Euskal Literatura: Eredu Nazionaletik Postnazionalera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,72 KB

1.1. Eredu nazionala eta hizkuntzaren faktorea

Hutcheonen arabera, eredu nazionalak historia literarioa modu idealizatuan kontatzeko joera du. Nazioa subjektu bakar, homogeneo eta egonkor gisa aurkezten da, eta literaturak nazio horren identitatea indartzeko funtzioa betetzen du. Gatazkak, porrotak eta barne-desberdintasunak bigarren planoan uzten dira, eta lorpenak nahiz balio positiboak azpimarratzen dira.

Eredu nazionalean, hizkuntza nazioaren oinarri nagusietako bat da. Nazio bakoitzari hizkuntza bakarra dagokiola ulertzen da, eta literatura hizkuntza horretan idatzitakoa baino ez da kontuan hartzen. Ondorioz, beste hizkuntzak baztertuta geratzen dira, eta hizkuntza gutxituetan sortutako literaturak bigarren mailan kokatzen dira.

Hizkuntza lurralde jakin bati lotzen zaio, normalean nazio-estatuari. Literaturaren historia nazio-estatuaren mugen barruan antolatzen da, eta estaturik gabeko nazioak edo lurralde zatituak arazo gisa agertzen dira. Eredu honek ez du ondo kudeatzen nazio-estaturik ez duten komunitateen errealitatea. Literatura nazioaren ispilu gisa ulertzen da, eta identitate nazional “egokia” irudikatzen duten obrak lehenesten dira. Horrek kanon itxia sortzen du, eta nazioaren irudi idealarekin bat ez datozen lanak baztertu edo gutxietsi egiten dira.

Eredu nazionalak ondorio argiak izan ditu euskal literaturaren historian. Euskal Herriak ez du nazio-estatu propiorik, lurraldea zatituta dago, eta euskara ez da estatu-hizkuntza. Diglosia-egoera horretan, euskarari aurreiritziak lotu zitzaizkion, eta idazle askok gaztelaniaz edo frantsesez idaztea aukeratu zuten. Horrek euskarazko literaturaren garapena moteldu eta historiografia literarioan bazterketa eragin zuen.

1.2. Eredu postnazionala eta ikuspegi kritikoa

Lehenik eta behin, eredu postnazionalak eredu nazionala zalantzan jartzen du, azken honek literatura nazio-estatu baten ikuspegitik eraikitzen duelako. Gabilondoren arabera, euskal literaturaren historia ezin da historia nazionalista izan, Euskal Herriak ez duelako estatu propiorik, ezta subjektu nazional bakar eta homogeneorik ere. Horregatik, eredu postnazionalak ikuspegi kritikoago eta errealagoa proposatzen du, diferentziak, gatazkak eta botere-harremanak kontuan hartzen dituena.

Hizkuntzaren faktoreari dagokionez, Gabilondok azpimarratzen du akats handia dela euskaraz idatzitakoa bakarrik kontuan hartzea. Euskal literaturaren historian egoera diglosikoa egon da, eta horren ondorioz euskaldunek hizkuntza askotan idatzi behar izan dute, hala nola:

  • Euskaraz
  • Gaztelaniaz
  • Latinez

Horregatik, euskal literaturaren historia ezin da hizkuntza bakarrean eraiki hizkuntzen arteko harremanak eta desorekak kontuan hartu gabe. Diglosia horretan, hizkuntzek funtzio desberdinak izan dituzte. Hasieran, erromantzeak eliteekin eta boterearekin lotzen ziren, eta euskara, berriz, herri xehearen hizkuntza izan da, talde subalternoen adierazpidea. Horrek eragin zuzena izan du literaturan: bai zer hizkuntzatan idazten zen, bai zer helbururekin. Euskarazko literatura askotan erlijioarekin lotu da, gizarteko eremu subalternoak diziplinatzeko tresna gisa erabiliz.

Lurraldeari eta nazioari dagokienez, eredu postnazionalak ez du literatura lurralde edo nazio bakar eta itxi baten barruan ulertzen. Euskal Herria lurralde zatitua da, eta horrek literaturaren historia ere zatitua eta konplexua bihurtzen du. Horregatik, ezin da euskal literatura nazio-estatu baten logikatik azaldu, baizik eta testuinguru historiko eta sozial desberdinetan kokatutako literaturen multzo gisa.

Azkenik, literaturaren faktoreari dagokionez, eredu postnazionalak proposatzen du euskal literaturaren historia gatazka sozial baten historia gisa ulertzea. Euskarazko zein erdarazko testuak batera aztertzeak aukera ematen du zapalketa soziala eta historikoa bere osotasunean ikusteko. Ondorioz, eredu postnazionalak euskal literaturaren historia kritikoagoa eraikitzeko aukera ematen du, non hizkuntza-hautuak, botere-harremanak eta gizarte-gatazkak agerian geratzen diren.

2.1. Artzaintzaren irudikapena hiru lanetan

Irakasgaian landutako hiru lanetan artzaintza agertzen da, baina ikuspegi, funtzio eta esanahi oso desberdinekin. Lan bakoitza testuinguru historiko eta ideologiko jakin bati lotutako irudi sinbolikoa da.

Garoa: Euskal nortasunaren oinarri idealizatua

Garoa XX. mendeko euskal abertzaletasun literarioaren adibide argia da. Eleberrian Euskal Herria irudi idealizatu gisa aurkezten da, mendia, baserria eta artzaintza euskal nortasunaren oinarri gisa kokatuz. Txomin Agirrek modernitatea eleberritik kanpo uzten du. Alegia, gaztelania, industria eta hiria ez dira euskal munduaren parte gisa agertzen, baizik eta kanpoko elementu arrotz gisa. Horrela, aldaketen aurrean, eleberriak euskal bizimodu tradizionala aldarrikatzen du, artzaina eta baserria nazioaren sinbolo ideal gisa aurkeztuz.

%100 Basque: Irudi ironikoa eta kritikoa

Aldiz, %100 Basque liburuan, Itxaro Bordak artzain idiliko horren irudiarekin apurtzen du, eta artzaintza irudi ironiko eta kritiko baten bidez agertzen da. Liburu honetan agertzen diren artzainak ez dira Garoa-ko Joanesen antzekoak; pertsona arruntek izan ditzaketen arazoak pairatzen dituzte. Artzain bik alkoholarekin arazoak dituzte eta beste batek emakumearekiko duen harremana ez da onargarria. Gainera, paradoxikoa da artzain hauen izena Joanes izatea. Agian, Itxaro Bordak konparazio zuzena egin nahi du Garoa-ko Joanes artzainarekin.

Obabakoak: Memoria eta subjektibotasuna

Obabakoak lanean, Bernardo Atxagak artzaintza ez du Garoa-n bezala euskal identitatearen oinarri moral eta ideologiko gisa aurkezten. Obaba landa-inguruneko espazioa bada ere, ez da komunitate idealizatua. Artzaintza, baserria eta bizimodu tradizionala istorioen parte dira, baina ez dira euskal nortasunaren berme finko gisa agertzen. Lan honetan, artzaintzari loturiko irudiak pertsonaien oroimenaren eta kontakizunen bidez eraikitzen dira. Horregatik, ez dira egia absolutuak, baizik eta ikuspegi subjektiboak. Artzaintza ez da balio moral sendo baten sinbolo, baizik eta iraganari eta memoriari lotutako elementu narratiboa.

2.2. Interpretazioa ikuspegi postnazionaletik

Literaturaren historia ikuspegi postnazionaletik ulertuz gero, artzaintzaren irudikapena ezin da nazioaren ikur bakar eta idealizatu gisa interpretatu. Gabilondoren arabera, euskal literaturaren historia ez da subjektu nazional bakar eta homogeneo baten adierazpena izan behar, baizik eta diferentzietan, gatazketan eta botere-harremanetan oinarritutako historia.

  • Garoa: Joanes artzainaren irudia eredu nazionalarekin lotzen da. Artzaina euskal nortasunaren sinbolo perfektu eta eredugarri gisa aurkezten da, identitate bakar eta itxia eraikiz. Ikuspegi postnazionaletik, irudi hori problematikoa da, kontraesanak ezkutatzen dituelako.
  • Obabakoak: Artzaintza oroimenarekin eta subjektibotasunarekin lotzen da. Ez du egia bakarra adierazten, baizik eta identitatea nola kontatzen eta berreraikitzen den erakusten du, ikuspegi postnazionalarekin bat eginez.
  • %100 Basque: Artzaintza modu deseraikian agertzen da. Artzainak ez dira idealak; kontraesanak, arazoak eta botere-harremanak agerian uzten dira. Horrela, artzaintza gatazka sozialen espazio bihurtzen da.

Ondorioz, ikuspegi postnazionaletik, artzaintzak ez du euskal identitate bakar eta homogeneoa adierazten; aitzitik, euskal literaturaren barruko aniztasuna, diglosia eta gizarte-gatazkak ikusarazteko baliabide narratiboa da.

Entradas relacionadas: