Euskal literatura eta hizkuntzaren rola: eredu postnazionala

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,94 KB

Eredu nazionalaren ikuspegia

Eredu nazionalaren arabera idatzitako literaturaren historian, hizkuntzak funtsezko garrantzia du. Ikuspegi horrek dio literatura nazio baten adierazpen nagusia dela, eta hizkuntza nazio horren arima edo espirituaren isla. Horregatik, literaturaren historia hizkuntza bakar batean idatzitako lanen bilakaera gisa kontatzen da, eta hizkuntzaren garapena nazioaren garapenarekin parekatzen da. Gainera, literatura beti hobetzen doan prozesu gisa aurkezten da, nazioaren heldutasuna helburu balu bezala.

Kanonak eta bazterketak

Ikuspegi horretan, hizkuntza identitate nazionalaren oinarri nagusia da, eta literatura nazioa bateratzeko tresnatzat hartzen da. Aldi berean, kanon literario bat sortzen da, eta balio estetikoa duten testuak bakarrik onartzen dira. Horren ondorioz, ahoztutakoak edo baztertuak geratzen dira ahozko literatura, testu erlijiosoak edo didaktikoak, nahiz eta euskal literaturan garrantzitsuak izan. Gainera, instituzioek (eskola, akademiak, argitaletxeak…) hizkuntza nagusian idatzitakoa lehenesten dute, eta horrek botere-desoreka sortzen du.

Euskal literaturaren ondorioak

Euskal literaturaren kasuan, honek ondorio handiak izan ditu. Batetik, euskaraz idatzitakoa soilik kontuan hartzeak irudi partziala eman du, euskaldunek beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak kanpoan utzita. Bestetik, ez da behar bezala kontuan hartu euskararen egoera historikoa: diglosia eta zapalkuntza. Horregatik, euskal literatura berandu eta ahul agertzen da historian.

Klasikoak eta aniztasuna

Gainera, ikuspegi honek gaur egungo literatura gehiegi baloratzen du, eta iraganari garrantzia kentzen dio. Horrek zaildu egiten du klasikoak baloratzea, eta aniztasuna lausotzen du: euskalkiak, emakumeen ahotsak, ahozko tradizioa edo genero baztertuak bigarren planoan uzten dira.

Birpentsatzeko beharra

Horregatik, hainbat ikerlarik (Casenavek eta batez ere Gabilondok) eredu hori birpentsatzeko beharra azpimarratu dute, euskal literaturaren historia gatazka linguistiko, sozial eta kulturalen emaitza gisa ulertzeko.

Laburpen kritikoa

Laburbilduz, hizkuntzari emandako lehentasun absolutuak euskal literaturaren historia gehiegi sinplifikatu du. Gaur egun, gero eta argiago dago hizkuntza beste faktore batzuekin batera aztertu behar dela: boterea, instituzioak, diglosia eta baztertutako ahotsak kontuan hartuz.

Eredu postnazionala

Eredu postnazionalaren ikuspegiak ez du literaturaren historia hizkuntza bakar baten arabera kontatzen, eredu nazionalak egiten zuen bezala. Eredu nazionalean, hizkuntza nazioaren ardatz nagusia zen, eta literatura hizkuntza horretan idatzitako obren bilakaera gisa ikusten zen. Baina ikuspegi postnazionalean, hizkuntza ez da nazioaren adierazpen homogeneoa; gatazka sozialek, botere-harremanek eta testuinguru historikoek baldintzatuta dago. Horregatik, literaturaren historia ezin da hizkuntza bakar batean oinarritu.

Hizkuntzari emandako tratamendu berria

Hizkuntzari ematen zaion tratamendu berriak arrazoi batzuk ditu:

  • Lehenik, euskal gizartea beti izan da diglosikoa. Euskarak historian hizkuntza gutxitua eta erabilera-eremu mugatua izan du, eta eliteek sarritan gaztelania, frantsesa edo latinez idatzi dute. Horregatik, euskarazko testuak bakarrik kontuan hartzeak historia partzial eta ideologizatua sortzen du. Gabilondok uste du euskal literatura ezin dela hizkuntza bakarrean ulertu, baizik eta hizkuntzen arteko talka eta diglosiaren emaitza gisa.
  • Bigarrenik, eredu postnazionalak kritikatzen du eredu nazionalaren ikuspegi teleologikoa eta filologikoa. Eredu nazionalak literatura etengabeko hobekuntza gisa aurkezten du, nazioaren “heldutasunera” iritsi arte, baina horrek ezkutatzen ditu gizarte-gatazkak, zapalkuntza linguistikoa eta subalternoen ahotsak. Hizkuntza ez da nazioaren espirituaren isla bakarra; kontrol sozialerako, diziplinarako eta boterea egituratzeko tresna ere bada, adibidez euskarazko testu erlijiosoetan edo didaktikoetan.
  • Hirugarrenik, eredu postnazionalak azpimarratzen du hizkuntzaren dimentsio geopolitikoa eta biopolitikoa. Hizkuntza ez da soilik komunikazio-bide bat; inperialismoen, kolonialismoaren eta botere-egituren barruan dago. Euskal literatura ezin da ulertu Espainiako eta Frantziako inperialismoaren testuingurutik kanpo, ezta Atlantikoko eta diasporako esperientzietatik aparte ere. Horregatik, hizkuntza bakarrean oinarritutako eurozentrismoaren ordez, historia transozeaniko eta diasporikoa proposatzen da.

Ondorioak postnazionalean

Hizkuntzaren tratamendu horrek ondorio sakonak ditu euskal literaturaren historia postnazionalean:

Literaturaren korpusa zabaltzea

Literaturaren korpusa zabaltzen da: euskarazko testuez gain, euskal gizarteak beste hizkuntza batzuetan sortutako testuak ere barneratzen dira, guztiak testuinguru historiko eta sozial berean.

Ahozko eta bestelako testuen aitortza

Ahozko literatura, testu erlijiosoak, apologismoak eta funtzio praktikoa duten idazkiak literaturaren historiaren parte dira, ez estetika hutsetik, baizik eta gatazka sozial eta linguistikoen adierazpen gisa.

Subalternoen kokapena

Historia postnazionalak euskal literatura subalternoen historian kokatzen du: euskara herri xeheari lotutako hizkuntza izan da, eta eliteek beste hizkuntza batzuen alde egindako hautuak agerian uzten ditu. Horrek aukera ematen du generoaren, klasearen eta sexualitatearen eraikuntza historikoa aztertzeko, baita emakumeen ahotsaren desagerpena edo euskararen feminizazio sinbolikoa ulertzeko.

Entradas relacionadas: