Euskal Eskolaren Historia Laburra

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,33 KB

EUSKAL ESKOLAREN LEHEN URRATSAK

“Estatu bat, hizkuntza bat” jarduna, eskolaren ardatz

XIX. mendean, Europako estatuek eskolaratzea herritar gehienengana hedatu nahi izan zuten. Xede hauek zituzten, besteak beste: hezkuntza bateratzea, eskolaren bidez aberri batuaren ideia transmititzea eta estatuaren hizkuntzatzat ezarri nahi zena eskolaren bidez hedatzea. Bide batez, beste hizkuntza eta ikusmoldeei bideak oztopatu nahi izan zitzaizkien.

1857. urtean, esate baterako, Espainiako estatuak Moyano Legea ezarri zuen. Lege horrek irakasleak gobernu zentralak izendatzera behartzen zuen. Izan ere, diputazioek eta udalek hezkuntzarako eskumenak zituzten ordura arte, eta legeak mugatu egin zituen horiek. Horrek ondorio kaltegarriak izan zituen lekuan lekuko hizkuntzetan eta kulturetan.

Testuinguru horretan, euskararen kontra gogor egin zuten Frantziako eta Espainiako estatuetako hezkuntza sistemek, helburua eskolaren bidez estatu bakoitzean hizkuntza bakar bat errotzea baitzen. Horren ondorioz, euskarak mende luzetako zigorra eta higatzea izan du eskolaren esparruan. 

Eskola publikoetan gaztelaniaz edo frantsesez irakastea derrigorrezkoa zenez, 1910eko hamarkadara arte ez zen euskarazko irakaskuntza zabaldu. Prozesu horretan, asko lagundu zuen diputazioek sustaturiko auzo eskolen proiektu arrakastatsuak. Hura izan zen eskola publikoaren eremuan eginiko euskarazko lehen esperientzia integrala. 

Aurrekaririk gabeko esperientzia izan zen, eta gerora ere, trantsizio politikoaren ondorenera arte (1977-1981), ez zen gauzatu eta hedatu; alegia, euskaraz ikasteko murgiltze eredua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza publikoko adar batzuetan (D ereduetan) abian jarri zen arte.


Emakumeen parte hartzea espazio publikoan

1920-1930eko hamarkadetan, emakumeen parte hartzeak gora egin zuen euskal espazio publikoan. XIX. mendean sartu ziren emakumeak hezkuntza sisteman, bai ikasle gisa, bai irakasle gisa, eta XIX. mendearen bigarren erdian, haien alfabetatzeak gora egin zuen. Emakumeek pixkanaka espazio publikoan parte hartzeko baldintzak eskuratu ahal izatea ahalbidetu zuen horrek. 

XX. mendearen hasieran, Bilbon, esate baterako, aldaketa handiak izan ziren, merkataritzaren, siderurgiaren eta meatzaritzaren garapenari esker. Garapen ekonomikoarekin batera, hezkuntzarekiko interesa piztu zen, beste hiriburu askotan ez bezala. 

Giro hartan, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak eskatuta, Bizkaiko Goi Maistren Eskola sortu zen, 1920. urtean. Eskola hura izan zen Emakume Abertzale Batza mugimenduko emakume askoren prestakuntza eskola.

Eskola hartako prestakuntza modernoa zen arren, eskasa zen euskalduntasunean. Hori zela eta, irakasleak euskalduntasunaren ikuspegitik hezteko eta prestatzeko, Euzko Gaztediak zein Eusko Ikaskuntzak Udako Ikastaroak antolatu zituzten. Prestakuntza haiei esker, esparru alternatibo bat gauzatu zen hezkuntza ofizialaren ondoan, eta, Espainiako II. Errepublikak hezkuntzari zabaldu zizkion bideak baliatuz, 1932tik 1936ra Euzko Ikastolaren eredua hedatu zen. 


1960ko hamarkadako etxe eskolak

Euskal Herrian, 1960ko hamarkadan garatu ziren Europako hainbat lekutan jada sortuak ziren etxe eskolak. Horretarako, gerraurreko ikastolen mugimendua eta hango pedagogien zein material didaktikoen ekarpenak erreferentzia izan ziren. Abertzaleek prestakuntza eta beste irakaskuntza ildo bat gehitu zieten etxe eskola horiei. Horretarako, hizkuntza, dantzak, kantuak eta ohiturak irakasteko beharra ere azpimarratu zuten. 

Etxe eskola haiei esker, frankismoaren eskola nazionalaz besteko hezkuntza bat eman ahal izan zitzaien ikasleei, bestelako mundu ikuskera eta jardunetan oinarritzen zen hezkuntza bat. Etxe eskola horiek handituz joan ziren. Modu horretara, ikastolen sarea eta euskarazko hezkuntza egituratzen joan ziren. Gerora, trantsizio politikoaren ondoren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskararen Legearen abaroan, euskarazko irakaskuntzak ere adarrak zabaldu zituen eskola publikoan.

1920-1930eko hamarkadetan gertatu bezala, euskal hezkuntza hori abian jarri izanak eragina izan zuen materialgintzan, irakasleek haurrentzat eta gazteentzat euskarazko eskola materialak behar baitzituzten. Testuinguru horrek sustatu zuen eskola materialen zabalkundea, haur literaturaren biziberritzea eta komiki aldizkarien zabalkundea. Horren ondorioz, eskolako materialak Euskal Herri osoko ikastola zein eskoletarako sortu beharrak euskara batuaren premia ere ekarri zuen.


Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko zubiak 

1960ko hamarkadan, ugariak izan ziren Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko zubiak. Harremanak eta erreferentzia esparruak estutu egin ziren, eta lurraldetasun sentimendua areagotzeak eragina izan zuen euskararen erabileran zein atxikimenduan. Gainera, joan-etorriko harreman horrek euskara batuaren aldeko giroa ere sortu zuen. Askotariko zubiak sortu ziren. Alde batetik, frankismoaren jazarpenetik ihesi Ipar Euskal Herrira alde egin zuen jende askok mugimendu abertzaleetan parte hartu zuen. Bestetik, Frantziako estatuan Mugimendu Feminista errotzen ari zenez eta, horren ondorioz, Ipar Euskal Herrian ere lehen elkarte eta talde feministak sortu zirenez, mugimendu feminista hasiberri horrek Hego Euskal Herriko emakumeen interesa piztu zuen.

Entradas relacionadas: