Euskal Herriko Industrializazioaren Gizarte Ondorioak (1875-1923)
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Electricidad y Electrónica
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,09 KB
Euskal Herriko Industrializazioaren Gizarte Ondorioak
Gizarte Egitura Berria
Industrializazioak ondorio nabarmenak izan zituen Euskal Herriko gizarte egituran. Nekazaritzan errotuta eta foru sistema euskarri zuen gizarte tradizional batetik, klase banaketan oinarritzen zen gizarte industrial eta moderno batera igaro zen.
Gizarte berri honetan bi klase nagusi bereizten dira:
- Burgesak: Negozio berrien jabeak.
- Proletarioak: Fabriketako langileak.
Migrazioak
Migrazio olde handiak etorri ziren euskal lurraldeetako landa-guneetatik eta Espainiatik (batez ere Gaztelako iparraldetik), gehienbat Bizkaira. Eskulan eskari handiak eragin zuen jende horren etorrera masiboa.
Etorri berriek oso lan eta bizi-baldintza kaskarrak zituzten. Masa pobretu eta analfabeto hauek ez zetozen bat herrialdeko ildo tradizionaleko bizi-jarduerekin (euskara, tradizioa, katolikotasuna), eta sortzen ari ziren langileen erakundeen oinarria izango ziren. Baita langile klasearen lehen gatazka handien protagonistak ere (adibidez, 1890eko Bizkaiko Greba).
Populazioaren Hazkundea eta Hiri Espazioa
Araba eta Nafarroako biztanleria oso motel hazten ari zen bitartean, Gipuzkoako eta Bizkaiko biztanleriak hazkunde izugarria izan zuen. Bizkaian gertatu ziren aldaketa demografiko handienak, Gaztelako probintzietatik eskulan ugari iritsi baitzen.
Hiri-bereizketa soziala
Bereizketa sozialak oso nabarmenak ziren hiri-espazioan. Industrializazioarekin, hiriak hazi eta langileen auzoak eta burgesen auzoak eraiki ziren:
- Burgesak: Hirietako zabalguneak hartu zituzten.
- Langileak: Hiri zaharreko etxe eskasetan edo periferian eraikitako etxe eta txabola-guneetan kokatu ziren.
Osasuna eta Demografia
Bilboko itsasadarraren ezkerraldean, bizi-baldintza txarrak (lan-baldintza txarrak, elikadura eskasa, higiene falta, pilaketa) zirela eta, heriotza-tasa asko handitu zen. Jaiotza-tasak, ordea, gora egin zuen.
XIX. mendearen bukaeran, estolderia eta edateko uraren zerbitzuak hobetu ziren. Horrek zenbait gaixotasun (kolera, sukar tifoideak, disenteria, etab.) garatzea saihestu zuen, uraren eta janarien bidez kutsatzen baitziren. Heriotza-tasak behera egin zuen XX. mendeko lehen hamarkadan; jaiotza-tasak, aldiz, 1925etik aurrera egingo zuen behera.
Gipuzkoako egoera eta urbanizazioa
Gipuzkoan ondorio hauek ez ziren hain gogorrak izan, industriak eta herriak espazio sakabanatuagoan zeudelako. Baserri mundua bizirik zegoen, eta kasu askotan, langile industrialak baserriko seme-alabak ziren.
Urbanizazioa azkartu zen. Bilbo (Bartzelona eta Valentziarekin batera) izugarri hazi zen. Hiriaren egitura txiki geratzen zen, eta zabalguneak behar ziren biztanle berriak sartzeko.
Langileen Bizi eta Lan Baldintzak
Langileen bizi- eta lan-baldintzak oso txarrak ziren. Espezializaziorik gabeko langileak zirenez, erraz ordezkatu zitezkeen, eta, beraz, soldata baxuak jasotzen zituzten. Hasiera batean, aldizkako langile gisa iristen ziren Bizkaira, nekazaritzako etenaldi garaian edo diru apur bat bildu ondoren euren herrietara itzultzeko asmoz.
Barrakoiak eta Elikadura
Pilaketa, langile-auzoetan ohikoa zena, batez ere meatze-zonetan zen nagusi. Meatzeak hiriguneetatik urrun zeudenez, nagusiek barrakoiak eraiki zituzten langileentzat:
- Instalazio ahulak ziren, meatze-barrutia agortuz gero tokiz erraz aldatzeko modukoak.
- Meatzariek derrigorrez bizi behar zuten bertan hasiera batean.
- Gela bakar bat izaten zen, sarritan komunik gabea, eta bertan ehun ohe baino gehiago pilatzen ziren; ohe bakoitza bi edo hiru langileentzat zen.
Barrakoiak derrigorrezkoak izateaz gain, langileek nahi eta nahi ez enpresaren kantinetan erosi behar zuten. Prezioak oso altuak ziren (laurogeita hamarreko hamarkadan Bilbokoak baino %40 garestiago zirela salatzen zen), eta elikagaiak, berriz, oso kalitate txarrekoak.
Elikadura urria, kalitatez txarra eta kantitatez nahikoa ez zena, ohikoa izan zen mende amaierako langileen artean. Nutrizio-hutsuneek azaltzen dute aldi hartako gaixotasunen eta errakitismoaren aurrean zegoen babes falta.
Lan-jarduna eta Hobekuntzak
Meatzarien lan-jardun luzeek ere eragina zuten. Hasiera batean, eguraldiak uzten bazuen, eguzkia sortzen zenetik sartzen zenera arte lan egiten zuten, hamaika ordu edo gehiagoko lan-jardunean. Sarritan, lan-kopuruaren arabera (destajuan) lan egiten zuten; koadrilek mea-kantitate zehatz baten produkziora egokitzen zuten soldata. Lan nekagarria zen.
XX. mendeko lehen hamarkadetan langileen bizi- eta lan-baldintzak hobetu ziren:
- Lan-orduak 9ra jaitsi ziren, eta Lehen Mundu Gerraren ostean 8ra.
- Igandeetan lan ez egitea zabaldu egin zen.
- Nolabaiteko gizarte-babesa lortu zen (1900. urtean eman ziren lan-istripuei eta emakumeen eta haurren lanari buruzko lehenengo legeak).
Hobekuntza horiek sindikatuen presioak eta produktibitate-igoerak bat egin zutelako lortu ahal izan ziren.