Euskal Ahozko Literatura: Atsotitzak, Baladak eta Koplak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Ciencias sociales

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,32 KB

Atsotitzak edo Errefrauak

Eduki trinkoa eta aberatsa izaten dute: bizitzak, heriotzak, lanak, eguraldiak, izaerak eta abarrek dute isla atsotitz edo errefrauetan. Urte eta gizaldi askotako pentsaeraren berri jasotzen dute.

Formaren Ezaugarriak

  • Laburrak: Ideiak nabarmenago geratzen dira era labur eta trinkoan emanda.
  • Baliabide literarioak: Memoriari laguntzeko, hoskidetasuna (errima), erritmoa, kontrastea, paralelismoa, korrelazioa eta beste baliabide batzuk erabiltzen dituzte.

Hoskidetasuna (Errima)

Bukaera berdinek lotura logiko baten ildoan jartzen gaituzte.

"Abenduko eguna, argitu orduko iluna"

"Egik on, ez dakiala non"

"Kalean uso, etxean otso"

"Balego eta balitz, elkarren atzetik dabiltza"

Korrelazioa

Nola(ko)... hala(ko) egiturak bi elementuren arteko lotura edo kausa-ondorio erlazioa adierazten du.

"Nolako bizitza, halako heriotza"

"Nola soinu, hala dantza"

"Zenbat buru, hainbat aburu"

Kontrastea

Ideiak nabarmenago agertzen zaizkigu aurrez aurre jarrita.

"Errementariaren etxean, zotza burduntzi"

"Beleak zozoari ipurbeltz"

"Ardo gozoak lau begi eta onik ez"

Baladak edo Erromantzeak

Gertaeren kontaketan oinarritzen dira, eta, literatura-generoetan, EPIKA deritzon sailean sartzen dira. Hala ere, asmakizunak, sentimenduen adierazpenak eta elkarrizketak ere biltzen dituzte.

Berezitasunak eta Ereduak

Baladak hainbat eredutan sailka daitezke, garaiaren eta ezaugarrien arabera:

  • Eredu epikoa (XV. eta XVI. mendeak): Erdi Aro bukaerako gudu-gertakariak, buruzagi eta jauntxoen ekintzak, banderizoen edo ahaide nagusien kantuak, erasiak eta erlijiozko kantak dira nagusi. Adibidez: "Bereterretxen kantoria" edo "Alostorrea".
  • Eredu epiko-lirikoa (XVII. mendea): Kontaketa dute oinarri, baina dramatikoagoak dira, elkarrizketa bidez emanak baitaude.
  • Eredu lirikoa (XVIII. mendea): Herri-poesian ugariena da, eta askoren ustez, onena. Gaiak sinbolopean eta elkarrizketa bidez agertzen dira. Amodioa dute ia gai bakarra, eta gehienak Ipar Euskal Herrian jaso dira. Adibidez: "Txori erresiñola" edo "Maitia, nun zira?".

Bestelako Baliabideak

Metrikaz, errimaz eta doinuaz aparte, baladetan badira geroago kopla zaharretan ere atzemango ditugun baliabide aipagarri batzuk:

  • Naturaren aipamenak
  • Bihurkia (errepika)
  • Anafora
  • Sinboloak (maitasuna edo gorrotoa adierazteko): usoa, urzapala, enara, erresiñola, lilia, eguzkia, zitroina, izotza (karraskiloa), etab.

Kopla Zaharrak

Zaharrak izan arren, gaurkotasun handia dute, gaur egun oraindik ere bizi-bizirik baitiraute. Usadio zaharretan oinarrituta, egiteko sozial argia dute, zenbait ospakizunetan abesteko sortuak direlako: Santa Ageda bezpera, Urte Zahar eta Berriaren muga, Olentzero, inauteriak, sanjoanak... Ospakizun horiek naturaren eta eguzkiaren zikloa dakarkigute gogora. Oroimenari, errimari, metrikari eta musikari esker iraun dute gure egunetaraino.

Berezitasunak

Urtero eta jai jakin batzuen inguruan kantatzeak formula edo klixe batzuk finkatu ditu kopletan. Hona hemen ezaugarri nagusiak:

  • Formula finkoak: Hasierako agurra, santuaren edo jaiaren aipamena eta abar.
  • Neurria eta doinua: Neurri eta doinu bereziak dituzte, eta gehienetan, elkarri lotuta doaz.
  • Naturaren aipamenak: Baladetan bezala, naturaren aipamenak ugariak dira. Sarritan, lehen puntu edo lerroetako aipamen horrek ez du (itxuraz) zerikusi zuzenik gaiarekin.
  • Bat-batekotasuna: Eskema finkoak izan arren, bat-batekotasunari lekua uzten diote. Esaterako, Santa Ageda eskean, buruz ikasitako formulak kantatzeaz gain, bakarlariak atari bakoitzean familiari dagokion kopla asmatzen du, eta taldeak errepikatu egiten du.

Interesgarria da aipatzea bertsoetako zortziko txikia, neurriari eta errimari dagokienez, kopla txiki bikoitza baino ez dela.

Entradas relacionadas: