Euskal Pluralismo Politikoa: Errestauraziotik II. Errepublikara
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,81 KB
Euskal Pluralismo Politikoaren Jatorria (1874-1923)
Euskal Herriko pluralismo politikoa Errestaurazio Garaian (1874-1923) industrializazioak bultzatu zuen, gizarte, ekonomia eta kulturaren eraldaketak eraginez. 1876ko lege batek foruak indargabetu eta 1878ko Kontzertu Ekonomikoek industrializazioa sustatu zuten. Horren ondorioz, gizartean talde kultural eta etniko berriak agertu ziren, eta horrekin batera joera politiko berriak ere: langileen mugimendua eta euskal nazionalismoa.
Industrializazioaren Eragina eta Joera Berriak
Industrializazioak oligarkia industriala sortu zuen, eta honek baliabide ekonomiko eta politikoen (Diputazioak eta Kontzertu Ekonomikoak) kontrola bilatu zuen, sistema bipartidista dinastikoaren aldeko jarrera hartuz. Aldi berean, meatze eta industriaguneetan lan baldintza prekarioek langile etorkinen mugimendua piztu zuten, eta sozialismoak garrantzi handia hartu zuen lehen sindikatu eta elkarte politikoetan.
Bestalde, industrializazioak euskal identitatea krisian jarri zuen, foruen galera, industrializazioa eta migrazio masiboa mehatxu gisa ulertuz. Horren aurrean, Sabino Aranak EAJ sortu zuen 1897an, euskal hizkuntza, historia eta independentzia aldarrikatzeko.
Pluralismo Politikoa eta Kultura Nagusiak (1900-1936)
XIX. mendearen amaierako industrializazioak euskal gizartean talde kultural eta etniko aniztasuna ekarri zuen, eta horrek pluralismo politikoa sustatu zuen. Politikaren modernizazioa izan zen ondorio nagusia, liberalismoaren eta karlismoaren arteko aurreko eredua baztertuz. 1900-1936 bitartean, hiru kultura politiko nagusi sortu ziren:
- Eskuina espainolista: karlistak, integristak eta dinastikoak.
- Euskal nazionalismoa: independentistak eta autonomistak.
- Ezkerra: sozialistak, errepublikarrak, anarkistak eta komunistak.
Euskal politikak ez zuen indar hegemonikorik, probintzia bakoitzeko egoera politikoa ezberdina baitzen. Testuinguru honetan, euskal herritartasunaren eta espainoltasunaren arteko ideiak talka egin zuten, nazionalistek lehenengoa eta monarkiazaleek eta sozialistek bigarrena babestuz.
II. Errepublikako Haustura-Lerroak
II. Errepublikan (1931-1936), euskal pluralismoak lau haustura-lerro islatu zituen:
- Gobernu-era: monarkia vs. errepublika.
- Estatu/Nazioa: zentralismoa vs. autonomia.
- Erlijioa: klerikalismoa vs. antiklerikalismoa.
- Gizarte-auzia: erreakzioa, erreforma edo iraultza.
Aniztasun politiko hau gaur egungo euskal politikagintzan ere ikusgai da.
Mugimendu Politikoen Sorreraren Arrazoiak
Langile Mugimenduaren Sorrera
Industrializazioaren eskulan beharra immigranteek osatu zuten hein handi batean. XIX. mende bukaeran langileen baldintzak oso prekarioak ziren:
- Lanaldi luzeak (11 orduko lanaldiak).
- Lan baldintza eskasak (istripu eta lan-gaixotasun ugari, gizarte-asegurantza eta asistentziarik ez, lan legerik ez...).
- Soldata baxuak.
- Etxebizitza txiki eta ez-osasungarrietan pilatuta (meatze guneetan barrakoietan pilatuta).
- Higiene baldintza eta elikadura eskasa.
Langileen heriotza tasa oso altua zen lan- zein bizi-baldintzen, epidemien eraginaren (baztanga, tuberkulosia, difteria, tifusa, elgorria, kolera...) eta tabako zein alkoholaren eraginaren ondorioz. Pixkanaka langile horiek beren bizi- eta lan-baldintza prekarioez ohartuta, aldarrikapen mugimenduak antolatzeko beharra izan zuten (grebak bereziki).
Euskal Nazionalismoaren Sorrera
Euskaldun askorentzat, 1876ko Foruen desagerpena eta ondoren etorri zena trauma bat izan zen. Sistema foralak iraun zuen bitartean, euskal ezaugarriak (hizkuntza, ohiturak, erlijiotasuna, abizenak, antolaketa politikoa…) ondo gorde ziren, baina askoren ustez, Foruen Abolizioarekin eta konstituzioaren aplikazioarekin, Euskal Herriak ezaugarri horiek eta bere askatasuna galdu zituen. Beste batzuentzat Euskal Herria ere desagertzen hasiko zen:
- Zerbitzu militarrarekin euskal mutilak erdalduntzen hasiko ziren.
- Eskoletan kanpoko maisuak sartu ziren eta euskara debekatuta zegoen.
- Udalen antolaketa berriarekin estatuaren kontrola eta erdararen erabilera nagusitzen zihoan.
Gainera, Industrializazioaren ondorioak ere erabakigarriak izan ziren nazionalismoaren sorkuntzan, kanpoko langileen etorrera masiboarekin, erdara eta ohitura berriak nagusitzen hasi baitziren. Hau guztia dela eta, foralistek euskal identitatea galtzeko arriskuaz ohartuta, euskal nazioaren alde aldarrikatzeko beharra izan zuten.
Sorrera, Bilakaera eta Gertaera Nagusiak
Langile Mugimenduaren Bilakaera
Hasteko, 1886an Facundo Perezaguak lehen Elkarte sozialista sortu zuen Bilbon. 1890 eta 1915 artean, aldi erradikala eta militantea egon zen, F. Perezagua buru zuena. Ordura arte grebak eta borrokak gutxi izan ziren eta kasu guztietan langileek galduak. Baina 1890ean Sagastaren gobernuak sufragio unibertsala ezartzearen eraginez, Bizkaiko lehen lan gatazka modernoa gertatu zen: Greba Handia (1890). Gainera, beste greba arrakastatsu batzuk egon ziren 1892, 1903 eta 1910ean. Grebez gain, PSOE hauteskundeetan aurkeztu zen 1890ean. Gainera, Tomas Meabek La lucha de las clases aldizkaria (1894) eta Gazte Sozialistak elkartea (1904) sortu zituen.
Hala ere, 1915tik 1923ra aldi moderatua nagusitu zen, jarrera pragmatismora jo zuena: borroka sindikala eta iraultzailea baztertu eta parlamentarismoa onartzen zuena. Testuinguru honetan, Facundo Perezagua kaleratu zuten eta 1915ean Indalecio Prieto buru bihurtu zen. Hauteskundeetan errepublikanoekin batzearen alde egin zuten. Gainera, 1917ko greba orokorrak Euskal Herrian garrantzia handia izan zuen, baina langileentzako porrota izan zen. 1921ean berriz, sozialismoa zatitu zen eta PCE agertu zen.
Primo de Riveraren Diktadura (1923-1930)
Langile Mugimendua Diktaduran
Primo de Riveraren diktaduran (1923-1930) PSOE eta UGT jarrera kolaborazionista izan zuten. Hala ere, euskal sozialistak kolaborazionismoaren aurka zeuden.
Euskal Nazionalismoa Diktaduran
Primo de Riveraren diktaduran (1923-1930) EAJk errepresioa jasan zuen, separatista zelakoan, eta lokalak itxi, Aberri Eguna debekatu… ziren. Comunión Nacionalista Vasca (CNV), ordea, nolabait onartua izan zen eta Euzkadi aldizkaria argitaratzen jarraitu zuten.
Diktaduraren Ondorena eta II. Errepublika
Langile Mugimendua
Diktaduraren ondoren eta II. Errepublikan, bi gertaera nagusitzen dira:
- 1930ean PSOEk Donostiako Ituna sinatu zuen errepublikaren alde, errepublikarrak, komunistak eta ERC batera.
- 1931ean PSOE eta errepublikarrak II. Errepublika aldarrikatu zuten eta lehen gobernua osatu zen (1931-1933).
Euskal Nazionalismoa
Diktaduraren ondoren eta II. Errepublikan zehar hiru gertaera nagusi egon ziren:
- 1930ean, Bergarako Asanbladan bi ildoak (EAJ eta CNV) batu egin ziren, eta EAJ-PNV birsortu zen. Ados ez zeuden sektoreek alderdi berria sortu zuten, euskal ezker abertzalearen jarduera politikoari hasiera eman ziona: Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV).
- 1931an EAJk eta EAEk bat egin zuten II. Errepublikan izan zuen helburu nagusia autonomia Estatutua lortzea izan baitzen.
- Azkenik, 1934an zatiketa gertatu zen: Eli Gallastegirekin batera, “Jagi-jagi”koak, independentziaren aldeko hautua nabarmendu eta Espainia-Euskadiren arteko konfrontazioa indartu zuten.
Ideologo Nagusiak eta Erakundeak
Langile Mugimenduko Ideologoak
- Facundo Perezagua (PSOE, PCE)
- Tomas Meabe (JS, PSOE)
- Indalecio Prieto (PSOE)
- Oscar Pérez-Solís (PCE)
- Dolores Ibarruri, Pasionaria (PCE)
Euskal Nazionalismoko Ideologoak
- Sabino Arana (EAJ)
- Ramón de la Sota (Euskalerria Elkartea, EAJ, CNV)
- Luis Arana (EAJ)
- Eli Gallastegi (Euzko Gaztedia, EAJ)
Ideologiak eta Alderdiak/Elkarteak
Langile Mugimendua
- Sozialistak: PSOE (1879), UGT (1888), Gazte Sozialistak (JS, 1904)
- Anarkistak: CNT (1910), Confederación Regional del Trabajo del Norte (CRTN, 1919)
- Komunistak: PCE (1921)
- Sindikalista kristauak
- Sindikalista abertzaleak: SOV-ELA (1911)
Euskal Nazionalismoa
- Independentista katolikoak: EAJ (1897), Aberritarrak (1903), Euzko Gaztedia (1904)
- Autonomista liberalak: Komunioistak (1903), CNV (1916)
- Independentista ezkertiarrak: EAE-ANV (1930)
Akronimoen Glosarioa
- PSOE: Partido Socialista Obrero Español
- PCE: Partido Comunista Español
- JS: Jóvenes Socialistas
- EAJ: Eusko Alderdi Jeltzalea
- CNV: Comunión Nacionalista Vasca
- UGT: Unión General de Trabajadores
- CRTN: Confederación Regional del Trabajo del Norte
- EAE-ANV: Eusko Abertzale Ekintza; Acción Nacionalista Vasca
- JEL: Jaungoikoa Eta Legezarra
- EAJ-PNV: Eusko Alderdi Jeltzalea; Partido Nacionalista Vasco
- EAE: Eusko Abertzale Ekintza
- ERC: Esquerra Republicana de Catalunya