Estatuaren Boterea, Gizarte Zibila eta Liberalismoa Azalpena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Francés
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,56 KB
Estatuaren Boterea: Definizioa eta Ezaugarriak
Gaur egungo gure gizarte-antolaketa Aro Modernoaren hasieran hasi zen garatzen. Garai hartan Estatu nazionalak sortu ziren.
Estatua zer den behar bezala definitzeko, funtsezko hiru ezaugarri hartu behar ditugu kontuan:
- Botere subiranoa gauzatzen duen instituzio bat da estatua, eta horrenbestez, hark du subiranotasuna.
- Estatuak eremu geografiko jakin batean bete ditzake dagozkion funtzioak; muga argiak ditu, beraz, beste estatu batzuei dagokien lurraldetik bereizia.
- Estatuak haren mugen barruan bizi diren bizilagunen gainean eragin dezake, eta biztanle horiek estatu botereak emandako lege eta arauak bete beharra daukate.
Max Weberrek, estatua aztertu zuenean, arreta handiz begiratu zion legitimitatearen garrantziari. Weberren esanetan, estatuak bereizgarririk badu, lurralde jakin batean indarkeria modu legitimoan erabil dezakeen instituzio bakarra izatea da.
Estatua eta Gizarte Zibila: Harremana
Estatuak berebiziko garrantzia du mundu modernoaren antolaketa politikoan, baina horrek ez digu ahaztarazi behar bai gizabanakoek eta bai elkarteek zeregin garrantzitsua dutela gure gizartean.
Hainbat gizabanakok eta taldek, izan ere, estatuaren mende zuzenean izan gabe ere, gizartekideak elkarrengana batzen eta gure arteko bizikidetza antolatzen laguntzen dute, beren jardunaren bidez. Horien multzoari, gizabanako eta talde horiek osatzen dutenari, gizarte zibila esaten zaio.
Era askotako erakundeak hartzen ditu barne gizarte zibilak, denak borondatezkoak:
- Auzo-elkarteak
- Sindikatuak
- Erlijio bereko fededunen kongregazioak
- Boluntariotzako erakundeak
- Aisialdiko jardueretarako elkarteak, etab.
Liberalismoa: Oinarriak eta Printzipioak
Aro Modernoaren hasieran aurreneko estatu nazionalak sendotu izana absolutismoaren garapenarekin lotuta gertatu zen.
Monarkia absolutu batean, erregearen agindupean dauden gizabanakoak haren mendekoak dira, koroak ezarritako arau eta erabakiak bete beharra baitaukate haiek.
Absolutismoak ez bezala, liberalismoak estatuaren boterearen aurrean gizabanakoaren askatasuna eta independentzia gorde beharra aldarrikatzen du. Doktrina politiko horren arabera, erregimen politiko bat legitimoa izateko, nahitaezko baldintza da biztanleen onespena izatea. Liberalek diotenez, estatuaren botereari zenbait muga eta kontrol zorrotz jarri behar zaizkio, gizabanakoen askatasunaren kontra inoiz erabil ez dadin.
Pentsalari liberalek estatua instituzio tiraniko bat bihur zedin eragotzi nahi zuten, kosta ahala kosta. Halakorik sekula ez gertatzeko, gizabanako guztiek bete behar dituzte legeak, edozein dela ere norberaren gizarte-maila. Horrela antolatuta dagoen sistema politiko orok legearen inperioa du ezaugarri, legeek agintzen baitute zer egin behar den, eta ez pertsona batek.
Askatasuna bermatzeko eta tirania eragozteko beste mekanismo bat, garrantzi handikoa, botere-banaketa da.
Mekanismo horiek beti errespeta daitezen bermatzeko, konstituzio batean jasota egon behar dutela esaten du liberalismo politikoak.
Montesquieu pentsalari frantsesak biziki defendatu zuen botereak banatzearen garrantzia, eta ildo horretatik, estatuaren barruan hiru botere mota bereiztea proposatu zuen: botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala.