Euskadiko Hiri Hierarkia eta Hirigintza Sistema
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,75 KB
Euskadiko Hiri Hierarkiaren Azterketa
Aurrean daukaguna Euskadiko hiri-hierarkiaren mapa da; bertan, hiri-hierarkia eta hiri-sareak bereizten dira. Lurralde bateko hiriek eta haien artean dauden harremanek hiri-sistema osatzen dute.
Euskadin, sistema hori aldatzen ari da 80ko hamarkadatik aurrera, batez ere. Trantsizio Demokratikoak lurralde-antolamendua aldatu zuen eta EAE sortu zen; beste alde batetik, 1986an Espainia Europako Batasunean sartu zen, baita globalizazio-prozesuan ere, eta horrek guztiak aldaketak ekarri zituen ekonomian eta hirigintzan. Espainiako hiri-sareetan homogeneotasun-falta nabaria da, hiri gehienak kostaldean baitaude, Madril izan ezik.
Hiri-sistemak eta Hierarkiaren Antolaketa
Hiri-sistema hiriak eta euren arteko harremanek osatzen duten sarea da. Sistema honetan, hiriak hierarkikoki antolatuta daude, tamainaren, funtzioen eta duten eraginaren arabera. Euskadin bi sistema nagusi bereizten dira: Iparraldeko sistema eta barnealdeko sistema.
Bi eremu ezberdin aurkitu ditzakegu EAEko hiri-hierarkiaren mapan: isurialde atlantikoko azpisistema eta barruko azpisistema (edo azpisistema arabarra).
1. Isurialde Atlantikoko edo Kostaldeko Azpisistema
Azpisistema hori oso trinkoa da eta etengabeko hiri-katea sortzen du, bi hiriburuetan ardaztuta (Bilbo eta Donostia). Dena den, mapak zenbait ezberdintasun islatzen ditu hiriburuen eragin-eremuetan:
- Bilbo Handiko eskualdea: Aglomerazio handia da eta pisu handia dauka hiri-hierarkian. Eskualdeko garapenaren motorra da, eta bertan industria- zein finantza-pilaketa aurkitzen dugu. Bizkaiko landa-esparrua eskualde-buru batzuen inguruan antolatzen da (Balmaseda Enkarterrietan, Durango Durangaldean edo Gernika Gernikaldean), baina hiri-nukleo horiek Bilboren eraginpean daude, industrializazioaren hasieratik Bilbok xurgatze-efektua izan zuelako inguru horietan. Ezkerraldea industriala eta langilea da; eskuinaldea, aldiz, bizitegi-eremua eta burgesa.
- Gipuzkoako hiri-sarea: Orekatuagoa da. Arrazoia industria-ereduan dago: Donostiako inguruetan industria ertainak eratu ziren, era homogeneoan kokatuta (Deba, Urola eta Oria haranen beheko aldean). Hiri-sare horrek ez du hiri-pisua Donostiako metropoliaren inguruan biltzen, haran horietako hiri-nukleoetan banatzen baitu.
2. Barruko Azpisistema edo Azpisistema Arabarra
Araban, biztanleria Gasteiz inguruan pilatzen da —bertan populazioaren % 76 dago bilduta—. Hori dela eta, Arabako hiri-sistema desorekatua eta makrozefalikoa dela esan dezakegu. Laudio eta Amurrio haran atlantikoetan daude eta Bizkaiko menpekotasuna dute, ez Arabakoa. Agurain Arabako Lautadako bigarren zentroa da. Arabako hiri-sistemak beste ahultasun bat dauka: hiri batzuk erkidegotik kanpoko hiri-nukleoekin lotuta daude; adibidez, Errioxa Arabarra (Logroñorekin) edo Bastida (Harorekin).
Hirien Hierarkia eta Mailakatzea
Sistema hauen barnean ditugun hirien hierarkiari dagokionez, esan beharra dago gailurrean Bilboko metropoli-ingurua dagoela (batzuentzat aglomerazioa dena); ondoren, Donostia eta Gasteiz daude. Hiriburuen ondoren, hiri txikiagoak daude, funtzio industrial, administratibo eta zerbitzuetakoekin.
Espainia mailan, Bilbo lehen mailako eskualde-metropolia litzateke; Donostia eta Gasteiz, aldiz, bigarren mailako eskualde-metropoliak lirateke.
Ondorioak
Ondorio gisa, esango dugu EAEn, Espainian bezala, ez dagoela hiri handi asko; probintzietako hiriburuak dira handienak. Euskal hiri-sarean, mapan ikusten den bezala, hiri-dentsitate altuena kostaldean aurkitzen da eta barrualdean, aldiz, hiri-dentsitatea oso baxua da.