Euskal Idazleen Antologia: Elizanburu eta Duvoisin
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,84 KB
Maria Solt eta Kastero, Jean Baptiste Elizanburu
Obrak: — Maria Solt eta Kastero — Bi ahizpak
Jean Baptiste Elizanburu (Sara, 1828 - 1891) izan daiteke, beharbada, XIX. mende osoko euskal olerkaririk handiena, sorkuntza-lanen kalitate nahiz aniztasunagatik. Bere produkzioa ez da bereziki zabala, ordea: Piarres Adame kontakizuna eta hogeitik gora bertso-sorta, denak ere nabarmenak.
Elizanburu militarra izan zen Frantziako armadan; kapitain kargua izatera iritsi zen bertan eta gero sorterrira erretiratu, non epaile izan baitzen aurrerantzean. Errepublikazalea zen, ezkertiarra, garaiko banaketa politikoaren arabera behin eta berriz errepikatu ohi diren topiko oker batzuk baztertzeko: bata, ezkertiarrak euskararen kontrako etsaiak zirela, bigarrena, errepublikazaleak aurrerakoi eta progresistak zirela, foruzaleak atzerakoi eta elizkoiak ziren.
Italiako Iparraldeko txoko bat da Solferino, historiara zoritxarreko gudaldi bat dela eta pasatu dena: austriarrak eta frantziarrak borrokatu ziren bertan 1859an, Europa kontrolatu nahian, eta milaka izan ziren alde bietako hildako nahiz zaurituak. Han bista galduriko baten negarra da «Solferinoko itsua», eta bertan errepikapenaren, gehiketaren eta modulazioaren bidez gai bera nola aberastuz eta biribilduz doan ikus dezakegu.
«Gazte hiltzera doana» ere aurrekoa bezain olerki hunkigarria da; konparazioaren baliabidea nabarmentzen da hemen (lore, erripa, ur xirripa...). «Ikusten duzu goizean» osorik ematen dizugu, laborariak egiten duen ondasunen deskribapen eta zenbaketa xehe horrek ezin hobeto adierazten baitu lehen aipatu dugun kontserbadurismo ideologikoa, hala nola jabegoaren garrantzia; ahantzi gabe, noski, bertsoen ederra eta ongi josia.
«Iragan besta biharamunean» jai giroko poema da guztiz: alaia, jostalaria, trufazkoa; hizkuntza ere araberakoa: bizi-bizia, azkarra, kontalariaren eta pertsonaien jardunak txandakatuz.
Piarres Adame, prosazko lan bakarra
Prosan, berriz, euskal narratibagintza baten jaiotzan beste pauso bat da Elizanburuk eman zuena. Prosaz idazlan bakarra ondu zuen, Piarres Adame, 1888an Pauen argitaratua. Piarres Adame pertsonaia saratar guztiz alai, umore oneko eta kontalari aparta da bertako protagonista; mutiko batekin elkartu da Saratik Oletara bidean, eta horri kontatuko dizkio zenbait ixtorio. Horixe da liburuaren mamia, eta, ixtorioak elkarren artean loturarik gabeak diren arren, bere osotasunean nobela laburtzat ere jo genezake obra xume eta jostagarri hau.
Hizkuntza azkar eta herrikoia darabil Elizanburuk, eliza-liburuetan ohi dena baino biziagoa eta narratibarako egokiagoa dudarik gabe.
Jean Duvoisin
Obrak: — Maria — Eskualduna
Jean Duvoisin Ainhoan jaio zen 1810ean, Ezpeletan hazi eta Ziburun hil 1891n. Ikasle nahasi samarra omen zen, baina bizkorra eta oso irakurzalea. Zein karrera ikasiko erabaki gabe zegoela, aita hil zitzaion eta mugazain sartu zen, aita bezala; kapitain izateraino iritsi zen bertan, eta euskarazko gauzak idazten saiatzen zen aisialdietan. Hala ere, aldaketa handia izan zuen bere bizitzak 1856an, Abadiaren bitartez, Bonaparte printzea ezagutu zuenetik.
Luis Luziano Bonaparte, Napoleon enperadorearen iloba, jakinmin zientifikoz jarri zen euskararekin harremanetan, baina interes bizia sortu zitzaion gero, eta euskal lan asko egin eta argitaratu ziren berari esker. dialektologia aztertu nahi zuen euskalkien lehenengo sailkapen osoa eta mapa ederra lortu. Euskalkiak aztertzeko bere sistema, hango eta hemengo euskaldunei Bibliako zati jakinen itzulpenak eginaraztea izaten zuen, gero konparazioak egiteko. Kolaboratzaile estu batzuk ere izan zituen, lan bereziak agintzen zizkienak; horietan lehena izan zen Duvoisin.
Bonapartek ordainduta, mugazaintzako lana utzi eta Biblia osorik itzultzeari ekin zion Duvoisinek: sei urte eman zituen horretan, eta 1865ean argitaratu zen Londresen Bible Saindua, liburu honen lehen itzulpen osoa euskaraz, prosa landu eta eder baten eredua, Duvoisinek sortu zuen guztia bezala.
Laborantzako liburua eta beste lan batzuk
Beste itzulpen batzuk ere egin zituen, baita sorkuntza-lan batzuk ere. Horien artean ezagunena, Laborantzako liburua (1858), aita-semeen arteko solasaldi batzuk nekazaritzari buruz . Hala ere, hainbat idazlan argitaratu gabe utzi behar izan zituen.
Baigorriko zazpi liliak du izena liburuak, eta duela gutxi argitaratu zuen lehenengoz Juan San Martinek; harrigarria da horrelako lan bat ezkutuan eta galdurik egotea, nobela dela esan dezakegu ipuin sorta bat, ahozko literaturako kontakizun batzuk, baina marko narratibo orokor batean sartuta; marko horrek lotzen ditu hasiera, bukaera eta erdiko osagai guztiak, liburuari batasuna eta egitura sendoa emanez.
Obrak: — Telemakoren abenturak — Orreaga