Euskal Eleberrigintzaren Hastapenak: Ohitura Eleberria eta Txomin Agirre

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,22 KB

Euskal Eleberrigintzaren Hastapenak

Foruak 1876an abolitu ondoren, euskararen aldeko kultura-mugimenduak suspertze bizia izan zuen. Olerkigintzan nabaria da, hor daude Lore-jokoak izeneko literatura eta kultura-ekintzak. Politikan, Euzko Alderdi Jeltzalearen bultzada eta aurrerabidea ezagutzen du Euskal Herriak; karlismoa atzera utzi eta abertzaletasuna indartu zen. Euskal seneko mugimenduen oldar honetatik ezin bereiz daiteke narratibaren esnatzea ere, nahiz eta politikaren eragina olerkigintzan baino ahulagoa izan narratiban.

XIX. mende-bukaeratik 1957ra arte hedatzen den aldia bi ataletan aztertuko dugu:

  • Ohitura Eleberria
  • Gerraosteko Eleberrigintza

Ohitura Eleberria

XIX. mendearen bukaera-bukaeran hasi eta 1936ko Espainiako Gerra Zibileraino hedatzen den aldiari dagokio.

Ezaugarri Nagusiak:

  • Erro erromantikoa duen eleberria da. Ohituren ikuspegi sentibera du, galtzeko edo aldatzeko arriskuan diren ohiturak aipatuz.
  • Baserri eta itsaso inguruko jendeen bizimoduaren idealizazioa.
  • Erlijio katolikoak leku zabala hartzen du.
  • Ohitura eleberriak deskriptiboak dira, trama edo korapilo ahulekoak. Kontalaria beti orojakilea da.
  • Idazleek euskal kontzientziak bultzatuta idazten dute.

Txomin Agirre (1864-1920)

Ondarroan jaio zen. Apaiz egin zen eta Zumaiako moja-kapilautza izan zuen bizibide hil arte. Sermoigintzarako eta idazteko dohain handiak erakutsi zituen. Izaeraz ere "odol zurbila", hau da, odol hotzekoa zen. Azkuaren esanetan, luzea, segaila, txukuntasun eta jasotasunaren zalea zen. Euskaltzaindiko kide ere izan zen.

Hiru obraren egilea da:

  • Auñamendiko Lorea (1898)
  • Kresala (1906)
  • Garoa (1912)

Auñamendiko Lorea eleberri historiko-erromantikoa da. Kresala eta Garoa, berriz, ohiturazko eleberriak dira.

Kresala

Bigarren obra da. Arrantzaren munduan girotua dago. Arranondoko (Ondarroako) ohitura eta bizimoduaz ari da. Tartean amodio kontuak daude, Mañaxi eta Anjel maitemindurik dabiltzalarik. Jose Antonio Indianoa, Ameriketan aldi batez lanean izan eta aberasturik itzulitakoa, agertzen da, amodio-banaketan hirugarren bihurtuz.

Obra bizkaieraz idatzita dago.

Kresalaren Ezaugarri Estilistikoak:
  • Esaldi luzeak. Horrek erretorika kutsua ematen dio testuari.
  • Hiztegi oso landua erabiltzen du, baina garbizalekeriaren tentaziotik zaindua.
  • Izenondo ugari tartekatzea gustatzen zaio; horrela, testuari seriotasuna eta heldutasuna ematen dio. Deskribapenetan, izenondoak binaka erabiltzen ditu.
  • Gainerakoan, hitz-jokoez, konparaketez nahiz paradoxez baliatzen oso trebea da Agirre.

Garoa

Hirugarren obra da, gorentzat jotzen dena. Garoa baserri-giroaren isla da. Obra honekin Agirrek heldutasun narratiboa lortzen du. Gipuzkeraz idatzita dago.

Argumentua:

Joanes, Zabaleta baserriko jauna da. Seme zaharrena, Jose Ramon, baserrian geratuko da, etxera ezkonduta. Bigarren seme den Inazio Mari auzora ezkontzen da, eta hirugarrena, Juan Andres, atzerrira joango da. Malentxok, Joanesen ilobak, moja joan nahi duela adierazten dio aitonari. Baina horren aurretik, Malentxo dela eta, borroka eta istiluak ere izan dira inguruko mutilen artean. Azkenik, Malen moja joaten da. Joanes arditara irten eta hil egiten da, eta Jose, Zabaletan jasoa zuten umezurtza, harrobi batean itsu gelditzen da. Gerora Paularekin ezkonduko da.

Eleberrigile-dohainak obra honetan:
  • Hizkuntzari neurria hartzen asmatu du.
  • Baliabide literarioak erabiltzen ditu.
  • Elkarrizketak eredugarri bihurturik dauzka bizitasunean eta egokitasunean.

Baina Agirreren eleberriek beste ezaugarri batzuk ere badituzte:

  • Didaktismoa, irakurlea hezi nahia.
  • Euskararekiko harrera eta arreta.

Estiloa, berriz, patxadatsua da.

Azkenik, esan beharra dago José María Pereda Kantabriako erdal idazleak Agirrerengan eragina eta antzekotasuna utzi zuela. Hark ere Sotileza eta Peñas arriba, bere bi obretan, itsas eta mendi-giroa landu zituen eta kostunbrismoaren eredu aipagarrienetakoa da gaztelaniaz.

Entradas relacionadas: