Euskal Herriko Ekonomia eta Industrializazioa (XIX-XX. mendeak)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Electricidad y Electrónica

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,07 KB

Euskal Herriko ekonomiak Errestaurazio garaian bizi izan zuen garapen prozesua aurreko mendeetan izan zuen jatorria. Euskal Herriak kokaleku egokia zuen ekonomiaren garapenari begira, hau Europaren eta penintsularen arteko igarobidean zegoen eta leku estrategikoa zen. Kokalekua eta itsas nabigazioa zela eta, ontzigintza eta esportazioak hazi ziren. Burdin meategiak ugari ziren eta oinarria eman zioten esportazio merkataritzari, geroko garapenak behartuko zuen kapital metatzea gauzatu ahal izateko.

Euskal Herriko Ekonomiaren Hazkundea (1880)

Hazkunde ekonomiko handiena 1880. urtean izan zen. Bizkaiko lehen industria siderurgikoak sortu ziren (Santa Ana, Boluetan), meatzeen ustiakuntza bizkortu egin zen, ontziolak izugarri azkartu ziren, Banco de Bilbao sortu zen, eta lehen burdinbideak hazi ziren (Bilbo eta Tutera konektatzen zituena).

Industrializazioaren Desoreka Lurraldeetan

Bestalde, ekonomiaren garapen prozesua ez zen uniformea izan:

  • Gipuzkoan industrializazioa astiroago zihoan, papergintza eta ehungintza garatu ziren batez ere.
  • Araban eta Nafarroan industrializazio prozesua askoz beranduago etorri zen, atzeratuta zebilen.

Beraz, esan dezakegu industrializazio prozesu azkarrena Bizkaikoa izan zela eta hazkunde-maila handikoa izan zela.

Burdinaren Meatzaritzaren Garapena

Bessemer Bihurgailua eta Bizkaiko Burdina

Altzairua lantzeko Bessemer bihurgailua asmatu zen, kalitate hobeko altzairua lortzeko. Fosfororik gabeko burdina behar zenez, Bessemer bihurgailua Europan aplikatu ondoren, Bizkaiko meatzeak leku interesgarria bilakatu ziren, bertan baitzegoen fosfororik gabeko burdina. Horrez gain, garraioak ez zuen horrenbesterako arazorik sortzen, itsasadarretik hurbil zeudelako. Gainera, aire zabalekoak ziren eta errazak ziren ustiatzeko, eta ustiatze kostuak txikiak ziren.

Inbertsioak eta Mea Konpainiak

Aipatutako ezaugarri hauek kontuan hartuta, eta etekin handia eta azkarra lortzen zela ikusita, gero eta gehiago inbertitu zuten Euskal Herriko eta atzerritar kapitalistek. Ondorioz, 1860. urtean, mea-konpainia batzuk sortu ziren, hala nola, britainiarrek sortutako “Luchana Mining”. Hainbat familia euskaldunek garrantzi handia izan zuten sektore honetan, esate baterako, Ibarra familiak, izan ere “Orconera Iron Ore” enpresan partaidetza izan zuen, baita “Société Franco-Belge des Mines de Somorrostro” enpresan ere.

Meatzaritzaren Hazkundea eta Gerra Karlistak

Gerra Karlistak (1872-1876) eten egin zuen mea-jarduna, baina bukatu eta berriro ekin zioten ustiakuntzari. 1880. urtetik aurrera, nabarmen hazi ziren esportazioak eta ustiakuntza, eta XX. mendean haien gorenera iritsi ziren. Lortutako etekinak gora egin zuten esportazioen neurri berera, eta aberastasun-iturri hau izan zen ekonomiak ondoko garaietan bizi izango zuen garapenaren finantzabide nagusia.

Ontzigintza eta Siderurgiaren Gorakada

Burdina Ingalaterrara esportatzea izan zen euskal merkataritza ontziteria bultzatu zuen faktore nagusia. Ontzigintza asko garatu zen, eta “Euskalduna” ontziolak sortu ziren 1900. urtean. Sektore honetan Sotak eta Aznarrek, bi familia kapitalista garrantzitsuk, itsas inperio handia sortu zutelako garrantzi handia izan zuten. Ingalaterrarekiko harreman horiek errentagarriak ziren, hara ontziak burdinez beterik joaten zirelako eta han hustu ondoren, siderurgia enpresak hornitzeko. Halatan, inbertsio moduak hobetu eta etekinak aniztu ziren.

Bizkaiko Siderurgiaren Garapena

Horrela hasi zen garatzen industria siderurgikoa 1880. urtetik aurrera, hau da, Bizkaiko garapen ekonomikoa gehien bultzatu zuen alderdia. Minerala Ingalaterrari saltzearen ondorioz lortutako kapitalak labe garaiak egiteko inbertitu ziren. Horren ondorioz, siderurgia enpresa handiak sortzen hasi ziren:

  • “Altos Hornos de Bilbao” (Ibarra)
  • “La Iberia” (Etxebarria)

1902an batu egin ziren eta “Altos Hornos de Vizcaya” izenpean, Espainiako enpresa siderurgiko handiena sortu zuten.

Gipuzkoako Industrializazioaren Ezaugarriak

Beste alde batetik, Gipuzkoako industria garatzeko kapitalak jatorri desberdina izan zuen. Mota askotako industriak zeuden: armagintza, siderurgia, ehungintza, papergintza, metal eraikuntza... eta ez zegoen, Bizkaian bezala, merkatua kontrolatzeko sektore nagusi bat. Ondorioz, kapitalismo ez monopolista batek gidatu zuen Gipuzkoako industrializazio-prozesua; enpresari txiki eta erdi mailako askok parte hartzen zuten.

Finantza eta Garraio Azpiegiturak

Finantza Sektorearen Garapena

Industrializazioa zela eta, finantza sektorea garatu zen, Banco de Bilbao buru zela. Geroago beste erakunde batzuk sortu ziren, hala nola, Banco de Vizcaya (1901). Banku horrek industria elektrikoetara bideratu zituen bere inbertsio handiak.

Garraio Sarearen Hedapena

Horrez gain, garapen ekonomikoagatik, garraio sare bat ezinbestekoa zen. Errepide sarea garatu, autoak agertu eta burdinbideak egiten hasi ziren. Euskal Herriko lehen trenbideak Bilbo eta Tutera lotu zituen. Burdinbideek, meatzeak eta produkzio eta garraio guneak lotzeaz gain, Bilbo eta Donostia ere lotu zituzten.

Industrializazioaren Gizarte Eragina

Euskal siderurgia espainiar merkatuaren arabera berregituratu zen. Atzerritarren lehiarekin amaitzeko beharra zegoen. Horretarako, industrializazio burgesiak merkatu nazionala babestuko zuen lege protekzionista baten alde egin zuen. Bestalde, industrializazioak zenbait aldaketa sozial ekarri zituen:

Lan Baldintza Kaxkarrak eta Proletargoa

Bizkaiko meatze eta fabrikek lanpostu asko sortu zituzten, Espainiako nekazaritzako biztanleria soberakinak erakarriz. Horrela, proletargoa agertu zen. Lan eskua espazio geografiko txiki batean kontzentratu zen eta Bizkaiak ez zuen hori onartzeko azpiegitura nahikorik. Langileak bizi-baldintza oso txarretan bizi ziren:

  • Gela bakar bat izatea zen ohikoena, komunik ez zegoen.
  • Ohe bakoitza 2 edo 3 langileentzat zen.
  • Elikadura urria eta txarra zen.
  • Nutrizio-hutsuneek gaixotasunak eta errakitismoa eragiten zituzten.
  • Heriotza-tasak izugarri igo ziren.
  • Meatzarien lan-jardun luzeak, soldata eskasak jasoz.
  • Lan fisiko gogorra egiten zuten.
  • Espezializaziorik gabeko langileak ziren, erraz ordezka zitezkeenak eta alokairu baxuak jasotzen zituztenak.

Fabriketan soldata altuagoak zituzten. Hala ere, aireztapen falta, argi gutxi eta lan istripuak zeuden. Bilbok hazkunde izugarria izan zuen, baina garapen hori ez zegoen berdin banatuta. Zona osasungaitzenak “goiko auzoak” ziren. Langile auzo horiek ziren Bizkaira emigratzen zuten langileek aurkitzen zituzten bizitza-baldintzak.

Langile Mugimenduaren Sorrera

Giro honetan sortu ziren lehen langile elkarteak (alderdi politikoak eta sindikatuak) eta gertatu ziren langileriaren greba eta protestaldiak.

Entradas relacionadas: