Euskal Kultur Erakundeak Gerra Aurrean

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,63 KB

Eusko Ikaskuntza

Gerra aurrean moldaturiko euskal kultura-erakundeen artean Eusko Ikaskuntza dugu famatuena, zalantzarik gabe. Pentsakera ezberdineko hainbat euskalzalek sortu zuten Oñatin. Euskal munduari dagozkion gaiak ikertzea hartu zuen helburu nagusitzat, eta 1936ko gatazkak ekarri zion etenaldira arte hainbat asmo burutu eta ikasketa ugari bideratu zituen.

Irakaskuntza eta hezkuntza

Elkarte honen kezketako bat irakaskuntza zenez, ahalegin handiak egin zituen arlo horretan denbora laburrean. Besteren artean, honako ekimenak burutu zituen:

  • Sortu berriak ziren ikastoletarako ikasliburuak egin.
  • Euskal gaiei buruzko Udako Ikastaroak eratu.
  • Euskal Unibertsitaterako aurreproiektua taxutu.

Gerraostea

Gerraren ondorioz, ez zuen Hego Euskal Herrian jarraitzerik izan. Iparraldean, ordea, Jose Migel Barandiaranen eraginez bereziki, beste hiru biltzar egin ziren. Dena den, ez zen antzinako indarrik berreskuratzen hasi.

Euskaltzaindia

Euskaldunen artean aspaldiko ametsa genuen gure hizkuntzaz arduratuko zen antolamenduren bat sortzea. Zenbait saiok porrot egin zuten, baina azkenean Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko biltzarrean Euskararen Akademia bat eratzea erabaki zen. Lehenengo euskaltzainburua Azkue abade lekeitiarra izan zen. Gerraostean, nahiz eta erabat debekatuta ez izan, eragozpen handiak jasan behar izan zituen erakunde honek ere.

Euskararen batasuna

Sorreratik, Euskaltzaindiaren xederik garrantzitsuenetakoa euskararen batasuna izan zen. Alabaina, gerra aurreko zenbait euskaltzainen iritzi garbizaleek ez zuten hartarako bidea errazten. 1968an heldu zion ofizialki Akademiak batasunaren auziari.

Euskaltzaleak

1926an, Elgoibarko euskal jai batean bildu zen taldetxo batek hurrengo urtean I. Euskararen Eguna eratu zuen Arrasaten. Ospakizun horretara garai hartako euskal idazle eta kulturgile gehienak joan ziren, eta euskararen aldeko talde berri bat sortzeko biltzarra egin zuten. Honela jaio zen Euskaltzaleak elkartea.

1931tik aurrera egoera politiko berriak piztu zituen itxaropen eta ilusioek susperturik, ekintza interesgarri ugari egin zituzten euskal kulturaren esparruan.

Ekimen nagusiak

Euskara hutsezko egunkaria plazaratzea izan zen Euskaltzaleak erakundeko bazkide porrokatuenetako baten ametsa, Lizardirena. Hartarako plangintza serio samarra gauzatu zen, zoritxarrez Lizardiren heriotza goiztiarrak eta gerraren etorrerak hondatu zutena.

Orduko ekimen gehienetan agertzen zaigun beste eragile nekaezin bat Jose Ariztimuño “Aitzol” dugu. Olerti Egunen bitartez euskarazko poesiari norabide berria eman zitzaion.

Txomin Agirre eta bere obra

Ondarroan jaioa genuen Txomin Agirre. Azkueren ikaskide eta adiskide izan zen, eta hura bezala abade. Euskarazko eleberriak lantzea hartu zuen helburutzat. Hiru nobela utzi zizkigun:

  • Auñamendiko lorea (bizkaieraz idatzita)
  • Kresala (bizkaieraz idatzita)
  • Garoa (gipuzkeraz idatzita)

Nobelen azterketa laburra

Auñamendiko lorea nobela historikoaren argumentua VII. mendean kokatzen da, Euskal Herria kristautzen hasi zen garaian.

Garoa, euskal nekazaritza eta artzaintzari eskainitako eleberria dugu: ia obra guztia Zabaletako Joanes artzain baserritarrak betetzen du. Euskaldunaren eredu idealizatua izanik, pertsonaia literario moduan sinesgarritasuna falta zaio. Bigarren mailako protagonistak erakargarriagoak dira.

Entradas relacionadas: