Euskal Literaturaren Giltzarriak: Etxepare, Axular, Oihenart eta Mogel

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 27,05 KB

Libertatia nola baita gauzetako hobena, gathibutan egoitia hala pena gaitzena. Ni bezala ez dadila, othoi, ehor engana, ez eta (e)re hitz orotan fida ere gizona. Iangoikua, zuk begira niri ere zuzena.

1. Egilea, Poema eta Liburuaren Izenburua

Mosen Bernat Etxepare da poema honen egilea. Haren bizitzari buruzko datuak ez dira oso ugariak, baina badakigu Behe Nafarroako Sarasketa herrian jaioa zela, seguruenik 1460 eta 1470 urteen artean. 1511n Eiheralarren, Donibane Garazi ondoan, erretore bihurtu zuten, eta 1520an Donibane Garaziko bikario jeneral izendatu zuten, kargu hori betetzeko beharrezkoak zituen gaitasuna, formazioa eta bertuteak zituela egiaztatu ondoren. Dirudienez, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean Pauen epaitu eta kartzelaratu zuten, etsairen batek faltsuki salatu baitzuen gaztelarren aldekoa zela. 1533an Baionako elizbarrutiko Statuta synodalia liburuan parte hartu zuen, eta 1545ean Linguae Vasconum Primitiae argitaratu zuen. 1559an, Donibane Garazin notarioaren aurrean egindako tramite batean lekuko gisa ageri izan zen.

Poemaren titulua Mosen Bernat Etxepareren kantuia da, eta poema hori Linguae Vasconum Primitiae izeneko liburuan argitaratu zen. Hura euskaraz argitaratutako lehen liburua izan zen, eta hizkuntza zahar honen lehen testu inprimatua izateaz gain, euskararen aldeko aldarri garrantzitsua ere izan zen bere garaian.

2. Pasartearen Testuingurua eta Poema Gaia

Poemak kartzelan dagoen pertsona baten gogoetak islatzen ditu, errugabe sentitzen den norbaitena. Bere ustez, ez du legearen aurka jardun, nahiz eta kartzelatua izan. Salatzen du bere egoera, justiziarik gabeko zigor baten biktima dela uste baitu. Jaun batek aginduta joan zen leku jakin batera, eta joango ez balitz, agindu hori ez betetzeagatik erruduntzat joko lukete. Horregatik, joatea erabaki zuen, errugabea dela erakusteko, nahiz eta besteek hitz faltsuak sinetsi arren.

Poetak onartzen du bekatari dela, Jainkoaren aurka egin izan duelako, edozein gizakik bezala; hala ere, ez du uste horregatik kartzelaratua izatea bidezkoa denik. Gertatutako gaitza bere bekatuen garbiketa moduan hartzen du, purgatorio baten modura, zerura igotzeko aurreko urrats gisa.

Poemaren mezua moral eta espiritual sakona da: ez da bidezkoa besteei epai zorrotzak ematea, norbera ere epaitua izango baita. Jainkoa ez da borrero bat, epaile zuzena baizik. Gaitzak jasan dituenak balioetsi dezake ongia, eta hori da poetaren asmoa: zigorra jaso arren, ongi jokatzea.

Azken finean, poemak askatasunaren balioa goraipatzen du, espetxealdia bidezkoa ez dela salatuz eta Jainkoaren justizia gorenaren aldeko mezua emanez.

3. Axularren Gero: Izenburua eta Esanahia

Axularren liburuaren izenburua Gero da, eta 1643an argitaratu zuen Bordelen. Titulu horrek liburuaren edukiarekin lotura zuzena du: Gero liburuaren gaia "non procrastinanda paenitentia" da, hau da, penitentzia ez dela gerorako utzi behar. Hau da Axularren liburuaren ideia nagusia: gizakiak ez du biharko utzi behar bere bizitzaren zuzenketa; oraina da ekiteko unea.

Gainera, izenburuak zazpi bekatu nagusietako azkenarekin du lotura zuzena: alferkeria. Axularrek obra honen ardatz bihurtzen du bekatu hori, ulertuta alferkeria ez dela soilik lanik ez egitea, baizik eta egitekoak gerorako uztea, egunetik egunera, "biharretik biharrera" luzatzea.

Beraz, Gero izenburuak hausnarketa sakon baterako gonbita egiten du, berehalako jokabide aldaketa eta fede bizia eskatuz, "gerorik gabe".

4. Axularren Helburuak eta Estrategia Erretorikoak

Axularrek Gero liburua idaztean helburu garbi bat zuen: kontzientzian eragitea, kristau bizitza zuzenago eta konprometituago baterantz bideratzeko. Liburuak ez du soilik irakaskuntza morala eskaintzen; bizimoduaren aldaketa sakona eta pertsonala sustatu nahi ditu. Axularrek ez zuen sermoi hutsa eskaini nahi, baizik eta irakurlea mugiaraztea, bihotzean mina eragitea eta, horrela, ekintzara bultzatzea.

Idazlearen helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Penitentziarako dei existentziala egitea, bekatuaren ondorioak gogoraraziz eta salbazioaren premia azpimarratuz.
  • Orainaren balioa nabarmentzea, "gero" delako hitz arriskutsua dela erakutsiz, ekintzak atzeratzea galtzearen parekoa baita.
  • Oharkabetasunaren arriskua salatzea, bizitzan zehar denbora alferrik galtzea lozorroan egotearekin parekatuz eta horren aurka ohartaraziz.
  • Kristau praktika aktiboa sustatzea, fedea ekintzetan gauzatzea nahi baitu, ez asmo hutsetan gelditzea.

Helburu horiek lortzeko erabiltzen dituen estrategiak Larramendik aipatutako irizpide guztiak aplikatzean datza. Autoritate-argudioak erabiltzen ditu, Aristoteles, Seneka eta San Tomas bezalako autore klasikoak aipatuz. Aldi berean, simil eta etsenplu ugari baliatzen ditu. Irakurlea hausnarketa pertsonalera bultzatzeko, galdera erretorikoak eta interpelazio zuzenak erabiltzen ditu, helburua ez baita informazioa ematea, baizik eta irakurlearen kontzientzia astintzea. Hizkuntza aldetik, estilo garbi eta ulerterraza darabil, puritas, perspicuitas eta proprietas irizpideei jarraituz, eta horrez gain, ornatus edo apaindura ere baliatzen du.

Axularrek hainbat estrategia erretoriko erabiltzen ditu, eta horien adibide argiak ikus daitezke XXXI. kapituluan, aztertzea egokitu zitzaigun atalean. Lehenik, Argudiatzeko Eredu Eskolastikoa erabiltzen du: bere ideiak indartzeko autoritate desberdinak aipatzen ditu, hala nola poeta klasikoak (Plutarko, Flavio Josefo), Idazki Saindua (Jeremias profeta) eta natura bera (usoaren adibidea). Horrela, diskurtsoari sinesgarritasuna eta sendotasuna ematen dizkio.

Bestetik, hizkuntza eta estiloaren erabilera bikaina da, Larramendiren irizpide erretorikoetan oinarrituta. Puritas, hau da, garbitasuna, euskararen baliabide morfologiko aberatsak erabilita lortzen du. Proprietas eta perspicuitas, egokitasuna eta argitasuna, hitzen aukeraketa zehatzarekin eta egitura logikoarekin gauzatzen ditu. Adibidez, "adimenduaren goibeltzea, iluntzea eta itsutzea" gradazioa zehatz-mehatz erabilita.

Azkenik, ornatus edo apaindura ere erabiltzen du, testua erakargarri eta eraginkor bihurtuz. Copia edo ugaritasuna baliatuz, ideia nagusi bat hainbat ikuspegitatik azaltzen du (Kupido, basa-astoa, usoa, Ziro eta Apama). Gainera, konparazioak, metaforak eta hiperboleak erabiltzen ditu irakurlearengan eragin emozionala sortzeko. Estrategia hauek guztiek Axularren mezua indartu eta irakurlearen kontzientzia astintzea dute helburu.

5. Oihenarten Obrak: Tituluak eta Edukia

Euskal literaturaren lan kanonikoan bi titulu-multzo hauek erabili ohi dira: alde batetik, Les proverbes basques recueillis par le Sr. d'Oihenart, plus les poesies basques du mesme auteur; bestetik, "Atsotitzak eta refrauak" eta "O.ren gaztaroa neurtitzetan". Hori gogoan izanik, erantzun ondoko galdera hauei:

5.1. Titulu-multzoen arteko harremana

Bi titulu-multzo horiek idazle eta obra berari egiten diote erreferentzia. Zehatz, Les proverbes basques recueillis par le Sr. d'Oihenart, plus les poesies basques du mesme auteur Oihenarten obra nagusietako bat da, eta hiru zatiz osatuta dago. Hiru zati horietatik lehenengo bi multzoak "Atsotitzak eta refrauak" eta "O.ren gaztaroa neurtitzetan" dira. Hirugarren multzoa, zati gehigarri bat da, eta "Atsotitzen hurrenkina. Supplement des proverbes basques" izena du.

5.2. Idazlea

Arnaud Oihenart da idazlea.

5.3. Lan horien edukia

Oihenartek bildutako esaera zaharrak eta berak idatzitako poemek osatutako obra da, eta hiru zatiz dago osatuta:

  • Lehenengoa, "Atsotitzak edo refrauak. Proverbes, ou Adages basques" da, eta frantsesez itzulitako 537 atsotitzez dago osatuta.
  • Bigarrena, "O.ren gaztaroa neurtitzetan. La jeunesse d'O. en vers basques" da. Euskara hutsean dauden 22 poesia dira, eta parte bakoitzak frantsesez idatzitako hitzaurre bana du. Lehenengo 16 poemek maitasuna dute gaitzat, baina atzean Joana emaztearen heriotzak eragindako hil-kexua dago, poesia erlijiosoetarako iraganbidea egin zuena. Beste 6 neurtitzak jainkozkoak dira. Horrez gain, maitasunezko poemak bere barne-gogotik sortuak dira; jainkozkoak, ordea, maisutza soilak dira, hau da, besteei eredua eskaintzeko sortuak.
  • Azkenik, zati gehigarri bat dago: "Atsotitzen hurrenkina. Supplement des proverbes basques". Aurreko bi parteen segida gisa, 169 poemaz osatutako obra da. Oihenartek gerorako prest utzi zuen azken orduko gehigarri bat da, eta atsotitzen parte dela esan daiteke.

6. Peru Abarka: Literatura Jasoa eta Herri Literatura

Peru Abarka euskarari buruzko obra da: zenbait elkarrizketa ditu ardatz, eta bilbe bakun batez josiak daude elkarrizketak eta gertakariak, osagarri dituela forma literario batzuk (kantuak, alegiak, errefrauak, latinezko klasikoen itzulpenak...). Juan Antonio Mogelen Peru Abarka lana oso garrantzitsua da euskal literaturaren garapenean, eta bi osagai nagusi batzen ditu: literatura jasoa eta herri literatura. Bi literatur motekin egilearen helburu nagusia betetzen da: euskaldun kultoei, batez ere elizgizonei, erakustea euskara ez dela hizkuntza basa eta trauskila, baizik eta garbia, aberatsa, adierazkorra, eta beraz landu daitekeela. Horretarako, Mogelek bere garaiko solas generoa erabili zuen, Juan Luis Vivesen elkarrizketak eredutzat hartuta.

Literatura jasoa, Peru Abarkan, hainbat ezaugarriren bidez islatzen da. Lehenik eta behin, egilearen asmo pedagogikoa eta filosofikoa nabaria da. Elkarrizketek gai sakonak jorratzen dituzte (hizkuntzaren izaera, hezkuntza, erlijioa, euskara kultuaren aukerak) eta hizkera garatua eta neurtua darabilte. Horren adibide argia da Fr. Pedro eta D. Juan elizgizonen arteko elkarrizketa, non euskarazko liburuak argitaratzearen beharra eta klasiko latindarren itzulpenak eztabaidatzen diren, tonu jasoan eta hizkuntza aberatsez.

Horrez gain, Peru Abarkak gaztelaniazko hitzaurrean eta bukaerako "Nomenclatura de diferentes voces bascongadas" glosategian erakusten du lanak duen itxura zientifiko eta akademikoa. Hiztegigintzarako eta hizkuntza estandarreratzeko ahalegin bat da hori, argi eta garbi literatura jasoko ezaugarrietan kokatzen dena.

Bestalde, herri literatura ere obra osoan zehar presente dago; esaterako, Mogelek baliatzen duen euskararen aberastasuna gehienetan ahozko herri jakintzatik dator. Pertsonaien artean, Peru baserritarra da herri literaturaren transmisioaren ordezkari nagusia: bertsoak, esaera zaharrak, alegiak, kantuak eta erritu herrikoiak darabiltza bere hizketan. Honen adibide, Bigarren elkarrizketaren azterketa egitea egokitu zitzaigun, eta bertan herriko ipuin baten kontakizuna agertzen da, azeria eta txerriarena.

Mogelek, beraz, literatura jasoa eta herri literatura uztartu egiten ditu: jasotasun intelektuala Peruren eta elizgizonen diskurtsoetan agertzen da, eta ahozkotasuna eta herri jakintza eguneroko bizimoduaren deskribapenean eta elkarrizketetan. Maisu Juanek, hasieran euskara trakets eta mespretxuz erabili arren, Peruren eskutik hizkuntza eta kultura herrikoiaren aberastasuna deskubritzen du. Horren bidez, egileak garbi adierazi nahi du herri jakintza ez dela gutxietsia izan behar, baizik eta balio literario eta kultural handikoa dela.

Ondorioz, Peru Abarka lanak bi literatur tradizio uztartzen ditu: literatura jasoa, egilearen prestakuntza akademikotik eta humanismo klasikotik datorrena; eta herri literatura, ahozko transmisioaren bidez belaunaldiz belaunaldi euskaldunen artean hedatu dena. Bi elementu horien arteko uztarketa da lanaren indargune nagusietakoa, eta horregatik bihurtu da Peru Abarka euskal literaturako klasiko funtsezko bat.

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae: Azterketa

Linguae Vasconum Primitiae 1545ean argitaratu zen Baionan. Poesia-bilduma bi osagaik osatzen dute: alde batetik, hitzaurrea, Bernat Leheteri egindako eskaintza, eta bestetik, poema bilduma (15 poemaz osatua), gaiaren arabera banandu daitekeena.

Erlijiozko Poesiak

Erlijioaren inguruan dihardutenak bi dira: Doktrina kristiana eta Judizio jenerala. Judizio jenerala denboren amaierari eta gizateria osoaren judizioari buruzko poema da. Bekatariei zigorra ziurtatuta dago, ez-bekatariei saria.

Amodiozko Olerkiak

Amodiozko olerkiak ondorengo hauek dira: Amorosen gaztiguia, Emazten fabore, Ezkonduien koplak, Amorez errekeiritzia eta Amorasen disputa.

  • Hasteko, Emazten fabore, emazteen aldeko mintzaldia da. Olerki honetan emaztea bertutetsua da, gizona, aldiz, ez. Emazteek egindako lana eta ekarpenak goraipatzen dira. Emaztea da lehenik ama, bizi-emailea, haurra hazten eta hezten duena, etxean denen zerbitzari leiala, etxekandere prestua, eta nola gaitz esan gizonarekin datzalarik gozamenaz oroituz.
  • Bestetik, Ezkonduien koplak lor ezin daitekeen maitasunaz ari da, gizonak maite duen emakumea ezkondua dagoelako. Igorlea maiteminduriko gizona da eta hartzailea Jainkoa. Amodio eta fideltasun faltari buruzko istorioa kontatzen du Etxeparek poema honetan. Horretarako, "gatibu" eta "katiba" terminoak erabiltzen ditu, kondena batean bizi izango balitz bezala, presoa izanik.
  • Jarraitzeko, Amorez errekeiritzia emazte eta gizonaren arteko elkarrizketa bat da (beraz, biak hartzaileak eta igorleak). Gizona maiteminduta dago, baina emakumeak nolabaiteko jarrera axolagabea erakusten du. Gizonak bere sentimenduak oso sutsuki adierazten ditu eta emakumearengatik sufritzen duela eta bere bizitzako maiteena dela dio. Etengabe bere maitasuna erakusten dio eta bera maitatzea eskatzen dio. Emakumeak ez ditu bere sentimenduak azaleratzen, lotsatu egin dela baino ez. Jarrera axolagabea erakusten du.
  • Bukatzeko, Amorasen disputa, gizon baten eta emakume baten arteko elkarrizketa da, eta bien hitzak etengabe tartekatzen dira, eztabaida bat baita (biak hartzaileak eta biak igorleak). Hasieratik ikusten da gizonak emakumea liluratu nahi duela, eta emakumeak jarrera ezkorra duela. Gizonak emakumea mespretxatzen du une oro, bortxatu arte. Gainera, azken hitzetan, emakumeak gizonari deabruetara joateko esaten dio eta honek hitza mozten dio (berak elkarrizketa hasi eta amaitu).

Autobiografikoa

Autobiografikoa gai duen poema bakarra da, Mosen Bernat Etxepareren kantuia. Poeman Etxepare, bidegabeki kartzelatua, bere errugabetasuna aldarrikatzen du eta beste Etxepare bati leporatzen dio benetako errudun izatea. Bere sufrimenduaz hausnartzen du, Jesusekin konparatuz eta Jainkoarengan kontsolamendua bilatuz, benetako epaile bezala ikusten duelarik. Jainkoari eskatzen dio egia azaleratzeko eta kartzelatik bizirik ateratzen uzteko, bere egoeraren faltsukeriak eta bidegabekeria deitoratuz.

Euskararen Laudorioa

Euskararen laudorioaren ingurukoak bi dira: Kontrapas eta Sautrela. Alde batetik, Kontrapas Etxepareren eta euskararen arteko elkarrizketa bat da, euskararen pertsonifikazioa erabiliz. Etxeparek euskararen sustapenaren aldeko aldarrikapena egiten du eta Garaziko herria goraipatzen du, hark eman baitzion euskarari bultzada eta indarra. Bestetik, Sautrela. Bertan, igorlea Etxepare da eta hartzaileak euskaldunak. Euskararen garrantzia nabarmentzen du eta euskararekiko sentimenduak azaltzen ditu, euskara zabaltzea du helburutzat izanik.

Leizarraga eta Etxepare: Gutunen Konparaketa

Berdintasunak

Hasteko, bi gutunetan, hasiera-hasieratik argi geratzen da Leizarragak eta Etxeparek gutunen hartzaileenganako duten miresmena eta errespetua. Hartzaileak goraipatzen dituzte eta, nolabait, euren buruak apaltzen dituzte (euren "zerbitzariak" direla diote).

Argi dago bi idazleak sinestunak zirela, testuetan Jainkoari egiten baitiote erreferentzia eta biek otoitz egiteko garrantzia azpimarratzen baitute. Alde batetik, Etxeparek hainbat poema erlijioso idatzi zituen eta horiek herritar guztiei helarazteko garrantzia adierazten du.

Beste aldetik, Leizarragaren kasuan, askoz argiagoa da katolizismoaren presentzia. Hasteko, Testamentu Berria euskaraz itzultzea oso aukera ona dela dio euskaldunek Jainkoa ezagutu eta laudatzeko eta itzulpen hori Eliza guztietan erabiltzeko.

Jarraitzeko, biek euskaraz idazteko garrantzia azpimarratzen dute. Alde batetik, Etxeparek euskaldunak goraipatzen ditu eta lehenago euskaraz idatzi ez izanak harritzen duela adierazten du, ordurako, hainbat idazle euskaldun baitzeuden, baina frantsesez edo gaztelaniaz soilik idazten zutenak. Leheteri bere poemak inprimatzeko eskatzen dio, euskaraz idatzitako testuak egon daitezen, mundu guztira zabaldu ahal izateko eta jendeak erabili ahal izateko. Bereziki, euskaldunek euren hizkuntzan hitz egiteko, irakurtzeko eta entretenitzeko aukera izatea azpimarratzen du.

Beste aldetik, Leizarragak ere euskaraz idazteko beharrizana aipatzen du. Testamentu Berriaren itzulpenarekin euskaldunek Jainkoaren hitzak ezagutzeko aukera izan dezaten nahi du eta liburu horiek Eliza guztietan erabil daitezen.

Bien kasuan, euskara munduko beste hizkuntzekin alderatuta, hizkuntza gutxitua dela diote eta horregatik, euskaraz idazteko eta inprimatzeko beharrizana nabarmentzen dute.

Azkenik, horren harira, biek haien euskaraz idazteko erraztasun eza edo akatsak aitortzen dituzte. Izan ere, garai hartan ez zegoen euskaraz idazteko araurik edo erreferentziarik eta horregatik, frantsesak eragin handia du bien idazkeretan eta mailegu ugari erabiltzen dituzte.

Ezberdintasunak

Hasteko, argitu beharra dago Etxepare berak sortutako poema sorta bati buruz hitz egiten ari dela eta Leizarraga, ordea, Testamentu Berriaren itzulpenari buruz.

Lehenengoaren kasuan, Etxeparek erabiltzen duen euskara "ignorantziaren araura egina" dela esan ondoren, Leheteri poemak inprimatu baino lehen, irakurri eta zuzentzeko aukera ematen dio.

Leizarragaren kasuan, Joana Albretekoari berak erabilitako hizkuntzan eta egindako akatsetan fijatu beharrean, testuaren osotasunean eta haren balioan zentratzeko eskatzen dio. Ez dio idazkia zuzentzeko proposamenik egiten, aurretik aipatzen duen bezala, Jainkoaren hitzak ezin omen baitira ez aldatu ez ezabatu.

Bukatzeko, beste ezberdintasun bat gutunetan idazleek helburu ezberdinak dituztela adierazten dela da. Etxeparek garrantzia handiagoa ematen dio euskaraz idazteari eta euskara mundura zabaltzeari. Hau da, ordura arte, idazle euskaldunak egon arren, inork ez zuen euskaraz ezer idatzi eta horregatik, euskara ez zen ezaguna beste herrialdeetan eta euskaraz idatz ezin zitekeela uste zen. Etxeparek idazle euskaldunak goraipatzen zituen, baina ez zuen ulertzen nola ez zuten euskaraz ezer idatzi. Horregatik, Leheteri, euskararen babesle zena, bere koplak bidali zizkion, euskaraz inprimatzeko eta mundu osotik zabaltzeko.

Leizarragaren kasuan, euskaraz idazteko garrantzia aipatu arren, batez ere, katolizismoa Euskal Herrian sartzea zen bere helburua. "Baina are gehienik bihotz eman ukan zerautana zen nik nuen esperantza, ezen moien hunez Jainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abantzamendu Euskal Herrian [...]" (Euskaltzaindia, 2015, 315.or).

Momentu horretan, Protestantismoa nagusitu zen eta Leizarragak Bibliaren testua tokiko jendeari euskaraz helaraziko zitzaiola aurreikusi zuen. Beraz, hasieran oso ziur egon ez arren, aukera paregabea ikusi zuen Testamentu Berria euskarara itzultzeko eta gainera, hori egiteko bera pertsona aproposa zela uste zuen. Izan ere, apaiza zen eta Jainkoaren hitzak ondo ezagutzen zituela eta ahalik eta zehatzen itzuliko zituela adierazi zuen, ezer gehitu eta ezabatu gabe.

Axularren Sarrerak: Gomendiozko Karta eta Irakurtzaileari

Gomendiozko Karta

Axularrek Gero liburua Bertrand Etxauz-i eskaini zion. Harekiko mirespena eta harengatik jasotako mesedeak izan ziren Axularrek liburua eskaintzeko eta haren bitartez esker ona agertzeko arrazoi nagusiak. Etxauz 1641ean hil zen, gomendiozko karta idatzi aurretik.

Gomendiozko kartan, lehendabizi gutun-jasotzailearen, Etxauzen, irudikapen laburra egiten du; haren nortasun publikoa nabarmenduz eta bizitzan izan zituen kargu eta erantzukizun gorenak aipatuz (Tourseko artzapezpiku, Frantziako limosnari nagusi edo Elizako kargu garaienaren jabe, Espiritu Santua izeneko Ordenako kide, erregeen kontseilari ospetsu, kardinalgai...). Gomendiozko kartan, estilo erretoriko landua azaltzen da. Sarrera agurra, minbera eta liburuaren gaiarekin naturaltasunez uztartzen duena, adiskidearekiko zorren aitorpen hunkigarria, liburuaren eskaintza familiarra, adiskidearen bertute, ahalmen eta ekimenen gorespen xeratsua, horren guztiaren iturburu den leinuaren laudorioa... adierazten dira.

Irakurtzaileari

Hizketa lau eta argi-zehatzean, irakurleak liburuan zehar aurkituko dituen estualdi, arazo eta gorabehera nagusien berri eman du Axularrek bertan. Axularrek lehen pertsonan agertzen du bere burua irakurtzailearen arreta pizteko, kutsu apalarekin. Konpainia moduko baten presentzia azaltzen da eta idazle-eskola modukoren bat dela ondorioztatzen da, baina konpainia haren ustezko errealitatea eta balio erretorikoa eztabaidatu ohi da. Euskal Literaturaren loraldia pizteko konpainia dela suposatu daiteke. Hala ere, Axularrek berak noizbehinka elkartzen zen hierarkia-talde bat irudikatu nahi zuen, ez idazle-talde antolatu hura.

Axularrek euskaldunen jarrera aztertu nahi du, beti euskarari lotuta eta haien hizkuntza praktikak kritikatuz. Hamaika puntu nagusi jorratzen ditu:

  • Liburuaren gaia ("gero dionak bego dio").
  • Espero dituen irakurleak (guztiei zuzenduta).
  • Idazteko motibazioa.
  • Idazlanaren bigarren zatia kaleratzeko asmoa.
  • Euskalki-aniztasunaren arazoa.
  • Ortografiarena.
  • Euskara-motaren hautua.
  • Hizkuntza prestigioarena.
  • Euskararen garbitasun eternalaren iritzia.
  • Hizkuntzen arteko desberdintasunarena.
  • Itzultzeko zailtasunarena.

Oihenarten Obra eta Poesiaren Azterketa

Oihenarten obra nagusia Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae, tum Aquitanicae (...) da (Paris, 1638). Bertan, Oihenartek bi Euskal Herrien berri ematen du: Iberiakoarena (Hegoaldea) eta Akitaniakoarena (Iparraldea). Horrez gain, lehendabiziko aldiz begiesten da Garona ibaitik Ebroraino doan Euskal Herria. Lan horren bigarren edizioa 1656koa da. 14. kapituluari 3 azpiatal gehitu zitzaizkion, horietako bat "De syllabarum quantitate" izenburupean.

L’art poétique basque

Oihenartek berak bi ikuspuntutatik landu zuen literatura: alderdi praktikotik eta teorikotik. Neurtitzak parekatu zituen eta gutunaren moldera egokitutako pertzeptibari heldu zion. Euskarazko poesiari buruzko gogoeta dela esan daiteke, Oihenartek jarraitu beharreko errima eta neurketa arauak ematen baititu. Euskarazko poesia nola gauzatu behar den idazten du.

I. Erranen duta?

Oihenartek egindako lehenengo olerkia I. Erranen duta? da, Errenazimenduko maitasunaren eredua azalduz. Bertan, lehenengo pertsonaren singularra erabiltzen duenez, igorletzat idazlea, Oihenart, izan daiteke. Hartzailea, Oihenartek maite duen emakumea da, hau da, Joana Erdoirengana. Platonismotik eratorritako maitasuna azaltzen da, hots, emakumeak Oihenart mespretxatzen zuen eta amodioa sentimendu gazi-gozo gisa deskribatzen da. Hala ere, Oihenartek maitasun sentimendua edertasunera hurbiltzeko joera izango du ideala lortzeko desirak bultzaturik.

Euren jarrerari dagokionez, guztiz kontrakoak dira. Gizona emakumeaz maiteminduta dago, baina minduta dago emakumeak entzungor egiten duelako. Lau urtetan zehar berarekin hitz egiteko eta emakumeari gustatzeko ahaleginak egin dituela aitortzen du, baina, berriz ere, emakumeak kasurik egiten ez diola adierazten du. Gainera, etengabe emakumearen maitasunaren eske dagoenez, marrantaturik dagoela dio eta gizonak duen min guztia emakumearekin gurutzatzen denean soilik kentzen dela azaltzen du.

IV. Maitalearen gal kexua

Oihenartek onarpen-truke hutseko ezkontza bati buruzko kritika egiten du IV. Maitalearen gal kexua-n. Emakumearen rola neskato ederra eta prestua izatea zen, bere senarra zerbitzatzeko eta hitzarmenezko ezkontza onartzeko prest.

Onarpen-trukezko ezkontzaren aurka, Oihenartek hala ezkontzen denaren senarrak desleialtasuna merezi duela dio, hau da, "adarrak" jasotzea. Oihenart emakume ezkondu bati erreguka ari da bere maitasuna adierazteko asmoz, baina bien arteko harreman sentimentalak sekretua izan behar duela dirudi.

XIII. Joanaren betegintzarrean

XIII. Joanaren betegintzarrean Errenazimenduko olerkien ezaugarriak nabarmen berragertzen dira: dama maitatuaren perfekzioa, dela morala (prestu, ber-zuhurtzia...), dela intelektuala (mintzatze ederretako, espiritu are hobetako...), edota fisikoa ere bai. Errenazimenduko olerkigintzak damaren eredu ideala biltzen du: "la donna angelicata" delakoa. Dama era arketipiko baten arabera - "descriptio puellae" - deskribatzen du: gerria, bekokia, begiak, ile horia…

XVI. Nahiz ez begi gauaz ilargi

Oihenartek enarak erabiltzen ditu sinbolo gisa maitasuna azaltzeko, izan ere, animalia fidel horiek bizitza osoan zehar elkarrekin daude. Enarak haien bikotekidearekiko arduratsuak izan omen dira heriotzaraino arte eta, hortaz, hegaztien irudia baliagarria da maitasunaren hasierako ahultasuna eta amaierako indarra aurkezteko. Enarak txori txiki eta ahulak badira ere, bikotekidearekin egoteak indartsuak eta alaiak bihurtzen ditu. Suaren irudia maitalearen diligentzia eta beroaren irudia izan daiteke, enarak haien bikotekidearekin egotean sentitzen dutena. XVI. Nahiz ez begi gauaz ilargi poeman maitasunaren ezaugarri horiek guztiak azpimarratzen ditu.

XVII. Ezkontidearen hil-kexua

Aipagarria da Errenazimenduko garaian emaztearen heriotza goiztiarra gai topikoa izan zela. XVII. Ezkontidearen hil-kexua olerki pertsonala da, Oihenartek Joana emaztearen heriotzak eragin dizkion sentimendu biziak aitortzen ditu eta Febo Jainkoari eta musei aipamena egiten die bere trebetasun poetikoaz baliaturik. Oihenartek musenganako kexua bidaltzen du poema honetan. Horregatik esan dezakegu, Oihenart igorle gisa dagoela eta musak hartzaile gisa. Oihenartek dio bizi osoa pasa duela musen esklabu eta orain, Joanaren heriotzarekin berak zituen ilusio guztiak zapuztu dizkiote. Joana emazteak bere bizitzan zuen garrantzia azpimarratzen du eta heriotza goiztiarra bidezkoa ez dela leporatzen die musei.

Entradas relacionadas: