Euskal Herriko Langile Mugimendua eta Nazionalismoa (1890-1923)
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 22,37 KB
Langileen Mugimendua eta Nazionalismoa Euskal Herrian (1890-1923)
Langile Mugimenduaren Sorrera
XIX. mendearen azken herenean gizarte-aldaketa handiak izan ziren. Klase-gizartea finkatu zen. Langile-klaseko kide gehienek oso bizi- eta lan-baldintza gogorrak zituzten, baina hala eta guztiz ere, 1868ra arte ez zen sortu langile-mugimendu antolaturik. Langile-borrokaren lehen gertaera erabakigarria Alcoyn (Alacant) jazo zen, 1821ean, langileek iruteko makinak suntsitu zituztenean (bi urte lehenago sartu zituzten fabriketan). Antzeko ekintza luditak (Ludismoa: XIX. mendearen hasieran Ingalaterran sortutako gizarte-mugimendua, langileek makinak suntsitzen zituzten, lana kentzen zietela argudiatuz) Bartzelonan ere gertatu ziren; bortitzena Bonaplanta ehungintza fabrika erretzea izan zen (1835). 1854an berriro makinismoaren aurkako borrokan izan ziren, eta 1855eko udan Espainiako historiako lehen greba egin zen. 1868tik aurrera, elkartzeko askatasuna onartu zen eta I. Internazionalaren eragina zabaldu zen, eta hainbat gizarte-matxinada sortu ziren, anarkismoaren eta sozialismoaren eraginez.
Euskal Herriko Langileen Mugimendua
Ekonomiaren aldaketarekin batera, Langileen Mugimendua eta Euskal Nazionalismoa sortu ziren.
Langileen mugimendua Euskal Herriko industrializazioarekin batera hazi zen. Denbora gutxian milaka langile iritsi ziren Espainiako hain garatuta ez zeuden beste alde batzuetatik eta industria-gune nagusietan finkatu ziren (emigrazio-lurralde izatetik immigrante asko hartzera aldatu zen). Horrek aldatu egin zuen EAEko egitura sozioekonomikoa (1910ean 13.000 meatzari baino gehiago ziren Nerbioiko 150 meatzeetan).
Urte horietan langileen bizi-baldintzak oso gogorrak ziren:
- Meategi eta lantegi inguruetan nagusien barrakoi eta txabola zikinetan bizitzea;
- Enpresariek ezarritako lanaldi luzeak, 12 edo 14 ordukoak (astean 6 edo 7 egun);
- Emakume eta umeen lana soldata baxu baten truke;
- Zahartzaro, langabezia, istripu edo gaixotasunen aurrean babesik ez izatea;
- Soldata urriak, askotan familia mantentzeko nahikoak ez zirenak;
- Elikadura txarra; higiene falta;
- Enpresariek langileak kontratatzeko edo kaleratzeko askatasuna izatea.
Egoera horrek bultzatu zituen klase-kontzientzia hartzera. Horrek gizarte-gatazka izugarri areagotzea ekarri zuen.
Sortutako ezinegona eta bizimodua hobetzeko langileen elkarteak sortu ziren. 1839ko Errege Dekretuak langile-elkarteak baimentzen zituenez, lehen langile-elkarteak agertzen hasi ziren. Enpresariek, baita liberal askok ere, politikan aurrerakoiak izan arren, begi txarrez ikusten zuten haien eraketa, kontratatzeko eta soldatak eta lan-orduak ezartzeko askatasuna oztopatzen baitzuten. Horregatik eskatu zuten behin eta berriro elkarte horien debekua, eta horretan eman zuen amore Esparterok.
Seiurteko Demokratikoan (1868-1874), bultzada handia izan zuen langile-mugimenduak; langile-elkarte asko legeztatu ziren, eta ondorioz, Europako elkarteekin lotura ezarri ahal izan zen. Hasieran, munduko langile-erakunde guztiak borrokak bateratzen saiatu ziren eta Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) sortu zuten 1864an. Handik gutxira desagertu zen, sozialisten eta anarkisten arteko desadostasunak zirela eta.
Sozialistek, bere aldetik, Federazio Berria sortu zuten Madrilen 1871n, eta handik aurrera hasi ziren ekintza propioak antolatzen. 1879an langile-talde antolatu batzuek, Pablo Iglesias buruzagi zutela, Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE) sortu zuten. Klase sozialak desagertzearen eta jabetza pribatua abolitzearen alde agertu ziren, eta horiek lortzeko, langile-klasea botereaz jabetzea proposatzen zuten. 1881ean Sagastaren gobernu liberalak legeztatu zuen. Berehala beren ekintza anarkismotik bereizi ziren. PSOEren helburuak: gizartea iraultzaren bidez aldatzea, langile-klaseak boterea lortzea eta jabetza pribatua jabetza sozial bihurtzea. Sozialismoa oso poliki zabaldu zen, eta mendearen amaieran Madrilen, Bartzelonan, Asturiasen eta Bizkaian soilik zegoen indartsu.
Berrezarkuntzaren lehendabiziko urteetan langile-elkarte guztiak delituzko elkartetzat hartu ziren. Sagastaren gobernu luzean (1885-1890) Elkarteen Legeak askatasun sindikala aitortu zuen. Horrek bide eman zuen UGT (Langileen Batasun Orokorra) erakunde sindikal sozialista legeztatzeko.
Bizkaiko Sozialismoa
Euskal sozialismoaren bultzatzailea Facundo Perezagua izan zen. Madriletik etorri eta, 1886an, lehen elkarte sozialista sortu zuen Bilbon. Handik bi urtera, Bizkaiko industria-gunean elkarteak sortu zituzten: Urtuellan, Sestaon, Arboledan... Ez da harritzekoa langile-mugimenduak Bizkaiko proletalgoaren artean arrakasta izatea, langileria oso kontzentratuta zegoelako eta langileen bizi-baldintzak oso gogorrak zirelako. Enpresek soldaten zati bat bonoetan ordaintzen zituzten. Ondorioz, langileek bono horiek nagusiek zituzten kantinetan gastatu behar zituzten; beraz, soldatak berriro haien eskuetara itzultzen ziren.
- Lanordu asko, segurtasun-neurririk eza, elbarritasuna, gaixotasunak, istripuak (oso ugariak meatzaritzan), asegururik eza, etxebizitzek zerbitzu minimorik gabe, hilkortasun handia...
Denborarekin, lan-gatazkak areagotu egin ziren. Ugarinak meatzari-inguruetan izan ziren eta langileek euren lan-eskubideak defendatzeko erabili zuten.
Greba zen talde-ekintzarik erabiliena; 1890eko maiatzeko grebak garrantzi handia izan zuen. Bizkaiko meatzariek hasi zuten. Grebaren eskakizunak:
- Kaleratutako 5 langileak berriz hartzea,
- Lanaldiak 10 ordura mugatzea,
- Barrakoiak kentzea,
- Kantinetan nahitaez erosi beharra indargabetzea (etxebizitza duinagoak ere eskatzen zituzten).
Greba siderurgia eta itsasgintzara zabaldu zen (30.000k hartu zuten parte guztira). Gatazka hura konpontzeko, Loma jeneralak bitartekari-papera hartu zuen langile eta ugazaben artean, eta akordio honetara iritsi ziren: barrakoiak desegin, derrigorrezko kantinekin bukatu eta lanorduak 10 orduetara gutxitu. Greba honen ondorioz hasi ziren PSOE eta UGT indartzen. Ugazabek ez zuten bete Lomaren akordioa, eta 1891-92an, 1903an eta 1910ean ere berriz ekin zioten greba egiteari.
1891ko hauteskundeetan sozialistek aurrez ezagutu gabeko arrakasta lortu zuten, eta Manuel Orte izan zen Bilboko Udalean hautaturiko PSOEko lehen zinegotzia. 1900ean lau zinegotzi lortu zituzten.
Buruzagien artean Facundo Perezagua, Tomas Meabe eta 1914tik aurrera Indalezio Prieto ditugu. Euskal sozialismoaren indar nagusiak immigranteak izan arren, euskaldun autoktonoak ere bazeuden; adibidez, Tomás Meabe, abertzaletasunetik alde egin ondoren. Juventudes Socialistas de España eta Lucha de clases astekaria sortu zituen. Bertan meatzarien kexak errebindikazio bihurtu zituen.
1910ean CNT (Confederación Nacional de Trabajadores) sortu zen. Jokatzeko tresnak ere aldatu zituzten, eta grebak, boikota eta sabotajeak zein indarkeria erabiltzen hasi ziren; hau da, anarkismoak joera kolaborazionista eta instituzionala alboratu zuen. 1919tik aurrera ekintza erradikalizatu zuten Katalunian, batik bat. Euskal Autonomia Erkidegoan, nolanahi ere, anarkismoak indar oso txikia izan zuen, Katalunian gertaturikoaren alderantziz.
1915ean tentsioak areagotu ziren Alderdi Sozialistaren barruan; hain zuzen ere, ordura arte buruzagi izandako Facundo Perezaguaren (marxismo ortodoxoa, PCEko kide bihurtuko zena) eta probintziako diputatu Indalezio Prietoren (moderatuagoa, errepublikanoekin itunak egitearen aldekoa) artean. Azkenean, Prietok hartu zuen alderdiaren buruzagitza, eta horrek sozialista eta errepublikanoen arteko ituna sendotzea eragin zuen, Prieto Gorteetako diputatu hautatu baitzuten. Horrenbestez, hauteskunde-borrokak ordeztu zuen greben bidezko sabotajea. Inflazioaren, boltxebikeen garapenaren eta Europako giro iraultzailearen ondorioz, langile-sindikatuek garapen handia izan zuten, euren ildo politikoa edozein izanik ere. Horrela, sozialistak, anarkistak, katolikoak eta abertzaleak hazi egin ziren, sindikatuetan afiliatuta zeudenen kontura.
Lehen Mundu Gerraren garaian Euskadin oparotasun ekonomikoa izan arren, oraindik ere gizarte-gatazkak zeuden.
1917ko uztailean, Bizkaiko metalurgia-sindikatuak greba iragarri zuen, eskakizun hauek egiteko:
- Bederatzi orduko lanaldia,
- Soldatak igotzea,
- Ordainketak astero egitea.
Berehala, 20.000 langilek egin zuten lanuztea, eta mugimendu hori beste sektore batzuetara eta Gipuzkoara hedatu zen. Abuztuan, Espainia osoan orokortu zen greba, baina emaitza ez zen espero bezain ona izan. Bilbon 14 pertsona hil ziren, eta ordena publikoaren indarrek protestak geldiarazi zituzten. Ezkerraren porrota agerian geratu zen azaroko hauteskundeetan EAJk eta beste indar eskuindar batzuek askoz ere boto kopuru handiagoa lortu baitzuten. Gizarte-gatazka horren unerik gorena 1920an izan zen: Bizkaian, 124 greba izan ziren.
1921eko krisiak hondatu egin zituen lan-baldintzak, amaiera eman baitzion oparotasun-aldiari; irabazi horiek, hain zuzen ere, Espainiak Lehen Mundu Gerran izandako neutraltasunaren ondoriozkoak izan ziren. Hala ere, komunistek ez zuten une hori aprobetxatzen jakin, sozialistak bereizketaren ondorioz ahulduta egon arren. Komunistek erradikalak biltzea lortu zuten; hain zuzen ere, sozialismotik banandutako eta Perezaguak gidaturiko erradikalak, besteak beste, Pérez Solís eta Dolores Ibarruri. Baina gainerako buruzagiak Prietoren eta II. Internazionalaren aginduetara zeuden.
1923tik 1927ra bitartean, gizarte-gatazka gutxi izan zen. Baina Primo de Riveraren diktaduraren azken urteetan, berriro piztu ziren. Anarkismoa suntsitu eta legez kanpo gelditu zen, eta sindikalismo askeak eta katolikoak indarra hartu zuten. Sozialistek gero eta indar gehiago hartu zuten, eta Bigarren Errepublikako ezkerreko alderdi garrantzitsuenetarikoa izan zen. Eibar izan zen errepublika aldarrikatzen lehena, 1931ko apirilaren 13an.
Gipuzkoako Sozialismoa
Sozialismoaren zabalkuntza Bizkaian baino motelagoa izan zen. Gipuzkoan enpresa txikiagoak ziren, immigrazioa eskasagoa zen, eta lan-baldintzak Bizkaian baino hobeagoak. Gipuzkoan, XX. mende hasieran sortu ziren lehen langile-elkarteak Donostialdean, Eibarren, Arrasaten eta Irun aldean. Eibarko sozialismoan Toribio Etxeberria nabarmendu zen buruzagi gisa.
Araban, XIX. mendearen bukaeran, Gasteizen hasi zen sozialismoaren sarrera.
Anarkismoa Euskal Herrian
Arrakasta gutxi izan zuen. CNT Gasteizen, Bilboko itsasadarrean eta Errenteria-Donostian izan zuen hedapen-gunea. Perezaguak lideratu zituen komunistek (sozialismotik bananduta 1921ean) lortu zuten sozialista erradikalak bereganatzea, tartean militante garrantzitsu batzuk, Dolores Ibarruri, besteak beste.
Sindikalismo Kristaua
1911n izaera katolikoa zuen sindikatu nazionalista euskalduna sortu zen, Solidaridad de Obreros Vascos (SOV), gero Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izango zena; haren asmoa zen langileen artean eragin handiagoa izatea eta printzipio kristauei eustea. Abertzaleen ustez, sozialismoa proletario immigranteengan sustraiturik zegoen ideologia arrotza zen eta Euskal Herritik urrun mantendu behar zen.
Euskal Nazionalismoa (1875-1923)
Sarrera
Euskal nazionalismoa XIX. mendearen bigarren erdialdean sortu zen ideologia zehatz gisa, Euskal Herrian gertatutako aldaketa ekonomiko, sozial eta ideologikoaren ondorioz. Aldaketa horiek industrializazioaren eta foru-deuseztapenaren ondorioa izan ziren. Proiektu nazionalistak behe- eta erdi-mailako burgesia ez ezik, nekazariak ere erakarri zituen.
Euskal abertzaletasuna foruen defentsarako giroan sortu zen. Kontuan hartu behar da euskaltasun-sentimenduan foru historikoak indargabetzeko 1876ko uztailaren 21eko legeak eragin handia izan zuela. Indargabetze horren ondorioz, krisi sakona sortu zen Euskal Herrian, eta bi erantzun mota edo filosofia eragin zituen: batzuek amore eman eta egoerari probetxua ateratzen jakin zuten, galtze hura Madrilekiko kontzertu ekonomikoa bihurtuz; beste batzuek, ostera, tradizionalismoari eutsita, foruak oso-osoan berreskuratzearen alde egin zuten. Hauentzat gobernu zentralaren irainik handiena izan zen.
Industrializazioak ere eragin handia izan zuen abertzaletasunaren sorreran; izan ere, kanpotarren etorrerak ohiko euskal gizartean eta haren erlijio-sentimenduetan haustura handia eragin zuen. Ez da, beraz, harritzekoa Sabino Aranak hasieran ohiko euskal nekazari-gizartea erabat idealizatua hartu izana, ezta emigrazioa, kapitalismoa eta Espainiako gobernu liberala etsai gisa hartzea ere.
Euskal Nazionalismoa: Sabino Arana (1865-1903)
Aurretiazko Baldintzatzaileak
Europan, XIX. mendearen bukaeran, nazioaren kontzeptuaren inguruan eztabaida teorikoak izan ziren.
- Eskola alemaniarrak nazio-kontzeptua zabaldu zuen, nazioa elementu objektibo komunean oinarritzen zela zihoen: arraza, hizkuntza, ohiturak, geografia, historia, tradizioak, folklorea… Beraz, nazioa gizabanakoen aurretiko errealitatea da.
- Eskola frantsesak, berriz, ezaugarri subjektiboak ikusten zituen, hau da, nazio bateko pertsonek komunitate berezi gisa osatzeko nahia adieraztea beharrezkoa dela zioten; gizabanakoaren borondatea azpimarratzen da.
Sabino Aranak kontzeptu alemaniarra bereganatu zuen. Gainera, 1870etik aurrera, askatasun nazionalaren aldeko borroka hedatu zen Europan. Elementu horiek guztiek izan zuten eragina Sabino Aranarengan.
Sabino Aranaren Nazionalismoa
Aldaketa horiek guztiak (foruen abolizioa, industrializazioa, immigrazio masiboa, hiritar populazioaren hazkundea, identitate tradizionalaren krisia...) bultzatu zuten Sabino Arana euskal kontzientzia nazionala aldarrikatzera. Euskal abertzaletasunaren bultzatzailea Sabino Arana Goiri izan zen. Senide karlista batean jaio zen 1865ean, eta 1903an hil zen, 38 urterekin.
- Sabin Aranaren ideologiaren ezaugarri nagusiak: hiru zutabeak: arraza, foruak eta erlijioa.
- Nazionalismo etnizista: Bizkaia eta, ondoren, Euzkadi, nazio bat da, nazio izateko beharrezko elementuak baititu: arraza, hizkuntza, gobernua eta legeak, izaera, ohiturak eta nortasun historikoa.
- Euzkadiren —Estatu berria, hain zuzen— egitura konfederala izango zuen; 6 eskualdek osatutako Euskal Estatua sortu nahi zuen. Herrialde historiko bakoitzak eutsiko baitzien bere foru eta erakundeei.
- Euskal arrazaren goratzarrea: Euskal arrazaren odol-garbitasuna mantentzeko, euskaldunen eta atzerritarren arteko ezkontzen aurka zegoen, eta Euskal Herritik kanpoko probintzietatik etorritako industriako langileak baztertzea proposatu zuen.
- Integrismo katolikoa: “Jaungoikoa”. Sabinok erlijio katolikoa besterik ez zuen onartzen. Espainiar ateoen boterea, euskal ohituren aldaketa eta katolizismoaren pixkanakako desagerpena salatzen zituen. Elementu zibilak erlijiosoen menpe egotea eskatzen zuen, erlijio katolikoaren garaipena eta euskal nazionalismoaren garaipena batera baitoazela argudiatuz.
- Antiliberalismoa/Fuerismo historikoa: Foruak edo Lege Zaharra dira lege nazional euskalduna.
- Hizkuntza eta euskal ohiturak berreskuratu nahi zituen. Espainiako kulturaren edozein eragin guztiz kaltegarri eta arrotza zen gure herriarentzat. Batez ere, euskararen egoera tamalgarria azpimarratzen zuen, etorkinen eta hiritartzearen erruz gero eta gutxiago erabiltzen zela salatuz.
- Kapitalismoaren kondena, honek dakarren ustelkeria eta ustiapenagatik, eta baita sozialismoarena ere, doktrina arrotza delako eta atzerritarrek edo maketoek osatzen dutelako.
- Bere proiektu politikoa laburtzeko lelo bat proposatu zuen: Jaungoikoa eta Lege Zaharra.
- Sabino Aranaren proiektu politikoa: alderdiaren fundazioa
- 1890ean Sabino Aranak, Bizcaya por su independencia artikuluan, independentzia eskatu zuen Bizkaiarentzat eta horrek bizi zuen zapalkuntza-egoera salatu zuen. Egunkariak ere sortu zituen bere ideiak hedatzeko, hala nola “Bizkaitarra” eta “Aberria”.
- 1893an Larrazabaleko diskurtsoan atzerritarrek Bizkaian zuten botereaz hitz egin zuen; alderdi politiko guztiak aztertu ondoren, batek ere ez zuela bizkaitarren nahiak betetzen adierazi zuen, eta alderdia sortzeko beharra azaldu zuen.
- 1894an Euskaldun Batzokija deitutako elkarte politikoa sortu zuen, PNV sortzeko oinarria.
- 1895eko uztailaren 31n Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ/PNV) fundatu zuen Bilbon. Nekazariak eta erdi-mailako burgesia izan ziren lehen bultzatzaileak; industria, merkataritza eta finantzetako goi-burgesia nazionalismotik urrundu zen, euren jarduera ekonomikoek Espainiako eremuarekin lotura estuak zituztelako.
- 1898an “Euskalerria” elkartea bildu zitzaion. Sagarmina eta Sotaren “euskalerriakoak” (Bilboko goi-burgesia) sartu zirenean, bere diskurtsoa moderatzen joan zen. Horrela, liberalismoaren aurkako erasoak eta “maketoen” aurkako erasoak baztertu egin ziren. Ordutik aurrera, hauteskundeetan parte hartuko dute. 1898an Arana probintzia-diputatu hautatu zuten.
Sabino Arana 1903an hil ondoren, alderdia asko hedatu zen, baina jada nabarmenak izan ziren barne-zatiketak.
Sabino Aranaren Ondorengo Nazionalismoa
Sabino Arana desagertutakoan, haren pentsamenduak II. Errepublikara heldu arte asko aldatu gabe iraun zuen, alderdi katoliko eta eskuinekoa izanik. Hala ere, 1920 arte barruko bi joeren artean tentsioak izan ziren:
- Foruzaleak edo Euskalerria taldekoak: Ramón de la Sota enpresariak (ontzien jabea) zuzendutakoa, autonomiaren aldekoa. Euskalduna Ramón de La Sotaren aldizkaria izan zen.
- Sabindarrak: Luis Aranak (Sabinoren anaia), baserri-giroko abertzaletasun independentistaren aldekoa zen Aberri astekarian, azaltzen zituen bere ideiak.
Barne-eztabaidak izan ondoren, Sotaren aldekoak (industrial dirudunak) nagusitu ziren, dirua alderdiarentzat behar-beharrezkoa baitzen, eta katalanen bide autonomista hartu zuten. Espainiako agintariek begi onez ikusi zuten alderdian emandako aldaketa, sozialismoaren gorakadaren aurkako azken hesia izan zitekeelako. Hurbilketaren ondorioz, Gregorio Ibarretxe abertzalea (Sotaren aldekoa) Bilboko alkate izendatu zuten 1907an, eta Alfontso XIII.a Sotarena zen “Euskalduna” ontziola ikustera etorri zen.
1908an, sabindarrek irabazi zuten. Urte horietan nazionalismoak barne-egituraketa izan zuen: biltzeko tokiak (batzokiak), sindikatua (SOV, gero ELA) sortu zuten, egunkari bat argitaratu zen (Euzkadi), eta sinbologia nazionalista sortu zen: ikurrina, lauburua, ereserkia… Beraz, finkatu egin zen eta afiliatu-kopurua asko handitu zen. Gipuzkoan ere nazionalismoa ezartzen ari zen. Araban, Bigarren Errepublika arte ez zuen garrantzi handirik eduki.
1911n sortu zen Eusko Langileen Alkartasuna (ELA/STV) sindikatua.
1917an hauteskundeetako arrakastaren ondoren, Sotak EAJren kontrola lortu zuen eta alderdiari izena aldatu zion: Euskal Komunio Nazionalista (CNV). Geroztik, abertzaletasunaren errebindikazio nagusia autonomismoa izan zen. Errebindikazio horri esker, udal-hauteskundeak irabazi zituen 1917an. Hurrengo urtean, Gorteetarako hauteskundeak ere erraz irabazi zituen Bizkaian.
Lehen Mundu Gerran egindako negozio onei esker, euskal burgesia —Ramón de la Sota bereziki— asko aberastu zen. Gertaera horien ondorioz, euskal abertzaletasuna nazionalismo burges bilakatu zen. Euren asmoa, Sabino Aranaren ideiei uko egin barik, Estatuaren barruan autonomia deszentralizatua eratzea zen. Abertzaletasun pragmatiko hori nekazaritza-mundutik urrundu zen eta industrializazioaren balio modernoak bultzatu zituen.
1921ean alderdiaren banaketa gertatu zen. 1919ko hauteskundeak galtzean alderdiaren barneko tentsioak berpiztu egin ziren.
- Comunidad Nacionalista Vasca: Euskalherriakoak ziren eta bere pentsaeraren ezaugarriak: moderatuak, burgesak, Espainiako Gorteetan parte hartzearen aldekoak eta euskaltzaleak.
- EAJ/PNV (alde egin zuten): Eli Gallastegi, Luis Arana… Independentistak ziren eta Espainiako beste alderdi nazionalistekin harremanak bultzatu zituzten (1923an Galeuska, alderdi katalan eta galegoekin). Gallastegi eta Aranaren nazionalismoak erresistentzia gogorra egin zion Primo de Riveraren diktadurari.
1930ean, diktadura bukatu ondoren, nazionalismoaren barruko bi alderdiak elkartu ziren Bergarako Batzarrean (1930) eta EAJ berritua sortu zuten, José Antonio Agirreren gidaritzapean. Batasuna lortzeko egindako ahalegin eskergaren ondorioz, besteak beste, EAJ ez zen Donostiako Itunean egon.
II. Errepublikan, EAJren zeregin nagusia Autonomia Estatutua lortzea izan zen, eta gerra zibilean onartu zen.
Errepublika garaian EJKtik ANV sortu zen (Acción Nacionalista Vasca), joera akonfesionala eta ezkertiarra defendatzen zuen taldea izanik.