Euskal Herria eta Espainiako Trantsizioa: Hitzarmenak eta Konstituzioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 35,82 KB

Baionako Hitzarmena (1945): Testuingurua eta Garrantzia

Testuaren Kokapena eta Izaera

Lehen mailako testu historikoa da, garaikoa baita. Testu politikoa da, akordio politiko bat delako. Euskal indarrek Espainiako indar errepublikazaleekin (Eusko Jaurlaritza sortzeko parte hartu zuten indar politiko eta sindikatu guztiekin) idatzi zuten. Frankismoari zuzenduta dago (noren aurka borrokatzen jarraituko zuten azaltzeko) eta Euskal Herriko jendeari ere; beraz, dokumentu publikoa da. 1945eko martxoaren 31n argitaratu zen, Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoela, baina Europan jada amaituta.

Hitzarmenaren Edukia

Lehenengo paragrafoan, Euzko Gobernuarekin parte hartu zutenek eta frankismoaren aurka borrokatu zutenek ondorengo puntuak adierazten dituzte:

  • Lehenengo puntuan, altxamendu militarra gertatu zenean (1936ko uztailaren 18an), haren aurkako indarrak batu zirela eta hori 1936ko urriaren 7an osatu zela azaltzen dute, Euzko Gobernua osatzean (José Antonio Agirre lehendakariarekin).
  • Bigarrenean, konfiantza mantentzen dutela nabarmentzen dute Eusko Jaurlaritzarengan (erbesteratuta egon arren), Euskadiko ordezkariak direlako.
  • Hirugarren puntuan, demokrazia berrezartzean (itxaropena zutelako hori gertatzeko) Euskal Herriko nahiak errespetatuko eta defendatuko dituztela esaten dute.
  • Laugarrenean, Eusko Jaurlaritza aholkularia izango dela aipatzen dute (ez dela botere betearazlea, baizik eta aholkuak emango dituela soilik).
  • Azkenik, frankismoaren aurka borrokatzen jarraituko dutela eta herriaren alde egingo dutela azaltzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren Ibilbidea Erbestean

Eusko Jaurlaritza 1936ko urrian sortu zen, eta José Antonio Agirre izan zen lehen lehendakaria. Baina Bizkaia frankisten esku erori zenean, Kataluniara joan zen, eta ondoren Frantziara. Alemaniak Frantzia hartu zuenean (1940), euskaldun asko deportatu zituzten, eta askok erresistentzian eta aliatuekin borrokatu zuten. Agirre lehendakariak 1941ean Estatu Batuetara ihes egin zuen, eta Eusko Jaurlaritzak ordezkaritzak ireki zituen Londresen eta New Yorken. Gainera, harreman onak izan zituen AEBko gobernuarekin. Bestalde, klandestinitatean Euzko-Naia talde politiko-militarra antolatu zen, eta Espainiako helburuei buruzko informazioa jasotzen aritu ziren. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoela (1945ean), euskal indarrek Espainiako errepublikaren aldeko indarrekin batera sinatu zuten testu hau, Francoren aurka joateko eta Espainian errepublika ezartzeko itxaropenarekin.

Ondorioak eta Frustrazio Urteak

Testu hau argitaratu ondoren, aliatuak ez ziren frankismoaren aurka sartu, nahiz eta Bigarren Mundu Gerra irabazi. Beraz, 40ko hamarkadaren amaieran itxaropena galdu zuten. Horrek frustrazio urteak ekarri zizkien oposizioko alderdiei. Izan ere, Francoren erregimenak nazioarteko onespena lortu zuen. Ondorio bakarra Eusko Jaurlaritza mantendu izana izan zen. 1960an, José Antonio Agirre hil zen, eta Leizaolak ordezkatu zuen.

Hitzarmenaren Garrantzia Historikoa

Testu hau garrantzitsua da ulertzeko nola hasi ziren frustrazio urteak, eta ikusten dugulako erregimenaren aurkako oposizioaren itxaropena aliatuak Francoren aurka joatea zela.


Añoveros Gotzainaren Sermoia (1974): Euskal Gatazka

Testuaren Kokapena eta Izaera

Lehen mailako testu historikoa da, garaikoa baita. Testu politikoa da, gai politiko bati buruzko hitzaldi bat delako. Egilea Bilboko Gotzaina Antonio Añoveros izan zen. Herritar guztientzat zuzenduta dago; beraz, publikoa da, baina batez ere Elizaren barruan zegoen jende guztiari (elizbarrutiari). 1974ko otsailaren 24an egin zuen Pastorala, Arias Navarro Espainiako presidentea zenean, frankismoaren azken urteetan. Antonio Añoverosen helburua euskal gatazka azaltzea zen.

Sermoiaren Edukiaren Azterketa

Hasieran, euskal gatazka arazo bat zela eta nolakoa zen azalduko duela aipatzen du. Bigarren paragrafoan, batzuek euskal gatazka existitzen zela esaten zutela azaltzen du; hau da, Euskal Herriko eskubideak zapalduta zeudela, baina beste batzuk ez zeuden ados horrekin. Hirugarren paragrafoan, Euskal Herriak ezaugarri desberdinak dituela nabarmentzen du, garrantzitsuena hizkuntza zela, eta ezaugarri horiek berezitasuna ematen zioten Euskal Herriari. Hurrengo bi paragrafoetan, Euskal Herriak, gainerako herriek bezala, tradizioak mantentzeko eskubidea zuela esaten du. Hala ere, oztopoak zeuden bai komunikabideetan (ez zegoelako ez telebistarik, ez prentsa euskaraz) bai ikasketetan (ezin zelako euskaraz ikasi). Azkenik, egoera hori konpontzea espero dutela aipatzen du.

Elizaren eta Frankismoaren Arteko Harremana Euskal Herrian

Frankismoak hiru zutabe zituen hasierako egoera mantentzeko, eta Eliza horietako bat zen. Frankismotik oso hurbil mantendu zen Eliza, baina Euskal Herrian egoera desberdina zen. Espainiaren aurkako isolamenduaren garaian, Euskadin agintari politiko askoren aurkako errepresioa egon zen. Horrez gain, barneko eta kanpoko oposizioak zeuden. Barneko erresistentziari dagokionez, matxinada armatuak egon ziren EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Euzko-Naia sortu zen, eta lan-gatazka ugari egon ziren. Bestalde, Euskal Elizaren oposizioa zegoen. Erregimenak Euskal Elizaren hierarkia kontrolatu nahi zuen; hau da, Francok gotzainak hautatzea. Azkenean, 1949an Euskal Elizbarrutia banandu zen, eta apaiz batzuk nazionalismoaren alde eta erregimenaren aurka egin zuten. Langileak eta kleroak elkartu ziren, eta Ekintza Katolikoa sortu zuten, erregimenaren aurkako jarrerak hartuz. 1953an, Espainiak eta Vatikanoak konkordatua izenpetu zuten, eta gobernuak gotzainak izendatzeko gaitasuna hartu zuen, eliza indartuz. Hala ere, frankismoaren bigarren aldian (1959-1975), apaiz batzuek frankismoaren zapalkuntza eta euskal herriaren eskubideen zapalketa salatu zituzten. Vatikanoko II. Kontzilioa (1962-1965) zela eta, Elizaren barruan krisia sortu zen. Elizak jarrera liberalagoa eta demokratikoagoa hartu zuen, eta frankismotik urrundu zen. Ondorioz, Euskal Herriaren kultura-identitatea defendatzeko, Antonio Añoverosek, Bilboko apezpikuak, Pastoral bat egin zuen (1974an).

Sermoiaren Ondorioak eta Garrantzia

Ondoren, Elizaren eta frankismoaren arteko harremana okerragotu zen. 1975ean, tentsioak berriro hasi ziren Pablo VI.a Aita Santuak Francori 5 heriotza-zigor (FRAP eta ETAkoak) bertan behera uzteko eskatu zionean. Bestalde, euskal kultura berpiztu zen Franco hilzorian zegoela. Adibidez:

  • Euskararen eta Euskaltzaindiaren suspertzea
  • Ikastolen sorrera

Testu hau garrantzitsua da, Elizak sortutako frankismoaren aurkako oposizioa uler dezakegulako, batez ere azken urteetan.


Espainiako 1978ko Konstituzioa: Trantsizioaren Oinarria

Kokapena eta Izaera

Aurrean dugun testua 1978ko Konstituzioaren artikulu sorta bat da. Testu historikoa da, hau da, lehen mailako iturria. Horretaz gain, testu juridikoa dela ere esan genezake, eta politikotzat ere har daiteke, Estatuaren printzipio eta antolakuntza politikoaren oinarriak jasotzen baititu. Testuaren egilea 1977ko hauteskundeetan aukeratutako Gorte Konstituziogileetatik sortutako Batzorde Konstituziogilea izan zen, zazpi kidek osatua: UCDko hiru, PSOEko bat, PCEko bat, APko bat eta katalanista bat. Testua Madrilen idatzi zen 1977-1978 artean, 1978ko urriaren 31n onartu zen Gorteetan, abenduaren 6an onartu zen erreferendumean, eta abenduaren 29an argitaratu zen BOEn. Testu publikoa da, herritar guztiei zuzendua, eta bere helburua Espainian sistema demokratikoa ezartzea izan zen.

Konstituzioaren Analisia: Ideia Nagusiak

Testu honetako ideia nagusien azalpenari ekingo diogu:

  • Espainia “zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko” gisa definitzen da, eta bere ordenamendu juridikoaren balioak zehazten dira: “askatasuna, berdintasuna, justizia eta pluralismo politikoa” (1.1 art.).
  • Nazio subiranotasuna proklamatzen da, espainiar herriari dagokiona, eta Estatuaren botere guztiak subiranotasun horretatik datozela esaten da (1.2. art.).
  • Estatuaren forma monarkia parlamentarioa izango dela ezartzen da (1.3. art.).
  • Espainiaren batasuna “zatiezina” dela deklaratzen da, baina nazionalitate eta eskualdeen autonomia eskubidea aitortu eta bermatzen da (2. art.).
  • 66., 98. eta 117. artikuluetan botere banaketa azaltzen da:
    • Botere legegilea Gorte bikameralei (Diputatuen Kongresua eta Senatua) dagokie (66.1 art.).
    • Botere betearazlea Gobernuari dagokio (presidenteak, presidenteordeak eta ministroek osatua) (98.1 art.).
    • Eta botere judiziala epaileei dagokie, beraien independentzia proklamatzen delarik (117.1 art.).
  • Autonomia lortzeko bidea azaltzen da (143. art.). Artikulu honek ezarri zuen autonomiarako “bide motela” deitutakoa, eta 151. artikuluak autonomiarako “bide azkarra” deitutakoa.
  • Lehen xedapen gehigarriak foru-lurraldeen eskubide historikoak aitortzen ditu, eta 2. xedapen indargabetzaileak 1839ko urriaren 25eko Legea (Lehen Gerra Karlistaren amaieran egindakoa, foruak berretsi zituena, baina monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe) eta 1872ko uztailaren 21eko Legea (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak abolitu zituena) indargabetzen ditu.

Inguru Historikoa: Trantsizioaren Giltzarriak

Testuinguru historikoari dagokionez, Konstituzioa Trantsizioa deitutako prozesuan kokatu behar dugu. Trantsizioa Franco hil zenetik PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi zituen arteko aldia da, zazpi urtekoa. Garai honetan hiru jarrera bereizi ziren: inmobilismoa, oposizioa eta erreformistak. Azken hauen jarrera frankismoak emandako tresna legalak erabiliz erreformak abiatzearen aldekoa zen.

Arias Navarroren Gobernua eta Gizarte Gatazkak

Franco 1975eko abenduaren 20an hil zen, Carlos Arias Navarro gobernuburu zelarik. Honek eman zuen Francoren heriotzaren berri, eta 1969an Francok bere ondorengo izendatu zuen Juan Carlos de Borbón, azaroaren 22an koroatu zuen, Juan Carlos I.a Espainiako errege koroatuz. Espainiako sektore handi batek egoera sozioekonomikoa kolokan jarriko ez zuen erreforma politikoa nahi zuen, hau da, aldaketa bat eskatzen zuen. Trantsizioaren hasieran, Arias Navarroren gobernualdian, gizarte gatazkak eta errepresioa ugariak izan ziren. Adibidez:

  • Mila greba baino gehiago
  • Manifestazioak

Gehienak langileen bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko egin ziren, baina baita helburu politikoekin ere (amnistia, feminismoa, autogobernua, etab.).

Botere Faktikoak: Armada eta Eliza

Botere faktikoak herrialde baten norabide politikoan eragina duten sektoreak dira, eta Trantsizioaren hasieran hauek ziren: alde batetik, armada. Armadaren gehiengoa frankismotik ideologikoki oso hurbil zegoen, eta honek “ruido de sables” (ezpata hotsa) egoera sortu zuen, hau da, estatu kolpe baten beldurra. Hala ere, Armadan bazegoen ere ofizial antifrankisten erakunde txiki bat, UMD. Bestalde, Eliza. Honen jarrera, oro har, erreformen aldekoa izan zen.

Adolfo Suárezen Gobernua eta Erreformak

Trantsizioaren hasieran, erregeak Arias Navarro mantendu zuen gobernuburutzan, eta honek erreforma mugatuak bultzatu zituen, baina demokrazian pentsatu gabe. Arias Navarroren gobernuaren garaian, Torcuato Fernández-Miranda izan zen Gorteetako presidentea eta Erresumako Kontseiluko presidentea. Oposizioak haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen, eta alderdi demokratiko gehienak Coordinación Democrática (Platajunta) izeneko aliantza handian bildu ziren.

Erregeak, Arias Navarroren gobernuaren geldotasuna eta oposizioaren hazkundea ikusita, Adolfo Suárez falangista ohia izendatu zuen gobernuburu 1976ko uztailean. Honek aldaketa errealerako lehen urratsak eman zituen gobernura heldu bezain pronto, preso politikoei amnistia emango zitzaiela eta urtebeteko epean hauteskunde libreak antolatuko zituela iragarriz. Oposizioarekin negoziazioetan hasi zen ere, PSOEko Felipe Gonzálezekin eta PCEko Santiago Carrillorekin. Negoziazio hauen ondorioz, De Santiago jenerala presidenteordeak dimititu zuen, eta Suarezek Gutiérrez Mellado jeneral liberala izendatu zuen kargua hartzeko. 1976ko irailean, Suárezek Erreforma Politikorako Legea iragarri zuen, eta azaroan Gorteek onartu zuten. Abenduaren 14an erreferendumean onartu zen, eta 1977tik aurrera aplikatu zen. Erreferendumaren emaitzek Suárezen proiektuak biztanleriaren gehiengoaren babesa zuela erakutsi zuten, ezezko botoa %2,6koa baino ez zelako izan, eta parte hartzea oso altua, %77koa. Hala ere, oposizioko talde batzuek indarkeria erabili zuten: alde batetik, ETA eta GRAPO, eta bestetik, ultraeskuina (Atochako hilketak). Suárezek Mugimendu Nazionala disolbatu zuen, eta alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu zituen, demokraziarako bide bakarra baitzen. 1977ko apirilean PCE legeztatu zuen.

Hauteskunde Demokratikoak eta UCDren Garaipena

1977ko ekainaren 15ean, iragarritako hauteskundeak egin ziren. Hauteskunde legeak UCDren alde egin zuen. Suárezen alderdiak, Unión de Centro Democrático (UCD), irabazi zituen hauteskundeak. PSOE (Felipe González) bigarren alderdi geratu zen. PCE (Santiago Carrillo) eta Alianza Popular (Manuel Fraga) alderdiek emaitza eskasak lortu zituzten. Nazionalistek (PNVk eta katalanistek) emaitza onak lortu zituzten haien lurraldeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ izan zen boto gehien lortu zuen alderdia, UCDren gutxiengo gobernu bat eratu zen horrela, Suárez buru zela. Hauteskundeetako emaitzek argi utzi zuten espainiarrek nahi zutena: Francoren lege eta erakundeen indargabetzea, erreforma demokratikoen jarraipena eta adostasun politikoa mantentzea.

Krisi Ekonomikoa eta Moncloako Itunak

1973an petrolioaren prezioaren igoerak atzeraldi globala eragin zuen, eta oso ondorio larriak izan zituen herrialdean 1975ean, krisi ekonomikoa piztu zenean. Gainera, erregimenaren krisi politikoak eta Francoren heriotzak are okerrera egin zuten egoera. Krisia lehertu zenean, inflazioa, langabezia eta estatuko defizita izugarri handitu ziren. Pesetaren debaluazioak esportazioei, turismo-errentei eta atzerriko inbertsioei mesede egin zien, eta horrek krisiaren ondorioak arindu zituen. Baina, aldi berean, herritarren erosteko ahalmena gutxitu egin zen, eta horrek ezinegona soziala areagotu zuen.

1977ko ekaineko hauteskundeen ostean, Gobernuko presidenteordeak, Fuentes Quintanak, itunak proposatu zizkien indar politiko eta sozialei krisi ekonomikoari aurre egiteko, tentsio sozialak baretzeko eta terrorismoaren ondorioak leuntzeko. 1977ko urriaren 25ean sinatu ziren Moncloako Itunak, eta handik bi egunera onartu zituen Kongresuak. Moncloako Itunak adostasun zabalaren bidez herrialdearen arazoak gainditzeko aukera izan ziren, eta gizarteari erakusteko desadostasun politikoak alde batera utzi eta elkarrizketan aritzea posible zela. Denak bat etorri ziren gizartearen haserrea eta mobilizazioak baretzea, eta elkarrekin Estatu demokratiko bat eraikitzeko irtenbideak bilatu zituzten.

Itunek bi helburu nagusi zituzten:

  • Ekonomia erreformatu, modernizatu eta hobetzeko, pezeta debaluatu eta diru-politika murriztaile bat ezarri zen. Aurreikusitako inflazio tasaren arabera soldatak igotzea erabaki zen. Gizarte gaietan, aprendiz kopurua handitzea eta langabezia asegurua zabaltzea adostu zen.
  • Adierazpen askatasuna bermatzeko erreforma politikoak egiten jarraitzea, baita biltzeko eta elkartzeko askatasuna ere; estatuko hedabideak (prentsa, irratia eta telebista) arautzea; Kode Penala, Prozedura Penala eta Justizia Militarra erreformatzea, eta ordena publikoko indarrak berrantolatzea.

Erakunde sindikalek Moncloako Akordioen alde egin zuten, baina bazkideekiko sinesgarritasuna galdu zuten, akordioetako puntu batzuk ez zirelako bete eta ekonomia ez zelako hobetu.

Autonomia Bidearen Hasiera

Bigarren gobernualdian autonomiarako bidea zabaldu zen. Lehenik, Kataluniako Generalitatea berrezarri zen, Josep Tarradellasen eskutik. Euskal Herrian, 1978an, Euskal Kontseilu Nagusia deitutako erakunde aurreautonomikoa sortu zen. Katalunia eta Euskal Herriaz gain, beste erregimen aurreautonomiko batzuk sortu ziren: Andaluzia, Galizia, etab.

Egoera honetan idatzi zuen lehen aipatutako batzordeak Konstituzioa, eta Gorteek onartu zuten. Konstituzioaren ideia nagusiak lehenago azaldu ditugu, baina lehen azaldutakoei besteren bat ere gehitu ahal zaie: estatuaren akonfesionaltasuna, ekonomia mistoa (jabego pribatua eta merkatu librea aitortzen dira, baina Estatuak ekonomian parte har dezake), etab. Konstituzioa erreferendumean bozkatu zen 1978ko abenduaren 6an, eta baiezkoak irabazi zuen, botoen %90etik gora lortuz. Baina kontuan hartzekoa da Euskal Herrian egondako abstentzio handia (PNVk abstentzioa eskatu baitzuen).

Konstituzioaren Garrantzia eta Eraginak

Konklusio moduan, Konstituzio honen iraupen luzea eta Espainia mailan lortutako adostasun zabala nabarmendu genezake. Baina, aldi berean, ezin dugu ahaztu Konstituzioaren onarpena ez dela homogeneoa izan (Euskal Herrian, esate baterako, Konstituzioaren onarpena askoz txikiagoa izan zen, ezker abertzaleak ezezko botoa eta PNVk abstentzioa eskatu baitzuten). Bestetik, Konstituzioak hiru erreforma besterik ez ditu izan: 1992an, Europar Batasuneko herritarrak hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko; 2011n, aurrekontu egonkortasunaren printzipioa ezartzeko; eta 2024an, “elbarritu” hitza ezabatu eta bere tokian “desgaitasuna duen pertsona” idazteko.


Gernikako Estatutua (1979): Euskal Autonomiaren Oinarria

Kokapena eta Izaera

Aurrean dugun testua 1979ko Autonomia Estatutuaren (Gernikako Estatutua deitutakoaren) artikulu sorta bat da. Testu historikoa da, lehen mailako iturria. Horretaz gain, testu juridikoa dela esan behar dugu, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordenamendu juridikoaren adierazpide nagusia baita, eta politikotzat ere har daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa politikoa jasotzen baitu. Egileak Euskal Kontseilu Nagusiak eta Euskal Parlamentarien Biltzarreko kideak izan ziren: PNV, PSOE, UCD, EEko eta ESEI. Testua 1978an idatzi zen, eta urte horretako abenduan onartu zuen Euskal Parlamentarien Biltzarrak Gernikan, baina 1979an zehar testuaren gaineko negoziazioak egin ziren Suárezen eta Garaikoetxearen artean. Azkenik, Espainiako Gorteek onartu zuten, eta euskal herritarrek erreferendumean onartu zuten 1979ko urriaren 25ean. Urte horretako abenduaren 18an BOEn argitaratu zen, Suárez presidenteak eta Juan Carlos I.a erregeak sinatuta. Testuaren helburua euskal autonomia ezartzea zen.

Estatutuaren Analisia: Ideia Nagusiak

Testuko ideia nagusien azalpenari ekingo diogu:

  • Lehenik eta behin, testuak Euskal Autonomia Erkidegoaren sorrera deklaratzen du, “euskal naziotasunaren adierazpide gisa”, “Espainiako Estatuaren barruan” eta “Konstituzioarekin bat etorriz” (1. art.).
  • Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoko kide izateko eskubidea badute ere (2.1 art.), Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatuko lukete erkidegoa. Nafarroak sartzeko eskubidea du, horrela erabakiko balu (2.2. art.).
  • Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoek beren erakunde “pribatiboei” (Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak, etab.) eutsi ahal izango diete (3. art.).
  • Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propio dela proklamatzen da, eta ofiziala izango da gaztelaniarekin batera (6.1 art.).
  • Polizia autonomikoa sortuko da (Ertzaintza) ordena publikoa mantentzeko, Espainiako indar polizialek Euskal Autonomiaz kanpoko eta gaindiko gaiez arduratuko direlarik (17.1 art.).
  • Euskal Herriak ez dio ukorik egiten “historiaren kariaz legozkiokeen eskubideei” (Xedapen gehigarria).

Inguru Historikoa: Trantsizioa Euskal Herrian

Testua hobeto ulertzeko, bere testuinguru historikoan txertatu beharko genuke, Trantsizioa deitutakoan. Trantsizioak berezko ezaugarriak izan zituen Euskal Herrian, testuinguruaren berezitasunengatik. Garai horretan, Euskal Herriak bizi zuen indarkeria maila Europako altuenetarikoa zen.

Indarkeria eta Gatazka Sozialak

ETA bi zatitan banatuta zegoen: ETA militarra eta ETA politiko-militarra. Gatazka sozialak (grebak, manifestazioak, Gasteizko martxoaren 3a, etab.) eta amnistiaren aldeko mugimendua egunerokotasunaren ikur ziren, eta erreformaren aurkako indar politikoen garrantzia oso handia izan zen, aldaketa sakonagoa eskatzen zutenak.

Hauteskundeak eta Erakunde Aurreautonomikoak

1977ko hauteskundeetan PNV izan zen alderdirik bozkatuena, eta PSOEk emaitza onak lortu zituen. UCD garaile irten zen Nafarroan. PCEk emaitza eskasak izan zituen. ETA politiko-militarratik sortutako Euskadiko Ezkerrak (EE) diputatu bat lortu zuen Gipuzkoan, eta ezker abertzalearen beste sektoreak (geroago Herri Batasuna osatuko zuenak) abstentzioa eskatu zuen. Ondoren, Euskal Parlamentarien Biltzarra sortu zen, eta euskal diputatu eta senatari guztiek hartu zuten parte, Nafarroako UCDk izan ezik. 1978an Euskal Kontseilu Nagusia sortu zen, eta Ramón Rubial izan zen lehendakaria. Erakunde aurreautonomiko honek euskal autonomiarako proiektua prestatu behar izan zuen. Arazoetako bat euskal autonomiaren esparru geografikoa zehaztea izan zen. Azkenean, Nafarroa euskal autonomiatik kanpo geratu zen, Nafarroako ordezkari gehienek horrela erabakita. Euskal Kontseilu Nagusiak autonomia estatutua prestatzeko batzordea eratu zuen.

Konstituzioaren Erreferenduma Euskal Herrian

Euskal Herriko egoeraren berezitasunaren beste adibide esanguratsu bat Espainiako Konstituzioa onartzeko erreferendumean, 1978ko abenduaren 6an, Euskal Herrian egondako abstentzio tasa altua izan zen (PNVk abstentzioa eskatu zuen, ezker abertzaleak ezezkoa eta UCDk, APk, PSOEk eta PCEk baiezkoa).

Estatutuaren Negoziazioa eta Onarpena

Azkenik, 1978ko abenduaren 29an Euskal Parlamentarien Biltzarrak euskal autonomia estatutuaren aurreproiektua onartu zuten Gernikan egindako bileran, eta testua Gorteetara bidali zuten, bertan eztabaidatua eta bozkatua izan zedin. 1979ko hauteskunde orokorretan parlamentari berriak aukeratu ziren, eta Carlos Garaikoetxea izan zen lehendakari berria. 1979ko udan Suárezek eta Garaikoetxeak autonomia estatutuari buruz negoziatu zuten, Gorteek estatutua onar zezaten. 1979ko urriaren 25ean estatutua erreferendumean onartu zen, alderdi politiko gehienek (PNV, PSOE, PCE, EE, UCD, etab.) baiezko botoa eskatu zutelarik, APk ezezkoa eta HBk abstentzioa. Gernikako Estatutua izena eman zitzaion. Bertan euskal nazionalitatea aipatzen da, eta Nafarroari sartzeko aukera ematen zaio. Ikurriña bandera ofiziala, eta euskararen koofizialtasuna. Eskumen zabalak eskuratu zituen ordena publikoan, hezkuntzan eta osasun arloan. Kontzertu ekonomikoetan oinarritutako ogasun sistema ezarri zen. 1980ko hauteskunde autonomikoetan PNV izan zen alderdirik bozkatuena, eta Carlos Garaikoetxea lehendakari aukeratu zuten.

Estatutuaren Garrantzia eta Eraginak

Konklusio moduan, Autonomia Estatutuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako eragin sakona nabarmendu beharko genuke: autonomiaren garapena funtsezkoa izan zen euskararen bultzadarako, gizarte- eta ekonomia-politika propioak garatu ahal izateko, etab. Bestalde, Estatutua erreformatzeko hainbat saiakera egin den arren, 1979koak bere horretan mantentzen da.


Trantsizioa Espainian: Frankismoa Francorik Gabe

Carlos Arias Navarroren Gobernua

Carlos Arias Navarro monarkiaren lehen gobernuko presidente izateak kritika ugari sortu zituen, frankismoaren jarraipena irudikatzen zuelako. Gizartearen itxaropen demokratikoak zapuztu zituen. Gobernuaren inmobilismoak lan-gatazkak eta konfrontazio politikoa areagotu zituen. Azaroan presoei emandako amnistia ez zen nahikoa izan, eta gaizkileei mesede gehiago egin zien preso politikoei baino.

Oposizio Politikoaren Koordinazioa

Errepresioaren eta zerbitzu publikoen militarizazioaren ondorioz, Ariasen gobernuak geratzen zitzaion sinesgarritasuna galdu zuen. Egoerak behartuta, eta erregearen babesik ez zuelako, Arias Navarrok dimisioa eman zuen.

Franco Ezabatzea eta Adostasuna

Erreforma demokratikoak astiroegi ezartzen ari ziren.

Adolfo Suárezen Gobernua

Erregeak Adolfo Suárez izendatu zuen gobernuko presidente, Arias Navarroren ordez. Suárezen izendapenak harritu zituen bai oposizioa, bai erreformistak berak. Gizartearen askatasun nahia bereganatu zuen, erreformak azkartu zituen. Hala, oposizio demokratikoa erakartzen, malgutasunik gabeko sektoreak ahultzen eta iritzi publikoa bere alde jartzen ahalegindu zen. Adolfo Suárezek hartu zuen iniziatiba, eta, oposizio demokratikoarekin adostuta, elkarte politikoak despenalizatu eta greba eskubidea arautu zituen. 1976ko uztailean amnistia partziala onartu zuen, baina ez zen nahikoa izan; beraz, 1977ko urrian zabaldu zen. Sindikatuek, Erakunde Sindikalen Koordinakundea (COS) sortu zuten, eta azaroaren 12an greba orokorra deitu zuten euren aldarrikapen ekonomikoak aldarrikatzeko. Gizarte zibilaren indarra eta eginkizuna agerian geratu zen; erreforma politiko eta sozialak eskatzen zituen, baita ekonomian eta lanean hobekuntzak ere. Preso politikoen, askatasunen eta nazionalitate historikoen autonomiaren defendatzaileen amnistiaren aldeko mobilizazioek presio izugarria egin zuten bai politikan bai lan-munduan, eta gobernuak erreforma prozesua azkartu behar izan zuen. Erreforma prozesuak tentsioak sortu zituen sektore inmobilistekin. Fernando de Santiago y Díaz de Mendívil gobernuko gainerako kideei aurre egin, eta dimisioa eman zuen. Bere ordez Manuel Gutiérrez Mellado jenerala izendatzea ezinbestekoa izan zen militarrek prozesu demokratikoa onar zezaten.

Terrorismoa Trantsizioan

Indarkeria egon zen prozesu osoan zehar, eskuin muturreko eta ezker muturreko talde terroristak prozesua oztopatzen saiatu zirelako. Eskuin muturrak ezkerreko eta ETAko kideei eraso zien, baita haien interesei ere, poliziaren babes ezkutuan. Talde garrantzitsuenak Kristo Erregearen Gerrilla, A Hirukoitza (Alianza Apostólica Anticomunista) eta Espainiako Euskal Batailoia izan ziren. Ezker muturrean, ETA, FRAP eta GRAPO nabarmendu ziren, baina beste talde terroristak ere bazeuden. Talde hauek trantsizioaren une garrantzitsuenetan hilketak, erasoak eta bahiketak egin zituzten. 1977ko urtarrilaren 24an, eskuin muturrak bost abokatu laboralista erail zituen Atocha kalean. Urtarrileko azken egunak “aste beltza” bihurtu ziren, indarkeria terroristaren ondorioz. 1975 eta 1983 artean ehunka pertsona hil ziren; batzuk errepresio instituzionalaren biktima izan ziren, baina gehienak eskuin muturreko, GRAPO eta ETAren indarkeria terroristaren ondorioz hil ziren.

Erreforma Politikoaren Legea

Suárezen gobernuak Erreforma Politikorako Legea aurkeztu zuen Gorteetan. Legearen helburuak hauek ziren:

  • Herri subiranotasuna berreskuratzea.
  • Gorteetako kideak sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bidez hautatzea.
  • Pertsonaren oinarrizko eskubide eta ukiezinak defendatzea.
  • Alderdien aniztasuna areagotzea.

