Etika Teoria Nagusiak: Ikuspegi Filosofikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,86 KB
Eudemonismoa: Aristotelesen Etika
Aristotelesen ustez, zintzotasun morala izaera on bat eratzean datza. Bere ustez, pertsona ona da bizitza ona eta betea izateko portaera egokia duena. Aristotelesek eudaimonia hitz grekoa darabil, zoriontasun gisa itzuli ohi dena; baina autorrealizazioaren zentzuan. Horregatik deritzo eudemonismoa teoria etiko honi. Bestalde, izaera on bat eratzeko ez da nahikoa zer dagoen ondo eta zer ez jakitea; beharrezkoa da jakintza horren arabera jardutea, pertsona bertutetsu bihurtzeko.
Utilitarismoa: Gehiengoaren Ongizatea
Utilitarismoari hedonismo modernoa deritzo. Helburu moraltzat ahalik eta zoriontasun handiena lortzea du, zoriontasuna plazer bat izanik, mina eta plazera sentitzeko gai diren izakientzat, alegia. Plazera, beraz, gehiengoaren ongizatea da. David Hume filosofoa jo daiteke teoria etiko honen aitzindaria. Urteekin ikusi da plazer mota ezberdinak daudela. Epikurok bi plazer mota bereizten zituen, eta, adibidez, Benthamen iritziz (beste filosofo bat), plazera neurgarria da eta plazer guztiak berdinak dira. Beraz, ez dago oso garbi nolako plazer motak dauden, baina seguru dagoena da helburu moraltzat ahalik eta zoriontasun handiena lortzea dutela, plazeraren laguntzarekin.
Kanten Teoria Etikoa: Askatasunaren Erreinua
Kanten ustez, izaki bizidun sentikor guztiek dute plazererako joera eta gizaki guztiek nahi dugu zoriontsuak izan. Baina argudiatzen du berez nahi ditugun helburuek ezin dutela moralak izan, ezin baititugu aukeratu. Natura beharraren erreinua da, eta moralarena, berriz, askatasunarena. Hori dela eta, Kantek uste du helburu moralak askatasunez proposa ditzakegunak direla soilik, eta ez naturaz inposatzen zaizkigunak. Helburu edo agindu horiek gure arrazoimenean sortzen dira, ez nahietan. Bere buruari arauak jartzeko gai den izakia izaki autonomoa da, izenak dioen eran. Arau horiek ez dute zoriontasunik agintzen betez gero, gizatasuna bera errespetatzea baizik.
Diskurtsoaren Etika: Arrazoimen Dialogikoa
Karl-Otto Apel eta Jürgen Habermasek Kanten etikaren tradizioari eustea proposatu zuten, haren gabeziak gaindituz. Kanten "gure arauak ezartzen dizkiogu gure buruari" esaldiak zer esan nahi duen zehaztean, Apelen eta Habermasen ustez, arauek eragiten dietenak dira haiei buruz erabaki behar dutenak, arrazionaltasun-baldintzetan egindako elkarrizketa baten ondoren. Arrazionaltasun morala ez da monologikoa; ez du uste pertsona bakoitza nahikoa denik zein arau diren moralak bereizteko. Beraz, arrazionaltasun morala arrazoimen praktiko dialogikoa da: arrazionaltasun komunikatibo bat, alegia. Pertsonok ez dugu arau bat moralki baliagarria den ala ez den ondorioztatu behar huts-hutsik banakakoa den arrazoibide baten bidez, elkarrizketaren bidez baizik.