Euskal Foruen Deuseztapena: 1876ko Legea eta Testuingurua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,85 KB
Testuaren Sailkapena eta Kokapena
Iturria: lehen mailakoa.
Testu mota: juridikoa (legea).
Gaia: politikoa.
Egilea: kolektiboa, Espainiako Gorteek egina, Antonio Cánovas del Castillo nabarmenduz eta Alfontso XII.a erregeak sinatua.
Izaera: publikoa.
Hartzailea: Espainia osoko biztanleak, baina bereziki euskal gizartea.
Helburua: Euskal foruen deuseztapena gauzatzea.
Kokapena: 1876ko uztailaren 21ean Madrilen sinatua eta Madrilgo Gazetan argitaratua 1876ko uztailaren 25ean (garaiko BOE, legeak Gazetan argitaratzen direnean jartzen dira indarrean), hau da, Hirugarren Karlistaldia amaitu eta Borboien Berrezarkuntzaren eraikuntza garaian kokatua.
Analisia eta Ideia Nagusiak
Egitura: sarrera eta lau artikulu (lehenengo hiruak soldadutza eta zerga-salbuespenaren ingurukoak).
- Sarrera: idazleen aurkezpena egiten da: Alfontso XII.a (“Jainkoaren graziaz Espainiako errege konstituzionala”) eta Gorteak (botere legegilea, erregearekin partekatua).
- 1., 2. eta 3. artikuluak: soldadutza eta zerga-salbuespenaren indargabetzea. Hau da, 1841eko urriaren 29ko Dekretuak euskal probintziei mantendu zizkien bi eskumenen abolizioa suposatzen du. Hemendik aurrera, euskaldunek zergak ordaintzeaz gain, soldadutzara joan beharko dute. Erabaki honek estatu liberala sendotuko du eta Cánovasen sistema zentralistaren adierazgarri izango da, 1876ko Konstituzioan jasoko dena.
- 4. artikulua: Gobernuari baimena ematen zaio foru-erregimena erreformatzeko, Gorteen baimenik gabe (“berri ematea” nahikoa da) eta euskal probintzien onespenarekin “egokitzat jotzen badute” (gogoratu euskal probintziak gerran galtzaile atera direla). Praktikan, foruen abolizioa suposatzen du. Gainera, 1876ko Konstituzioan (hilabete lehenago egina) argi agertzen da “foru bakarra” bilatzen zela Espainia osoarentzat.
Testuinguru Historikoa
Aurrekariak: Zer dira Foruak?
Foruak leku konkretu bateko bizitza publiko eta pribatua arautzen duen lege-sistema dira. Euskal Foruak Erdi Aroan sortu eta Antzinako Erregimen osoan mantendu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Ezaugarri bereziak eman zizkieten euskal probintzia eta Nafarroari:
- Derrigorrezko soldadutza egitetik salbuetsiak izatea.
- Zerga-salbuespena.
- Barne-aduana izatea.
- Foru-baimena.
- Kaparetasun unibertsala, etab.
Ezaugarri hauek bateraezinak ziren liberalismoaren oinarrizko printzipioarekin: berdintasunarekin. Horrek liskarrak sortu zituen Karlistaldietan.
Testuaren Une Historikoa: Foruen Bilakaera eta Berrezarkuntza
Sistema Foralaren Murrizketa XIX. Mendean
1839ko urriaren 25eko Legeak foruen egoera aldatu zuen: foruak onartu ziren, batasun konstituzionala errespetatzen zen bitartean. Gobernuari atea ireki zitzaion foruetan aldaketak egiteko. Egoera horren aurrean bi joera nabarmendu ziren: paktistak (Nafarroa) eta ez-paktistak (euskal probintziak).
Nafarroak azkenean bide propioa eraiki zuen 1841eko Hitzarturiko Legearen bidez: Nafarroak bere foruak galdu eta erresuma izatetik probintzia forala izatera pasa zen. Hainbat ezaugarri galdu zituen (botere legegilea, barne-aduana, soldadutza eta salbuespen fiskala), Espainiako beste probintziekin parekatu zuena. Hori bai, Kontzertu Ekonomikoa onartu zen (azaldu zertan datza).
Euskal Autonomia Erkidegoko probintzietan, aldiz, 1841eko urriaren 29ko Dekretua ezarri zen: Esparterok indarrez inposatua izan zen eta foruen ia ezaugarri guztiak galdu ziren (aduana kostara, foru-erakundeak debekatu, etab.), soldadutza eta zerga-salbuespena izan ezik. Euskal probintziak Espainiako beste probintzien mailan jarri zituen ia.
1844an, Pedro Egañak foru-erakundeak (Diputazioa eta Batzarra) berrezartzea lortu zuen etapa moderatuan, baina beste pribilegioak ez (foru-baimena eta aduanak, esaterako).
Hirugarren Karlistaldia (1872-1876)
Piztearen arrazoiak:
- Katolizismoaren defentsa.
- Seiurteko Demokratikoko gobernariekiko mesfidantza.
- Errege atzerritar bat edo erregerik ez egotea.
Karlos VII.ak tronurako eskubidea aldarrikatu zuenean piztu zen gerra. Hasiera batean, porrot asko jasan zituzten karlistek. Zornotzako tregoa sinatu zen (azaldu) eta gerran jarraitu zuten, poliki-poliki indartuz, batez ere Lehen Errepublika aldarrikatzerakoan, Karlos VII.ak jarraitzaileak irabazi zituelako.
1874tik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren: Alfontso XII.a Espainiara itzuli zen eta monarkiko eta kontserbadore asko bere alde jarri ziren, karlistek babesle asko galduz.
1876an Lizarra (karlisten hiriburua) erori zen armada liberalaren aurrean. Karlos VII.ak Frantziara ihes egin zuen.
Gerraren amaiera: Karlistak galtzaile ateratzeak foruak abolitzea ekarri zuen inolako negoziaziorik gabe, 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez (aztertzen ari garen testua!). Hala eta guztiz ere, 1878an Cánovasek Kontzertu Ekonomikoa aurkeztu zien euskal probintziei, pribilegio fiskala zena. Horren arabera, Diputazioek zergak jasotzeko ardura zuten, ostean gobernu zentralari kupoa ordaintzeko. Soberan geratzen zen dirua lurralde hauetan inbertitzeko aukera ematen zuen.
1874an Borboien Berrezarkuntza gertatu zen Espainian, Lehen Errepublikaren amaierarekin.
Cánovas del Castillok eraikitako sistema izan zen. Helburua: Espainian sistema politiko sendo eta egonkor bat ezartzea. Horretarako, honako hauek izan zituen helburu:
- Oposizioaren garbiketa.
- Elizaren babesa bilatzea.
- Oinarrizko organoak indartzea (monarkia eta Gorteak).
- Konstituzio sendo eta iraunkor bat osatzea (1869koa ordezkatuko zuena).
- Zentralismoa bultzatzea.
Sistema mantentzeko, ustelkeria politikoa eta kazike eta oligarkiaren babesa (Madrilgo gobernuak baino botere gehiago zuten) beharrezkoak izan ziren. Horretarako, hauteskundeetan iruzur egingo zuten (liberalen arteko txandaketa bermatzeko).
Ondorioak eta Testuaren Garrantzia
Garrantzitsua da Espainiako XIX. mendeko borroka politikoa ulertzeko: foruak vs. estatu liberala (azken hau garaile). Foruek historian izandako eragin nabarmenaren isla da. Hori bai, foruak abolituko dira, baina Kontzertu Ekonomikoa onartuko da. 1876ko abolizio honen eragina XX. mendean nabarituko da euskal nazionalismoaren sorreran (karlisten foruen defentsan oinarritua), Bigarren Errepublikako autonomia-estatutuen auzian (Gerra Zibilean amaituko dena) eta Gernikako Autonomia Estatutuaren ereduan.