Euskal Dialektologia: Historia, Sailkapenak eta Ezaugarriak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,51 KB
Euskal Dialektologia: Sarrera eta Historia
Zer da dialektologia?
Hizkuntzalaritzaren adarra da, hizkuntza baten dialektoak aztertzen dituena.
- Hizkuntza batek hura hitz egiten den eskualderen batean hartzen duen era berezi eta nahiko aldatua.
- Hizkuntza-familia beraren barruan bilakaera baten ondorioz gertatzen den aldaera.
Berandu garatu den diziplina da. Lau irizpide nagusi ditu:
- Inketetako datuak mapetan kokatzea (kartografiatzea).
- Fenomeno bakoitzarekin marra isoglosak marraztea, dialektoaren mugak zehazteko.
- Azpieuskalkiak eta tokian tokiko aldaerak ere kontuan hartzea.
Euskalki literarioak
Historikoki, idatziz nabarmendu diren lau euskalki nagusiak hauek dira: lapurtera, zuberera, gipuzkera eta bizkaiera.
Historia laburra
XVI. eta XVII. mendeetako idazleak jada ohartu ziren euskararen baitan ezberdintasunak zeudela.
Sailkapen nagusiak
Louis Lucien Bonaparte
Napoleonen iloba zen, hizkuntza ugari zekizkiena eta gizarte-zientzien arlo askotarako jakin-mina zuena (hizkuntzalaritza, zientzia...). Bidaiak egin zituen Euskal Herrira XIX. mendean. Dialektoen sailkapena egiteko, informazioa lortzeko laguntzaile talde bat bildu zuen eta Bibliaren zatiak itzultzeko enkargua eman zien. Zortzi euskalki sailkatu zituen:
- Iparraldekoak (4): lapurtera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaldeko behe-nafarrera, zuberera.
- Hegoaldekoak (4): bizkaiera, gipuzkera, iparraldeko goi-nafarrera, hegoaldeko goi-nafarrera.
Resurrección María Azkue
XX. mendearen hasieran, Resurrección María Azkuek beste sailkapen bat proposatu zuen, Bonaparterenaren desberdina zenbait puntutan.
Euskara Batua eta egungo sailkapena (2004)
Euskara Batua 1968az geroztik garatu den euskara estandarra da. Haren hedapenarekin, euskalkien arteko ezberdintasunak gutxitu egin dira. 2004tik aurrera, Koldo Zuazoren sailkapenaren arabera, sei euskalki nagusi bereizten dira:
- Hegoaldean (4): mendebaldekoa (bizkaiera), erdialdekoa (gipuzkera), nafarrera, ekialdeko nafarrera.
- Iparraldean (2): nafar-lapurtera, zuberera.
Euskalkien Ezaugarri Linguistikoak
Ezaugarri fonetiko-fonologikoak (soinuak)
Bokalak, diptongoak eta hiatoak
- Bokalak: Orokorrean bost fonema bokaliko (a, e, i, o, u) eta hiru irekidura maila daude. Zuberoan ü bokala ere badago. Iparraldean /o/~/u/ alternantzia gertatzen da (adib. honek/hunek).
- Diptongoak eta hiatoak:
- Beheranzko diptongoak dira nagusi: ai, ei, oi, au, eu (aita, sei, lehoi, kausatu...).
- Zuberoan goranzko diptongoak ere badaude: ja, je, jo, wa, we.
- Diptongo alternantzia: gau/gai, gauza/gaiza.
- Ekialderago ai > i bilakaera: naiz > niz, zaitut > zitut.
- Laburtzapenen ondoriozko triptongoak: orain > [wai].
- Bokal-elkarketetan aldaketak: e + a > ia (bidea > bidia).
Kontsonanteak
- /h/ fonema (hasperena): Behe Nafarroan eta Zuberoan gordetzen da (senhar, ilhun).
- /j/ fonema: Nafar-lapurteraz [j] ahoskatzen da (jan); Zuberoan [ʒ] (frantseseko gilet bezala).
- Bustidura (soinu sabaikariak edo palatalak): /i/ soinuak eraginda (langile > langille) edo borondatez hitz afektiboetan (ddottore).
- Txistukariak (s, z, x, ts, tz, tx): Nafar-lapurteraz x erabiltzen da sarri tx-ren ordez hitz hasieran (txori > xori).
- Dardarkariak (r, rr): Frantsesaren interferentziaz, [ʁ] ubularra (eztarrikoa) nagusitu da [r] hobikariaren ordez Iparraldean; [ɾ] leuna eta [r] indartsua ez dira beti ondo bereizten. Zuberoan /r/ mutua izan daiteke: orain > oain.
Ezaugarri morfosintaktikoak
Deklinabidea
- NOR eta NORK pluralak ondo bereizita: haurrak etorri dira / haurrek egin dute.
- NORI kasuaren aldaerak: buruei, burueri, buruer.
- NOREKIN kasua: -ekin vs. -ekila(n) (adib. aitakila igorri dute).
- NORA kasua: -ra vs. -rat (eta Zuberoan -la(t)).
- NON kasua singularrean: Mugatzailea galtzeko joera (etxén).
- NORANTZ kasua: Batzuetan -ri buruz modura (adib. ostatuan barrari buruz joan naiz ordaintzera).
Aditza
- Aditzoina ondo gordetzen da aginteran: etor hadi, ibil gaitezen.
- Geroaldia (-N amaitutako aditzoinetan): -en gehitzen da (esan > esanen).
- Burutugabea (-N amaitutako aditzoinetan): -iten forma erabili ohi da (egoiten, emaiten).
- Izan vs. Ukan/Edun laguntzaileak: Antzinako bereizketari eusten zaio, batez ere ekialdean.
- Aditz laguntzailearen aldaerak: Lapurteraz naiz, Zuberoan niz; gare/gira; zaitzu/zaizü.
Joskera (Sintaxia)
- Zenbatzaile zehaztugabeen kokapena: Izenaren ezkerrean edo eskuinean (asko, anitz, deus...).
- Aditz-izenaren objektua: Genitiboan (NOREN) doa Iparraldean (lagunen ikustera noa, liburuen erosteko da dirua), Hegoaldean absolutiboan (NOR) joan ohi den bitartean.
- Bai/Ez galderak: Aditz jokatuan -a partikula gehitzen da (Nahi duia? = Nahi al du?).
- ERE partikularen erabilera berezia: Mendebaldean eta erdialdean arraroak diren moduak (Baziren gizonak, eta ere haurrak).
- Erlatibozko esaldiak (jokatugabeak): Aditza jokatugabe markatuz (Atzo egin bileran... = Atzo egindako bileran...).
Ezaugarri lexikalak
Frantsesetik eta gaskoitik hartutako mailegu asko egon arren, euskal molde jatorreko hitzak ere gordetzen dira zenbait euskalkitan: jin (etorri), oren (ordu), berri (albiste)...