Euskal Herriko Gizarte eta Politika XIX-XX. Mendeetan: Testu Historikoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,25 KB

Dokumentu honek XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Euskal Herriko gizarte eta politika egoera aztertzen du, hiru testu historiko garrantzitsuren bidez: Vicente Blasco Ibáñezen El Intruso eleberriaren pasarte bat, Euskeldun Batzokijaren estatutuak eta La Lucha de Clases astekariko artikulu bat. Testu hauek garai hartako industrializazioaren eragina, langileen bizi-baldintzak, euskal nazionalismoaren sorrera eta langile mugimenduaren garapena islatzen dituzte.


Vicente Blasco Ibáñez: El Intruso (1904)

Sarrera

Aztergai dugun testua Vicente Blasco Ibáñez idazle valentziarrak idatzitako El Intruso izeneko eleberriaren zati bat da. Testu narratibo-historiografikoa da, eleberri baten pasarteak jasotzen baititu. Dokumentua liburuaren irakurleentzat dago zuzendua, beraz, publiko orokorrari zuzendua dago. Egilea errealismoan sakondu zuen idazle valentziarra da. Eleberria 1904. urtean argitaratu zen, Bizkaiko industrializazioaren goren unean. Testuak langileen bizimodu gogorraren berri ematen digu.

Analisia

Testua bi paragrafotan banatuta dago. Lehenengo paragrafoan meatzeetako langileen lan- eta bizi-baldintzei buruz hitz egiten da. Lan-baldintza gogorrak dira: harriak apurtzen eta garraiatzen ematen zuten egun osoa. Eguneroko bizimoduari buruzko informazioa ere ematen digu. Lehenik, beren elikadurari buruz irakur dezakegu, eta nola eskas afaltzen zuten. Ondoren, beren bizilekua deskribatzen da. Etxebizitza txikiak ziren, aireztapen gutxikoak eta hezeak. Langileen higiene-baldintzak kaskarrak ziren ere. Etxeko egurrezko junturen artean bizkarroiak zeuden, seguruenik arkakusoak, langileen bizi-baldintzak are gogorragoak bihurtuz.

Bigarren paragrafoan harrobietako lan-baldintza gogor eta arriskutsuei buruz irakur dezakegu. Kontuan hartu behar dugu Bizkaiko meatze gehienak aire zabalekoak zirela. Horren arabera, testuak dio ez zela trebezia handirik behar Enkarterrietako aire zabaleko meatzeetan lan egiteko. Prestakuntza handirik behar ez zenez, erraza zen langileak ordezkatzea norbaitek lana uzten bazuen.

Testuingurua

Burdingintzaren garapena XIX. mendearen erdialdean hasi zen Bizkaian. Lehenago bazeuden Bizkaian eta Euskal Herrian burdinola tradizionalak, baina Gerra Karlisten amaieraren ondorioz, aduanak kostara eraman zituzten 1841ean. Ondorioz, esportazioak garestitu ziren eta burdinola gehienek itxi behar izan zuten. Bessemer prozesuaren asmakuntzak, ordea, interesa piztu zuen Bizkaiko burdinean. Bessemer prozesua altzairua modu bizkor eta merkean lortzeko sistema zen, baina fosforo gutxiko burdina behar zuen. Burdina mota hau gehienbat Bizkaian eta Suedian aurki zitekeen. Hau dela eta, atzerriko inbertsio ugari iritsi ziren Bizkaiko meatzeetara, gehienbat Britainia Handitik.

Meatzaritzaren garapenak lanpostu ugari sortu zituen Bizkaian. Ondorioz, Bilboko itsasadarraren inguruko espazioa izugarri garatu zen. Meatze gehienak itsasadarraren ezkerraldean kokatzen ziren eta portutik oso gertu zeuden, ustiapena oso eraginkorra bihurtuz.

Meatzaritza eta industriaren garapenaren ondorioz, bi gizarte-klase desberdin sortu ziren lehen aldiz Euskal Herrian: batetik, burgesak, meatzeen eta lantegien jabeak; eta, bestetik, proletarioak, fabriketako eta meatzeetako langileak. Langileen lan-baldintzak oso txarrak ziren. Heriotza katastrofikoak ohikoak ziren, eta bizi-baldintzak erabat higienerik gabekoak ziren. Ohikoak ziren gaixotasunak langileen auzoetan, non biztanleria-dentsitatea oso altua zen, beraz, kutsapena erraza zen. Langileen etxeek ez zuten ur korronterik edo estolderiarik; beraz, ura ibaitik hartu behar zuten, eta hau oso kutsatuta zegoen fabriketako eta auzoetako hondakinak bertara joaten baitziren. Langile gehienak meategi eta lantegietatik gertu bizi ziren eta horien kutsadura arnasten zuten, biriketako arazoak eta gaixotasunak areagotuz. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bilbok Europako heriotza-tasa altuena zuen. Bestalde, haur abandonatuen kopurua izugarri hazi zen, eta prostituzioa eta alkoholismoa eguneroko arazo bihurtu ziren.

Meatzaritzatik lortutako diru-sarrerak industrian berrinbertitu zituzten gehienbat, Bizkaiko industrializazio bizkorra ekarriz. Garapen hau batez ere burdingintzan eman zen.

Testuaren Garrantzia

Testu honen bidez, irakurle askok meatzeetako eta industriako langileen bizi-baldintza gogorren berri izan zuten. Lan-baldintza gogorrek, XX. mende hasieran, langile mugimenduaren hasierara eramango zuten Bizkaia. Hurrengo urteetan ideia marxistek arrakasta handia izan zuten langileen artean.


Euskaldun Batzokia: Sabino Aranaren Estatutuak (1894)

Sarrera

Testu hau 1894an idatzitako Euskeldun Batzokijaren estatutuak dira. Hori dela eta, testu politiko, zuzena eta publikoa dela esan dezakegu, ideologia nazionalistaren jarraitzaileei zuzendua baitago. Testu honen egilea Sabino Arana Goiri izan zen, burgesia ertaineko kide eta euskal nazionalismoaren sortzailea. Une hartan Espainian Berrezarkuntza garaia zen eta Maria Kristina erreginaordea zegoen tronuan.

Estatutuen Analisia

Testu honen helburua euskal nazionalistak biltzeko leku bat sortzea da, batzokia, hain zuzen ere. Horretarako zenbait estatutu zehazten dira:

  • 1. artikulua: Euskeldun Batzokijaren helburua

    Euskeldun Batzokija izeneko aisialdirako zentroa sortzeko asmoa azaltzen da, JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) leloaren doktrinen jarraitzaileentzat.

  • 2. artikulua: Batzokiaren menpekotasuna

    Bizkaiko Elkarte Nagusia sortu bezain laster Batzokia bere menpe geratuko dela adierazten da, eta Aranak idatzitako estatutuak izango dituela.

  • 3-7. artikuluak: JEL printzipioak eta foruak

    JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) printzipioen inguruan aritzen dira. Katolizismoa beste printzipioen gainetik ezarriko dela eta foruak bere osotasunean berrezartzea dela helburu. Foruez gain, euskal usadioak, ohiturak, hizkuntza eta arraza agertzen direla. Horrez gain, Bizkaian ordena erlijiosoen eta politikaren arteko harmonia ezarriko dela, integrismo erlijiosoa agerian utziz. Azkenik, Bizkaiko gobernuaren oinarria Jaungoikoa eta Lege Zaharra izango direla adierazten da, baina elizari lehentasuna emango zaiola azpimarratuz.

  • 8. artikulua: Zazpiak Bat eta Euskalerria

    Bizkaiak, gainontzeko beste sei euskal lurraldeekin batera, arraza, hizkuntza, fede eta izaera propioa duela adierazten da, eta, beraz, zazpi lurraldeek elkartu eta konfederatu behar dutela Euskalerria (Euskeria) izeneko multzoa osatzeko, baina beren autonomia partikularra batere murriztu gabe.

Testuinguru Historikoa

Berrezarkuntza garaian, Cánovas del Castillo gobernu buru zela, Hirugarren Gerra Karlista bukatu ondoren foruak indargabetu ziren eta zentralizazio gogorra zegoen ezarrita, liberalismo laikoaz gain. Aipatu bezala, 1876an euskal lurraldeetako foruak indargabetu zituzten eta horrek bi erreakzio sortu zituen. Batzuek amore emanda, egoera berriari etekina atera zioten Madrilekin itun ekonomikoak adostuz (goi-burgesia industriala eta meatzaria), eta beste batzuk, Gerra Karlistaren galtzaileak izan zirenak, aldiz, foruak osorik berreskuratu nahi zituzten.

Sabino Arana Goiri euskal nazionalismoaren sortzailea izan zen eta 1895. urtean EAJ/PNV (Eusko Alderdi Jeltzalea) sortu zuen. Bere abertzaletasuna katolizismoan eta baserriko gizarte tradizionalean oinarritzen zen. Hori dela eta, Bizkaiko industrializazioaren eraginez sortutako immigrazioak ekarritako laikotasuna arbuiatzen zuen. Bere ustez, euskal izaera defendatzeko beharrezkoa zela foruak errespetatzea eta horretarako burujabetza osoa lortu beharra zegoela, hau da, independentzia. Izan ere, Aranak Espainia Euskal Herriaren gaitz guztien iturria zela uste zuen eta gainera, Euskal Herriak zenbait berezitasun zituela, hala nola hizkuntza propioa, arraza eta ohiturak.

Sabino Arana hil eta hiru urtera, 1906ko abenduan, EAJk lehen batzarra egin zuen. Ordea, nazionalisten arteko liskarrak ezkutatu ezinik, aurkako sektoreen aldizkarien babesa jaso zuten. Ramon de la Sota liberal moderatu eta autonomia zaleak Euskalduna aldizkariaren babesa jaso zuen, eta Luis Aranak, Sabinoren anaia eta abertzaletasun modernoaren aurkakoak, Aberri aldizkariarena.

1910ean, EAJ bitan banatu zen. Alde batetik, abertzaletasun laikoa defendatzen zutenak zeuden eta Errepublika garaian ANV (Acción Nacionalista Vasca) sortu zuten. Bestetik, 1916an De la Sotak Luis Arana zuzendaritzatik baztertu eta CNV (Comunión Nacionalista Vasca) moderatu eta autonomista eratu zen. Azkenean, 1930ean, bi joerak adiskidetu eta EAJ berriztua sortu zen.

Testuaren Garrantzia

Testu hau oso garrantzitsua da euskal nazionalismoaren ezaugarriak argi adierazten dituelako. Sabino Aranak Euzkadi sortu zuen eta nazio independente gisa planteatu zuen (Zazpiak Bat). Horrez gain, Berrezarkuntzako oposiziorako indar garrantzitsua izan zen eta Sabinok fundatutako EAJ alderdia gaur egunera arte iritsi izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako arduraduna izan da azken 30 urteetan.


La Lucha de Clases: Langile Mugimendua Bizkaian (1896)

Sarrera

Testu hau 1896ko maiatzaren 23an argitaratutako La Lucha de Clases, Tomás Meabe euskal sozialistak sortutako astekariko artikulu bat da. Hori dela eta, testu politiko, ekonomiko eta publikoa dela esan dezakegu, langileei zuzendua baitago. Testu honen egilea, garbi azaltzen ez den arren, PSOE alderdi politikoa dela uste da. Garai hartan Berrezarkuntzako garaia zen Espainian eta Maria Kristina erreginaordea zegoen tronuan.

Analisia

Testu honen helburua langileen mobilizazioen berri ematea da, langileak beren artean antolatzen laguntzeko. Bertan adierazitako ideia garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Gallartako langileek beren bizi-baldintza kaskarrak hobetzeko asmoz, maiatzaren 1ean egindako greban, enpresen jabeei 1890ean adostutakoa betetzea eskatzen diete, esaterako lan-orduak murriztea, derrigorrezkotzat jotzen zituzten kuartelak eta dendak kentzea, etab.
  • Horrez gain, langileek lana lortzeko jasan beharreko egoerak salatzen ditu, langileen lan-askatasun, osasun eta higiene faltaz gain.
  • Azkenik, gobernu eta agintariak langileen aldekoak izan ez arren, hauek greba egiteko eskubidea aldarrikatuko dutela azaltzen da.

Testuinguru Historikoa

Berrezarkuntza garaian, Cánovas del Castillo gobernu buru zela, krisi politikoa nabarmena izan zen. Euskal Herriko industrializazioa langile mugimenduaren eragileetako bat izan zen. Meategien ustiapena hedatu ondoren, 80ko hamarkadan industria siderurgikoa sortu zen eta horrek immigrazioa nabarmen sustatu zuen. Testuan adierazten den bezala, langile horien lan-baldintzak oso kaskarrak ziren eta 1890ean greba egitea erabaki zuten. Hau lehen greba garrantzitsua izan zen eta milaka langilek hartu zuten parte. Horren emaitza onak ikusita (egunean gehienez 10 ordu lan egitea eta kuartelak kentzea) 1892an beste greba bat egitea erabaki zuten, baina porrot handia izan zen sindikalismoa ez baitzegoen helduta.

1886an Facundo Perezaguak lehen elkarte sozialista sortu zuen Bilbon eta hortik aurrera sozialismoa euskal industria-guneetako langileen ideologia politiko nagusia bihurtu zen. Hasieratik izan zen klase alderdia, alderdi erabat langilea, eta alderdi burgesarekin lehiatu nahi zuena.

1915ean euskal sozialismoa Perezaguaren erradikalismotik Indalecio Prietoren moderaziora igaro zen. Prietoren garaipenak sozialisten eta errepublikanoen arteko ituna sendotzea eragin zuen, eta, horrela, Prieto Gorteetako diputatu hautatu zuten hogei urtez. Horrenbestez, hauteskunde-borrokak ordezkatu zuen greben bidezko sabotajea.

Testuaren Garrantzia

Testu hau garrantzitsua da meatzaritzako langileen lan-baldintza kaskarren berri ematen digulako, kritika gogorra eginez eta aldaketa eskatuz. Horrez gain, langile mugimenduari buruzko informazioa ematen du eta industrializazioaren beste ikuspegi bat ematen digu. Azkenik, aldizkari hau Berrezarkuntzako oposizioko tresna garrantzitsua izan zen.

Entradas relacionadas: