Euskalkien sailkapena: Historia eta egungo egoera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,23 KB
XVIII. mendea: Larramendiren sailkapena
1729an, Manuel Larramendi jesuitak El Imposible Vencido. El arte de la lengua bascongada izeneko euskararen gramatika bat argitaratu zuen Salamancan. Bertan hainbat dialekto edo euskalki bereizi zituen: gipuzkera, bizkaiera, nafarrera eta lapurtera, eta azken bi horiek bat bakartzat har zitezkeela adierazi zuen («Que comunmente son uno mismo»).
XIX. eta XX. mendeak: Bonaparte eta Azkue
Luis Luziano Bonapartek, Napoleon Bonaparteren ilobak, euskalkien beste banaketa bat egin zuen, egundaino indar handiz iritsi dena. Bere ikerketan, Euskal Herrialde guztietako berriemaileak baliatu zituen, hala nola Jean Duvoisin aduanetako kapitain lapurtarra, Fray Jose Antonio Uriarte, Jose Samper apaiza, Mariano Mendigatxa bidankozetarra, Prudentzio Hualde, Klaudio Otaegi zegamarra, Aita Ibarnegarai, Emmanuel Intxauspe kalonje zuberotarra.
Bonaparteren lan-metodoa eta sailkapena
- Lan-metodo moduan, berriemaile horiei kristau dotrinak edota Bibliako pasarte ezagunak toki jakin bateko euskaran jartzeko eskatzen zien eta barreiatuta zeuden eskuizkribu zaharrak bildu eta aztertu zituen.
- Bere sailkatze-lanean, hiru multzo handitan zortzi dialekto, hogeita bost azpidialekto eta berrogeita hamar barietate bereizi zituen; egungo ikuspegitik, modu zorrotzegian.
Azkue eta XX. mendeko dialektologia
- Resurreccion Maria Azkue Euskaltzaindiko lehen presidenteak (1864-1951) Bonaparteren banaketa berrikusi zuen. Besteak beste, erronkariera (1991n galdu zen) euskalki bereizitzat sailkatu zuen; Bonapartek, berriz, zubereraren barnean sailkatua zuen (souletin espagnol).
- XX. mendean dialektologiaz aritu zirenek (Pedro Irizar, Txillardegi eta beste) sailkapen horri jarraitu zioten, oro har.
XXI. mendea: Koldo Zuazoren sailkapena
Koldo Zuazoren 2008ko azken sailkapenaren arabera, bost euskalki mintzatzen dira gaur egun:
- Mendebaleko euskalkia edo bizkaiera: Hiztun gehien dituen euskalkia. Mendebaldera Ibaizabal du muga; ekialdera, Bizkaiko lurretatik 13 kilometrora dagoen Deba ibaia, Gipuzkoan; hegoaldera, ostera, Araba.
- Erdialdeko euskalkia edo gipuzkera: Gipuzkoan eta Nafarroa Garaiko ipar-sartaldean hitz egiten dena.
- Nafar-lapurtar euskalkia: Lapurdin eta Nafarroa Beherean mintzatzen dena.
- Nafar euskalkia: Nafarroa Garaiko iparraldeko eskualdeetan egiten dena.
- Zuberotar euskalkia edo zuberera: Zuberoako herrialdean eta administrazioz Bearnokoa den Eskiulan egiten da. Amikuzetik gertuko herrietan egiten dena tarteko hizkeratzat hartzen da.
Euskalkien bilakaera historikoa
Erdi Aroan, nafarrerak gaskoiaren eragina jaso zuen fonetikan eta lexikoan. Eragin hartatik sortu ziren iparraldeko bi dialektoak. Zuberera sortzeko bilakaeran, aldiz, nafar-aragoiar hizkuntza erromanikoak hartu zuen parte.
Euskalki galduak edo galzorian daudenak
- Ekialdeko nafar euskalkia: Nafarroa Garaiko ekialdean XX. mendearen bukaera arte egin zen euskalkia. Zaraitzuko hizkera (edo zaraitzuera) (gaur egun 2 hiztun) eta Erronkariko hizkera (edo erronkariera) (gaur egun 0 hiztun) barne hartzen zituen.
- Hegoaldeko goi-nafarrera (Bonapartek sailkatua): Iruñerrian eta Lizarrerrian XIX. mendea arte erabili zen euskara. Egun, transmisio-katea oso ahul dagoelarik, Erroibar eta Esteribarreko hiztunen artean dirau bizirik.
- Arabako euskara: Araban XIX. mendea arte iraun zuen; Landuccioren hiztegiari (XVI. mendea), Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuari (XVI. mendearen bukaera - XVII.aren hasiera) eta beste hainbat testu laburragori esker jasota ageri zaigu.