Euskal Herria XX. Mendean: Kontzertu Ekonomikoa, Estatutua eta Gizarte Aldaketak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,98 KB

Francoren Dekretua eta Kontzertu Ekonomikoaren Indargabetzea

Lehen mailako testu historikoa da, garai hartan idatzi izan zelako. Formari dagokionez, testu juridikoa da, lege-dekretu bat delako; baina, Francok bere iritzia ematen duenez, politikoa ere badela esan dezakegu. Francisco Francok xedatutako testua da. 1937ko ekainaren 24an argitaratu zen. Testua publikoa da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta dagoelako.

Dekretuaren Edukia eta Testuinguru Historikoa

Lehenengo paragrafoan, Francok bere iritzia emateko erabiltzen du: Euskal Herriko probintzien kontzertu ekonomikoa pribilegio bat dela. Bigarren paragrafoan, Gipuzkoak eta Bizkaiak kontzertu ekonomikoa armak hartzeko eta mugimendu nazionalaren kontra joateko erabili zutela dio, hortaz, traidoreak direla. Hirugarren paragrafoan, berezitasun hori zenbait kasutan, Nafarroaren kasuan, leialtasuna adierazteko erabili zutela esaten du. Azken paragrafoan, Francok xedatzen du Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoa indargabetuta geratzen dela.

Fronte Popularraren kontrako armadaren altxamenduak erantzun desberdina izan zuen Euskal Herriko zonalde desberdinetan. Araba eta Nafarroa alde jarri ziren, eta Gipuzkoa eta Bizkaia kontra. Gipuzkoan, kolpeak porrot egin zuen. Bertako militarrak altxamenduaren alde zeuden eta Donostia okupatu nahi izan zuten, baina CNTko anarkistek atzera bota zituzten. Bilbon, altxamenduaren aldeko giroa eskasagoa zen, eta militarrak ez ziren ausartu ezer egiten. Nafarroa menperatu ondoren, nazionalak Gipuzkoa konkistatzera joan ziren. Bizkaia ere nazionalen eskuetan erortzeko zegoenean, Euskal Estatutua onartu zuten. 1937ko udaberrian, Molak Bizkaiaren kontrako erasoa jo zuen, eraso oso bortitza izan zen. Bilbo babesteko, Burdin Hesia (Cinturón de Hierro) delakoa eraiki zuten inguruko mendietan, baina ez zuen ia ezertarako balio. 1937ko ekainaren 14an nazionalak Bilbon sartu ziren.

Kontzertu Ekonomikoaren Bilakaera

Bilbo konkistatu bezain laster, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoa indargabetuta geratu zen, eta erregimen arrunta ezarri zieten. Hala ere, Araban eta Nafarroan kontzertu ekonomikoa eta hitzarmen ekonomikoa mantendu ziren Franco hil arte. Gaur egun, Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoa berreskuratu da. Araban eguneratu da, eta Nafarroan lege berezi batekin mantendu da.

Euskal Herriko Estatutua (1936)

Jarraian, 1936ko Euskal Herriko Estatutuaren zati batzuk aurkezten dira:

EUSKAL HERRIKO ESTATUTUARI BURUZKO LEGEA (1936)

“Diputatuen Kongresuak honako LEGE hau agindu eta berretsi du:

1. art. Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute espainiar estatuaren barruan eta “Euskal Herria” izena hartu du. Bere lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da eta horiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira (...). Euskara, gaztelania bezala, Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izango da (...).

5. art. Euskal Herriari dagokio bere lurralde autonomoaren barruko babes juridikorako eta ordena publikoa mantentzeko polizia erregimena ezartzea.

10. art. Euskal Herriaren botereak herrian sortzen dira eta Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera erabiliko dituzte berak erabakitzen dituen organoek honako mugapen hauen arabera:

a) Eskualdeko organo legegilea (...) sufragio unibertsal, berdin, zuzen eta sekretu bidez (...) hautatuko da.

b) Organo betearazleak organo legegilearen konfiantza izan behar du, eta presidentea izango da eskualdearen ordezkaria Errepublikarekiko harremanetarako (...).

Lehen Xedapen Iragankorra. Gerra Zibilak eragindako ezohiko baldintzek irauten duten bitartean, Euskal Herrian behin-behineko Gobernuak aginduko du Estatutu honetan xedatutako eskumen guztiekin. Behin-behineko Gobernu horretako lehendakaria Estatutua promulgatu ondorengo zortzi egunen barruan izendatuko dute euskal udalak osatzen dituzten eta euren botoa askatasunez eman dezaketen herriek aukeratutako zinegotziek (...). Behin-behineko Gobernuko lehendakariaren hautaketa Bizkaiko gobernadore zibilak egiaztatuko du (...). Horrela hautatutako lehendakariak behin-behineko Gobernuko kideak izendatuko ditu, eta horiek ez dira bost baino gutxiago izango (...)

Diputatuen Kongresua, 1936ko urriaren 4a. Madrilgo Gazeta, 281. alea, 1936ko urriaren 7koa.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1. alea, 1936ko urriaren 9koa.

Clara Campoamor eta Emakumeen Boto-Eskubidea

Testu honetan bi paragrafo agertzen dira. Lehenengoan, Clara Campoamor diputatuak arrazoitu egiten du zergatik onartu behar duten emakumeen boto-eskubidea (emakumea den bezala izan ahal izateko, askatasunez bizi ahal izateko, gizartearen zati bat direlako, etab.). Bigarren paragrafoan, diputatua bere iritzira hurbiltzen saiatzen da, horrela emakumearen boto-eskubidearen alde bozka zezaten. Izan ere, diputatu gehienak gizonezkoak ziren; garai horretan, Gorteetan hiru emakume baino ez zeuden (Clara Campoamor, hitzaldi honen egilea; Victoria Kent eta Margarita Nelken). Sozialistek horretarako esaten diete konstituzio aurreratuena eta onena izango dela. Errepublikak monarkiak egin ez zuena egingo duela, eskubide hori onartzen duen lehendabiziko herri latindarra izango direla.

Emakumeen Boto-Eskubidearen Testuinguru Historikoa

Berrezarkuntza politikoaren azken urteetan, Primo de Riverak diktadura bat ezarri zuen. Primo de Riverak alde egin zuenean, diktablanda izeneko aldia geratu zen. Oposizioan zeuden indarrak Donostiako Itunean elkartu ziren, eta 1931ko apirilaren 12an udal hauteskundeak egin ziren. Espainian, hiri handietan, errepublikanoak eta sozialistak izan ziren garaile. Apirilaren 14an, Eibarko zinegotziek errepublika aldarrikatu zuten. 1930ean, Donostiako Itunean indarrak batu zituzten erakundeek behin-behineko gobernua eratu zuten, Niceto Alcalá Zamora errepublikano kontserbadorea buru zutela. Behin-behineko Gobernuaren eskutik, bi deialdi egin zituzten udal hauteskundeak egiteko. 1933ko hauteskundeetan, emakumeek lehen aldiz parte hartu ahal izan zuten. Hauteskunde hauetan, indar eskuindarrak izan ziren garaile; orduan, sozialistek Clara Campoamorri bota zioten errua, emakumeen botoen ondorioz hauteskundeak galdu izanagatik. Hala ere, nazionalek Gerra irabaztean, Errepublikaren aurreko emakumeen egoera berrezarri zuten, eta horrela mantendu zen 1979ra arte; urte horretan berdintasun juridikoa lortu zen. Franco hil eta gero, gaur egun arte emakumeek boto-eskubidea berreskuratu zuten.

Clara Campoamorren Hitzaldia Gorte Konstituziogileetan (1931)

Jarraian, Clara Campoamor diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldiaren zati bat:

CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)

“Utzi iezaiozue emakumeari den bezalakoa izaten, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (...) eta eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipatu izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (...). Utzi iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita hartan. (...)

Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, oso poztu nau mundu zibilizatuan orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela pentsatzeak. Gainera, nire ustez, behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko dio emakumeari, Errepublika ezarri eta hamabost egunean. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren aurak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (...). Eta honela diotsuet, legegizonak:

(...) ez ezazue onartu beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.”

Espainiako Errepublikaren Gorte Konstituziogileen saioen egunkaria, 1931ko irailaren 1eko saioa.

Industrializazioaren Ondorioak Bizkaian

Industrializazioak gizartean aldaketak ekarri zituen, bi klase nagusi sortuz: burgesia (negozioen jabeak) eta proletarioak (fabriketako eta meategietako langileak). Aberatsen eta pobreen arteko zatiketa nabarmena zen, eta horrek klase-borroka piztu zuen. Langileen bizi-baldintzak oso gogorrak ziren (lan-ordutegi luzeak, elikadura eskasak, etxebizitza kaxkarrak...), eta haien osasuna kaltetu zuten.

Osasuna eta Ingurumena

Bilbok XIX. eta XX. mendeen artean Europako heriotza-tasa altuenetako bat izan zuen. Izurriteak oso ohikoak ziren langile-auzoetan. Gainera, industriak sortutako kutsadurak birikietako eta bestelako gaixotasunak sortu zituen.

Ingurumenean ere ondorio gogorrak izan ziren. Bilboko itsasadarra kutsatuta zegoen, etxeetako zaborra bertara botatzen zelako. Horrekin, meatzaritzako paisaia guztiz aldatu zen.

Kultura eta Politika

Hala ere, industrializazioarekin zinema eta futbola garatu ziren, bereziki futbola (Athletic futbol-taldea sortu zen). Hirietan antzokiak eta operak sortu ziren (Bilbon, Arriaga Antzokia); hala ere, antzokiak gaur egun arte hainbat aldaketa izan ditu. Horrekin, kultura-eskaintza zabaltzen joan zen.

Politikan ere aldaketak izan ziren. Alderdi sozialistak eta anarkistak sortu ziren. Baita ere, herritarrak politizatzen hasi ziren. Gainera, hiri industrializatuetan erlijio katolikoaren eragina gutxitu egin zen; aldiz, landa-eremuan berdin jarraitu zuen. Linguistikoki, aldaketak gertatu ziren: industria-guneetan euskaldunen ordez erdaldunak nagusitzen hasi zirelako.

Entradas relacionadas: