Estatuaren Lege Organikoa (1967): Frankismoaren Azken Oinarria

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,41 KB

Estatuaren Lege Organikoa (1967): Frankismoaren Azken Oinarria

Sarrera, Izaera eta Egiletza

Lege hau 1967ko urtarrilaren 11n onartu zen eta oinarrizko legeen arteko azkena izan zen. Lehen mailako testu juridikoa da, lege bat delako, baina baita politikoa ere, Estatu frankistaren antolamendu politikoa finkatu zuelako.

Testu publikoa da, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zelako eta nazio osoari zuzenduta dago, bai Espainian zeudenei, bai erbestean bizi zirenei. Helburua frankismoan emandako legeak bateratzea zen, konstituzio moduko bat idazteko asmotan.

Gorte frankistak izan ziren Estatuaren Lege Organikoaren egileak, eta Franco bera har daiteke egile nagusitzat. 1967ko Legea idazteko prozesu luzean, Carrero Blancok eta beste politikari frankista batzuek prestatu arren zirriborroa, Frankok berak aurkeztu zuen Gorteetan, bere esku baitzeuden botere guztiak. Estatuaren Lege Organikoa 1966ko azaroaren 22an onartu zuten Gorte frankistek eta 1967ko urtarrilaren 11n argitaratu zen.

Legearen Oinarrizko Printzipioak

Aurreko lege guztiak bildu zituen Estatuaren Lege Organikoak (1967). Honako hauek ziren ezarritako printzipio nagusiak:

  1. Espainia Erresuma zen. Berrestu egin zen baieztapen hori, eta estatua zen erakunderik gorena (1. artikulua).
  2. Subiranotasuna edo burujabetasuna nazioarena zen, bakarra eta zatiezina (2. artikulua).
  3. Estatua botere batasunean eta koordinazioan oinarrituta zegoen. Estatuaren helburua ere finkatu zen: babesa ematea gizonen eta lurren arteko batasunari; estatuaren segurtasuna zaintzea; Mugimendu Nazionalaren Printzipioak jarraitzea; independentzia eta batasuna gordetzea (3. artikulua).
  4. Estatuaren ahalmenak aipatzen dira (6. artikulua): Nazioaren ordezkari gorena zen, Botere guztien arduraduna zen, Mugimendu Nazionalaren burua zen (alderdi bakarraren burua), etab.
  5. Gobernuburuak espainiarra izan behar zuen. Erreinuko Kontseiluak hiru hautagai proposatuko zituen eta estatuburuak horietatik bat aukeratu behar zuen (14. artikulua).

Testuinguru Historikoa eta Aurrekariak

Testuinguru historikoari begira, kontuan hartu behar dira Estatu frankistaren zuzenbide-egitura, politika-sistema eta ekonomia-sistema. Erregimenaren zuzenbide-egitura Gerra Zibilean hasi zen eta hurrengo urteetan emandako hainbat legeren bidez gorpuztu zen:

  • Lehenengo, Estatuaren gobernua eratu zuen Francok (1938).
  • Ondoren, Estatuaren Administrazio Zentralaren Legea aldarrikatu zuen eta Francoren esku geratu ziren botere legegilea, betearazlea eta judiziala.
  • Gerra bukatu baino lehen, Lanaren Forua eman zuen (1938); lan-harremanak eta ekonomia-sistema kapitalista ezarri zituen: jabetza pribatua onartu, estatuaren eskumenak finkatu, grebak eta sindikatuak debekatu eta sindikatu bakarra onartu.
  • 1939an, Erantzukizun Politikoen Legea onartu zen; eskumenak eman zizkien militarrek eta falangistek osatutako auzitegiei, Fronte Popularraren alde egindakoak epaitu eta zigortzeko.

Politika Sistema eta Itxura Demokratikoa

Politika sistemari dagokionez, Franco liberalismoaren aurka zegoen eta konstituzio bat egitea eragotzi zuen. Alderdi politikorik gabe, eskubide zibilik gabe eta legezkotasun demokratikorik gabe sortu zen Espainiako estatu berria. Gabezia hori konpontzeko oinarrizko legeez baliatu zen. Edozein kasutan, itxura demokratikoa eman nahi izan zion Espainiako erregimenari Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenaren aurrean.

1960ko Hamarkadako Aldaketak eta Legearen Helburua

1960ko hamarkadako ekonomia eta gizarte-aldaketei erantzuten saiatu zen Francoren erregimena. Horretarako, Estatuaren Lege Organikoaz (1967-01-11) baliatu zen. Erregimenak autarkia-garaia atzean utzi nahi izan zuen eta teknokratak sartu zituen gobernuan 1958an. Ekonomiaren modernizazioaren aldekoak ziren teknokratak, baina kontserbadoreak ziren politikan eta gizarte-kontuetan. Autarkia amaitutzat eman zen eta neurri liberatzaileak hartu ziren; horrela ekonomia suspertzen hasi zen eta izugarrizko hazkundea bizi izan zuen hamarkada honetan.

1967ko Estatuaren Lege Organikoa irudi-garbiketa hutsa izan zen, nahiz eta Francok adierazi lege horrekin Espainia modernizatzen eta demokratizatzen ari zela. Legeak Konstituzio baten itxura izan behar zuen eta honako aldaketak egin ziren:

  1. Gorteen osaera aldatu. Prokuradore kopurua aldatu zen eta familia-, udalerri- eta sindikatu-ordezkariak sartu ziren. Horiek ziren ordezkaritza osatzeko organoak (Subiranotasuna Francori zegokion).
  2. Estatuburu eta gobernuburu karguak bereizi ziren lehen aldiz. Biak geratu ziren Francoren esku 1972ra arte. Francoren gaitasunak eta osasunak okerrerantz egin zuenean, Carrero Blanco izendatu zuen presidente. Helburua frankismoaren ideologiak iraungo zuela Franco hil ostean. Plan horiek zapuztu ziren 1973an ETAk Madrilen Carrero Blanco hil zuenean. Orduan, Arias Navarrori eman zion kargua. Carrero Blanco jarri zuenerako erabakita zegoen Juan Carlos izango zela ondorengoa eta zin eginda Mugimenduari leiala izango zela.
  3. Monarkia ezartzen lagundu. Francok berak legeztatutako monarkia jarri nahi izan zuen indarrean, hau da, haren obrari jarraipena emango ziona.

Ondorioak eta Trantsiziorako Bidea

1967ko Lege Organikoak erregimenaren betiko oinarri ideologikoa ezarri zuen. Francok zeukan botere osoa, nahiz eta bi pertsona artean banatuta egon buruzagitza; gainera, ziurtatu nahi zuen frankismoak iraungo zuela.

Gizartea, oro har, ase gabe geratu zen frankismoaren legeekin; ez zen nahikoa eta herritarrek gehiago eskatzen zuten:

  • Botere banaketa.
  • Pertsonaren askatasunak eta eskubideak.
  • Askatasun gehiago ekonomia garatzeko.

Baina erregimena ez zegoen prest horrelakorik eskaintzeko. Eskaera horiek guztiek indartu zuten erregimenaren kontrako oposizioa eta ugaritu egin ziren manifestazioak, grebak eta protestak, bai langile zein ikasle artean.

Edozein modutan, Francok gogor eutsi zion hil arte, 1975ean. Orduan itxi zen diktaduraren aldia eta bertan behera geratu zen Francoren erregimena. Ondorioz, Trantsizioari ireki zitzaion atea eta hor ikusi zuen gizarteak askatasuna, pluraltasuna eta bizikidetza lortzeko modua.

Entradas relacionadas: