Euskal Herria Francoren Diktaduran (1937-1975): Erresistentzia eta Kultura
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 10,64 KB
Euskal Herria Francoren Diktaduran: Lehen Zatia (1937-1959)
Gerraostea: Erregimenaren ahuldadea eta egonkortzea
Gerra Zibilaren ondoren, euskal gizartea bi zatitan banatuta geratu zen:
- Erregimen berria babesten zutenak (gutxiengoa): militarrak, falangistak, tradizionalistak eta goi-enpresariak.
- Erregimenaren aurkakoak (gehiengoa): nazionalistak, errepublikarrak, sozialistak, komunistak eta anarkistak.
Erregimenaren hasierako urteetan, gizarteko zatirik handienak eskubide eta ideien zapalkuntza pairatu zuen, administrazio eta lan munduaren depurazioa; eta euskal kulturaren adierazpen oro debekatu zuten, ñimiñoena ere (pertsonen izenak, izenak kanposantuetan).
Zapalkuntza horren barruan, diktadoreak Errepublika garaian sortutako erakundeak desegin zituen, hala nola 1936ko Autonomia Estatutua, eta XIX. mendetik ekonomiaren esparruan Bizkaiak eta Gipuzkoak zeuzkaten Kontzertu Ekonomikoak ere bai, zigor kolektibo gisa (Arabakoa eta Nafarroakoa, berriz, ez).
Erbestea eta Oposizioa
Eusko Jaurlaritza osoa erbestean zegoen, J. A. Agirre buru zuela. Bigarren Mundu Gerran, aliatuekin lotura diplomatikoak sortu zituen, batez ere AEBekin, gerra amaituta diktadura faxista ere bukatuko zela pentsatuz. Horregatik, euskal indar politikoek eta gainerako indar politiko espainiarrek Baionako Ituna sinatu zuten (1947).
Baina, 1947an Gerra Hotza piztuta, Francok 1953an Vatikanoarekin Konkordatua sinatu zuen eta 1953-1955ean AEBekin hitzarmen ekonomiko-militarra. Ondorioz, jarraipena lortu zuen. Beraz, euskal oposizioaren itxaropena zapuztu egin zen.
Egoera zail horretan, euskal oposizioak 1947ko erreferendumean Ondorengotza Legea ez bozkatzeko ekimena koordinatu zuen, eta 1947an eta 1951n grebetara deitu zuen. Baina greba horietan langile erresistentzia errotik desagerrarazteko, erregimenak zapalkuntza bortitza erabili zuen (milaka kaleratze).
Autarkia eta Kooperatibismoaren Sorrera
Ekonomian, gerraosteko urteak gogorrak izan ziren, bai Estatuak inposatutako autarkia egoeragatik, bai Espainiar Estatuak euskal enpresei jarritako oztopoengatik. Gipuzkoako eta Bizkaiko industriak garapen motela izan zuen sistema autarkikoak eskainitako erregai eta lehengai eskasia eta gabeziagatik, arlo elektrikoan, papergintzan edo kimikan. Hala ere, 1944an Iberduero enpresa sortu zen.
Dena den, metalurgikoek, nabigazio enpresek eta banketxeek irabazkin handiak izan zituzten. Bestalde, garai hartako finantza beharrek kooperatibismoaren sorrera bultzatu zuten Arrasaten, J. M. Arizmendi-Arrieta aita sustatzaile izanik, talde katoliko aurrerakoiaren kidea.
Kooperatiben garapena:
- 1956: Lehen enpresa kooperatiboa sortu zen, Ulgor.
- 1958: Fagor.
- 1959: Caja Laboral Popular (Euskadiko Kutxa).
Hortik aurrera, sistema kooperatiboa laster hedatu zen, etxetresna elektrikoak eta abar ekoizteko industria sortuz. Bitartean, langileen soldatak behera joan ziren: Euskalduna enpresan 1945ean soldata 1936ko % 55 besterik ez zen.
Kulturaren Zapalkuntza eta Arantzazuko Eskola
Diktadura frankistaren lehen aldian, euskal kulturaren adierazgarri ziren sinbolo, manifestazio eta arte adierazpen guztiak ezeztatzen saiatu ziren: euskara, folklorea, sinboloak, ohiturak, herri jaiak. Frankismoak faxismoen parafernalia bereganatu zuen eta ahaztuak zeuden irudiak (Austriako Etxekoen Inperiokoak edo Errege Katolikoenak).
Arteari dagokionez, Arantzazuko Eskola 1950. urte inguruan sortu zen, santutegia berregiten hasi zirenean, abangoardiako artea sortzeko lehen saioa izanik. Hasierako sustatzaileak hauek izan ziren: Basterretxea, Oteiza, Txillida eta Ibarrola.
Hego Euskal Herria Francoren Diktaduran: Bigarren Zatia (1959-1975)
Gatazkak eta Oposizio Mugimenduak (1959-1975)
60ko hamarkadako garapen ekonomikoarekin batera, gatazkak areagotu ziren eta hainbat greba egin ziren. Bizi-baldintzak hobetzearen aldeko langileen mobilizazioek mugiarazi zuten euskal gizartea. Euskal Herrian frankismoaren aurkako oposizioko mugimendua berriz indartu zen, honako hauek aritu baitziren diktaduraren kontrako lanean:
- Langileen mugimendua.
- Euskal Eliza.
- Oposizio politikoa.
- Batez ere, ETA erakundea.
Langileen Mugimendua eta Grebak
Kide eta jarraitzaile komunistek eta sozialistek osatutako langileen mugimendua sindikatu ofizial bakarrean infiltratu zen, modu klandestinoan. Lantegietan, borroka jardunaldiak egin zituzten. Garai horretan, Comisiones Obreras (Langile Batzordeak) sindikatuaren lana beste sindikatu batzuen lanekin indartu zen, hala nola UGT eta ELA sindikatu nazionalistarekin.
1967ko urtean, diktadura garaiko grebarik luzeenak 1966ko azarotik 1967ko maiatzera arte iraun zuen. Laminación de Bandas en Frío enpresan gertatu zen, Basaurin, enpresak uko egin zionean langileen eskaerak entzuteari. Greba hauetan, dena dela, gizarte eskaeren atzean (lanordu gutxiago, soldaten igoera, lan baldintzen hobekuntza, etab.), izaera politikoko aldarrikapenak ere gordetzen ziren.
Egoera hori zela eta, erregimenak indarkeria handiagoz eta zapalkuntza gogorrez erantzun zuen, eta kaleratzeen ondoren salbuespen egoera izendatuz, heriotza zigorra ezarri zuen sarri.
Euskal Elizaren Jarrera Militantea
Euskal Elizak, herritarren alde, paper militante eta nazionalista eskuratu zuen berriz. Sermoietan erregimenaren aurkako kritikak areagotu zituen, eta Gobernu frankistarekin aurrez aurreko ika-mikak ere izan zituen; esaterako, Bilboko Añoveros gotzainak euskal kulturaren alde egindako sermoiarekin (1974).
Oposizio Politikoaren Batasuna
Politikari dagokionez, gizartearengana hurbiltzeko saioa egin zuten, baita jarrerak batzekoa ere. Horretarako, PCE, PSOE eta EAJ batu egin ziren Unión de Fuerzas Democráticas (1961), eta barnetik oposizioa gidatzen saiatu ziren. Horrela, 1964an milaka pertsona gai izan ziren Aberri Eguna ospatzeko Gernikan, poliziak jarritako trabak gaindituz.
ETAren Sorrera eta Borroka Armatua
50eko hamarkadan, unibertsitateko gazte talde batek EKIN taldea osatu zuen. Haien ideologiaren helburua euskara defendatzea zen, eta euskal herriarentzat independentzia aldarrikatzen zuen. 1957an, erabat hautsi zuten EAJrekin zuten lotura eta geroago, ETA (Euskadi Ta Askatasuna) sortu zuten (1959). Erakunde horrekin, erregimenari oposizioa egiteko beste modu bat sortu zen: indarkeria.
Erakundeak marxismoa eta kolonia ohien ideologia gehitu zizkion bere ideologia abertzaleari, eta indarkeria zuzena bere ekintzei 1968tik aurrera, erregimenaren aurkako borroka armatua hasi baitzuen (43 hildako sortu zuena), beste fronte batzuetan aritzeaz gain (lan, kultura eta politika arlokoak).
Estatuko indarrek ETA erakundearen zatirik handiena desegin zuten, eta horrek eta erabili beharreko estrategiak banaketak ekarri zituzten ETAren barneko ardatzean:
- Langileen mugimenduekin bat egiteko nahia zuena, politika aukeratu zuena.
- Borroka armatuaren aldekoa (V. Asanblada), garaile erakunde barruan.
Burgosko Prozesua (1970)
Testuinguru horretan, 1970eko abenduan, Burgosko Prozesua hasi zen, erakundeko 16 kideri hilketak eta indarkeriazko ekintzak egin izana leporatzen baitzieten. Burgosko Goi Jeneraltza egoitzan egin zuten epaiketa; bertan, irregulartasun juridiko ugari izan zituzten, eta honako hau izan zen emaitza: zortzi heriotza zigor 6 kiderentzat eta zazpi mende baino gehiagoko kartzela zigorra gainerakoentzat.
Horrek guztiak protesta orokorra sortu zuen estatu barnean zein mundu osoan, eta azkenean, nazioarteko laguntzari esker, heriotza zigorrak ez betetzera behartu zuten diktadorea. Giro horretan, frankismoaren aurkako manifestazioak geroz eta ugariagoak izan ziren. Unibertsitateko elkarteek, bizilagun taldeek, klandestinitateko sindikatuek, besteak beste, ekintza kulturaletan eta politikoetan, sistema demokratikoa eta preso politikoentzako amnistia osoa aldarrikatu zituzten publikoki.
Frankismoaren Amaiera eta Azken Fusilamenduak
Frankismo garaiaren amaieran, Carrero Blancoren aurka egindako atentatua (1973) erabakigarria izan zen, gobernuburua eta Francoren ondorengoa baitzen. ETA erakundea bitan banatu zen: ETA militarra eta ETA politiko-militarra (1974, Madrilgo kafetegian jarritako bonbaren ondorioz, 13 hildako).
Francoren azken aldian ETAko bi kideren fusilamenduak izan ziren: Txiki eta Otaegi (1975eko iraila). Azken gertaera horrek ezin konta ahala protesta sortu zituen Espainian, Euskadin eta mundu osoan, baina Francok modu basatian isildu zituen, salbuespen egoeraren bidez indarkeria gizarteratu zuen eta modu bortitzean manifestaldiak zapuztuz.
Kulturaren Berpizkundea eta Euskara Batua
60ko hamarkadan kulturak gorakada izan zuen, baina hasieratik gizarte eta politikaren aldarrikapena barneratu zituen, eta bide horretatik bideratu ziren erregimen frankistaren kontrako aldarrikapen asko. Bi alderdiak batzen saiatu zen: euskal tradizioa (erregimenak baztertua) eta Europan indarrean zeuden abangoardiako mugimendu berriak.
Arte eta Musika Mugimenduak
Artearen alorrean beste artista belaunaldi batek hartu zuen lekukoa: Sistiaga, Ruiz Balerdi eta Zumeta. Gainera, arte talde berriak antolatu ziren:
- Gaur
- Emen
- Orain
- Danok
Musikaren esparruan, euskal kantutegi tradizionaleko kantuak eta joera berriak (folk amerikarra, protesta kantutegi frantsesa eta katalaneko kantuak) batzea izan zen helburua. 1965etik aurrera, Ez Dok Amairu musika mugimendua sortu zen, eta euskal kultura berritzeko zereginean funtsezko lana egin zuen. Era berean, gizarteari begira hartu zuen konpromisoari esker, oihartzun handia lortu zuen, besteak beste, musika sortzaileak Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Xabier Lete izanik.
Euskara Batua eta Literatura
Euskarari dagokionez, 1968an Arantzazuko Batzarrean Euskaltzaindiko kideek Euskara Batua adostu zuten, administrazioan, hezkuntzan eta hedabideetan erabiltzeko hizkuntza arautzen zuena.
Literaturan, Txillardegik, G. Arestik eta R. Saizarbitoriak euskararen erabilera suspertzeko eta euskal literatura eguneratzeko helburua zuen lehen idazle belaunaldia osatu zuten.
Ikerketaren alorrean, ezin da ahaztu hainbat pertsonak zenbait alorretan eginiko lana:
- M. Lekuona, J. M. Barandiaran, J. Caro Baroja: etnologia, historiaurre eta antropologia diziplinetan.
- K. Mitxelena: euskal filologiaren alorrean.