Euskal Herriko Paisaien Analisia: Osagaiak, Egitura eta Funtzioak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 8,96 KB
Euskal Herriko Paisaien Analisia
Paisaiaren osagaiak hiru alderditan sailka daitezke: abiotikoak, biotikoak eta antropikoak.
1. Toloño Mendilerroa (Kantabria)
Osagaiak eta Egitura
Osagai abiotikoak labarrean eta mendi-hegaletan agertzen dira, non ingurune naturala nagusi den, hala nola arroka eta klima faktoreak. Osagai biotikoak goi-ordokian eta mendilerroetan aurkitzen dira, baso orbanetan; eta osagai antropikoak, berriz, nekazaritza orbanetan, landa-guneetan, errepideetan, partzela-pistetan eta baso-landaketetan.
Mendi-erliebea luzea, mendilerroa eta malda handikoa da. Isurialdeetan disimetria nabarmena da: ezkerrean edo hegoaldean, labar bertikalak eta malda handiko ezponda ikus daitezke; eskuinaldeko isurialdea, berriz, inklinatuta dago. Toloño mendilerroa da, Kantabria bezala ere ezaguna. Erliebe altxatua eta deformatua da, Alpeetako orogenesiaren ondorioz sortua. Kareharrizko labarrek osatzen dute mendilerroa. Haren oinetan, mendi-mazelako metaketa bat dago, iraganeko aldi hotzagoak adierazten dituena. Atzealdean, Ebroko sakonunea eta Iberiar Sistema bezalako beste erliebe garrantzitsu batzuk bereizten dira.
Mendi-hegaletan hosto erorkorreko basoak daude (altueragatik pagadiak), eta lurzoru gutxiago dagoen lekuetan, berriz, arte-orbanak eta ezpel-sastrakak. Azken hau ingurune lehorren eta negu hotzen adierazle da. Mendi-magalaren eremu baxuetan, aldiz, laboreak ikus daitezke, nekazaritza-jarduera adieraziz.
Ez da ur-gorputzik ikusten. Kareharrizko tontorraldean, karstifikazio-prozesuek lagunduta iragazten da ura.
Funtzioak eta Balioa
Eremu malkartsuan funtzioa naturala da. Pagobasoek landa-eremuko funtzioa ere izan dezakete, basogintza; mendilerroaren oinean eta haranaren hondoan, berriz, nekazaritza-paisaiak ikus daitezke.
Paisaiaren ezaugarri topografikoak, kokalekua eta koloreak eta testurak direla-eta, ikus-mugarria da lurraldean. Altitudeak eta maldak bere izaera naturala mantentzen lagundu dute, beraz, bere balio ekologikoa ere handia da. Pantaila orografiko gisa, hodeiak eratzea eta ura prezipitatzea errazten du. Ur iragaztu hoiek gainustiatu behar ez diren akuiferoak elikatzen dituzte. Beraz, paisaia kontserbatu behar den eremu gisa dela kontuan hartu behar da eta babes-figuraren batek babestu beharko luke.
2. Arabako Mendialdea / Hego-ekialdeko Haranak eta Mendilerroak
Osagaiak eta Egitura
Osagaiak: abiotikoa irtengune harritsuetan, biotikoa larre eta zuhaitz sakabanatuetan, antropikoa artzaintza eraikinetan.
Meseta formako mendiko erliebea da. Arabako Mendialdea edo Hego-ekialdeko haran eta mendilerroen unitatea dela ondorioztatu dezakegu. Erliebean ez da deformazio tektonikorik ikusten, ez tolesturarik ez failarik. Atzealdean, Urbasa-Trebiñu-Miranda labarrak ikusten dira. Argazkia Toloño edo Kantabria mendilerrotik hartuta dago. Modelatze-formei dagokienez, ibai-modelatze bat ikusten da. Laboreen arteko zuhaixka-landaredian erreparatuz Ega ibaiaren ibilbidea susmatzen da, harana higatu duena.
Argazkia ateratzen den hegalean hosto erorkorreko baso bat ikusten da, altueragatik pagadia dena. Goi ordokiko baso-masak, lur hareatsuetan, ameztiak dira eta, lur kareharritsuetan, erkameztiak. Biak baldintza subatlantikoen adierazleak dira (prezipitazio txikiagoa eta kontinentalizazio termiko handiagoa). Laboreak patata, bazka eta labore industrialetarako zerealak dira.
Ez da ur-gorputzik ikusten, baina ibaia dagoela susmatu dezakegu. Mendi-hegalaren oinaren ondoko lautadan mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen landaredi bihurgunetsuko lerro bat bereizten da, ibai ibilgua izango dena.
Funtzioak eta Balioa
Mendi-hegalean eta muino basotsuetan funtzioa naturala da. Atzealdean, Izkiko Parke Naturala dago. Gainerakoetan, landa-funtzioa nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza jardueren artean banatuta dago, bai eta landa-guneetako bizitegi-jardueraren artean ere.
Lurraldean biztanle gutxi daudela ikus daiteke, beraz, biztanleria-dentsitatea oso txikia da. Hirigune nagusietatik eta komunikabideetatik urrun dagoen espazioa da, eta biztanleria galtzen joan da aurreko mendearen nekazal-exodoagatik. Nekazaritza-espezializazio handia, gero eta pertsona gutxiagok kudeatutako ustiategietan zentratua, eta administrazio publikoek eta Europar Batasunak landa-garapeneko plan eta programen esparruan emandako laguntzen eta diru-laguntzen mende; izan ere, eremu horiek landa-eremu behartsu gisa katalogatu dira. Horri esker, irudian ikusten den bezala, nekazaritza eta abeltzaintza-jarduerarako pabiloiak eraiki dira eta lehenago, irudiaren ondoan kokatua dagoen Izkiko Parke Naturalaren izendapena lortu da.
3. Aizkorri Mendilerroa
Osagaiak eta Egitura
Osagaiak: biotiko naturala basoan eta kontrol antropikokoak belardietan, baso-landaketetan eta larreetan, eta antropikoa baserrietan eta basopistetan.
Irudian, 1.000 metrotik gorako mendiko sakonunea ikusten da, Aizkorriko mendilerroaren zati bat dena. Paisaia Kantabriar-Mediterranear Uren Banalerroan kokatuta dago eta Mendikatea unitatea osatzen du. Erliebe altxatua eta deformatua da orogenesi alpetarraren garaian sortua. Euri- eta elur-uraren eraginez higatua, bertan modelatze karstikoko hainbat forma marrazten dira, hala nola lapiaz edo lenar, irudian ikus daitezkeenak.
Bereizten diren zuhaitz sakabanatuak pagoak dira. Pagadia da horren landare-formazio potentziala, ingurune atlantikoan ohikoak diren klimatiko baldintzekin (prezipitazio ugari eta tenperatura leunak, altitudeak eragindakoak). Artzaintzaren ekintza sekularraren ondorioz, belar formazioak, abereentzako larreak bezala agertzen direla.
Lur gaineko ur-gorputzik ez da ikusten; izan ere, karstifikazio handiko eremua da, eta ura azkar iragazten da arrakaletatik.
Funtzioak eta Balioa
Paisaia honek landa-izaera duen kultur funtzioa izan du mendeetan zehar, eta abeltzaintza jarduera estentsiboa izan da nagusi. Altitudea dela eta, jarduera alditik aldira egiten da, udaberritik udazkenera. Belar azalera da baliabide nagusia, eta larre naturalak abereentzako bazkaleku gisa erabiltzen dira. Bizitzarako eta abereak biltzeko espazioei "saroiak" deitzen zaie. Zuhaitzek eta zuhaixkek aziendaren adarkadura erakusten dute.
Honako paisaia, natura eta kultura ondare handiko paisaia da, ondorioz, "Parke Naturala" izendapez babestuta dago. Bere balio aipagarriak, honako hauek dira: formen aniztasuna, mendiaren jabetza eta kudeaketa partekatua hainbat herriren artean (Gipuzkoa eta Araba) Erdi Arotik kudeatzen dena. Paisaia hori, batez ere, abeltzaintza estentsiboari lotuta dago, eta latxa izeneko ardi arraza da, egokitu zaien larreetan bazkatzen direnak. Ardi ugaltzaileak dira, eta Idiazabal Jatorri Deiturari atxikitako gaztak egiteko erabiltzen dira. Paisaia horren kontserbazioa, neurri handi batean, artzaintzaren iraunkortasunaren araberakoa da.
4. Ordunte eta Karrantza Harana
Osagaiak eta Egitura
Osagaiak: biotiko naturala basoan eta kontrol antropikokoak belardietan, baso-landaketetan eta larreetan, eta antropikoa baserrietan eta basopistetan.
Irudian, malda handiko mendi baten hegala ikusten da (Ordunte), eta, atzealdean, malda eztandako haran bat (Karrantza). Paisaia Erdiko Ibaibideetako Mendi eta Haranen unitateari dagokio. Harriek, hautematen ez diren arren, detritikoak izan behar dute (hareharriak). Malda handia egiturak bultzatzen du, erliebe monoklinal baten aurrealdea baita. Higaduraren dinamika mendi hegaleko prozesuekin (labainketak) eta ibai-prozesuekin (ibai-burualdea) lotuta dago.
Tontor-eremuan zuhaixka eta belar formazioa (txilardi-larre) eta pago-basoak bereizten dira. Hori da ezaugarri klimatiko atlantikoak dituen eremu horren landare-formazio potentziala (altitudeak eragindako prezipitazio ugari eta erregularrak, eta tenperatura leunak). Gainerako hegalean pinuen (Pinus radiata) baso-landaketak daude.
Ez da ur-gorputzik ikusten, baina haien higatze lana hautematen da.
Funtzioak eta Balioa
Landa-paisaia horretan bi nekazaritza-funtzio bereizten dira: abeltzaintza belardietan eta larreetan, eta zurgintza baso landaketetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko isurialde kantauriarreko landa-eremuaren zati bateko paisaia bereizgarria da, ezaugarri hauek bere baitan hartzen dituena: larre zelaiak, baso-ustiapenera bideratutako malda handiko hegalak eta abeltzaintzarako haranak, belardi eta landaketen mosaiko batean sakabanatutako baserriekin. Zuraren ekoizpena herrialdearen historia ekonomikoaren parte da. Iraganean zuhaitz autoktonoak erabili ziren burdinoletako ikatza edo ontzigintzarako zura egiteko. Gero, hazkunde azkarreko espezie exotikoak baso-baliabide nagusiak izan dira, papergintzari, taulei eta abarri zura emanez. Hedadura handiena hartzen duen espeziea intsinis pinua da, ondoren eukaliptoa kantauri isurialdean eta pinu gorria mediterraneoan. Askotan, landaketa horiek higadura fenomenoak agertzeko arrisku handia duten mendi-hegaletan egiten dira, ezaugarri litologikoak eta malda handikoak direla eta.