Euskal Olerkigintza: Molde Zaharretik Erromantizismora

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,67 KB

Sarrera

Literaturan, olerkiaz hitz egiten denean, maitasunaz edo bestelako sentimenduez egindako poemei eta baladetan bezala, kontakizun gisa ageri zaizkigun beste poemei buruz ari gara.

Idatzia izatea da ezaugarrietako bat, eta horrek lanketa eskatzen du. Idazten duena kultua izateaz gain, olerkiak irakurri, ulertu eta gozatu behar dituenak ere alfabetatua izan behar du. Horregatik, herritarrak alfabetatu arte, hartzaile selektuak bakarrik izan dira, eta eragin txikia izan du azken mendeak arte.

Euskal Herriaren kasuan, hizkuntzaren bilakaerak eragin handia izan du literaturaren garapenean:

  • Euskaran alfabetatu gabeak gehiengoa izan dira azken 40-50 urteak arte.
  • Horregatik, ahozkotasuna (herri-literatura deitua) izan da nagusi XX. mendearen bukaera arte.
  • Eta olerkariek herritarrek kantatzeko moduko moldeetan eman izan dituzte beren lanak. Hala egin zuten XVI. mendeko Bernart Etxeparek eta Joanes Etxeberrik, eta gauza bera gertatu zen hurrengo mendeetan Euskal Herritik kanpo ere.

Erromantizismoaren Ezaugarriak

Ilustratuek arrazoimenean jarritako konfiantza sendoa eten egiten da. Erromantikoak ez du uste ongizatea arrazoimenean eta jakintzan oinarritu daitekeenik; aitzitik, subjektibotasuna, gizabanakoaren garrantzia, irrazionaltasuna, bat-batekotasuna, irudimena, sentimendua eta intuizioa hobesten ditu.

Beraz, mundua ezagutzeko ez dira eredu aproposak ez geometria (Descartes), ezta matematika ere (Newton). Poetaren intuizioa da bidea. Bakoitza da norberaren munduaren sortzaile.

Balio berriak:

  • Ideala
  • Urruti-mina, bai denboran (Erdi Aroa), bai lekuan (Ekialdea).
  • Sinbolismoa da muga lauso horietara iristeko bidea.
  • Norbanako sortzaileari guztizko autonomia aitortzen zaio, herrian erroturik bizi den sortzaileak hurbiltzen baikaitu ezagutza sakonetara. Horrek folklorearen, historiaren eta hizkuntza propioaren estimua dakar. Herri eta hizkuntza minorizatuek berebiziko garrantzia hartzen dute.
  • Artearen helburua artistak askatasunez lortzen duen edertasuna da.
  • Benetako bizitza ez dago hemen. Maitasuna heriotzarekin lotuta agertzen da. Horregatik, Frantziako Iraultzak eta erromantizismoak haustura sortu zuten. Harrezkero, askatasuna bihurtu da aldarri nagusi, ordura arteko batasuna (unibertsalismoa) baztertuz.

Literatura erromantikoaren ezaugarriak:

  • Subjektibismoa, nitasunaren obsesioa. Arazo pertsonalak dira gai nagusi: maitasuna, heriotza, norberaren barne-mundua... baina, gehienetan, urrutiko leku eta aldietan. Hala, iragan ideal batean bilatzen da inguruko errealitate prosaikoak (arruntak) ukatzen duena.
  • Paisaiak eta eguraldiak bat egiten dute idazlearen barne-egoerarekin (ekaitzak, basamortuak, etab.).
  • Neoklasizismoaren estetikaren moldeak hautsi, generoak nahasi, etab. egiteko joera dago.
  • Gaur egungo literaturan ere, gizakiaren betiereko arazo hauek agertzen dira.

XIX. Mendeko Euskal Olerkariak

Bertsolaritzaren moldea euskal olerkigintzaren ezaugarri da. Oraindik erabat alfabetatu gabeko gizartea poliki-poliki hasi zen idatziaz gozatzen, literatura-estilo berri bat sortuz: erdi-ahozkotasunaren estiloa, azken bi mendeotan Euskal Herrian indarrez garatu dena.

Ondorengo idazleek ezaugarri komun batzuk dituzte:

Piarres Topet Etxahun (1786-1863)

Bizitza

Bertso autobiografikoetan oinarrituz, ez zuen bizimodu erraza izan. Zuberoako Barkoxen jaioa, zoritxarreko haurtzaroa izan zuen: gurasoek ez zuten maite izan, «edertasunez pobre nintzalako sortu» esan baitzuen.

Gaztaroan, etxean neskame zuten neskatxarekin maitemindu zen. Gurasoek ez zutenez onartzen, etxe aberats bateko alabarekin ezkonarazi zuten. Adarrak tarteko, emaztearen amorantea zelakoan, bere lagun bati egin zion tiro. Ondorioz, hainbat urte egin zituen espetxean, eta, handik irten eta gero, erromes ibili zen, Compostelan eta Erroman, eskale hil zen arte.

Etxahun bertsolari eta olerkari zen. Olerkari erromantikoa dugu, beraz, bizitza pertsonalean oinarritzen baita haren ekoizpena.

Obrak

Etxekoek erre egin zituzten haren hainbat eskuizkribu, baina herriaren oroimenari eta bertso-biltzaileei esker, badugu Etxahunen bertso-tankera ezagutzeko adina material. Horretan, aipagarria da J. Haritxelharrek Etxahun eta haren bertsogintzaz egindako tesi mardula. Honako sailkapen hau egiten du:

  • Olerki autobiografikoak: Urxapal bat, Munduan malerusik, Bi berset dolorusik, Etxahunen bizitzaren khantoria eta Ahaide delezius huntan.
  • Olerki satirikoak: garaian adineko pertsonen arteko amodioak kritikatzen ditu, eta askoren ustez autobiografikoak bezain onak dira. Adibidez: Ofizialarenak, Gaztalondo handian, Bi ahizpak, Maria Solt eta Kastero, Barkoxeko eliza, Musde Tiraz.
  • Zirkunstantzia-olerkiak eta beste: norbaiten omenez edo ezkontzaren batean jarriak, etab.

Iritzi kritikoa

Etxahun eskola gutxikoa genuen arren, haren ziri-bertsoetan eta olerki hunkigarrietan badira eskolatuenak bezain onak.

Satirikoak goraipatzekoak dira: Oi, laborari gaixua! bertso-saila; Barkoxeko erretorari aberatsen alde zegoelako bota zizkionak; Maria Solt eta Kastero, atso eta agure zaharren arteko maitasun-harremanak direla eta egin zituenak, etab. Olerki autobiografikoak indar eta sentimenduz beteak dira. Normala da norberak bizi izana grina bereziz adieraztea. Laburbilduz, Etxahun euskal olerkiaren baratzean erromantikotasunez nagusitzen zaigun poeta da.

Jose Maria Iparragirre (1820-1881)

Urretxun jaio eta mutiko zelarik Madrilera joan zen bizitzera. 13 urte zituenean, Euskal Herrira itzuli eta karlisten aldeko borroketan sartu zen, Euskal Foruen alde. Frantziara joan behar izan zuen. Bertan olerkiak irakurtzeko eta idazteko izan zuen denbora. 1852an itzuli zen Euskal Herrira eta lehen aldiz abestu zuen Gernikako Arbola.

Sei bertso-mota bereiz daitezke Iparragirreren lanean:

  • Aberkoiak: Euskal Herria gai dutenak, adibidez Gernikako Arbola.
  • Amodiozkoak: maitea ikusi nahia, bihotzeko maitea, adibidez Beltzarana naizela.
  • Umorezkoak: adibidez Gaur bai jana eta edana.
  • Dedikatuak: adibidez Ameriketatik Urretxuko semeai.
  • Kritikazkoak: adibidez Euskal Herria eta Amerika.
  • Kontatzaileak: adibidez Aloñamendi.

Bilintx (Indalecio Bizkarrondo, 1831-1876)

Sufrimenduz eta zoritxarrez jositako bizitza izan zuen. Umetan izandako istripu batek aurpegian desitxuratzeaz gain, karlistek botatako lehergailu batek larriki zauritu zuen, eta haren ondorioz hil zen Bilintx.

Bertsolarien sailean ere badu bere lekua: Domingo Kampaña eta Juana Bixenta Olabe izeneko bertso-saila, bertso-paperetan sortu den ederrenetakoa. Maitasuna du gai nagusia. Satirazko bertsoen zorroztasuna, umorea eta gupidarik eza ere nabarmenak dira.

Iritzi kritikoa

Olerkari handia dugu Bilintx. Ordu askoko lana ageri da haren olerkietan. Bilintxen bertsoetan ugari dira konparaketak eta irudiak egiteko erabiltzen diren loturak. Bertsolarien klixeak edo formulak ondo ezagutzen ditu. Hizkuntzari erreparatzen badiogu, adituek kaskartzat jotzen dute Bilintxen euskara.

Obra

Bertsolarien sailean: Domingo Kampaña bat-bateko jardunaren eredu da, eta Juana Bixenta Olabe izeneko bertso-saila, bertso-paperetan sortu den ederrenetakoa.

Maitasuna (berarentzat oztopoz beteriko bidea) du gai nagusia. Jainkoaren, heriotzaren eta izadiaren aipamenak ere maitasunaren zerbitzutan egiten ditu. Askotan idealizatzen du maitasuna; baina errealitatea du oztopo, maitea bere samintasunaren iturri bihurtzen baita. Bertso-sailak gai honetakoak: Jai-jai, Juana Bixenta Olabe, Loriak udan, Triste bizi naiz eta, Kontxesirentzat, Pozez eta bildurrak...

Bertsolarien artean Bilintx da onena maitasunaren gaia lantzen.

Satirazko bertsoen zorroztasuna, umorea eta gupidarik eza ere nabarmenak dira: Zaldi baten bizitza, Potajiarena, Iru erregeak, Domingo Kampaña, Pobriaren suertia... Bertsolariak berezko duen grazia ederki erakusten du. Hizkuntzari dagokionez, adituek kaskartzat jotzen dute Bilintxen euskara: hiriko euskara, bere interferentzia guztiekin. Hala ere, ez dago dudarik Bilintxek lan handia egin zuela euskara aberasten, hizkuntza poetiko zehatz, atsegin eta iradokor baten bila, ondorengoentzat eredu eta harrobi bihurtzeraino.

Entradas relacionadas: