Euskal Literaturako Idazle Nagusiak: Lauaxeta eta Orixe
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,15 KB
“Lauaxeta” Esteban Urkiaga (1905-1937), laukiztarra
Ikaskide batzuek bultzatu zuten euskaraz idaztera. 1928an, Orixerekin batera, Euzkadi egunkariko euskal orrian lan egin zuen. Aurki, sailaren arduradun egin zuten, eta eginkizun horretan iraun zuen 1934ra arte. Asko nabarmendu zen Errepublika garaian kazetari eta hizlari gisa.
1937ko apirilaren amaieran atxilotu zuten Gernikan, Gasteizera eraman eta bertan fusilatu zuten ekainaren 26an.
Kazetaritza eta Antzerkia
Ugari idatzi zuen. Egunkarirako ia egunero moldatzen zuen lanen bat prosaz. Lan hauetako batzuk bildu zituen Jon Kortazarrek: Azalpenak (1931-1935) (1982). Antzerki lan laburrak ere moldatu zituen.
Olerkigintza: Estiloaren Bilakaera
Literatura arloan, olerkigintzak ezagutarazi zuen batez ere. Lehen Olerki Eguneko saria irabazi, eta laster kaleratu zen bere lehen poema bilduma:
- Bide Barrijak (1931)
- Arrats Beran (1935)
Hauetaz gain, aipatzekoak dira, heriotzaren zain zegoela, Gasteizko kartzelan idatzi zituen bertso hunkigarriak.
1. Bide Barrijak (1931)
Lehenengoan, izenburutik hasita, euskal baratzean landu gabeko lur berriak urratu nahi ditu. Poesian, Europatik datozen azken modu eta modak etxeratu nahian dabil. Gehiegitxo igartzen zaio batzuetan. Verlaine, Baudelaire, Mallarmé eta beste hainbat poeta irakurri dituela ezagun da, baina ez du oraindik bere bide propiorik aurkitu.
2. Arrats Beran (1935)
Bigarrenean, ostera, iturri herritarragoetatik edaten du, momentu hartako kezka eta amets politikoak kanporatzen saiatzen da, dagoeneko Aitzolek markatzen diharduen ildotik, beharbada.
“Orixe” Nikolas Ormaetxea (1888-1961), Orexakoa
1923tik 1931ra Bilbon aritu zen lanean, sortu berria zen Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, atxilotu eta Iruñean eduki zuten preso; gero Iparraldera eta Akitania aldera ihes egin zuen. Han Bigarren Mundu Gerrako arazoak sufritzea tokatu zitzaion.
Ameriketan zehar ibili zen 1950-1954 bitartean, Euzko Gogoa aldizkariaren sorreran parte hartuz.
Prosa, Itzulpenak eta Poesia
Era askotara, gai ezberdinei buruz, euskaraz gehienbat, idatzi zuen. Prosaz lan anitz utzi zigun, esate baterako, Santa Cruz apaiza (1929).
Itzulpenetan maisu izan genuen: esate baterako, F. Mistralen Mireio (1930).
Poesian ere bere garaiko idazlerik oparoenetarikoa dugu. Liburuetan eta aldizkari askotan sakabanaturik zegoen Orixeren poesiagintza 1972ko Euskaldunak eta olerki guziak izeneko bildumak jaso zuen.
Harrera Kritikoa
Olerkarien belaunaldiaren barruan ez zen nonbait goratuena, liskarrak eduki baitzituen orduko kritiko ofiziala zen Aitzolekin. Hala ere, 1950etik 1960rako epean askok euskarak eman duen idazle bikainena iritzi zioten. Lizardi eta, batez ere, Lauaxeta bezala, gizon jantzia zen Orixe. Badirudi, ordea, Orixeren poesia mistiko eta barnekoia gero eta estimatuagoa dela.