Erreformaren onarpena beharrezkoa zen legezkotasun frankista desegiteko eta legezkotasun demokratikoa eraikitzeko. Herritarrek erreferendumean bozkatu zuten 1976ko abenduaren 15ean. Legea %94k onartu zuen.

Oposizio Demokratikoa Legalizatu

Erreferendumaren emaitza onek gobernua indartu zuten. Askatasunak berreskuratu ziren; hauteskunde demokratikoak eskatu ziren; alderdi politikoak legeztatu ziren; Mugimendu Nazionala desegin zen, eta estatuko administrazio berria sortu zen. Otsailaren 8ko lege-dekretuak alderdiak legeztatzeko bidea zabaldu zuen, eta hauteskundeetan parte hartzeko baldintzak ezarri zituen. 78 alderdi legeztatzera iritsi ziren. PCE legeztatu zen; alderdi hau frankismoaren “piztia beltza” zen, eta bai militarrak bai erregimenaren zati handi bat hura aitortzearen aurka zeuden. Suárezek armadari ez zuela Alderdi Komunista legeztatuko agindu zion; hala ere, komunistek legeak eta erakundeak errespetatzeko konpromisoa hartu zuten, eta, azkenik, gobernuak PCE legeztatu zuen. Horrek asko haserretu zituen sektore immobilista eta militarrak; hainbeste non Itsasoko ministroak dimisioa eman zuen. Katalunian, Pacte Democràtic per Catalunya (PDC) eta Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) sortu ziren, eta euskal lurraldeetan, EA eta Euskadi Ezkerra (EE).

Hauteskunde Demokratikoak

1977ko ekainaren 15ean hauteskunde demokratikoak egin ziren. Hauteskunde legeak UCDren alde egin zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ izan zen boto gehien lortu zuen alderdia, UCDren gutxiengo gobernu bat eratu zen horrela, Suárez buru zela. Hauteskundeetako emaitzek argi utzi zuten espainiarrek nahi zutena: Francoren lege eta erakundeen indargabetzea, erreforma demokratikoen jarraipena eta adostasun politikoa mantentzea.

Krisi Ekonomikoa eta Moncloako Itunak

1973an petrolioaren prezioaren igoerak atzeraldi globala eragin zuen, eta oso ondorio larriak izan zituen herrialdean 1975ean, krisi ekonomikoa piztu zenean. Gainera, erregimenaren krisi politikoak eta Francoren heriotzak are okerrera egin zuten egoera. Krisia lehertu zenean, inflazioa, langabezia eta estatuko defizita izugarri handitu ziren. Pesetaren debaluazioak esportazioei, turismo-errentei eta atzerriko inbertsioei mesede egin zien, eta horrek krisiaren ondorioak arindu zituen. Baina, aldi berean, herritarren erosteko ahalmena gutxitu egin zen, eta horrek ezinegona soziala areagotu zuen.

1977ko ekaineko hauteskundeen ostean, Gobernuko presidenteordeak, Fuentes Quintanak, itunak proposatu zizkien indar politiko eta sozialei krisi ekonomikoari aurre egiteko, tentsio sozialak baretzeko eta terrorismoaren ondorioak leuntzeko. 1977ko urriaren 25ean sinatu ziren Moncloako Itunak, eta handik bi egunera onartu zituen Kongresuak. Moncloako Itunak adostasun zabalaren bidez herrialdearen arazoak gainditzeko aukera izan ziren, eta gizarteari erakusteko desadostasun politikoak alde batera utzi eta elkarrizketan aritzea posible zela. Denak bat etorri ziren gizartearen haserrea eta mobilizazioak baretzea, eta elkarrekin Estatu demokratiko bat eraikitzeko irtenbideak bilatu zituzten.

Itunek bi helburu nagusi zituzten:

  • Ekonomia erreformatu, modernizatu eta hobetzeko, pezeta debaluatu eta diru-politika murriztaile bat ezarri zen. Aurreikusitako inflazio tasaren arabera soldatak igotzea erabaki zen. Gizarte gaietan, aprendiz kopurua handitzea eta langabezia asegurua zabaltzea adostu zen.
  • Adierazpen askatasuna bermatzeko erreforma politikoak egiten jarraitzea, baita biltzeko eta elkartzeko askatasuna ere; estatuko hedabideak (prentsa, irratia eta telebista) arautzea; Kode Penala, Prozedura Penala eta Justizia Militarra erreformatzea, eta ordena publikoko indarrak berrantolatzea.

Erakunde sindikalek Moncloako Akordioen alde egin zuten, baina bazkideekiko sinesgarritasuna galdu zuten, akordioetako puntu batzuk ez zirelako bete eta ekonomia ez zelako hobetu.


Euskal Herria Frankismoaren Garaian: Errepresioa eta Oposizioa

Gerraosteko Errepresioa eta Erbestea (1937-1960)

Bizkaia altxatuen esku erori ondoren atxiloketa ugari egon zen: Bilboren aurkako erasoan 16.000 gudari hartu zituzten preso, beste 8.000 Santoñan, fusilamenduak, etab. Eta 1937ko ekaineko dekretu batek Bizkaia eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoak abolitu zituen “probintzia traidoreak” izateagatik, eta euskal kulturaren alderdi asko zigortu zituzten. Erbesteratu kopurua ere altua izan zen, eta hauetako batzuek antolakuntza politikoari ekin zioten erbestean: Euskal Kontsulatua sortu zen Baionan, eta Eusko Jaurlaritzaren delegazioa Parisen. II. Mundu Gerraren hasieratik, euskal erbesteratu askok aliatuei lagundu zieten, eta beste asko Argentinan, Venezuelan, Mexikon, Estatu Batuetan, etab. errefuxiatu ziren. II. Mundu Gerrako urteetan, Eusko Jaurlaritzak delegazioak sortu zituen Londresen eta New Yorken, eta harreman onak izan zituen Estatu Batuetako gobernuarekin. Erbesteratu askoren itxaropena aliatuengan zegoen, aliatuek Hitler eta Mussolini garaitu ondoren Franco ere boteretik kanporatuko zutela espero baitzuten. Baina uste hau ez zen bete. Euskal erbestearen lidergoa EAJ-PNVren eta Agirre lehendakariaren esku zegoen, baina beste indar politiko batzuek ere hartu zuten parte: Izquierda Republicana, PSOE, ANV, PCE, etab. 1945eko martxoaren 31n, Baionako Itunean, indar politiko hauek eta sindikatuek demokrazia berrezartzearen aldeko borrokari eustea adostu zuten. Baina talde antifrankisten arteko tentsioa areagotzen joan zen, eta 1948an PCE Eusko Jaurlaritzatik kanporatua izan zen. Hala ere, geroago ekitaldi batzuk egin ziren, eta parte hartu zuten. Urte hauetan guztietan ospe handiko lehendakaria izan zen José Antonio Agirre. Bere heriotza, 1960an, kolpe latza izan zen euskal erbesteratuentzat eta antifrankistentzat. Hurrengo lehendakaria Juan María Leizaola izan zen, baina honen eragina askoz txikiagoa izan zen.

Euskal Frankismoa

Finantza eta industria oligarkiak, burgesia katolikoaren sektore batzuek eta karlistek frankismoa babestu zuten Euskal Herrian. Euskal frankismoaren pertsonaien artean José María de Areilza, José Félix Lequerica, Javier de Ybarra, Pilar Careaga, Esteban Bilbao Eguía eta Antonio Iturmendi aipa ditzakegu.

Oposizioa (1945-1959)

Hego Euskal Herrian geratu ziren politikari antifrankistek beren alderdien berreraikitze lanari ekin zioten, eta erbesteratutako politikariekin harremanak mantendu zituzten. Baita Euzko Naia sortu zen, aliatuei laguntzeko, hauek Espainia inbaditzen bazuten Franco kargugabetzeko, gertatu ez zen bezala. Erresistentzia antifrankistak ekintza batzuk ere burutu zituen:

  • Mola jeneralaren omenezko monumentuaren aurkako atentatua (1946ko azaroan).
  • 1947ko maiatzaren 1eko greba orokorra. Greba honetan 60.000 langile inguruk hartu zuen parte Bizkaian eta Gipuzkoako herri batzuetan (Eibar, Elgoibar, etab.).
  • 1951ko greba orokorra.

1952an, EAJ-PNVren jarrera moderatuarekin kritikoak ziren gazte abertzale batzuek Ekin izeneko talde abertzale berria sortu zuten (Txillardegi, Julen Madariaga, etab.).

Oposizioa (1959-1975)

ETAren Sarrera eta Hasierako Urteak

Ekineko gazteek ETA sortu zuten 1959an. Erakunde honek nazionalismo akonfesionala eta independentista defendatzen zuen, eta bere ildo politikoa ezkerrerantz mugitu zen, Kubako Iraultza eta Aljeriako Independentzia Gerra erreferentziatzat hartuz. ETAren ekintzak areagotzen joan ziren, eta 1968an lehen erailketak gertatu ziren. 1968ko ekainaren 7an, Xabier Etxebarrietak José Pardines guardia zibila hil zuen errepide-kontrol batean, eta, ordu batzuk geroago, Guardia Zibilak Etxebarrieta hil zuen. Bi hilabete geroago, ETAk Melitón Manzanas komisarioa hil zuen, eta erregimenak 2.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituen. 1970ean Burgoseko epaiketa egin zen. Epaimahai militar batek 16 etakide epaitu zituen, eta horietako seiri heriotza-zigorra ezarri zien. Honek protestak, grebak, etab. eragin zituen, eta azkenik heriotza-zigorra espetxealdi-zigorrarekin ordezkatu zuten. Hurrengo urteetan, ETAk garrantzi handiko atentatuak egin zituen: Luis Carrero Blanco gobernuburuaren erailketa eta Orlando kafetegiko atentatua, 12 hildako eragin zituena. Francoren bizitzaren azken hilabeteetan, erregimenak bi etakide fusilatu zituen, FRAPeko beste hiru kiderekin batera, 1975eko irailaren 27an.

Euskal Kleroa

Euskal kleroaren zati bat diktaduraren aurkako oposizioan aritu zen: 1960ko maiatzean 339 euskal apaizek gutun bat sinatu zuten errepresio frankista salatuz; 1968an protesta bat egin zuten Derioko Seminarioan; eta 1974an Antonio Añoveros Bilboko gotzainak erregimena kritikatu zuen eta Euskal Herriaren kultura defendatu zuen. Espainiatik kanporatua izateko zorian egon zen.

Langile Mugimendua

Indar sindikal berri bat sendotu zen: Langile Komisioak (Comisiones Obreras), UGT, ELA eta CNT sindikatu zaharrei gehituko zaiena. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan zehar lan-gatazkak ugaritu ziren, eta oihartzun handiko grebak egon ziren.

Entradas relacionadas: