, latina atzean utziz. Hala ere, gramatizazioak bi ondorio izan zituen: kanpotik hizkuntza-aniztasuna bultzatu zuen arren, barrutik estatu bakoitzeko hizkuntza bakarraren erabilera indartu zuen. Estatu-hizkuntza bat aukeratu eta estandarizatu zen, beste hizkuntzak eta aldaerak baztertuz. Horren adibide dira gaztelaniaren eta frantsesaren gorakada eta ofizialtasuna, beste hizkuntzen kaltetan. Frantzian, Frantzisko I.ak 1539an administrazioan herri-hizkuntzaren erabilera agindu zuen, baina frantses estandarraren mesedetan. Espainian, Nebrijak gaztelania Inperioaren tresna gisa proposatu zuen 1492an, baina Austriarrek hizkuntza-aniztasuna gehiago onartu zuten. Erreformak ere bere eragina izan zuen: Bibliaren itzulpenek hizkuntza estandarrak sendotu zituzten eta ipar-mendebaldeko Europan alfabetatzea bultzatu zuten, katolizismoak hegoaldean prozesu hori moteldu zuen bitartean.

Euskal Herriaren historia pixka bat

Garai honetako Euskal Herriak bizi zuen egoera definitzeko ezinbestekoak diren zertzeladak Larreak (2018) bildu ditu. Hona horren laburpen bat besterik ez dakargu.

Ekonomia

Bakailaoaren eta balearen arrantzak Ternuaraino eramaten ditu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko arrantzaleak. Bilbotik Baionarainoko kostaldean ontziolak ugaltzen dira. Bizkai-Gipuzkoetako erreka bazter guztiak zeharrolaz josita daude eta Europa mendebaldeko burdinaren hamarrena Bizkaitik dator. Flandriaren, Ingalaterraren eta Bizkaiko Golkoaren arteko garraiolaritza egitetik Andaluziara eta handik Mediterraneora zabaltzen dute beren egitekoa euskal herritarrek. Ekonomiaren egoera on samar honek ez zituen lurralde guztiak berdin eragin: Gasteiz merkatalgune garrantzitsua da oraindik, baina Arabako gainerako lurraldeek eta gehienbat baita Nafarroak ere nekazaritzari eusten diote. Ondorioz, hazkunde demografikoa izango da, bizi-bizia kostaldean, baina barnealdean geldoa.

Historia politikoa

Euskal Herriaren egungo egoera politiko-administratiboa XV. eta XVI. mendeetan finkatu zen. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba Gaztelako Koroaren mende zeuden, eta Nafarroa 1512an konkistatu zuen Fernando Katolikoak. Frantziako koroak Ipar Euskal Herria bereganatu zuen. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Bandoen Gerrek nobleen eta hirietako burgesen arteko boterea banatu zuten eta Foru-Erregimenaren oinarriak jarri ziren. Nafarroak politika autonomoa mantentzen saiatu zen, baina ezin izan zuen Pirinioetako potentzien arteko borrokak saihestu. Nafarroako konkista Espainia eta Frantziaren arteko gatazkaren ondorio izan zen. 1516an Nafarroa Garaia Gaztelako Koroari lotu zitzaion eta Nafarroa Beherea Albret familiaren esku geratu zen. Joana III.a Nafarroako erreginak kalbinismoa onartu zuenean, erlijio-gatazkak areagotu ziren eta Ipar Euskal Herrian gerra piztu zen. Beaumontarrek Gaztelaren alde egin zuten, eta agramontarrek, Frantziaren alde. Joana III.aren semea, Henrike III.a, 1589an Frantziako errege bihurtu zen (Henrike IV.a) eta Nantesko Ediktua aldarrikatu zuen erlijio-tolerantziaren alde. Bere semeak, Luis XIII.ak, Nafarroako koroa Frantziakoari lotu zion 1620an. Lapurdi eta Zuberoa Frantziako erreinuan sartu ziren Ehun Urteko Gerraren amaieran (XV. mendean). Zuberoa erlijio-gerren ondorioz gogor astindua izan zen, baina Lapurdiren kasuan, bertako eliteek Frantziaren aldeko jarrera hartu zuten.

Erakundeak

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Bandoen Gerrako Ermandadeek izan ziren 1450etik aurrera sortu ziren Batzarren eta Aldundien oinarriak. Ermandadeek zituzten "koadernoetatik" abiatuta —legeak jasotzen zituzten— geroago foruak idatzi ziren. Araban, noblezia burgesen gainetik zegoenez, ez zen berezko zuzenbiderik garatu eta Gaztelako legediari atxiki zitzaion. Nafarroa Garaian, erakundeak egoera berrira egokitu ziren. Gaztelako erregearen izenean erregeorde batek agintea zuen; Erret Kontseilua gobernu eta auzitegi gorenaren ardura zuen. Legedia XIV. mendeko Foru Orokorraren gainean zegoen. Nafarroa Beherean, Albret erregeek erreinu-mailako erakundeak sortu zituzten, hala nola Donapaleuko Kantzelaritza, Txanpon-etxea eta Nafarroako Estatu Orokorrak (legebiltzarra). Forua 1608an idatzi zuten. Lapurdin, Usadioak (foruak) 1513an idatzi zituzten Frantziako erregearen aginduz. Baileak (armadako kapitaina, epailea eta zerga-biltzaile goi-kargua) deituta, Lapurdiko Biltzarrean urtean hiru aldiz elkartzen ziren parrokietako ordezkariak. Zuberoako forua 1520an idatzi zen.

Kultura eta ideiak

Erreformaren garaiko joerek Euskal Herrian ere izan zituzten oihartzunak. Alde batetik, Durango "heresia" baten erdigunea izan zen, eta hori Busturialdera, Aramaiora eta Gipuzkoara zabaldu zen (1442-1445). Bestetik, 1560 inguruan Joana III.a Nafarroakoa, nobleziaren parte handi batekin eta apaiz batzuekin batera, protestantismora pasa ziren. Bizkaian eta Gipuzkoan, Bandoen Gerrak burgesiaren alde egin zuen Gaztelako erregearen laguntzarekin, eta nobleen aurka berdintasun-ideiak erabili zituzten. Felipe II.aren garaian, euskal jendearen kaparetasun unibertsala eta odol garbitasunaren ideiak batu ziren, eta kronikagileek Euskal Herria kanpoko odolik gabeko leku mitiko gisa aurkeztu zuten. Horren baitan, euskarak garrantzi berezia izan zuen, Penintsulako lehen eta bakarra zen hizkuntza izanik, kanpotarren eraginik gabe biziraun zuenaren froga nagusia zelako. Hizkuntzaren aldetik bi ideia nagusi zeuden garai horretan:

  1. Euskara Babelgo hizkuntza edo ama-hizkuntza zela: Bibliak kontatzen duenez, Babelgo dorreak hizkuntzen aniztasuna sortu zuen, eta 72 hizkuntza sortu ziren. Euskara horietako bat zen, eta inguruko hizkuntzez oso bestelakoa zenez, orduan inork gutxik ukatu zuen ideia hori.
  2. Tubalismoa: Euskara Penintsulako lehen eta mendeetan zehar bakarra izan zen hizkuntza zela defendatzen zuen teoria. Tubal Noeren ilobetako bati euskara esleituta, Penintsulara etorri eta lehenengo biztanleak sortu zituen. Inbasioak baino lehenagoko hizkuntza zen, eta euskal toponimoek Mendebaleko Asiako jatorria adierazten zuten.

Euskal Herriko beste hizkuntzak

Garai honetan gutxienez beste bost hizkuntza edo hizkuntza multzo aipatu behar dira:

  • Latina
  • Nafar erromantzea
  • Gaztelania
  • Gaskoiera
  • Bearnesa
  • Frantsesa

Euskararen mugak

Garai horretan ez da erraza jakitea euskararen muga zehatzak non zeuden. Orduan euskarak egoera egonkorra zuela dirudi, eta ez zen kezkatzeko arrazoirik egon. Esteban Garibaik (1571) Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroa Garaiko zati handi batean euskaraz hitz egiten zela aipatzen du, baina iparraldeari buruz ez du ezer esaten. Nafarroa Garaiko egoera zehatzago ezagutzen da, 1587ko herri zerrenda baten arabera herrien %90 euskaldunak ziren. XVIII. mendera arte euskararen muga Lizarra eta Tafallako merindadeetan egon zen, baina Zangoza aldean muga lehenago mugitu zen. Bizkaian, mendebaldean, hizkuntz muga argia dago Balmaseda/Zalla eta Santurtzi/Portugalete artean; mendebaldean gaztelania nagusi da, baina eskuinaldean, adibidez Barakaldon, euskara XIX. mendearen bukaerara arte atxiki zen. Arabako hizkuntza-galera, Errioxa eta Añanatik iristen da iparraldera, eta Trebiñuko toponimiak euskararen presentzia berretsi du. Gasteizen, 1500eko hamarkadan, gaztelania nagusi bazen ere, herrietan euskaraz egiten zen, eta eliteek euskarazko hitzak erabiltzen zituzten. Ipar Euskal Herriari buruz informazio gutxi dago, baina badirudi muga bertsuen barruan euskara zegoela. Pirinioetan, Erronkaritik ekialdera euskararik ez zegoela uste da Behe Erdi Aroan, baina ziurtasunik ez dago. Laburbilduz, garai honetan euskararen galera motel eta ikusezina izan zen, eta ez zuen arreta handirik eragin.

Euskararen egoera

Garai honetako euskararen lekukotasun gutxi izatea hizkuntzaz kexatzeko arrazoi izan ohi da. Pedro Madariagak (1565) bere garaiko bizkaitarrek euskara ez erabiltzea kritikatu zuen, gutun eta negozioetan euskara alde batera uzteagatik, eta horrek jende askori pentsarazten zion euskaraz ezin zela idatzi, nahiz eta liburu batzuk argitaratuta egon. Hala ere, euskara lehen aldiz plazara irten zen garai horretan, eta lehen argitalpenak egin ziren. Orduan, herri eta hirietan populazioaren ehuneko handi bat euskalduna zen, baina gizartean bereizketa zegoen: eliteak gero eta elebidunagoak ziren, eta jende xumea elebakarra zen. Hala ere, eliteek ere euskara erabiltzen zuten etxean eta bizitza publikoan, baita poesia egiteko ere. Baionatik kanpo, euskara hizkuntza nagusia zen merkataritzan, burdingintzan, nabigazioan eta negozioetan, baina ez zen bakarra; gaztelania, gaskoi-bearnesa, frantsesa eta latina ere erabiltzen ziren hezkuntzan, administrazioan eta elizgizonen artean. Frantzia eta Espainiako estatu berrien politikak, erlijio-gerren ondorioak eta bertako eliteen jokabideak finkatu zuten Euskal Herriko hizkuntzen banaketa: euskara eguneroko ahozko hizkuntza izan arren, gaztelania eta frantsesa estatu-hizkuntzak bihurtu ziren administrazioan, justizian, politikan eta irakaskuntzaren arloan.

Erakundeak

Euskal Herriko erakundeek ez zuten euskara idatzia onartzen. Monteanok (2017) azaldu bezala, dokumentu ofizial gehienak erromantzez idatziak zeuden, eta euskarazko idazkiek urpeko masa handi bat osatzen zuten ikuspegitik ezkutatuta. Nafarroako erreinu txikian ofizialki bearnesez idazten ziren aktak eta txostenak; Zuberoan eta Lapurdin ere foruak gaskoieraz eta bearnesez idatzi ziren. Nafarroa Garaian gaztelaniaz ziren dokumentu guztiak, nahiz eta epaile eta eskribauek euskara jakin behar zuten, itzultzaileak erabiltzea debekatua baitzegoen. Bizkaiko Jaurerrian eta Gipuzkoan, Arabako ermandadeen idazkiak gaztelaniaz ziren, eta batzarkideek gaztelaniaz jakitea behar zuten boterea eskuratzeko.

Irakaskuntza

XVI. mendean, Hego Euskal Herrian irakaskuntza gaztelaniaz edo latinez antolatu zen. Nafarroan lehen mailako eskolak zeuden, baita Oñatiko, Iratxeko eta Iruñeko unibertsitateak ere. Ipar Euskal Herrian 1598an sortu zuten Baionako kolegioa, latinez. Ikasle gutxi joaten ziren ikastetxe horietara, batez ere gizartearen goi-mailako seme-alabak.

Egoera aldaketa nabaria

Larreak (2018) azpimarratu du euskaldunek euskara ahoz eta idatziz erabiltzen jarraitu zutela, eta lekukotasun ugari daudela horren erakusle. Euskal baleazaleen jardunak Kanadako hizkuntzetan aztarnak utzi zituen. Joana III.ak kalbinismoa bultzatu zuen eta Leizarragaren Testamentu Berriaren itzulpena bultzatu zuen. Trentoko eliz-batzarraren ondorioz lehen euskal dotrinak argitaratu ziren. Bandoen Gerren kronikagileek Behe Erdi Aroko kantak eta eresiak jaso zituzten. Bilbon eta Zuberoan euskal atsotitzak biltzen hasi ziren. Landucci italiarrak Gasteizen euskal hiztegia osatu zuen. Etxeparek eta Lazarragak euskarazko poesia argitaratu zuten. Euskara goratzen zuten beste idazle eta biltzaileek euskararen gramatizazioaren lehen urratsak eman zituzten. Hurrengo ataletan sakonduko da apologian, ahozko tradizioan, dotrinan, goi-mailako letretan eta ortografian.

Gorazarrea (edo apologia)

Euskarari gorazarre egiten hasi ziren lehen idazleak Esteban Garibai, Andres Poza eta Baltasar Etxabe izan ziren. Etxaberen liburua da "apologia" hitzaren zentzurik zorrotzenean sailka daitekeena, euskararen antzinatasuna eta balioa aldarrikatzen baititu. XX. mendean Garibai eta Poza "apologista" gisa gutxietsiak izan dira, baina haien lana euskara defendatzeaz gain, askoz zabalagoa da. Garibai kronista izan zen, eta euskarari buruzko aipamenak bere historiaren testuinguruan datoz. Pozaren lana, aldiz, euskararen jatorriari eta bere harreman genetikoari zuzenean heldu zion, eta bere ekarpena berandu arte ez zen behar bezala baloratu. Baltasar Etxabe eta bere garaiko Hegoaldeko autoreak erdaraz idatzi izana kritikatua izan da, eta Iparraldekoekin alderatu dituzte, hauek euskaraz idazten baitzuten euskaldunentzat. Hala ere, Juaristik azaldu zuen euskararen defentsaren atzean euskaldunen pribilegioak defendatzeko asmo politikoa ere bazegoela. Apologiaren balioa eta Hegoaldeko testuinguru historiko berezia aztertu dira.

Bilketa

Errenazimentu garaian ahozko euskal literaturaren lehen bildumak egin ziren, batez ere esaerak, baladak eta kroniken pasarteak. Garibai, Ibarguen-Cachopín, Lazarraga eta beste batzuek beren liburuetan ahozko ondare horren aztarnak jaso zituzten. Esaera bilduma ugari ere argitaratu ziren garai honetan.

Dotrina

Trentoko kontzilioaren ondoren, elizak tokian tokiko hizkuntzetan doktrina irakastea agindu zuen. Hegoaldean, euskarazko dotrina sinpleak argitaratu ziren, gehienetan elebidunak. Ezagutzen diren lehenak Sancho de Elso nafarrarena eta Betolatza arabarrarena dira. Liburu hauek umeei irakurtzen irakasteko ere baliatzen ziren.

Goi mailako letrak

Euskaraz idatzi eta argitaratzearen kontzientzia agertzen da lehen aldiz Etxepare eta Leizarragaren lanetan. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) eta Leizarragaren Bibliaren itzulpena (1571) dira adibide nagusiak. Garai hartan Iparraldean euskaraz idaztea ohikoagoa bazen ere, Lazarragaren eskuizkribuak eta Bizkaiko poesia galaiak erakusten dute Hegoaldean ere euskarazko literatur jarduera bazegoela, nahiz eta aztarna gutxi gorde.

Babesa

Leizarragaren lana protestantismoaren babesean argitaratu zen, Paueko eliz batzarraren eta Joana Albret erreginaren laguntzaz. Estatuaren babesa erlijio protestantearen zabalkundearen ondorioa izan zen, baina babesa laburra izan zen, erregina hil eta haren semea Frantziako errege bihurtu zelarik. Etxepareren kasuan, Bernart Lehete Bordeleko abokatu nagusiaren babesa izan zuen.

Entradas relacionadas: