Etika, Politika eta Giza Jokabidea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,44 KB
Etika eta Politika: Kontzeptuak eta Harremana
Etika eta Politika ezberdinak direla ez dago zalantzarik, eduki desberdineko kontzeptuak baitira. Etika, moralari buruzko hausnarketa litzateke, hots, moralek dituzten helburuak, arauak, historia, baloreak eta abarrei buruzkoa. Politika, berriz, mugatutako lurralde batean bizi diren pertsonen artean elkarrekiko botere-erlazioak aztertzen ditu. Politika, beraz, estatuari buruz, gizartean boterea nola antolatzeari buruzko hausnarketa litzateke, hori bai, geroago proposamen praktikoak egiteko asmoz. Politikak, azken batean, gizarteko boterea antolatzeko modurik onena zein den edota botere hori lortzeko eta mantentzeko nola jardun behar dugun esaten digu.
Eduki ezberdinak izan arren, elkarrekin joan behar duten ez dago garbi; hau da, politikan jarduteko irizpide moralek gidatu behar gaituzten edo irizpide horiek politikarekin zerikusirik ez duten. Etikak, horretan zalantzarik ez dago, dimentsio sozial bat du, izan ere, azken finean, gure buruarekiko baina, batez ere, besteekiko gure erlazioak nolakoak izan behar diren ezartzen baitu.
Politika eta Etika: Eztabaida Historikoa
Historikoki, dena dela, politikak eta etikak elkarbizitzarik ez dutelako jarrera izan da inposatu egin dena. Platonek, bere errege-filosofoarekin, arestian esandakoaren kontrako jarrera defendatu bazuen ere, politiko ona izateko printzipio moralak ahaztu behar direlako ideia nagusitu da gure errealitatean. Azken ideia hau izan zen Makiavelok defendatu zuena. Izan ere, harentzat, helburuak baliabideak justifikatzen ditu eta, dirudienez, politikaren helburua boterea lortzean eta mantentzean datzala, ondorioz, horretarako balio duen oro egokia izango da eta alderantzizkoa dena, moralki oso ona izan arren, baztertu behar da. Makiavelo, dena den, ez zen jarrera hau defendatu zuen bakarra. Federiko Handia, XVIII. mendeko bigarren zatian, hots, Ilustrazioaren mende bete-betean, jarduera politikoan moralaren defentsa teorikoa baina baztertze praktikoaren adibide garbia da.
Demokrazia eta Irizpide Moralak
Ikuspegi honetatik aztertu behar dugu gai honetan erabaki demokratikoa zer den. Izan ere, kalean dabilen edozein herritarri demokrazia zer den galdetuko bagenio, denok dakigu zer erantzungo ligukeen: gehiengoak dioena betetzea. Baina egia da ere, hasierako definizio hau aztertzen hasten bagara, erraz konturatzen garela gehiengo kontzeptu hori ez dela aski demokraziaren sakoneko esanahia zehazteko. Segituan agertzen zaizkigu gehiengoaz gain, berdintasuna, errespetua, koakziorik eza edo parte-hartzea bezalako kontzeptuak. Bi hitzetan esateko, segituan hasten gara etikaz hitz egiten eta berehala konturatzen gara, demokrazia kontzeptu politikoa bada ere, etikari ezinbestean lotutakoa dela eta bi kontzeptuok banatzea ezinezkoa dela demokraziaz hitz egin eta, batez ere, demokratikoki jokatu nahi bada.
Bizikidetzarako Arauak: Arau Motak
Gizakiok hiru motatako arauak ezartzen dizkiogu funtsean geure buruari, gizabanakook gizartean dugun jokabidea bideratzeko:
Arau Moralak
Gizabanako orok nola jokatu beharko lukeen adierazten dute, baldin eta gizaki gisa portatu nahi badu. Beraz, horrelako arauek eskakizun unibertsalak egiten dituzte. Gizabanako bakoitzak modu kontziente eta erabat askean egin behar ditu bereak. Izan ere, kontzientzia-mailan agintzen dute arauok. Oro har, moraltasunaren eremuko arauak dira. Arau horiek betetzen ez baditugu, jokabide ez-morala dugula esaten dugu.
Zuzenbidezko Arauak
Komunitate politiko bakoitzean bertako agintariek ezartzen dituzte, eta lurraldeko biztanle guztiei zuzenduta egon ohi dira. Botere politikoaren babesa izaten dute, eta, behar izanez gero, indarkeriaz ere balia daiteke, arau horiek bete daitezen eskatzeko. Oro har, zuzenbidearen edo indarrean dagoen legediaren eremuko arauak dira. Betetzen ez ditugunean, gure jokabidea legez kontrakoa izan dela esaten da.
Gizarte-usadioak
Izenak dioen bezala, ohiturak dira. Horrelako arauek ez dute arau moralen mailarik, ez eta zuzenbidezko arauen derrigortasunik ere. Agurrak, janzkera-arauak, opariak, kortesia-arauak eta horrelakoak dira gizarte-usadioak. Oro har, gizarte-usadioren bat ez betetzea ez da legearen kontrakoa, ez eta ez-morala ere, baina gizarteak gaitzetsi egiten ditu horrelako jokabideak. Gizarte-usadioak betetzen ez ditugunean, jokabide lotsagabea eta zakarra izan dugula esaten dute komunitateko gainerako kideek.
Batzuetan, zuzenbidea eta morala gizarteko usadio batzuen kontra egon izan dira. Horren adibide dugu, besteak beste, duelurako desafioa egiteko ohitura, hainbat auzi konpontzeko erabilia. Ohitura horrek mendeetan zehar iraun du. Izan ere, gizarte-presioa izugarria zenez, jendeak nahiago zuen ondorio legalei eta moralei aurre egin, dueluari uko egiteak zekarren bazterketa pairatu baino. Hiru hauetako bi arau moten arteko gatazkaren adibide dugu, halaber, kontzientzia-eragozpena; hau da, arau juridikoen eta arau moralen arteko gatazka, hain zuzen ere.
Kontzientzia Morala
Kontzientzia hitzak, oro har, zerbaitez ohartzeko gaitasuna adierazten du. Kontzientzia morala, hortaz, bizimodu, balio edo printzipio batzuk moralaren aldetik besteak batzuk baino hobeak edo gizatiarragoak direla jabetzeko gaitasuna da; beraz, moralaren aldetik zer dagoen ondo eta zer gaizki bereizteko baliatzen ditugun printzipioez jabetzeko gaitasuna da, beste ezer baino gehiago.
Baina erabakiak hartzeko, printzipio orokorretatik egoera jakin bati buruzko epai zehatzetara pasatu behar dugu. Kontzientziak bigarren lan hori ere egiten du; hau da, epai praktikoak ematea, printzipio orokorrak eta egoerari buruzko datuak kontuan izanez. Adibidez, kontzientziak esan diezadake ez dudala gezurrik esan behar; baina aldi berean, ohar naiteke norbaiti gaixotasun sendaezina duela esateak min handia egingo diola. Egoera horretan, kontzientzia, datu zehatzak aztertuz, epai praktikoa ematen saiatzen da, eta erabakia egia ezkutatzea izan daiteke.
Printzipio moral jakin batek zer-nolako ondorioak dituen ulertzeko modurik onena hura aplikatzen saiatzea da. Aurreko adibidean, gezurrari buruzkoan, garrantzitsuena ez da egia esateagatik lasai geratzea, baizik eta konturatzea gezurrak eten egiten duela nik besteekin nahiz neure buruarekin dudan harremana, instrumentalizatu egiten nauela ni eta instrumentalizatu egiten dituela besteak. Dagoeneko inolaz ere sendatuko ez den gaixo baten aurrean pentsatzen baldin badut min txikiagoa egingo diodala laster hilko dela ez esanda, orduan ulertu egin dut besteak eta ni neu ez instrumentalizatzea dela funtsezkoena.
Beste gauza bat da, alabaina, zerbait egin behar dugunean kontzientziak esaten digunari jarraitzea edo hura aintzat hartu ez eta beste bide batetik jotzea. Halakoetan, beste funtzio bat ere betetzen du kontzientziak: funtzio autokritikoa. Epailearena egiten du, ekintza batzuk goratuz eta beste batzuk gaitzetsiz, eta azken horiek damuaren bidez zigortzen ditu. Izaki batek kontzientzia moralik ez badu (buru-ahalmenak urrituta dituzten pertsonak eta animaliak, esaterako), ez du zentzurik hark egindako zerbaitengatik gogor egitea, ekintzaren erantzule balitz bezala. Erantzukizunak eskatzeko, izakiek aske eta kontziente izan behar dute: aukeratzeko gai, eta beren ekintzen jabe izateko ezinbesteko ezagutza moralen jakitun.