Estratifikazio Soziala: Kontzeptua, Formak eta Legitimazioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,07 KB
Zer da estratifikazio soziala?
Estratifikazioa prozesu dinamiko bat da, zeinen bitartez gizabanakoek gizartean kokapen desberdinak hartzen dituzten, desberdintasunak oinarri hartuta, hala nola aberastasuna, boterea, ospea edo hezkuntza. Gizartea estratuetan banatzen da, hau da, multzo horizontal ezarriak, bereiziak, errekonozituak eta hierarkizatuak.
Estratua pertsona multzo bat da, mailaketa sozialean (hierarkian) hainbat ezaugarri partekatzen dituztenak, hala nola boterea, egoera sozioekonomikoa, balioak edo bizimoduak.
Estratifikazioaren forma historikoak
Historikoki, estratifikazio sozialak hainbat forma hartu ditu, hala nola esklabutza, kasta-sistemak, estamentu feudalak eta kapitalismoa.
Gizarte-desparekotasuna eta zilegitasuna
Estratifikazio edo mailaketa kontzeptuaren bidez gizarte-desparekotasunen ondoriozko egiturari egiten zaio erreferentzia. Historian zehar izandako gizarte-desparekotasun edo bereizketa guztiak pertsonek sortuak dira, nahiz eta "biologia" edo "natura" erabili den horiek justifikatzeko.
Sarri, "saihestezinak" edo "ekonomiarako beharrezkoak" direla esanez ideologikoki zilegitasuna eman zaie. Gaur egun, klase soziala ez da gure gizartean dugun mailaketa bakarra: estratifikazioa klase sozialaren, adinaren, generoaren, arrazaren, erlijioaren edota jatorri etnikoaren araberakoa izan daiteke.
Klase sozialen sistema gizarte kapitalistetan
Gizarte kapitalistetan dagoen mailaketari gizarte-klase deritzo. Klaseen araberako estratifikazioa Ingalaterrako, Estatu Batuetako edota Frantziako iraultza burgesen bidez ezarri zen (Industrializazioa). Abantaila eta bizitza-aukera desberdineko mailen osaerak oinarri ekonomikoa du bereziki (jabetza eta aberastasun eskuratua –hau da, kapitala–), nahiz eta boterea zein ospea ere abantaila-iturri diren.
Teorian erregimen irekia da, juridikoki ez baitago debekatuta maila batetik bestera igarotzea. Praktikan, ordea, nahiko itxia da:
- Familia aberatsen seme-alaba gehienek aberatsak izaten jarraitzen dute helduak direnean; gauza bera gertatzen da pobreekin.
- Estratifikazioa edo mailaketa oinarrizko aldagai baldintzatzailea da pertsonek balio akademikoak eta hezkuntza-balioak bereganatzeko prozesuan.
Legitimazioa eta meritokrazia
Desparekotasunaren legitimazio-iturri nagusia sinesmen orokortua da. Honek baliabide, zerbitzu eta baloratzen ditugun kokapenen banaketa desberdindua normaltzat, naturaltzat eta bidezkotzat jotzen baitu. Meritokrazia eta aukera-berdintasuna dira legitimatzeko argudio nagusiak.
Teoria soziologikoak: Weber eta Bourdieu
Max Weberrek hiru faktore nagusi azpimarratzen ditu: kapital ekonomikoa, kapital politikoa eta kapital soziala. Bestalde, Pierre Bourdieuk klase-sistema osatzeko beste hiru faktore nagusi aipatzen ditu: kapital ekonomikoa, kapital kulturala eta kapital soziala.