Euskal Autonomia Erkidegoko Erliebea: Gida Geografikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,84 KB
Euskal Autonomia Erkidegoko Erliebea
Euskadiko erliebea bi unitate nagusik osatzen dute: Euskal Mendiak eta Ebroko Zokogunea.
Euskal Mendiak
Pirinioak eta Kantabriar mendilerroaren bertako sektorean kokatuak. Altuera moderatukoak dira (tontorrik garaienak ozta-ozta gainditzen ditu 1.500 metroko altuera) eta orogenesi alpinoaren ondorioz tolestu eta eraikitako aro sekundario eta tertziarioko eraketa sedimentarioz osatuak (kareharrizkoa, batez ere). Euskal Mendien artean ondorengo unitateak bereiz daitezke:
Ur-isurialdeen Iparraldean
Kostaldeko mendikateak
Higer lurmuturra eta Zumaia artean altxatzen diren mendiak dira, hala nola Jaizkibel (549 m), Ulia, Urgull, Igeldo eta Mendizorrotz. Oraintsuko materiaz osatuak dira, tertziariokoak eta altuera gutxikoak.
Itsasbazter aurreko mendikatea
Kostatik urrutiago dauden mendizerrek osatzen dute. Eremu honetan erliebeak leuntasuna galtzen du eta mendiak garaiagoak bihurtzen dira, aldapa nabarmenagoak, desnibel gogorrak eta haran estuak agertuz. Ekialdetik mendebaldera ondoko mendiak nabarmentzen dira: Uzturre, Ernio mendigunea (1.072 m), Pagoeta, Erlo eta Arno Gipuzkoan, eta Bedartzandi eta Iluntzar Bizkaian. Kareharria nagusi denez, karstifikazioa oso fenomeno arrunta da.
Bost Hirietako mendigunea
Gipuzkoa eta Nafarroa artean paleozoikoko materialez osatutako mendi-egitura tipikoa altxatzen da, Bost Hirietako mendigunea deritzona. Gehienezko altueretan ozta-ozta 1.000 m gainditzen badu ere (Urepele, 1.059 m), itsasotik gertu dagoelako eta haran sakonetatik duen desnibel gogorraren ondorioz, menditsu eta zail itxura du.
Erdiko ibaibideetako mendi eta haranak
Itsasbazter aurreko mendikatearen eta ibai nagusien sorburuen artean, hau da, Kantabriar-Mediterraniar uren isurialdea mugatzen duten mendizerren magalean, ibai-arteria nagusien erdi-tartea osatzen duen unitate litologiko bariatua hedatzen da (Oria, Urola, Deba, Butroi, Asua, Ibaizabal, Cadagua). Mendi gailurrek ozta-ozta gainditzen dute 1.000 metroko altuera (Murumendi, Izazpi, Irimo eta Urko Gipuzkoan; Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Triano Bizkaian).
Kantabriar-Mediterraniar uren mugalerroko mendikatea
Atlantiko eta Mediterraneo arteko uren mugalerroa markatzen duen mendikatea da. 100 km inguruan ekialdetik mendebaldera hedatzen diren mendizerrek Euskadi ia erditik banatzen dute, ikuspegi fisiko eta gizatiarretik bi eremu desberdin markatuz. Mendilerroa ekialdean Aralarko mendigunearekin hasten da (Irumugarrieta, 1.400 m) Gipuzkoa eta Nafarroa artean; Aratz mendilerroa eta Aizkorri (Aitxuri, 1.151 m) eta Urkilla eta Elgea mendilerroak Gipuzkoa eta Araba artean; Durangoaldeko gailurrak (Anboto), Gorbeia mendigunea (1.475 m) Bizkaia eta Araba artean eta Salbada mendilerroa. Kareharrizko litologiak morfologia karstikoa sortzen du.